Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

EUDELen Batzorde Eragileak babesa eta elkartasuna adierazten die Anatoliako failako lurrikararen hondamendia jasan duten herriei, eta erabat nahigabetuta dago hainbeste bizitzaren galera konponezinagatik.

Euskadiko Udalen Elkarteak doluminak helarazten dizkie hildakoen familiei, eta hondamendiaren ondorioak pairatzen ari direnak ahalik eta azkarren errekuperatu daitezen espero du.

EUDELek bat egiten du, une zail hauetan, lurrikarak eragin dien lurraldeetako herritarrenganako elkartasun eta maitetasun adierazpen guztiekin.

2023ko otsailaren 9an

Bi erakundeen arteko hitzarmena abiapuntu bat izango da, udalei hiru ekimenetan parte hartzeko aukera emango diena: etorkizuneko euskal nortasun kolektiboaren azterketa; “Herri Txikien Akademia” bat; eta, nabarmentzeko modukoa, GizarteLab, Euskadiko hainbat herritan dagoeneko funtzionatzen duen herritarren laborategien proiektua.

 EUDEL-EUSKO IKASKUNTZA HITZARMENAREN SINADURA

Bilbon, 2023ko otsailaren 9an. Gorka Urtaranek, Euskadiko Udalen Elkartea-EUDELeko elkarteburuak, eta Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, elkarrekiko lehen lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur. Hitzarmen horren bidez, bi erakundeek proiektuak partekatuko dituzte, ingurune hurbilenetik, udalerrietatik eta tokiko komunitateetatik, euskal gizartea murgilduta dagoen trantsizioei heltzeko.

Gorka Urtaranek nabarmendu duenez, “Hitzarmen hau berri ona da euskal udal guztientzat. Pandemia garaian, konturatu ginen egunez eguneko udal politikari zientzia eta ezagutza gehitu behar zitzaiela, gizarte eraldaketei eta herrialde gisa ditugun erronka handiei erantzuteko. Udalerriok, errealitatea behatzen dugun aldetik, lankidetzan dihardugu, eta Eusko Ikaskuntzak, ikerketa-gaitasuna emateaz gain, gure herri eta hirien etorkizuna eraikitzeko beharrezkoak diren proiektuetan parte hartzeko aukera ere ematen du.”

Ana Urkizak, berriz, azpimarratu nahi izan du hitzarmenak ahalbidetuko duela “lurralde garapena, udalek komunean dituzten beharren gainean diagnosiak egiteko eta ikerlan esparruak eratzeko. Halaber, gizarte berrikuntzarako metodologia berritzaileak aplikatzeko balioko du, lurralde esparru ezberdinetan”. Gainera, udalek Eusko Ikaskuntzak garatzen dituen egitasmoetan aktiboki parte hartu ahal izango dute. Beraz, jakintza gizartetik sortu eta gizartera itzuliko da hazkunde eta ahalduntze moldeetan, lurraldearen eta herritarren mesedetan.

Zehazki, akordioak helburu hauek ezartzen ditu: Eusko Ikaskuntzaren azterketa- eta ikerketa-programetan eta horien balioespen- eta kontraste-faseetan udalek parte hartzea, udalerrien beharrizan komunei buruzko diagnostikoak egitea ikerketa-esparru komun baten barruan, eta gizarte-berrikuntzako metodologiak eta prozedurak batera ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko eremu guztietan.

Testuinguru horretan, hitzarmenak, bere eranskinetan, elkarlanean jarduteko moduko proiektu batzuk jasotzen ditu, hala nola XXI. mendeko euskal nortasunari/ei buruzkoa. Proiektu horren bidez, gizarte plural eta moderno batean identitate komuna eraikitzeko gai diren elementuak identifikatu nahi dira, bai eta horretarako tresnak proposatu ere, honako premisa honetatik abiatuta: identitateak kohesioa sortzen du eta harremanak eta loturak errazten ditu, etorkizuneko euskal identitate plural eta integratzailera iristeko. Hain zuzen ere, EUDELek proiektuaren ikerketa-fasetik eratorritako emaitzak alderatzeko fasean parte hartuko du.

