Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Beste urte batez, urrian hasi eta 2022ko martxora bitartean, EUDELek eta IVAPek tokiko euskal erakundeetako langileak prestatzeko eta gaitzeko programa antolatu dute, elkarlanean. Tokiko Zuzendaritza Publikoaren egitaraua udaletako langile laguntzaileen gaitasunak indartzeko da, izan zuzendaritza-gaitasun teknikoak nahiz, hala badagokio, gaitasun politikoak. Horretarako, beharrezko hainbat tresna eskainiko dira, bai eta ezagutzak eta esperientziak ere (praktika onak), tokiko euskal erakunde publikoak garatzeari ekiteko XXI. mendearen hirugarren hamarkadan.

“Euskadiko udalak 2030: garapen jasangarria, leheneratzea eta eraldatzea” izeneko aurtengo programaren xedea da tokiko erakundeek aurrean dituzten erronka berriei ekitea, pandemia osteko errealitatera egokitzeari dagokionez. Saio gehienak Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) zer diren ezagutu eta lantzeko izango dira, jarduera praktikoak eginez, bai eta horiek, zer inplikazio eta aukera dituzten ezagutzeko ere. Halaber, Europako funtsen kontratazio eta kudeaketa publikorako mekanismoak  ere gai nagusi izango dira, leheneratzeko eta eraldatzeko finantza-tresna baitira. Hiru bloke nagusi egongo dira: Agenda 2030; Leheneratze-programa eta Europako funtsen kudeaketa; eta Eraldaketa-neurriak, horien artean daude berrikuntza digitala eta antolamendukoa edo herritarren parte-hartzea.

Ikusi PROGRAMA

Saioen formatua

Osasun-protokolo guztiak betez, eta, betiere, egoerak uzten badu, edizio honetan ikastaroak aurrez aurrekoak izango dira berriz ere, EUDELen Bilboko egoitzan. Guztira, 10 saio eskainiko dira, bakoitza bost ordukoa.

Irakasleei dagokienez, profil akademikokoak daude, eta, era berean, esperientzia praktiko egiaztatua duten bestelako hizlariak.

Programa-amaierako lan gisa, ikasleek Txosten edo Hobekuntza edo Berrikuntza Proiektu bat aurkeztu beharko dute; haien udalak edo tokiko erakundeak sustatzea aurreikusita duen arazo, proiektu edo erreformaren baten eta erakundearen onura ekar dezakeen konponbidea edo aplikazio praktikoa izango litzateke.

Tokiko gobernantzaren zeregin giltzarria

Prestakuntza-ibilbide honetan parte hartzen dutenek oinarrizko tresna kontzeptual eta aplikaziokoak jasoko dituzte, ezegonkortasuna ezaugarri duen helburu berehalako eta epe ertaineko bati aurre egiteko. Programak krisitik ateratzeko tokiko gobernuen zeregin nagusian jartzen du azpimarra, bai eta Agenda 2030aren bidez eraldaketa eta garapen jasangarriari ekarpena egitean ere, hiru dimentsiotan: ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala.

Halaber, Gobernantzako tokiko sistema bat eraikitzea proposatuko da, eraldaketa edo egokitzeko prozesuan pixkanaka laguntzeko, eta, aldi berean, erakunde publikoak gobernatu, kudeatu eta artikulatzeko moduan. Hori guztia, herritarrek zerbitzu hobeak eta garapen jasangarrirako helburuekin eta leheneratze, erresilientzia eta eraldaketako aurrekontuekin konpromiso erabatekoa dutenak izan ditzaten bermatzeko.

 

 

Ekainaren 28an, aurten ere, eskubideak eta bizikidetza aldarrikatzen ditugu euskal gizartearen aurrean, aniztasunetik abiatuta. 1969ko ekainaren 28an – Iaz 50. urteurrena ospatzen ari ginen – Stonewallen matxinada gertatu zenetik New Yorken, data hori egun bihurtu da lortutako lorpen guztiak aldarrikatzeko eta ikusarazteko, eta, ezinbestean, oraindik lortzeko dugun guztia nabarmentzeko izan behar du.

