Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, hiru foru aldundiek eta EUDELek sinatu duten kanpainaren leloa da: “Zer ez duzu ulertu nahi?” lelopean. Bai bakarrik baietz”.
  • Gizonak dira, emakumeekin batera, indarkeria matxistari amaiera emateko beste gizon batzuengana zuzentzen direnak.

Gasteiz, 2022/11/14

Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean kanpaina bakarra izango da aurten Euskadin. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek kanpaina bateratua sinatu dute. Erakunde guztien artean koordinatutako kanpaina honek “bakarrik bai dela baietz” oraindik ulertu ez duten gizonei zuzentzen da eta gogorarazten die “ezetz esateko modu asko daudela, baina bat bakarra ulertzeko”. Gizonek beraiek, emakumeekin batera, egiten diete galdera beste gizon batzuei:  “Zer ez duzu ulertu nahi? Bakarrik bai da baietz”.

Gaur goizeko aurkezpenean izan dira Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Emilio Sola Arabako Gizarte Politiketako foru diputatua, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru diputatua eta Gorka Urtaran EUDELeko presidentea.

Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela erakunde guztiek modu koordinatuan lan egin izana gizarteari mezu bakar bat helarazteko, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko herri konpromisoaren irudia erakutsiz: “Berdintasunean eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan beharrezkoa da elkarrekin lan egitea, herri bezala, taldean, jarraibide berberekin”.

Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela kanpaina gizonei zuzentzea eta gizonak izatea indarkeriari ezetz esaten diotenak eta beste gizon batzuei zuzentzen direnak gogorarazteko beharrezkoa dela emakumeen erabakia eta hitza errespetatzea: “Indarkeria matxista ez da emakumeen arazoa. Gizarte osoaren arazoa da. Eta, bereziki, gizarte matxista batean sozializatutako gizonena. Maskulinitate modu bat ikasi duten gizonak”. Artolazabalen iritziz, “berdintasun ezaren aurka altxatzen diren eta korporatibismo maskulinoa hausten duten gizonak egotea behar-beharrezkoa da indarkeria geldiarazteko”.

Azkenik, gogorarazi du, Istanbulgo Hitzarmenean (Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioari buruzko Europako Kontseiluaren hitzarmena) ezarritakoari jarraiki, Berdintasunerako Lege berrituak eta Berdintasunerako Herri Itunak printzipio orokorren eta erronken artean jasotzen dutela gizonekin eta mutilekin lan egitea.

Gorka Urtaranek, EUDELeko elkarteburuak, gizon politiko eta herritar gisa, eremu publiko eta pribatutik, gure gizarteari egindako kalte larri hau geldiarazteko inplikatzea funtsezkoa dela defendatu du.

Urtaranek azpimarratu duenez, “Emakumeen aurkako indarkeria arazo bat da planeta osoan, udalerri eta gizarte-maila guztietan. Gizarte osoaren erronka da. Indarkeriaren arazoa ‘errotik hartu’ behar dugu; indarkeria matxista desagerrarazi gure herri eta hirietatik. Errespetuan, berdintasunean, askatasunean eta emakumeen zoriontasunean oinarritutako harremanak sustatzea, guztiak beharrezkoak baitira bizitza duin bat garatzeko.”

Berdinsareak urteak daramatza lanean, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren alde. Eta elkarteburuak gaineratu duenez “ EUDELen azaroaren 25eko adierazpenak espazio partekatuak, fisikoak eta birtualak eraikitzea eskatzen du, pertsonen arteko berdintasunezko eta errespetuzko harremanak nagusi izan daitezen gure udalerrietan”.

 

Bestalde, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azken hamarkadetan berdintasunean egindako lana azpimarratu du: “Atzera begiratuz gero, egindako lan guztiak, baita erakundeenak ere, asko eta norabide egokian aurrera egin dugula ikusten dugu, baina etorkizunera begiratuz gero, oraindik ere egiteko dagoen bidea ikusten dugu, beraz, urrats sendoak eta orain arte bezain probetxuzkoak ematen jarraitu behar dugu. Aurrera goaz, orain arte bezain indartsu edo gehiago”.