“Herri Txikien Akademia” da hitzarmenak jasotzen duen bigarren proiektua, zehazki, lurralde-orekaren arloan. EUDELek arreta berezia ematen die udalerri txikienei, 5.000 biztanletik beherako herriak EAE osoaren % 73 baitira. Horregatik da interesgarria proiektu hau, hausnarketarako, ezagutza zabaltzeko eta interes komunak dituzten udalerrien arteko lankidetzarako gunea. Izan ere, 2022an Arabako lau herritan jarri zen abian edizio pilotua: Kuartangon, Laudion, Urturin eta Zalduondon.

Akordioan jasotako hirugarren ekimena herritarren prestakuntzarako programa bat da, Eusko Ikaskuntzak diseinatu eta inplementatua, erantzunkidetasunetik eta balio sozialetatik udalerriek eta biztanleek aurre egin beharreko trantsizioei erantzuteko. GizarteLab du izena, 2019an bultzatu zen, eta, ordutik, Euskadiko hainbat udalerritan jarri da martxan, tokian tokiko ezaugarrietara egokituta. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Arrasate, Aia, Beasain, Deba, Donostia, Laudio, Orio eta, eredu gisa, Legazpi, non dagoeneko Trantsizio Erkidego batek lanean diharduen, tokiko erronkei modu autonomoan erantzuteko.

EUDELeko elkarteburuak Gorka Urtaranek eta Estatuko Idazkari Tontxu Rodríguezek bilera instituzionala egin dute gaur, Justizia antolatzeko Euskadiko udalerrien esparrurako plan berria lantzeko.

Mar Zabalak, Euskadiko Udalen Elkarteko zuzendari nagusiak, eta gobernu ordezkariak, Denis Itxaso, ere parte hartu dute gaurko bileran.

Euskadiko 2030 Agendako adierazleen sistema berri, bateratua eta erakundeartekoa Eustateko webgunean erabilgarri dago jada: https://eu.eustat.eus/adierazleak/gjh.html.

Ekimena Eragile anitzeko foroaren elkarlanaren emaitza da, eta Euskal Udalerrien parte-hartze aktiboa du EUDELen bitartez.

Tresna aitzindari horri esker, euskal erakundeek estatistika-irizpide berberekin neurtu ahal izango dute Garapen Iraunkorreko 17 helburuen eta 2030 Agendaren 169 jomugen betetze-maila. EUSTAT arduratuko da adierazle komunen multzoa eguneratzeaz, Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Udaletako politika publikoen jarraipen eta ebaluazio bateratua errazteko.

Analisi-sistema honen berrikuntza nagusia da, lehen aldiz, 53 udal-adierazlez osatutako panel bat sartu dela, EAEko 251 udalerrietako eta bertako 20 estatistika-eskualdeetako datuekin. Zehazki, udal bakoitzeko 53 estatistika-adierazle desagregatuta ikus daitezke, adierazle horiek 12 GJHri lotutako 20ri buruzko informazioa ematen dutelarik.

Hortik lortutako informazioak, udalerri mailako banaketara heltzen denak, Garapen Iraunkorrerako Helburuetarantz aurrera egiteko herrialde ikuspegia erakutsiko du. Gainera, Europa eta mundu mailako eskualdeetako eta udalerrietako beste errealitateekin aldera ahal izango da.

Sexuen arabera desagregatua:

  • EAE: 280 adierazle, 70 sexuen arabera desagregatua
  • Lurralde Historikoak: 128 adierazle eta 47 sexuen arabera;
  • Udalerriak: 53 adierazle, 14 sexuen arabera.

Bistaratzea: Plataformak jomugei eta helburuei lotutako adierazleak erakusten ditu, joerari buruzko seinale batekin eta eskuragarri dagoen azken datu eta erreferentzia-urtearekin. Udaleko 43 adierazlek ikono propioa dute.

