Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

  • Emakunde, IHOBEk eta EUDELek antolatuta, “Klima-aldaketa genero-ikuspegitik, tokiko erronka” jardunaldia ospatu da Gasteizen
  • Lorena Aguilar nazioarteko adituak klima-aldaketaren aurkako politikek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna kontuan hartu behar dutela gogoratu du

Gasteiz, 2022/06/28

Gaur goizean “Klima-aldaketa genero-ikuspegitik, tokiko erronka” jardunaldia ospatu da Gasteizko Montehermoso Kulturunean Emakundek, IHOBEk eta EUDELek antolatuta. Saioa toki administrazioko berdintasun eta ingurumen arloetako teknikariei eta politikariei zuzenduta egon da bereziki, Lorena Aguilar nazioarteko adituaren bisita dela eta. Aditu hori Latinoamerika eta Kariberako Batzorde Ekonomikoko (CEPAL) ingurumen eta generoan aditua da, eta Emakundek gonbidatu du Euskadira.

Jardunaldian Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, Gasteizko Udaleko Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landak eta IHOBEko klima- ekintzako zuzendari Mª del Mar Alonso Martínek parte hartu dute, eta Lorena Aguilarrek “Klima-aldaketari erantzuteko emakumeen berdintasuna eta ahalduntzea sustatzen duten tokiko praktikak” izeneko hitzaldia eman du.

Datorren ekainaren 30ean eta ekainaren 1erako Donostiako Miramar Jauregian Emakundek antolatutako Klima aldaketa eta feminismoa udako ikastaroan parte hartuko du Aguilarrek eta arrazoi horregatik dago egunotan Euskadin.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi du jardunaldia ekainaren 15ean aurkeztu zen Berdintasunerako eta indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko

Herri-Itunaren testuinguruan kokatzen dela, hau osatzen duten hamar konpromisoen artean genero-ikuspegia duen trantsizio ekologikoa jasotzen baita.

Lorena Aguilarrek nabarmendu du beharrezkoa dela generoaren eta ingurumen- faktoreen arteko loturei buruzko ikerketak bultzatzea, sexua eta intersekzionalitatearekin eta kultura aniztasunarekin lotutako aldagaiak biltzea ingurunearekin lotutako administrazio-datuen iturrietan, eta klima-aldaketaren aurkako politikek, estrategiek, neurriek eta ekintzek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna kontuan hartzea.

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere aldarrikatu nahi dugu euskal gizarteak afektibotasunari, sexuari eta generoari dagokionez aniztasunean bizitzeko daukan eskubidea. 53 urte dira New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu zirela. 1969ko ekainaren 28 hartan, manifestazio espontaneo eta bortitzak egin zituzten, New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan poliziak egindako sarekadaren kontra.

ADIERAZPENA JAITSI

Maiz adierazten da istilu horiek lehen aldia izan zirela Estatu Batuetako historian, non LGTBI komunitateak matxinada egin zuen komunitatea Gobernuaren onespenarekin jazartzen zituen sistemaren aurka. Horregatik, LGBTI kolektiboaren eskubideen aldeko mugimendu garaikidearen hazitzat hartzen dira mundu osoan.

Eusko Jaurlaritzaren Berdindu! Zerbitzuak- LGTBI kolektiboko kideei informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizkienak-  aitortza egin nahi die kolektiboak gaur egun dituen eskubideak lortzeko bidean bizia galdu zutenei eta aktibismoari denbora eta izerdia eskaini zizkiotenei. Halaber, ezin da ahanzturan erori aktibistek egin zuten eta egiten diharduten gizarte-eraldaketako lana.

Horrez gain, belaunaldi berriengan ere jarri nahi dugu arreta, oraindik ere lortzeke dauzkagun eskubide askoren alde ari baitira lanean. Azkenik, aipamena egin nahi diegu gure lurraldearen mugetatik kanpo borrokan ari eta kolektiboari eragiten dioten Giza Eskubideen urraketen aurka altxatzen direnei.

Berdindu! zerbitzuko kideon iritziz, erne egoten jarraitu behar dugu lurraldean gertatutako LGTBI kolektiboaren aurkako erasoen eta sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako ideia politiko jakinen aurrean. Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu, eta euren bizi-prozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak egituratu. Era berean, kolektiboari ikusgarritasuna eman behar diogu gizartean, eta elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugu.