Emilio Sola, Arabako Gizarte Politiketako foru diputatuak adierazi duenez, emakumeek egindako bide luzearen ondoren, “gizonek aldarrikapen historiko horrekin bat egiteko garaia da”. Adierazi duzunez, “kanpainak guri, gizonoi, eskatu nahi digu emakumeen, beste gizon batzuen eta logika patriarkala auzitan jartzen duten arauz kanpoko beste identitate batzuen aurkako indarkeriazko jarreren aurrean, maskulinotasun eredu bat zalantzan jarri dezagun eta jarrera matxisten konplizitatea hautsi dezagun”.

Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru diputatuak, bestalde, erakundeen ezinbesteko lankidetza azpimarratzeaz gain, adierazi du “emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean ezin garela ikusle hutsak izan, ez gu emakumeok, ez gizonek”. “Herritar guztiei dagokigun arazoa da, eta guztion esku dago gaitz sozial honekin behin betiko amaitzea”, gaineratu du.

Azkenik, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak nabarmendu du garrantzitsua dela kanpaina bateratu bat egitea, eta bereziki  garrantzitsua dela erakundeen arteko lankidetza. Lankidetza hau etorkizunean  indartu egingo dela esan du  “indarkeria Matxistaren Biktima diren Emakumeei Arreta Hobea Emateko Erakundeen arteko III. Akordioaren sinadurarekin eta emakume biktimen espedienteak modu integratuan kudeatzeko egiten ari garen lanarekin, azken honek ere, ahalegin handia eskatzen baitu erakundeen arteko koordinazioan”.

Basqueskola eredua aurkeztu da ‘Emakume hautatuak’ biltzarreko praktika onen artean, besteak beste, Bolivia, Libano, Palestina, Niger, Peru, Senegal, Maroko, Suedia eta Ukrainako emakume hautetsien aurrean.

Mallorca, 2022ko azaroaren 11. ‘Virginia Woolf Basqueskola’ eta euskal emakume hautetsiek sarean lan egiteko duten eredua erreferente izan dira gaur ‘Emakume hautatuak’ Emakume Politikarien Nazioarteko I. Topaketan. Azaroaren 10etik 12ra ari dira egiten, Palma hirian (Mallorca), Sa Nostra fundazioan. Jardunaldietan Europako eta mundu osoko herrialdeetako emakumezko zinegotzi eta alkateek hartuko dute parte, besteak beste, Senegal, Niger, Maroko, Libano, Palestina, Peru, Suedia eta Ukrainakoek.

Asteasuko alkate Pilar Legarrak, Basqueskolako talde eragilearen ordezkari gisa, euskal sarearen lana aurkeztu du biltzarrean, emakumezko politikariak elkartzeko beste espazio batzuek dituzten praktika onekin batera, esate baterako, REFELA (Réseau des Femmes Élues Locales d’Afrique) eta ACOBOL (Boliviako emakume zinegotzien elkartea).

Euskal udaletako alkate eta zinegotziek eurek gidatzen dute Basqueskola, EUDEL eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren –Emakunderen bitartez– laguntzarekin. 2012an sortu zen Basqueskola, eta hamarkada horretan erakundeetan eta kudeaketa politikoan emakumeen parte-hartzea indartzeko lan egin du, gizartean eragiteko gaitasuna izan dezaten.

Sarearen helburu nagusietako bat hauxe da: emakume berriei, eta askotarikoagoei, bidea irekitzea esparru publikoan parte har dezaten. Horrekin, udal-politika eraberritzen jarraitzea da asmoa, gaur egungo euskal gizartearen ildoan, eta 2030 Agendari ekarpena egitea, berdintasuna (5. GJH) zeharkako ardatz gisa hartuta.