Adierazle-sistema Euskadiko 2030 Agendaren proiektu nagusia da eta Gobernantza-taldean barneratuta dago, EUSTATekin eta EUDEL, hiriburuetako udal, Udalsarea eta hiru Foru Aldundiekin elkarlanarekin batera koordinatuta.

Erakundeen konpromisoa adierazle-multzo hori garatzen jarraitzea da, udalerri mailan desagregazioa eginez eta beste berri batzuk gehituz.

Otsailetik abendura, Zeharkako Prestakuntza Plana 2023 garatuko da, euskal toki- erakundeeko langileentzat. Saioen programa EUDELek eta IVAPek sustatu eta koordinatzen dute, foru-aldundiekin lankidetzan

Ikastaroen gaiak:
– Berritasunak, esate baterako, elkarreragintasun-tailerrak; Europako Funtsen kudeaketa; udalerriei buruzko informazio estatistikoa (Eustat); hiri-mugikortasuna (“15 minutuko hiria”); energia berriztagarriak eta autokontsumoa eraikingintzan; irisgarritasun unibertsala politika eta zerbitzuetan… Temáticas de los cursos:

-Administrazioko oinarrizko gaiak (erregimen juridikoa, kontratazioa…); hirigintza; ingurumena; gizarte zerbitzuak; enplegua; ekonomia eta ogasuna; biztanleria; berdintasuna; modernizazioa; administrazio elektronikoa; berrikuntza; datuak babesa; gobernu ona eta gardentasuna; antolakuntza; lidergoa; giza baliabideak eta zerbitzuaren kalitatea; hizkuntza prestakuntza; gaitasun digitalak; etab.

Ikastaroen lekua: Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Egitaraua eta izen-ematea:

“Solaskidegune” deituriko aplikaziotik egingo dituzte horretarako izendaturiko prestakuntza koordinatzaileek. Informazio osoa EUDELen eta IVAPen webgunean: 

www.eudel.eus/eu/prestakuntza
www.ivap.euskadi.eus

 

  • Euskal erakundeek indarkeriaren biktima iren emakumeen arreta hobetzeko III. Akordioa sinatu dute gaur
  • Arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa lortzeko eta birbiktimizazioa saihesteko aukera emango du

EUDELeko elkarteburuak, Gorka Urtaranek, gaur sinatu du Lehendakaritzan Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela egindako ekitaldi instituzional batean Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko III. Akordioa. 

Akordiaren dossierra

Akordio hau 2001ean sinatu zen lehen aldiz, eta 2009an eguneratu zen eta honen helburua da tratu txarren eta sexu-erasoen biktimen arretan inplikatuta dauden erakundeen arteko koordinazioa, haiei babes osoa bermatzeko osasun, segurtasun, eremu judizialean eta sozialean.

Sinaduran parte hartu dute, EUDELeko elkarteburuaz gain, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako ordezkari goren gisa; Ramiro González, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, hurrenez hurren; Manuel Lezertua Arartekoak; Iñaki Subijana, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak; Carmen Adán Del Río EAEko fiskal nagusiak; Gerardo López Sánchez-Saratxaga Legelarien Euskal Kontseiluko presidenteak; eta Cosme Naveda Euskal Medikuen Kontseiluko presidenteak. Ekitaldian izan dira, halaber, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria.

Hirugarren akordio hau urrats garrantzitsua izango da bere helburu nagusietako batean: biktimen beharrak erdigunean jartzea. Hala, Lehendakariak adierazi duenez, “gure konpromisoa da erakundeek indarkeria matxistaren aurrean ematen duten erantzuna humanizatzen jarraitzea; emakume bakoitzak arreta sistemaren zentroa izan behar du, eta ez alderantziz”. Lehen aldiz duela bi hamarkada baino gehiago sinatutako akordioaren izaera aitzindaria azpimarratu du Urkulluk: “Akordio honi esker, erakundeek indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen diegun erantzunaren ikuspegi integral batean aurrera egin da, eta erabakigarria izan zen biktimen arreta eta babesa garrantzi handiko leku batean jartzeko”, adierazi du.