Gonbita luzatzen diogu euskal gizarteari denoi eragiten digun prozesu honetan esku hartzeko, kolektiboarentzat horren garrantzitsua den egun hau ospatzeko eta ez ahazteko Berdindu! zerbitzuak egunero diharduela lanean. Izan ere, gizarte anitz honetako kide guztioi eragiten digu aferak, eta denoi dagokigu borrokan parte hartzea.

Azkenik, deia egin nahi dizuegu gaurko egunari ikusgarritasuna emateko eta gizartea sentsibilizatzeko antolatutako aldarrikapen ekitaldietan parte hartzeko, bai sare sozialen eta komunikabideen bidez, bai kaleetan. Txikia izanik ere, ekintza oro baita garrantzitsua aniztasunaren aldeko borrokan.

Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburua, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailarekin batera antolatutako Iruzurraren aurkako Neurrien Planari buruzko webinar-ikastaroren irekieran mintzatu da gaur. Plan hori exijitzen zaie Next Generationetik datozen europar laguntzak kudeatuko dituzten erakunde eta organismo guztiei. Laurogei pertsonak baino gehiagok –gaiarekin zerikusia duten udal-arduradun eta langileek– hartu dute parte, telematikoki, EUDELen egoitzatik deitutako saioan.

Gorka Urtaranek azpimarratu du Europako ezohiko funtsek “aukera” dakartela Euskadiren eraldaketa jasangarri eta erresilientean aurrera egiteko, bertako herri eta hiriak hobetuz. EUDELeko elkarteburuak Eusko Jaurlaritzaren lankidetza eskertu du, eta, zehazki, elkarteari ematen ari zaion zerbitzua, euskal udalak “informatzeko eta orientatzeko” xedea duena, haiek ahalik eta Europako deialdi gehienetara iritsi ahal izateko. Horrekin batera, dokumentu-ereduak ematen zaizkie, Next Generationen “eskakizun zorrotzak” bete ahal izan ditzaten, eta ezohiko funts horien izapide administratiboak eta betearazpenari dagozkionak arindu ditzaten.

Gorka Urtaranek euskal udalei emandako europar funtsen laguntzei buruzko azken datuak eman ditu: 114 milioi euro, ehun euskal udalentzat baino gehiagorentzat. EUDELeko elkarteburuak adierazi duenez, aurreikusten da zenbateko hori hazi egingo dela hurrengo hilabeteetan, martxan dauden deialdiak ebatzi edo beste laguntza-programa batzuk sustatu ahala.

Ikastaroko hizlari nagusiak, Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuorde Iñaki Barredok, xehe azaldu du Eusko Jaurlaritzak egindako Iruzurraren aurkako Planaren edukia. Beraien udal-egoera espezifikora egokitutako plana lantzeko kontuan izan behar dituzten neurri eta alderdi garrantzitsuenen berri eman die Barredok udal-arduradunei, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko (SEM) Europako eta Estatuko araudiaren eskakizunekin bat egiteko xedez (HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa).

Eusko Jaurlaritzaren lankidetza hori EUDEL Next EU! (https://next.eudel.eus/eus/) zerbitzuaren barruan EUDELek sortu dituen materialen osagarri da. Horien artean, kontratazio-gidaliburu bat eta 22 kontratu-eredu daude, baita Next Generationen metodologiari egokitutako zenbait prozedura ere.

EUDELen zerbitzua bostehun kontakturi baino gehiagori zuzentzen zaie, eta toki-erakundeentzako 31 europar laguntza –zerbitzu publikoen alorrekoak, eta eraldaketa sozial, digital eta ingurumen-arloko eraldaketa-proiektuei dagozkionak– aztertu, eta horien berri eman die udalei: emisio baxuko eremuak, energia-efizientzia, eraikin publikoen birgaitzea, saneamendua eta ur-hornidura, merkataritza eta udal-merkatuak, jasangarritasun turistikoko planak, tokiko enplegua eta garapena, eraldaketa digitala, etab.