EUDELek eta Eusko Jaurlaritza-Emakundek sustatutako sareak ekitatea bultzatzen du, genero-ikuspegia txertatuta politika publikoetan, bai eta udal-agendan emakumezkoen interesak eta premia berariazkoak txertatuta ere. Basqueskolak esperientzien trukea sustatzen du, bai eta emakumeen ekintza politikoa toki-mailan ere.

Bere lankide hautetsien aurrean egindako hitzaldian, Pilar Legarra alkateak azpimarratu du: Basqueskolak etorkizunera begiratu eta agenda orokorraren kide izan nahi du. Laguntza ere eman nahi du, bai emakumeek tokiko politikan duten lidergoa lortzeko, bai mundu askeagoa eraikitzeko, gure herri eta hirietatik abiatuta”.

Lidergoari eta praktika berritzaileei buruzko tailerra

Gaurko egitaraua osatzeko, arratsaldean lidergo eta parte-hartze politikoari buruzko tailer bat egingo da, EUDELeko berdintasun teknikari Eukene de Miguelek dinamizatua.

Hausnarketarako guneetako bat izango da, non tokiko praktika berritzaileak aurkeztuko diren, arlo hauei dagokienez: garapen jasangarria, emakumeen aurkako indarkeria tokiko esparruan, lurra eta etxebizitza eskuratzea, eta lana eta enpresa txiki eta ertainetarako finantziazioa eskuratzea.

Informazio gehiago: http://www.virginiawoolfbasqueskola.eus/eu/

Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburu eta Gasteizko alkateak bilera telematikoa egin du gaur arratsaldean Carolina Leitao Txileko Udalen Elkarteko (AChM) presidente eta Peñalolengo alkatearekin.

Bilera elkarte txiletarrak eskatu du, aurten 40 urte bete dituen Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkaritza instituzionala eta zerbitzu teknikoak ezagutzeko interesa duelako.

Gorka Urtaranek EAEko 251 udalerrien errealitate askotarikoaren berri eman dio bere homologoari, sareko lanean eta udalen arteko lankidetzan oinarrituta, bai eta EAEko udalen eskumenen eta finantziazio-sistema espezifikoaren berri ere (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea).

Peñalolengo alkateak EUDELen lan ildoen lehentasunak bertatik bertara ezagutzeko interesa agertu du: gizarte zerbitzuak, berdintasuna, hirigintza eta ingurumena, enplegua eta tokiko garapena, besteak beste.

Bi elkarteek partekatu duten lehentasunetako bat 2030 Agenda eta udalerriek bultzatzen dituzten GJH proiektuak kokatzea izan da, bereziki, klima-trantsizioari eta energia-trantsizioari buruzkoak.

Bi elkarteek harremanak estutzen jarraitzea adostu dute, esperientziak eta jardunbide egokiak trukatuz.

  • Lehendakaria buru dela egin den ekitaldian, 14 erakunde eta elkartek 17 konpromiso hartu dituzte trafiko-istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizarte bat izatera iristeko
  • Ekimen aitzindari honi esker Euskadi erreferente izango da Europan Bide Segurtasunaren eta trafikoaren kudeaketaren arloan
  • Ituna sinatu duten erakunde eta elkarteen ustez, onartezina da Euskadiko kale eta errepideetan hildakoak edo zauritu larriak izatea, eta erantzukizuna errepidea erabiltzen duen pertsonarena eta Bide Segurtasunaren sistema publikoan eta pribatuan esku hartzen duten gainerako eragileena dela onartzen dute

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela egin da gaur goizean Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunarekin, lehenengo 14 elkarte eta erakundek guztion ongiaren, Euskadiko Bide Segurtasunaren eta mugikortasun seguru, jasangarri eta efizientearen alde hartu duten konpromiso etikoarekin, bat egiteko ekitaldi publikoa. Ekimen aitzindaria da, ezaugarri horietako lehenengo Ituna baita, eta panorama konparatuan helburu bikoitzarekin sinatu da:

  • 2030erako, 2020. urtearekin alderatuta, % 50 murriztea Euskadiko kale eta errepideetan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua.
  • 2050erako “Vision Zero” betetzea, hau da, Euskadiko kale eta errepideetan zero hildako edo zauritu larri izatea lortzea.