Bere hitzetan, III. Akordioa sinatzea “etengabeko hobekuntza-prozesu honetan beste urrats bat da”. Hau egiten da, haren ustez, “berdintasunaren alde eta indarkeriaren aurka gero eta sentsibilizatuago dagoen gizartearen babesarekin eta indarkeriaren aurrean gero eta lege, profesional, zerbitzu eta erantzuteko tresna gehiago izateak dakarren bermearekin”. Ildo horretan, gogorarazi du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legeak euskal botere publikoen lehentasuntzat ezartzen duela indarkeriaren biktimei arreta integrala, errekuperazioa eta erreparazioa ematea.

Besteak beste, hirugarren akordioa aurrerapauso garrantzitsua izango da biktimei arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa emateko eta biktimak birbiktimizatzea saihesteko. Ekarriko dituen aurrerapenen artean, indarkeria matxista mota guztiak aipatzea dago, adibidez, ez bakarrik bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria, familia barrukoa eta sexu-indarkeria; baita emakumeak, haien seme-alabak eta inguruko beste pertsona batzuk biktima gisa aitortzea ere, arlo horretako arau-testuinguru berriarekin bat etorriz. Beste aurrerapen bat kasuen detekzio goiztiarrarekin lotuta dago; izan ere, akordioak eremu eta sistema guztietako erakunde guztien proaktibitatea sustatzen du, eta erakunde sinatzaileen konpromisoak zabaltzen ditu emakume biktimei arreta ematen dieten profesionalen prestakuntzari dagokionez. Akordioak erakundeen arteko koordinazio-lana indartzen du, lurralde historiko bakoitzean koordinazio-talde berriak sortuz eta urtero elkartrukerako eta prestakuntzarako topaketa bat antolatuz, hainbat eremu eta sistematako profesionalentzat. Eta beste hobekuntza bat izango da jarduera koordinatuaren protokoloak, III. Akordio honen bidez, argitasun eta zehaztasun handiagoa eskaintzen duela sistema bakoitzeko operadoreek jarraitu beharreko jarraibideei dagokienez. Edukiak eremu bakoitzeko eragileak eta horien funtzionamendua ezagutzea errazten du.

Informazio gehiago: IREKIA

 

  • Ertzaintzarako 127 plaza eta Euskadiko 31 udaletako udaltzaingoetako oinarrizko eskalarako 85 plaza dira
  • Lehenbiziko aldiz txanda libreko 100 plaza deitu dira Ertzaintzako Bide Segurtasuneko eta Ikerketa Kriminaleko espezialitateetarako
  • Euskadin altueraren baldintza kenduta egiten den lehenengo deialdia da, emakume polizien kopurua gehitzea eta, modu horretara, plantilletako egungo desoreka zuzentzea helburutzat hartuta
  • Gainera, deialdiaren oinarrietan emakumeekin bete beharreko plazen nahitaezko ehuneko bat jaso da: % 35 Ertzaintzan eta % 25 Euskadiko udaltzaingoetan

Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko elkarteburuak, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, gaur goizean aurkeztu dute Euskal Poliziako oinarrizko eskalarako 212 plazako deialdi berria. Deialdi berritzailea da; izan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren 40 urteko historian lehenbiziko aldiz Ertzaintzako trafiko-unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan sartzeko espezialitatea duten txanda libreko plazak atera dira.  Horrela, espezialitatea duten plazen ikasketa-planean, ikasgai-zerrenda komunaz gainera, espezialitate bakoitzeko lanak eta eginkizunak betetzeko beharrezko formakuntza espezifikoa ere eskainiko da.