Lotutako albistea: EUDEL eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean ari dira Europako funtsak udaletan gauzatzea bizkortzeko

Egilea: Eusko Legebiltzarra/Parlamento Vasco

EUDELeko Batzorde Eragileko ordezkari eta Laudioko alkate Ander Añibarrok agerraldia egin du gaur goizean Lan eta Enplegu Batzordean, EAEko udalek Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege Proiektuari egindako ekarpenak legebiltzar-taldeei aurkezteko.

EUDELeko Batzorde Eragileak 2021eko ekainaren 10ean onartu zituen lege-proiektu horri buruzko gogoeta orokorrak, eta, horrela, entzunaldiaren izapidea bete. Horren ostean, Tokiko Gobernuen Batzordearen txostena jaso zuen. Batzorde hori, besteak beste, euskal udalerrietako hamabi ordezkarik osatzen dute, eta Aldebiko Batzordeak aztertua.

Egilea: Eusko Legebiltzarra/Parlamento Vasco

EUDELeko Batzorde Eragilearen gogoetak eta ekarpenak udal-autonomiaren defentsaren ikuspegitik eta indarrean dagoen eskumen-esparruaren ikuspegitik proposatu ziren, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean zehaztuta.

Ekarpenen laburpen gisa, Laudioko alkateak eremuak definitu ditu, zeintzuen inguruan, EUDELek uste du etorkizuneko Legeak aintzakotzat hartu behar dituela:

  • Toki-erakundeen eskumenak eta eginkizunak mugatzea eta definitzea, indarrean dagoen esparru juridikoaren arabera.
  • Hala badagokio, udalei esleitzen zaizkien eginkizunak betetzeko finantza-nahikotasuna bermatzea.
  • Lanbiden kokatzea prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten pertsonak gizarteratzeko prozesuak, eta beharrezkoa denean, gizarte-zerbitzuen, hezkuntzaren, etxebizitza eta osasun zerbitzuen laguntza izatea.
  • Etxebizitza-Sistematik etxebizitza-beharrei erantzutea.

EUDELek hasieratik parte hartu du Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema eratzeko prozesuan: 12/1998 Legea, maiatzaren 22koa, gizarte-bazterkeriaren aurkakoa, eta 18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzekoa, eta horren moldaketa, 2011koa.

 

  • Ekonomia eta Ogasun Sailak Iruzurraren aurkako Planaren eredua eskaini die udalerriei, ekainaren 21ean politikari eta teknikariei zuzenduta egingo den prestakuntzako webinar batekin batera.
  • Lankidetza hori EUDELek Next funtsen arloan egindako materialen osagarri da; material horien artean daude, besteak beste, kontratazio-eskuliburu bat eta udaletako 22 kontratu-eredu eta prozedura ohikoenak.

Bilbo, 2022ko ekainaren 9a. SEM Suspertzeko eta Erresilientziarako Mekanismoaren esparruan, Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen arteko informazio-bidea Europako laguntzak kudeatzera eta kontrolatzera hedatu da orain toki-administrazioen baitan. Lankidetza-bide berri hori funtsezkoa da euskal udalek Next funtsetan parte har dezaten, eta gaur gauzatu da, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren eta Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuaren arteko lan-topaketan, Jose Antonio Santano EUDELeko elkarteburuordea eta Iñigo Gaztelu EUDELeko Batzorde Eragileko kidea ere bertan zirela.

Gaur goizean Bilbon Euskadiko Udalen Elkartearen egoitzan egindako bileran izan dira orobat bai EUDELeko zuzendari nagusi Mar Zabala, eta, Ekonomia eta Ogasun Sailetik, bai Kohesio Politiken eta Europako Funtsen zuzendari Iñaki Barredo, bai Kabinete eta Komunikazioko zuzendari Yurdana Burgoa.

  Gorka Urtaranen adierazpenak

Bileraren osteko prentsaurrekoan, EUDELeko elkarteburuak baieztatutako datua eman du: 114 milioi euro eman zaizkiela dagoeneko EAEko ehun udalerri baino gehiagori. Next Generation Europako Funtsetatik datozen laguntzak dira eta euskal udalerrietara bideratuko dira.