Lehendakariarekin batera sinatu dute Itun hau Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak eta Vitoria-Gasteizko alkateak; Juan Maria Aburto Bilboko alkateak; Eneko Goia Donostiako alkateak; Ramiro González Arabako diputatu nagusiak; Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak; Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak; Ainhoa Alustiza EITBMediako gerenteak; Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren ordezkariak; Raúl Mena Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren ordezkariak; Marian Cogollos Aesleme Elkartearen ordezkariak; Félix Ortiz de Zarate, Euskofederpen Elkartearen ordezkariak; Ana Novella Istripuak Stop Elkartearen ordezkariak; eta Rosa María Trinidad, Bide Indarkeria Stop Elkartearen ordezkariak.

Gainera, hemendik aurrera, Itun honekin bat egin dezakete bide-segurtasunaren esparruan esku hartzen duten sistema publiko eta pribatuko eragile guztiek.

GJH, Agenda 2030

OMEren kalkuluen arabera, munduan urtean 1,3 milioi pertsona hiltzen dira trafiko-istripu baten ondorioz. Hau da, 3.700 pertsona egunean. Berez, trafiko-istripuak dira 5 urtetik 29 urtera bitarteko pertsonen heriotza-kausa nagusia.

Zifra horien aurrean, Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendak Bide Segurtasuna eta mugikortasun seguru eta jasangarria sartu zituen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan. Bide horri jarraituz, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunak 17 konpromiso hartu ditu Itunarekin bat egin duten erakunde guztiek egindako ekarpenetatik abiatuta, trafiko-istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizarte bat izatera iristeko erantzukizun eta lankidetza partekatua areagotzeko. 17 konpromiso bateratu horiez gainera, erakunde bakoitzak konpromiso indibidual batzuk zehaztuko ditu, eta, hemendik aurrera, horien jarraipena eta ebaluazioa egingo da gobernantza-eredu egituratu baten bidez.

Azken helburua da Euskadi Europan erreferente izatea Bide Segurtasunean eta trafikoaren kudeaketan, hildakoen eta zauritu larrien kopurua murrizteko helburu globala betez.

Errepidean, heriotza bakar bat ere ez da onargarria

Azken bi hamarkada hauetan Euskadin:

  • urtean 218 pertsona hil ziren trafiko-istripuetan.
  • 2010ean 67.
  • 2015ean 53.
  • 2019an 51.
  • 2021ean 42.

Beheranzko joera argi eta garbi finkatu da, eta, berez, Euskadiko milioi biztanleko istripu larrien tasa Europako iparraldearekin bakarrik aldera daiteke. Baina zifrak oraindik ere ez dira onargarriak, horregatik, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunak argi eta garbi adierazten du trafiko-istripuen ondoriozko heriotza edo lesio larri bakar bat ere ez dela onargarria, eta hildakoak edo zauritu larriak eragin dituen istripu baten azken erantzulea ez dela bidea erabiltzen duen pertsona bakarrik, baizik eta baita Bide Segurtasunaren arloan esku hartzen duten gainerako eragileak ere.

Horrela, burutu den aliantzak aditzera ematen du erakundeek eta euskal gizarteak Bide Segurtasunarekin, pertsonen bizitzarekin eta gizarte-ongizatearekin hartzen duten konpromisoa. Era berean, garraio publikoa suspertuko duen eta kolektiborik zaurgarrienen, hau da, oinezkoen, txirrindularien, motor-gidarien, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidarien, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta adingabeen, babesa lehenetsiko duen mugikortasun segurua sustatzeko erakundeen arteko eta arlo pribatuaren eta publikoaren arteko lankidetza indartu ere egiten da.