Berdindu zerbitzu publikoak, Eusko Jaurlaritzaren LGTBI kolektiboari informazioa eta laguntza ematekoak, eskerrak eman nahi dizkie sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde bizitza eta ahaleginak eman dituzten pertsona guztiei, gaur egun ere antolatzen eta gizartea sentsibilizatu, kontzientziatu eta eraldatzeko lana egiten jarraitzen baitute. Era berean, gure mugetatik kanpo eta hemen isilik jasaten duten pertsona guztiak aitortu eta ahaldundu nahi ditu. Eta hori egin nahi du, bereziki, 2021ean, hain ohikoa ez den egoera bizi behar baitugu.

Berdindun argi daukagu erne ibili behar dela sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako sektore eta alderdi politiko jakin batzuen diskurtso eta planteamenduen gorakadaren aurrean, eta horrek ondorio zuzenak ditu: alde batetik, trans kolektiboaren eskubideak onartzearen aurkako oposizio zuzena; eta, bestetik, erasoen gorakada, duela egun gutxi gure herri batean ikusi ahal izan dugun bezala. Horregatik, oraindik ere beharrezkoa da LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko borroka ikusarazten jarraitzea.

Horregatik, beharrezkoa da LGTBI pertsonen bizitzak eta eskubideak babesten dituzten lege-esparruak egotea. Halaber, oso garrantzitsua da LGTBI kolektiboaren egungo errealitatea ezagutzea, hiriko zurrumurru eta legendak harago, egiaztatutako eta kuantifikatutako datuekin.

Ikusgarritasun lesbikoa, trans, bi, trans despatologizazioaren aurkako egunak, LGTBIfobiaren aurkakoak… bat egiten dute, gaur, izateko eta desiratzeko harrotasunaren aldarrikapenean, bakoitzak bere erara, den-denek.

Horregatik guztiagatik, Berdindun, egun hau sexu-askapenaren alde lortzen ari garen aurrerapen guztiak ospatzeko aprobetxatzera animatzen dugu euskal gizartea, ahaztu gabe gizarte osoaren lana dela erne ibiltzea, horren alde borrokatzen jarraitzea eta pertsona guztiak askatasunean bizi eta adierazi ahal izatea bermatzea.

Herritarrak animatzen ditugu, beraz, sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egin dezaten, foro publikoek, hedabideek eta sare sozialek agerian utz dezaten gaur aniztasunaren aldeko borroka-eguna dela.

  • Gernikak, Berrizek, Tolosak eta Gasteizek beren jardunbide egokiak elkarbanatuko dituzte EAEko gainerako udalekin, gaur goizean EUDELen egoitzan Berdinsarearen esparruan egingo den truke-tailer batean.
  • Saioa zuzenean ikus daiteke YouTubeko esteka honetan: https://www.youtube.com/watch?v=tBQCyJlTXXg

2021eko ekainaren 23a. Pandemiaren ondorioz herriko jaiak bertan behera geratu diren arren, “Berdinsarea” Euskal udalerrien sareak, EUDELek eta Emakundek bultzatuta, beharrezkotzat jo du trantsizio-unea baliatzea, jai-eredua gaur egungo gizartearen errealitatera egokitzeko.

Goiz osoan zehar, EUDELek euskal udalen jardunbide egokien tailerra antolatu du Bilboko egoitzan. Bertan, azken urteotan emakumeek eta gizonek herriko jaietan berdintasunez parte hartzeko egindako aurrerapenak erakutsi nahi dira. Adibide inspiratzaile gisa aurkeztuko diren jarduera batzuk udal-akordioak eta berdintasunerako toki-plan eta -ordenantzetako erreferentziak dira, edo jaien inguruko diagnostikoak eta parte-hartze prozesuak.

Gernikako, Berrizko, Tolosako eta Gasteizko udalek jai libre eta berdinzaleen ereduak erakutsiko dituzte tailerraren erdialdean, 12:30etik aurrera. Besteak beste, lau udalerri horien esperientziak izan dira Emakunderen azterlan honen oinarri: “Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak”. Txostenak zenbait euskal herritan eta Estatuan garatu diren ideia eta estrategia sorta bat eskaintzen du, emakumeek tokiko jaietan parte har dezaten sustatzeko, eta, besteak beste, erritu eta ekitaldi nagusietan rolak banatu daitezen, emakumeak sozializazio-espazioetara sartu daitezen edo jaietako erabaki- edo ardura-postuetan egon daitezen.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez, “berdintasunari dagokionez jaiak gaurkotzea saihestezina da justizia sozialaren ikuspuntutik, emakumeek beraiek, mugimendu feministak eta, oro har, gizarteak eskatzen duten bezala”. Landaidak espero du “udalerri horietako esperientziek adorea emango dietela beste herri batzuei, beren jaiak gure garaiko errealitate sozialera egokitzeko, eta era horretan, gainera, aberasteko”.

Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak nabarmendu du euskal udalek berdintasunarekiko konpromiso irmoa dutela, politika eta zerbitzu publikoen bitartez gauzatzen dena. “Azken hamarkadetan, berdintasunaren arloko tokiko politikek jaiak ulertzeko eta bizitzeko modua eraldatzea ere bultzatu dute”. Gorka Urtaranen arabera, erakundeen esku-hartzea gizarte osoaren inplikazioan oinarritu behar da, eta jaiak genero-ikuspegia txertatzeko “funtsezko eremua” dira. “Lehen mailako adierazpen kultural eta sinbolikoak dira, eta horien bidez desberdintasunei aurre egin behar diegu, eta balio, tradizio eta festa-ohituren transmisioan estereotipo misoginoak errepikatzea saihestu“, azaldu du EUDELen elkarteburuak. Gaineratu duenez, “jardunbide egokiak udalerriz udalerri hedatu behar dira, gizonen eta emakumeen berdintasunezko parte-hartzea zabaltzeko, askatasunean eta aniztasunean irabazteko, diskriminaziorik eta bazterketarik gabe”

Margaret Bullenek, tailerraren hizlari nagusi gisa, Emakunderentzat egindako azterlanaren hausnarketa nagusiak aurkeztu ditu. Txostenak ondorioztatu duenaren arabera, aztertutako udalerrietan ez dago berdintasunezko jaiak lortu dituen «formula edo errezeta magikorik»: «prozesu bereziak, askotarikoak eta jaien tipologia bakoitzari, herri bakoitzaren ezaugarriei eta gizarte-osaerari lotutakoak» izan dira.

Saio honen antolatzailea Berdinsarea da (Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako euskal udalerriak). EUDELek eta Emakundek koordinatzen dute, eta gainerako erakundeek laguntza ematen dute. 2021ean, Berdinsareak 15 urte bete ditu udal politika eta zerbitzuetan aurrerapausoak ematen, udalerri inklusiboak, askotarikoak, berdintasunezkoak eta libreak eraikitzeko.

Jai berdinzaleen lau eredu

BERRIZ “Dantzari Dantza”

2017an, akordioen dokumentu baten bidez, emakumeak Dantzari-dantza izeneko dantza-multzoan sartu ziren. Horren aurretik, gizonez soilik osatuta zegoen.

2014an, Udalak parte-hartze prozesu bat jarri zuen abian, jaietan, dantza-taldeetan eta jai batzordean parte hartzen zuten politikari eta teknikariekin.

GERNIKA “Marijesiak”

Jatorrian, emakumeek ezin zuten kantatu Gabonak baino lehen udalerriko kaleetan egiten den bederatziurren honetan. Gaur egun, laurogei eta ehun pertsona artean daude taldean; adin guztietako gizon eta emakumeak. Azken berrogeita hamar urteetan gora egin du kopuruak, eta emakumeak eta gero eta neska gazte gehiago integratu dira.

TOLOSA “Tolosako sanjoanetako inauteri eta jaiak: Behatokia”

Tolosako danborrada XIX. mendearen bukaeran hasi zen ospatzen inauterietako larunbatean, eta elkarte gastronomiko eta kulturalek antolatutako ekitaldia zen (kide gehienak gizonak ziren). Emakumeek emakumeen danborrada bat sortzea erabaki zuten, eta 1982an lehen aldiz desfilatu zuen. Urrats garrantzitsu horrek aldaketa eragin zuen jaian, harrezkeroztik.

Elkarte gastronomikoek antolatutako Tolosako alardearen kasuan, gero eta emakume gehiagok hartzen dute parte eskopetari gisa, eta protagonisten rolak ere betetzen dituzte, nahiz eta oraindik zaila den emakumeak kapitain gisa ikustea.

Tolosako jaien Behatokia 2017an sortu zen, jaietan emakumeen parte-hartzea modu integralagoan eta iraunkorragoan lantzeko gune gisa. Egun, Berdintasuneko eta Kultura eta Jaietako Sailek gidatzen dute. Gainera, kirol, komunikazio, gazteria, ogasun eta alkatetza arloek parte hartzen dute.