Urtaran elkarteburuak era positiboan hartu du albistea, eta gaineratu du kopuru hori handitu egingo dela, ziurrenik, deialdi berriak iristen direnean.

EUDELeko elkarteburuak azpimarratu du Europako finantzaketak udalerrien funtsezko eginkizuna indartzen lagunduko duela martxan dauden trantsizioetan.

Gorka Urtaranek zera nabarmendu du: “Herriak eta hiriak funtsezkoak dira planetaren etorkizunerako. Gure konpromisoa, euskal udalena, planeta salbatzea da, udalerri jasangarri gisa, gizarte-kohesioarekin eta bizi-kalitatearekin bat eginda, ekonomia eta ingurumen-jasangarritasunean oinarrituta”.

Urtaranek gailendu duenez, “EUDELen eta Eusko Jaurlaritzaren helburu partekatua da funtsen ehuneko kopururik handiena gure udalerri guztietara bideratzea. Eta, era berean, erronka da funts horiek arintasunez, eraginkortasunez eta eraginkortasunez gauzatzea, finantzaketa-aukera guztiak Euskadiko proiektu eta inbertsioetan gauza daitezen”.

Iruzurraren aurkako Plana

Ekonomia eta Ogasun Sailak bere burua eskaini du EUDELek ematen duen zerbitzua indartzeko, Eusko Jaurlaritzaren Iruzurraren aurkako Planarekin, erreferentziako eredu moduan udal bakoitzak bere plana egin dezan.

2022ko martxoaren 29ko Gobernu Kontseiluak Neurrien plan bat onetsi zuen SEM Suspertzeko eta Erresilientziarako Mekanismoaren baliabideekin finantzatutako ekimenetarako iruzurraren aurkako betekizunak, balizko interes-gatazkak, finantzaketa bikoitza eta estatu- eta ingurumen-laguntzak betetzeko; neurri horiek Suspertzeko, Eraldatzeko eta Erresilientziako Planak (SEEP) gauzatu beharrekotzat jotzen ditu, Europako laguntzak jaso ahal izateko.

Aldez aurretik, iazko abenduan, Euskadiko Udalen Elkarteak iruzurraren aurkako politikaren arloko lehen orientazio-agiriak eman zizkien udalei, bai eta erakunde-konpromisoaren eredu bat ere. Adierazpen horretan, Udalak bere gain hartuko ditu iruzurraren aurka borrokatzeko konpromisoak, Suspertzeko, Eraldatzeko eta Erresilientziako Planaren kudeaketa-sistema osatzen duen HFP/1030/2021 Aginduan ezarritako betebeharrak bete daitezen.

Iruzurraren aurkako plan baten gutxieneko edukien artean, aplikatu beharreko araudiaren arabera, honako jarduera hauek daude jasota: arriskuak aztertzea, iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako politika, kode etikoa, salaketa-kanala eta protokoloa, interes-gatazkak prebenitzeko politika, oparien eta esku-erakutsien politika, eta iruzurra kontrolatzeko organo bat izendatzea.

Iruzurraren prebentzioaren arloko kontzientziazioa eta prestakuntza ere oinarrizko baldintza dira. Gai hori jorratzeko, EUDELeko webinarren zikloaren barruan, Ekonomia eta Ogasun Sailak prestakuntza-saioa emango du ekainaren 21ean, asteartez, Euskadiko Udalen Elkartearekin batera antolatuta. Informazioa bereziki kontu-hartzaileei, idazkariei eta teknikariei zuzendua da, baina badu interesa udal-arduradunentzat ere, horiek gidatuko dituzte funtsak garaiz eta behar bezala gauzatzea.

Erakundeen arteko topaketa hori EUDEL Europako funtsen arloan EAEko toki-erakundeei ematen ari zaien informazio- eta laguntza-zerbitzua babesteko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaintzaren ondorio da.

EUDEL Next EU! zerbitzua 2021eko martxoan abiarazi zen, SEMeko deialdiak aktibatu baino hilabete batzuk lehenago, helburutzat hartuta Euskadiko udalak aldez aurretik informatuta eta prest izateko laguntza gehiago eskuratzea eta Europatik datozen finantzaketa-aukera guztiak ahalik eta gehien aprobetxatzea.