Bestalde, helarazten da trafiko-istripuen ondoriozko hildakorik edo zauritu larririk gabeko errepide-sarea izatea lortzea gizarte osoari dagokion erronka globala dela. Erantzukizun partekatua da, beraz, eta zirkulazio-arauak betetzetik eta bideko erabiltzaileen arteko elkarbizitzatik eta errespetutik abiatzen da.

Bide Segurtasunaren aldeko solasaldiak

Gaur goizean Lehendakaritzaren egoitzan egin den ekitaldian istripuen prebentziorako sentsibilizazio-kanpainetan Eusko Jaurlaritzarekin oso aktiboki lan egiten duten lau pertsonaren arteko solasaldia izan da: Julian Iantzi, motozalea, komunikatzailea eta Bide Segurtasunaren arloko preskriptorea; Alaitz Arbilla, Bizkarrezur Muineko Lesioa Ikertzeko AESLEME elkarteko Euskadiko koordinatzailea; Alfonso Ortiz, 18 urtetik motor-gidaria eta “Versys Aventure Bizkaia” motozale taldeko kidea; eta Edurne Andueza, trafiko-istripuen ondorio diren lesio ugari tratatzen dituen fisioterapeuta.

Solasaldi irekian gogoratu dute istripu larri bakoitzaren atzean pertsonak, familiak, lagun minak eta, batez ere, betiko etendako bizitzak daudela.

  • Udalerriak eta lehia proiektuaren esparruan, kontratu txikien erabilera zuzena sustatzearen garrantzia nabarmendu dute parte-hartzaileek.
  • Kontratazio publikoa estatuko BPGren % 10 eta % 20 artekoa da administrazio osorako

2022ko azaroaren 3a.- Gaur goizean, Bilboko EUDELen egoitzan, CNMC-k eta Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) toki-erakundeek egiten dituzten kontratu txikien kudeaketa aztertu dute. Ekitaldiak EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen laguntza izan du.

Jardunaldian nabarmendu dituzte euskal udalen erronkak eta aukerak, kontratu txikiak izapidetzeko orduan. Horretarako, EAEko hiru udalek eman dute beren esperientzia praktikoa: Amezketak (Jon Burgaña idazkariarekin), Bilbok (Covadonga Ladrón de Guevara kudeaketa, kontrol eta kanpo sustapeneko zuzendariordearekin) eta Ermuak (Blanca Barragán kontratazio arduradunarekin), Lehiaren Euskal Agintaritzako kide Enara Venturinik moderatutako eztabaida batean.

Egitaraua Miguel García Rescalvo adituaren hitzaldiak osotu du, “Kontratu txikien aplikazio integrala, errealista eta legezkoa”, titulupean.

Administrazio osoari dagokionez, kontratazio publikoa BPGren % 10 eta % 20 artekoa da, eta ekonomia osoaren gainean arraste-ahalmen handia duten sektoreei eragiten die.

Ondorio nagusiak

Gordexolako alkatea eta EUDELeko ordezkaria den Angela Eguiak azpimarratu du toki-erakundeetako langile juridikoek eta teknikariek egunero egiten duten funtsezko eginkizunaren balioa: “Euskadiko udalerri gehienak txikiak dira eta gure udaletan pertsona berak arduratzen dira kontratu publikoak izapidetzeaz, kudeatzeaz eta lizitatzeaz”.

Eguiaren esanetan, “Kontratazio txikiari buruzko gaiak toki-administrazio guztiak hartzen eta kezkatzen ditu”. Era berean, batez ere, zera nabarmendu du: “Dugun merkatua hain da zorrotza, eta oreka bilatzeak duen konplexutasunaren aurrean, hori guztia herritarrek eskatzen diguten azkartasunarekin, berehalakotasunarekin eta eraginkortasunarekin gauzatzea”.