Biek azaldu duten bezala, deialdia zabal daiteke hautaketa-probak amaitu aurretik eta probak gainditu dituzten pertsonen zerrenda argitaratu baino lehen deialdia egin duten administrazioek erabakitako plaza-kopuruan. Oraingoz, hauek dira deitu diren plazak:

  • ERTZAINTZA: 127 plaza atera dira. Ertzaintzaren oinarrizko eskalako 27. Plaza horiek guztiek Ertzaintzaren nahitaezko 1. hizkuntza-eskakizuna dute (Europako esparruko B2). Ikerketa Kriminala espezialitateko 50. Plaza horietatik 40k dute Ertzaintzaren nahitaezko 1. hizkuntza-eskakizuna. Bide Segurtasuna espezialitateko 50. Plaza horietatik 40k dute Ertzaintzaren nahitaezko 1. hizkuntza-eskakizuna.

 

  • UDALTZAINGOAK: Euskadiko 31 udaletako udaltzaingoetako oinarrizko eskalarako 83 plaza. Gehienek Administrazio Publikoko nahitaezko 2. hizkuntza-eskakizuna izatea eskatzen dute (Europako esparruko B2). Hauek dira udalak: Amurrio (1 plaza), Andoain (3 plaza), Aretxabaleta (1 plaza), Arrasate (2 plaza), Arrigorriaga (1 plaza), Basauri (1 plaza), Bermeo (2 plaza), Bilbo (3 plaza), Donostia (1 plaza), Eibar (3 plaza), Errenteria (12 plaza), Etxebarri (1 plaza), Getxo (2 plaza), Gernika-Lumo (2 plaza), Gorliz (2 plaza), Hondarribia (1 plaza), Irun (5 plaza), Lasarte-Oria (3 plaza), Mungia (2 plaza), Pasaia (3 plaza), Portugalete (3 plaza), Santurtzi (8 plaza), Sestao (6 plaza), Sopela (2 plaza), Soraluze (1 plaza), Tolosa (1 plaza), Vitoria-Gasteiz (2 plaza), Zarautz (2 plaza) eta Zumarraga (8 plaza).

 

  • UDALTZAINGO ZERBITZUAK: 2 plaza Zamudio eta Zizurkilerako, bi kasuetan Administrazio Publikoko nahitaezko 2. hizkuntza-eskakizuna dute.

Gaurko aurkezpenean, Gorka Urtaranek, EUDELeko elkarteburuak, hiru mezu eman ditu euskal udalen izenean:

  1. LANKIDETZA. “Udaltzaingoek eta Ertzaintzak koordinatuta egiten duten lan funtsezko, eraginkor eta efizientea balioetsiko dut. Hurrengo hilabetean, EUDELen eta Segurtasun sailaren arteko lankidetza-hitzarmena eguneratuko dugu baterako operatiboaren eraginkortasuna eta efizientziaBi adibide argi daude: erabilera komuneko komunikazio-sarea (TETRA), eta indarkeria matxistagatiko delituen espedienteak partekatzeko aukera ematen duen EBA proiektua.”
  2. BERDINTASUNA. Udaltzaingoetan emakumeak sustatzeko neurriak. “Baterako LEPen baliorik handiena da tresna arin eta eraginkorra direla udalek beren plantillak gaztetu eta egonkortu ahal izan ditzaten.Orain arteko LEP bateratuetako udaltzainen datua eman dezakegu, Arkautiko prestakuntzaren hasiera erreferentziatzat hartuta: 525 agente berri, eta horietatik % 16,6 emakumeak dira. Euskadiko Udalen Elkarteak geure burua eskaintzen dugu Udaltzaingoetan geure “ibilbide-orria” bultzatzeko, udalei laguntzeko, udalek urratsak egiten jarrai dezaten benetako berdintasun eraginkorrarekin duten konpromisoan”.
  3. UDALERRIEN IDENTITATEA “Gure Udaltzaingoak askotarikoak dira. Euskal poliziaren ereduaren balioa nabarmendu nahi dut, tokiko autonomiarekiko eta udalerri bakoitzaren identitatearekiko errespetua oinarri dituelako”.