Era berean, Eusko JaurlaritzakNextGen Euskadi webaren berri eman du. Webgune horrek bide erraza izan nahi du SEM Suspertzeko eta Erresilientziarako Mekanismoari dagozkion funtsak eskuratu nahi dituzten eragileek erraz eta bizkor aurki ditzaten deialdiak, lizitazioak eta laguntzak. Atari hori Euskadi.eus webgune instituzionalean dago, Europako Kohesio Politika eta Funtsen Zuzendaritzaren barruan: https://www.euskadi.eus/araudia-next-gen/web01-a2ogafon/eu/

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek udalerrien funtsezko zeregina azpimarratu dute, Europako Funtsak Euskadi suspertzeko eta eraldatzeko tresna izan daitezen, herri eta hirietako proiektu eta plan estrategikoak bultzatuz. Garapen jasangarriaren eta inklusiboaren euskal ereduarekin koherentea den estrategia da, eraldatze ekonomiko, ekologiko eta digitalak eragin positiboa izan dezan pertsonen bizi-kalitatean, enpresa-sarearen lehiakortasunean eta gizarte-kohesioan.

Bi erakundeek elkarrekin lan egiteko konpromiso partekatua dute, funtsen gauzatze efikaza eta eraginkorra bizkortzeko erronkari aurre egin diezaioten. Toki-erakundeetan, gainerako administrazioetan bezala, beharrezkoa izango da “botila-lepoak” ikuskatzea kudeaketa publikoko prozedura eta tresnetan, kontrol-betebeharrak murriztu gabe.

EUDEL Materialak: kontratu ereduak, FAQak eta laguntzen fitxak

Helburu horri erantzunez, EUDELek hainbat dokumentu-eredu prestatu ditu udaletako kontu-hartzaileen, idazkarien eta teknikarien lanari babesa eskaintzeko. Balorazio onena lortu duten materialen artean dago Kontratazioko Eskuliburua, 36/2022 Errege Lege-dekretua Europako funtsen araudi berezira egokitua.

Eskuliburu horrekin batera, Next metodologiara egokitutako 22 kontratu motaren pleguak daude, obra-kontratuen, horniduren eta zerbitzuen kontratu-moten klausula administratiboei buruz.

Aldi berean, toki-erakundeek EUDELi helarazten dizkioten kontsulta ohikoenei (FAQ) erantzuteko gordailu bat eskaini da.

Laguntza bakoitzeko deskribapen-fitxak udaletara bidali dira deialdia argitaratzean, eta newsletter buletin batean eta EUDELen webgunean bildu dira: https://next.eudel.eus/eus/

EUDELen zerbitzua gaur egun bostehun hartzaile baino gehiagok osatzen dute, horien artean direla EAEko 251 udal, mankomunitate, partzuergo eta garapen-agentzietako arduradun politikoak nahiz teknikariak, orobat beste erakunde eta organismo publiko batzuetakoak.

Orain arte, EUDELek Europako funtsen 31 diru-laguntza aztertu eta horien berri eman die udalei, zerbitzu publikoek aurrera egiteko eta herri nahiz hirietan proiektu eraldatzaileak bultzatzeko funtsezkoak diren esparruetan.

ERANSKINA: Toki-erakundeetarako next funtsen deialdiak

  • 2017an, Euskadiko Udalen Elkartea aitzindaria izan zen udaletan gobernu onaren etengabeko hobekuntzarako tresna hori sustatzen.
  • Lau edizioren ondoren, eta 12 zigilu eta parte hartzen duten 22 udalekin, EUDEL lanean ari da ELoGE udal gehiagotara zabaltzeko, baita txikietara ere.

Astelehen honetan, maiatzaren 30ean, Europako Kontseiluak Estrasburgon duen egoitzan, EUDELen zuzendari nagusi Mar Zabalak, Frantziako tokiko eta eskualdeko ordezkari garrantzitsu batzuekin batera, Tokiko Gobernantzako Bikaintasuneko ELoGE Zigilua Frantzian zehar hedatzeko Biltzarrean hartu du parte.