Cani Fernández MLBNko presidenteak Udalerriak eta lehia proiektuak “lehiari kalte egin diezaioketen eta justifikatuta ez dauden, eta, gainera, ongizate orokorra murrizten duten egoerak saihestuz, udal-erakundeen esku-hartzearen kalitatea hobetzea” helburu duela nabarmendu du. Ildo horretan, udalek jarraitu beharreko hobekuntza-ildoa zehaztu du Fernandezek, “kontratu txikien erabilerak funts publikoen eraginkortasuna maximizatzeko helburuari kalterik egin ez diezaion oreka bilatuz”.

Bere aldetik, Alba Urresola Lehiaren Euskal Agintaritzako (LEA/AVC) presidenteak berretsi du LEA/AVCren helburua dela “Euskadiko lehia zaintzea eta kontratu txikietan ere lehia bermatzeko beharraz ohartaraztea, kontratu txikiak, txikiak izateagatik, ez direlako garrantzi gutxiagokoak”. Gainera, Urresolak honako epai hau eman du: “Kontratazioan edozein jardunbide irregularren aurrean, lehiaren agintaritzok legean aurreikusitako gure funtzio zehatzaileak gauzatzen ditugu”.

Gidak eta beste materialak

MLBNk kontratazio publikoa sustatzen du, eta hura gauzatzeko hainbat gida ditu. Era berean, eta NextGeneration EU funtsen kudeaketaren esparruan, Batzordeak botere publikoentzat 30 gomendio argitaratu zituen, susperraldi ekonomikoaren eragile gisa lehia sustatzeko. Gomendio horien artean, kontratazio publiko eraginkorra egiteko gomendioak biltzen dituen kapitulua nabarmentzen da.

Era berean, LEA/AVCk bere egunerokoan hainbat gomendio egiten ditu ildo horretan, eta bere Kontratazio Publikoari eta Lehiari buruzko gida EAEn asko zabaldu da.

Udalerriak eta lehia proiektua

Jardunaldi hau Udalerriak eta lehia proiektuaren barruan dago. Proiektu horren bidez, udalen esku-hartze publikoak merkatuetako lehian duen zeregina aztertu nahi da.

MLBNk eta autonomia-erkidegoetako lehia-agintaritzek udalerrien esku-hartzetik datozen lehiarako oztopoak identifikatu dituzte, besteak beste, udalek beren hiri-plangintzako, lizentziak emateko, ordenantzen bidezko erregulazioko edo kontratazio publikoko eginkizunetan. Hainbat sektoreri eragiten diete, hala nola hiri-mugikortasunari, telekomunikazio-sareen eta energia-azpiegituren hedapenari, gasolina-zerbitzuguneen instalazioari, hileta-jarduerei, azokak eta merkatuak antolatzeari edo ur-horniduraren kudeaketari.

Proiektuaren helburua da metatutako esperientzia jasotzea eta lehiaren agintarien, tokiko agintarien, herritarren, eragile ekonomikoen eta hainbat arlotako adituen arteko iritzi-trukea bultzatzea. Azken helburua da lehia-agintaritzen eta udal-agintarien arteko lankidetza instituzionala indartzea eta lehia-prozesuari buruzko distortsioak minimizatzea, esku-hartze publikoaren kalitatea eta herritarren ongizatea hobetuz.

Proiektuaren informazio eta jarduera guztiak MLBNren webgunean daude eskuragarri (udalerriak eta lehia).

Udalerriek herritarren egunerokotasunetik oso hurbil dauden jarduerak arautu eta horietan esku hartzen dute, hala nola ur-hornidura, hondakinen kudeaketa, kirola, merkataritza, azokak eta merkatuak, bide-azpiegiturak, garraio kolektiboa, trafikoa, telekomunikazio-sareak edo hileta-zerbitzuak.