Emakumea Euskal Polizian sartzea

Deialdi hau da Euskadin altueraren baldintza kenduta egiten den lehenengoa. Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek Euskadin emakume polizien kopurua igotzeko eta, modu horretara, plantilletako egungo desoreka zuzentzeko diseinatutako neurrietako bat da: gaur egun Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen plantilletan % 16,6 dira emakumeak.

Helburu horrekin, deialdiaren oinarrietan emakumeekin bete beharko diren plazen nahitaezko ehuneko bat ere jaso da. Ehuneko hori pixkanaka joango da ezartzen datozen urteotan Ertzaintzan eta Euskadiko udaltzaingoetan, legeak baimendutako gehieneko % 40ra iritsi arte, eta bihar abian jarriko den oposizio-lehiaketan % 35 izango da nahitaezkoa Ertzaintzan eta % 25 Euskadiko udaltzaingoetan.

Alde horretatik, gaur Gasteizen egin den oposizio-lehiaketa berriaren aurkezpenean, Gorka Urtaranekin eta Josu Erkorekarekin batera Irune Zabala Basauriko Udaltzaingoko agentea eta Nuria Corral Ertzaintzako Trafiko Unitateko agentea ere izan dira. Bien presentziaren helburua izan da Euskadiko emakume poliziak bistaratzea, beste emakume batzuk hautaketa-prozesu honetara aurkeztera bultzatzeko erreferentzia izan daitezen. Euren esku-hartzeetan, biek azpimarratu dute emakumea kidegoetan sartzearen garrantzia eta premia, euskal polizietan ere berdintasunen aurrera egiten jarraitzeko.

Azkenik, eta emakumeak Euskal Polizian sartzea sustatzeko lehentasunezko helburuaren esparruan, Gorka Urtaranek eta Josu Erkorekak  gizarteari zuzendutako deialdi berri honen kanpaina aurkeztu dute, emakumeak aurkeztea sustatzeko eta emakumeek plantilletan duten presentzia eskasa hautaketa-prozesutik bertatik zuzentzen jarraitzeko helburuarekin diseinatu dena.

Belaunaldien arteko txanda eta euskalduntzea

Bestalde, Josu Erkorekak eta Gorka Urtaranek adierazi dute bihar abian jarriko den hautaketa-prozesu berriaren beste helburu batzuk direla belaunaldien arteko txanda bermatzea eta plantillak gaztetzea eta plantillak euskalduntzeko bidean aurrera jarraitzea, euskara barne harremanetarako eta herritarren arretarako ohiko hizkuntza izan dadin.

Izen-emateak eta azterketak

Interesa dutenak bihartik, urtarrilak 17tik, hasi ahal izango dira izena ematen arkauteakademia.eus webgune ofizialean, edo informazioa eska dezakete 900 840 088 telefono-zenbakiaren bidez. Izena emateko epea 20 egun baliodunetan egongo da zabalik, bihartik hasita.  Nahitaezkoa da, beste baldintza batzuen artean, 18 beteta eta 38 urte bete gabe izatea eta Batxilergoko titulua edo baliokidea izatea.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak aurreikusten duenez, lehenengo probak, psikoteknikoak eta ezagutzak baloratzekoak, aurtengo udaberrian hasiko dira, eta Euskal Poliziako agenteen promozio bateratu honek, beraz, aurtengo udazkenean bertan hasi ahal izango du prestakuntza-aldia, 2024an sartu ahal izateko praktikaldian dagokion polizia-kidegoan.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gaitzespen irmoena azaldu du Bilbon gertatutako emakumearen hilketa matxistaren aurrean. EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria, era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egiten du Bilboko Udalak deitu duen gaitzesteko elkarretaratzearekin. Elkarretaratze isila bihar, hilak 29, izango da, 12:00etan, Udaletxeko eskaileretan. Baita ere antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin bat egiten du.

2022eko abenduaren 28an.