Biltzarra 14:00etan hasi da, eta Europako Kontseiluko goi-mailako zenbait ordezkarik hitz egin dute, zehazki, Demokrazia eta Gobernantza Sailekoek eta Frantziako Lurralde Funtzio Publikoaren Zentro Nazionalekoek. Jarraian, bi mahai-inguru egin dira; lehenengoa, Euskadiko ELoGE esperientzia aurkezteko, eta, bigarrena, Frantziako elkargoen gobernantza-ereduaren ezaugarriei buruz hitz egiteko.

Euskadiko Udalen Elkartea izan zen Europako Kontseiluaren eskualde mailako ziurtapena jaso zuen lehen erakundea, 2017an; halaber, aitzindaria izan zen ELoGE metodologia Euskadiko tokiko errealitate espezifikora egokitzen. Izandako esperientzia partekatzeko, Biltzarrera gonbidatu dute EUDEL. Europako Kontseiluak antolatu du Biltzarra, Zigiluaren sustatzaile den aldetik, Frantziako Erkidegoen AdCF Batzarrarekin batera (Intercommunalités de France); hain zuzen ere, erakunde horrek kategoria juridiko guztietako (udalerri-komunitateak, aglomerazioak, metropoliak) udalerri arteko mila agintaritza inguru ordezkatzen ditu.

Zigilua Europako Kontseiluaren tresna bat da, eta tokiko erakundeak hobetzen eta indartzen laguntzen du, etengabeko ebaluazio-sistema baten bidez, etikako, kalitateko, jasangarritasuneko, berrikuntzako, eraginkortasuneko eta efizientziako printzipioetan oinarrituta, besteak beste.

Frantzian, ELoGEren lehen edizioa 2019an egin zen, eta lau hiriri eman zitzaien zigilua: Estrasburgori, Metzi, Sceauxi eta Suresnesi. Geroz eta interes handiagoa dago gaiari buruz, eta 2022an Frantziako udalerri gehiagotara zabaltzeko asmoa dago, tokiko elkargoen bitartez. Horixe izan da egindako mahai-inguruaren helburua; horretan, EUDELen zuzendari nagusiak parte hartu du, baita François Charlottinek –Frantziako lurralde kohesiorako eta elkargoekiko harremanetarako Ministerioaren ordezkaria– eta Chistophe Chaillouk ere –Frantziako udalerri eta eskualdeen elkartearen (AFCCR) zuzendari nagusia–. Mahai-inguru berean, lurralde-elkargoekin lotutako funtzio publikoko beste erakunde batzuek ere parte hartu dute.

ELoGEko euskal udal aitzindariak

Euskadiko Udalen Elkarteak Zigiluaren lau edizio bultzatu ditu EAEn, 2017tik 2022ra. Hasieratik, EUDELek Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundien erakundearteko lankidetza lortu nahi izan zuen. Euskal erakunde guztiak daude zigilua merezi duten udalei ziurtapen hori emateaz arduratzen den Euskadiko ELoGE batzordean.

Estrasburgoko gaurko saioan, Mar Zabala zuzendari nagusiak agerian jarri du lau edizioetan parte hartu duten 22 udalerriek gobernantza bikainaren alde hartutako konpromisoa oso garrantzitsua izan dela. Orain arte, Euskadiko hamabi udalek dute zigiluaren aitorpen gorena, eta horietako lauk birritan lortu dute.

EUDELek metodologia eta aholkularitza ematen dizkie udal-politikari eta teknikariei, laguntza tekniko baten bidez. Euskadiren esperientzia berezia da, ELoGE tresna Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatuta dagoelako; hori dela eta, Euskadiko 2030 Agendan jasotako tokiko proiektu nabarmenetako bat da.

Aldi berean, aurten, 5.000 biztanletik beherako zortzi udalekin egiteko proiektu pilotu bat abiarazi da, ELoGE prozesua haien tamaina zehatzera egokitzeko.