Udal-ekintzek eragin handia dute merkatuetako lehian. Hori dela-eta, bereziki garrantzitsua da toki-eremuan lehia sustatzea.

2022ko azaroaren 3an, Euskadiko Udalen Elkartea-EUDELek Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) eta Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) antolatutako jardunaldia egiten lagunduko du. Bertan, udalek eta toki-erakundeek lehiak kontratu txikiak izapidetzean duen garrantziaren inguruko hausnarketa egingo dute.

Jardunaldia EUDELeko Areto Nagusian (Ercilla 13, Bilbo) egingo da. Era berean, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren Youtube kanalean ere jarraitu ahal izango da. Esteka azaroaren 3an argitaratuko da, goizeko 8:00etan.

Egitaraua

Izen-emateak  Zabalik egongo dira azaroaren 2ra arte, arratsaldeko 17:00ak arte

9:45. Erregistroa

10:00. Ongi-etorri instituzionala

  • Ángela Eguia Liñero, Gordexolako alkatea, EUDELeko Batzorde Eragilearen kidea

10:05. Udalerriak eta Lehia Egitasmoa

  • “Udalerriak eta Lehia Egitasmoa” delakoaren aurkezpena”, Cani Fernández Vicién, MLBNren presidentea
  • “Toki entitateek kontratu txikiak izapidetzeko praktika egokien dekalogoa” txostenaren aurkezpena, Alba Urresola Clavero, LEA/AVCren presidentea

10:30. Hitzaldia

  • “Kontratu txikien aplikazio integrala, errealista eta legezkoa”,

Miguel García Rescalvo, abokatua eta Administrazio Publikoen aholkularia. Kontratazio publikoan aditua

11:10. Hitzaldia:

Mahai-ingurua tokiko erakundeek kontratazio publikoaren kudeaketan dituzten erronka eta aukerei buruzkoa

  • Jon Burgaña Agoues, Amezketako Udaleko idazkaria
  • Covadonga Ladrón de Guevara, Bilboko Udaleko Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Arloko kanpoko kudeaketa, kontrol eta sustapenerako zuzendariordea
  • Blanca Barragán Alba, Ermuko Udaleko kontratazio-arduraduna

Moderatzailea: Enara Venturini Álvarez, Lehiaren Euskal Agintaritzaren batzordekidea (LEA/AVC)

Galde-eskeak

12:00. Itxiera instituzionala

Kafea eta networkinga

 

Udalkutxa udal finantzaketarako foru funtserako aurreikuspena, gaur arratsaldean egindako Finantzen Lurralde Kontseiluan onartua, 1.010,38 milioi eurokoa izango da. Horrek esan nahi du % 6,8 handituko dela aurten jasotako zenbatekoarekin alderatuta, eta % 4,69 2022ko ekitaldiko likidazio-aurreikuspenekin alderatuta.

2022ko ekitaldiaren itxiera otsailean jakingo den arren, likidazioa positiboa izango dela aurreikusten da, 18,78 milioi eurokoa, hau da, egindako konturako ekarpenekiko % 2.

Bilbo, 2022ko urriaren 20a. Gaur arratsaldean egindako bileran, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak ontzat eman du 2023an Bizkaiko udalen artean banatzekoa den funtsen estimazioa, zeina, guztira, 1.1.010,38 milioi eurokoa izango baita. 1.000,96 milioi euro Udalkutxatik eta 9,42 milioi Gizarte Zerbitzuen Funtsaren bitartez.

Udalkutxa Foru Funtsa % 6,8 handituko da 2022ko ekitaldiko aurrekontuan jasotako aurreikuspenarekin alderatuta, eta % 4,69 2022ko likidazio-aurreikuspenarekin alderatuta, zeina datorren urteko otsailean ezagutuko baita.