VITORIA-GASTEIZ “Gasteizko Andre Maria Zuriaren inguruko jaiak”

Blusen eta Nesken Eguna 1945etik aurrera hiriko kuadrillek bultzatutako jaia da. Uztailaren 25ean ospatzen da, Andre Maria Zuriaren omenezko jaien sarrera gisa. Hasieran, kuadrillak gizonez soilik osatuta zeuden, eta pixkanaka kuadrilla mistoak edo emakumez soilik osatutakoak sortzen joan ziren.

Jaietan emakumeen parte-hartzeak izan duen aurrerapenaren beste datu adierazgarri bat da batzordeko eta elkarte edo kuadrilla bakoitzeko zuzendaritza-batzordeetan karguak hartzea.

Halaber, berezko protokoloa du eraso sexisten aurka.

  • Datorren asteazkenean, ekainaren 23an., EUDELek eta Emakundek elkarlanean sustatzen duten sareak tailer bat antolatu du berdintasuneko eta indarkeria matxistarik gabeko festen arloko jardunbide egokiak trukatzeko

2021eko ekainaren 21a. EUDELek eta Emakundek elkarlanean sustatzen duten Berdinsareak berdintasuneko eta indarkeria matxistarik gabeko festen arloko jardunbide egokiak trukatzeko tailerra antolatu du datorren asteazkenean, ekainaren 23an. Saioa EAEko udaletako berdintasun, kultura eta jai arloetara zuzenduta badago.

Asteazkenekoa Berdinsarearen 2021-2022 ekintza plan berriko “Berdintruke” hartu-eman zikloko lehen saioa izango da. Berdintruke horren bitartez, aurrera egiten jarraitu nahi da tokiko festetan esku hartzeko abiarazitako prozesu eta estrategien inguruan, emakumeak festaren hainbat esparrutan sar daitezen sustatuz, eta, aldi berean, jaien fenomenoaren inguruan sentsibilizatzeko eta genero-ikuspegia zabaltzeko.

Tailerra EUDELek Bilbon duen egoitzan bertatik bertara egingo da, eta Gernikako, Berrizko, Tolosako eta Vitoria-Gasteizko udaletako esperientzia-panel bat izango du (12:30etik aurrera). Lau horiek dira “Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak”  Emakunderen azterlanerako oinarritzat erabili dituzten tamaina guztietako bederatzi udalerrietako batzuk, hainbat tamainatakoak. Azterlan hori Eusko Legebiltzarraren enkarguz egin da, eta tokiko festetako kasuak aztertzean oinarritu da. Lurralde bakoitzeko hiru udalerri daude, eta egokitzapen-prozesu bat egin dute, emakumeen eta gizonen berdintasuneko parte-hartzea ahalbidetzeko.

Azterlanaren egileetako bat izan den Margaret Bullenek, antropologa feminista eta EHUko irakasalea, gidatuko du tailerra. Bullenek txostenean gai hauei buruz ateratako ondorioak azalduko ditu: emakumeek ekitaldi nagusietan duten parte hartzea, erritualak, sozializazio-guneetara sartzea, edo festetako erabaki nahiz erantzukizun postuetan duten presentzia.

Pandemiaren ondorioz herriko jaiak etenda daude, baina horiek antolatzea epe luzeko prozesuak izaten dira, eta Berdinsareak egokitzat jo du trantsizio garaia aprobetxatzea jai eredua gizartearen errealitatera egokitzeko. Sareko indarkeriaren batzordeak bultzatzen du lan hori, eta EAEko herri askok jaietan emakumeen eta gizonen berdintasuneko parte hartzean egindako aurrerapenak ikusaraztea du helburu. Jardunbide egokiak erreferentzia izango dira ekinbide horretan lan egin edo lanean jarraitu nahi duten udalerri guztientzat.

Berdinsarea “laborategi” edo behatzeko gune gisa eratu da, errepikagarriak edo inspiratzaileak izan daitezkeen tokiko esperientziak eta jardunbide egokiak identifikatzeko eta partekatzeko. Sarea udalen arteko koordinazio eta lan-esparru bateratua da, bai eta gainerako euskal erakundeekin ere.