Tokiko gobernantza etengabe hobetzeko tresna bat

ELoGE Europako ziurtagiririk garrantzitsuena da, Europako Kontseiluaren estandarrak ondo betetzen dituztela egiaztatzen duten tokiko gobernuentzat; estandarrok Gobernu Onaren 12 printzipioetan gauzatzen dira. «Zigilua» da autoebaluazioko tresna zorrotz bat bete ondoren lortzen den ziurtapena. Autoebaluazioaren bidez, alderdi hauek neurtzen dira, besteak beste: bidezko ordezkaritza eta parte-hartzea, gardentasuna eta kontu-ematea, hautetsien portaera etikoa, erreakzionatzeko gaitasuna, efizientzia eta eraginkortasuna, konpetentziak eta gaitasunak, berrikuntza eta aldaketarako irekitasuna, finantza-kudeaketa egokia.

Erakunde ziurtatzailea den aldetik, EUDELek ELoGE zigilua lortzeko hautagai diren udalak gidatu, aholkatu eta ziurtatzen ditu. Horretarako, tokiko gobernuek 97 adierazletan oinarritutako autoebaluazio zorrotz bat egiten dute, beren borondatez.

Europako ELoGE bereizgarria lortzeko, puntuazio-maila jakin bat lortu behar da, eta adierazle bakoitza ebidentziak eta froga dokumentalak erabiliz justifikatu.

Ziurtapeneko tresna horren bidez, udalek aurrera egiten dute zerbitzu publikoetan kalitate handiagoa lortzeko, herritarren partaidetza handiagoa izateko eta dituzten itxaropen eta beharretara hobeto egokitzen diren politika publikoak egiteko bidean. ELoGE zigilua tresna malgu eta ebolutiboa da, eta aukera ematen du beste udalerri batzuekin jardunbide egokien inguruko informazioa trukatzeko eta udalerri haiekin alderatzeko.

  • Euskadik 279 gorroto-gertakari erregistratu zituen 2021ean, eta gehien-gehienak biktimaren sexu-orientazioagatik edo etniagatik egindako lesioak izan ziren

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek gizartea sentsibilizatzeko kanpaina bateratu bat jarri dute abian herritarrak Euskadin gertatzen diren gorroto-delituak salatzera bultzatzeko, delitu-mota horri aurre egiteko tresna nagusi gisa. Helburua delitu horiek azaleratzen jarraitzea, gizartean kontzientzia areagotzea eta delitu horiekiko eta delituak egiten dituztenekiko tolerantzia gutxitzea da.

Kanpainaren mezua argia eta zuzena da: “Gertatzen bazaizu…, etorri eta salatu!”, bai Ertzaintzan bai Euskadiko udaltzaingoetan, horien lana gorroto-delituen xede diren kolektiboak, kolektibo zaurgarriak, babestea eta horien segurtasuna bermatzea baita.

Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk egin duten Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021eko Txostenaren arabera, Euskadik 279 delitu erregistratu zituen, gehien-gehienak lesio arrazistak edo xenofoboak (162 pertsonari egin zieten eraso, eta horietako 47 arabiarrak ziren). Biktima gehien izan dituen bigarren kolektiboa erasoa orientazio edo identitate sexualagatik jasan dutenena da (73 kasu), eta, gainera, kolektibo hau da aurreko urtearekin alderatuta igoerarik handiena izan duena: % 46ko hazkunde esponentziala. Kolektibo biktimizatuena, besteen gainetik, gizonezko homosexualena da, salaketa guztien ia % 70 pilatzen baititu (guztira, 51).

Arrazoi horrengatik, Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen kanpaina bateratuak bi kolektibo horiek aukeratu ditu sentsibilizazio-ekintza berri honen ardatz izateko.

JAITSI KANPAINA HEMEN: xenofobia eta LGTBIQfobia

Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021eko Txostenaren

Arrazakeria, xenofobia eta LGTBIQfobia

Kanpaina grafiko bat izango da, eta marraztutako 18 pertsonaiaren bidez herritarren aniztasuna irudikatuko da eta dei bat egingo da etnia, jatorria edo sexu-nortasuna edo orientazioa dela eta jazarpen-egoeran dauden edo egon diren pertsonek Ertzaintzara eta Euskadiko udaltzaingoetara jo dezaten eta sala dezaten.

Kanpaina grafikoa kartel, banner eta giff animatuen bidez egingo da, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren eta webguneetan eta sare sozialetan egongo da eskuragarri. Gainera, erakunde, entitate, elkarte eta interesdun guztien esku jarriko da jaitsi eta hedatzeko.