Zenbateko hori proportzionalki banatuko da Bizkaiko udalen artean, Udalkutxa-Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez. Udalkutxatik jasotako diru hori funtsezkoa da udalek hurrengo ekitaldirako beren aurrekontuak prestatu ahal ditzaten. Udalerrien arteko banaketa irizpide hauen arabera egiten da: biztanleria, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikastetxe kopurua edo biztanleriaren sakabanaketa.

Bileran, halaber, aurtengo 2022ko ekitaldiko Udalkutxa Funtsaren likidazioa ixteko aurreikuspenak aztertu dira. Behin betiko datuak Finantzen Lurralde Kontseiluaren datorren otsaileko bileran ezagutuko badira ere, badirudi likidazioa berriz positiboa izango dela, 18,78 milioi euroko zenbatekoarekin, eta zenbateko hori udalen artean banatuko dela 2023ko otsaileko behin betiko likidazioaren ondoren.

Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari dagokienez, 2023ko ekitaldirako arau fiskalak etenda mantentzen dira, 2020, 2021 eta 2022ko ekitaldietan egin zen bezala. Bizkaiko Foru Aldundiko eta udalerrietako ordezkariek uste dute zuhurrak eta arduratsuak izan behar dutela gaur egungo eta etorkizuneko gastuetan, eta finantza-iraunkortasunaren printzipioa zorrotz bete behar dutela. Era berean, toki-erakunde bat epe luzera aurrezki garbi negatiboarekin zorpetu ezinari dagokionez, normaltasunera itzultzea erabaki da.

Genero-indarkeriaren aurkako Estatu Itunetik datozen funtsak banatzea ere erabaki da. 1.341.440,27 euro banatuko dira Bizkaiko udalerrien artean. Udalerri bakoitzari kopuru finko bat egokituko zaio udalerri bakoitzeko, 3.000 euro gehi 0,87 zentimo biztanleko.

Finantzetako Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzetako Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da, udal finantzaketaren banaketaz arduratzen dena, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia-finantza eta aurrekontu arloetako jarduera koordinatzen du. Hamar kidek osatzen dira. Bost Bizkaiko Foru Aldundikoak dira, eta gainerako bostak, berriz, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkariak dira, hain zuzen ere, Balmaseda, Bilbo, Ermua, Larrabetzu eta Muskizeko udaletakoak.

EUDELek tresna praktiko bat jarriko du eskura, tokiko gobernuak Garapen Jasangarrirako Helburuekiko duen konpromisoa udal aurrekontuetan islatze aldera.

Gida hori Batzorde Eragileak baliozkotu du, eta 2021eko Batzar Orokorrean ekimena bultzatzeaz arduratu izan da. Metodologia udal talde batekin kontrastatu da, tamaina desberdinetako erakundeetan aplikatzeko erraza eta erosoa izateko asmoz.

Tresna bizia da, etorkizuneko garapenei irekia, Euskadiko 2030 Agendaren eta Eragile Anitzeko Foroaren erakundeen arteko lanaren esparruan.

Erantsitako dokumentuak:

  • “Gida praktikoa, udal-aurrekontua GJHekin lerrokatzen hasteko”.
  • Excel-a, gastu-programak eta GJHak lerrokatzeko.
  • Emaitzen txostenaren txantiloia.

Webinarra, 2022/10/24 (Zoom)

Euskadiko udaletan ekimen aitzindaria denez, informazio-webinar batera deitzen zaituztegu. Bertan zehaztasun osoz azalduko dizuegu tresna, eta erabiltzen hasteko moduari buruzko zalantzak argituko dizkizuegu.

  • Urriaren 24a, astelehena, 12:00etatik 13:30era (bideokonferentzia, ZOOM bidez).

Beharrezkoa da aldez aurretiko izen-ematea, konexio-esteka jaso ahal izateko.

IZEN-EMATEA