 

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak banatuko du gida hau, Emakundek, foru-aldundiek eta EUDELek bultzatutako Beldur Barik programaren esparruan egina.
  • Udalei, jai-batzordeei, ostalaritzari, txosnei eta jai-ekitaldiak programatzen dituzten kolektiboei zuzenduta dago.

Gasteiz, 2022/05/23

PRENTSAURREKOAREN BIDEOA (GORKA URTARANEN ADIERAZPENAK)

EUDELen elkarteburua den Gorka Urtaranek eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua den Beatriz Artolazabalek  “Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko Gida” aurkeztu dute gaur. Gida hau Emakundek egina da, EUDELekin eta Arabako, Gizpuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundiekin lankidetzan, gazteen artean indarkeria prebenitzeko Beldur Barik programaren esparruan. Haiekin batera ekitaldian izan dira Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Ainhoa Campo, Miren Elgarresta eta Patricia Campelo, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundietako Berdintasun zuzendariak, hurrenez hurren.

Gidara esteka

Bi urteko pandemiaren ondoren eta uda honetan jaiak bueltatzearekin batera, udalen artean banatuko du gida hau, jaietan emakumeen aurkako eraso matxistak prebenitzeko herrietan egiten ari diren lana indartzeko.

Berdintasunerako sailburuak adierazi duenez, “normaltasunera itzultzeaz hitz egiten den honetan, gogorarazi nahi dugu ezin dugula normaltasunaz hitz egin eraso sexistak gertatzen diren bitartean”. “Berdintasunezko jaiak nahi ditugu”, esan du, eta helburu hori lortzen laguntzeko, gida hau prestatu da udalentzat, jai-batzordeentzat, ostalaritzarentzat, txosnentzat eta jai-ekitaldiak antolatzen dituzten pertsona edo kolektibo guztientzat, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzen lagunduko duten prozesuak bultzatzeko eta/edo indartzeko jarraibideak eskaintzen baitzaizkie bertan.

Artolazabalek adierazi duen bezala, “jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela beti gogoan izatea nahi dugu; ez jaiak, ez alkoholak, ez jaiek, ez dute pertsonekiko errespetuan oinarritzen ez den jarrerarik justifikatzen; ezerk ez du eraso matxista bat justifikatzen” eta gogorarazi duenez, “gero eta herritar arretatsuagoak eta toleranteagoak ditugu desberdintasunarekin eta emakumeen aurkako indarkeriarekin”.

Bestalde, Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak nabarmendu du udalek funtsezko zeregina dutela berdintasunaren aldeko talde-lanean sentsibilizatze aldera, eta gidaren “udalak inspiratzeko” duen balioa nabarmendu du, “batez ere udal txikientzat, prozesu horiek diseinatzeko baliabide mugatuak dituztenentzat.”

“Jaiak pertsonak elkartzeko eta haien arteko harreman sendotzen laguntzeko topaguneak dira eta guztiok dugu eskubidea nahi ditugun moduan bizitzeko”, esan du, eta gaineratu du pandemiaren ondoren jaiak ospatu ahal izateak sortzen duen ilusioa ezin dela lausotu “emakumeak jaiez gozatzeko askatasunik gabe uzten dituzten eraso eta jokabide matxistekin. Tokiko komunitate osoak lagundu behar du jai-gune seguruak eraikitzen, berdintasunean oinarrituta elkarrekin bizitzeko, eta, batez ere, beldurrik gabe”. Bere hitzetan, eraso sexistek “normaltasun zaharra” irudikatzen dute, “itzuli behar ez dena, gure herri eta hirietan lekurik ez duena”.

Emakundek hiru foru-aldundiekin eta EUDELekin elkarlanean koordinatzen duen Beldur Barik programaren baitan urtero udalerrien eskura jartzen da jaiei begira prebentzio materiala, eta aurten gidaliburu hau prestatu da, eraso matxistak identifikatzeko eta prebenitzeko, eraso baten biktimei arreta emateko eta eraso bati erantzun publikoa antolatzeko jarraibideak ematen dituena, eta, gainera, eranskin bat du, bereziki ostalaritza-sektoreari eta txosnei zuzendua.