Berdinsareak berdintasunerako tokiko politiken buru izan den 15 urteko ibilbidea ospatuko du aurtengo 2021 honetan, EAEko biztanleen % 80 baino gehiago ordezkatuz. Sare aitzindaria da, Berdintasunerako Europako Gutunarekin batera sortu zena, eta abangoardiako Europako politiken ildo berean jarraitzen du. Sarea jardunbide berritzaileenak dituzten udalek gidatzen dute, eta estrategia eta ekintza komunak lantzen dituzte, aurrerapausoak bultzatuz lor ditzagun udalerri berdintasunekoak, inklusiboak eta askeak, eta, aldi berean, osasungarriagoak eta jasangarriagoak izango direnak.

  • Emakundek, foru-aldundien eta EUDELen laguntzarekin, bultzatzen duen programak uda garaian errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jarrerak bultzatzeko kanpaina abiatu du
  • Kartel bat eta eraso sexistak prebenitzeko gida jarri da udalen eskuetan
  • Neskei zuzendutako autodefentsa ziber-feministari buruzko tailer bat eta mutilei zuzendutako ligoteo sanoari buruzko beste bat jarri dira martxan

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan, gazteen arteko indarkeria sexista prebenitzeko sustatutako Beldur Barik erakunde arteko programaren barruan, udalen artean “Eraso sexistarik gabeko uda” izeneko materialak zabaldu dira, udan errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarduerak bultzatzeko.

Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, “eraso sexistak prebenitzea guztion kezka da: herritarrena eta erakundeena, bereziki tokiko eremuko erakundeentzat, hiritarrengandik gertuen daudelako. Helburua da jarrera aktiboa sustatzea gazteen artean emakumeak errespetatzen ez dituen edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra eta errespetua, berdintasuna eta autonomian oinarritutako jarreren alde. Hiritar guztiei ere egiten zaie deia euren inplikazio eta jarrera aktiboarekin, udan jarrera sexistarik gabeko espazioak sortarazten laguntzeko”.

Materialen artean, kartel bat, “Eraso sexistarik gabeko egunak eta gauak” izeneko gida eta udako kanpaina honen barruan antolatu diren bi tailerren inguruko informazioa eta kartelak bidali zaizkie: mutilei zuzendutako ligoteo sanoari buruzko tailerra, Peio Saez de Lafuentesek eta Javi Molinak eskainiko dutena ekainaren 30ean 12:00etatik 13:30ak bitartean (Izen-ematea doakoa da eta honako esteka honetan egin ahal izango da ekainaren 25era arte: bit.ly/LigoteoTailerra), eta neskei zuzendutako ‘Autodefentsa Ziberfeminista’ tailerra, Emoki elkarteak eskainiko duena uztailaren 1ean 12:00etatik 13:30ak bitartean zoom plataformaren bidez (Izen-ematea doakoa da eta honako esteka honetan egin ahal izango da ekainaren 25era arte bit.ly/AutodefentsaZiberFeminista). Honekin batera, Beldur Bariken irudiarekin musukoak, txapak eta telazko poltsak egiteko proposamenak ere bidali zaizkie eta baita spotifyko kantuen zerrenda bat.

Udalei bidalitako material hauekin, indarkeriaren kontrako irudi bateratu bat bilatzeaz gain,  lortu nahi  da herrietan lan-prozesu ezberdinak sortzen joatea,  gazteekin,  aisialdi-giroetan eman daitekeen indarkeria sexuala antzemateko, prebenitzeko eta hari aurre egiteko banakako zein taldeko erantzunak garatzeko.

 

  • Laguntza-puntuak eskaintzea (Euskarri) zeharkako ardatza duten 12 lehentasun definitzen ditu; eta, helburu nagusi batekin, bizitza autonomoko proiektuak bultzatzea.
  • Tutoretzapeko adingabeen kasuan, laguntza-puntu estrategikoak hiru kontzeptutan definituta daude: Etxea, Orientazioa eta Prestakuntza.
  • Tutoretzapean dauden gazteen kasuan, honako hauek dira laguntza-puntu horiek: Gizarteratzea eta Laneratzea, Etxebizitza eta Bizi-sostengua.
  • Erakundeei dagokie laguntza-puntu horien alde egitea, eta adingabeei eta gazteei dagokie, “kontratu” baten bidez, eskubideen eta betebeharren konpromisoa hartzea.
  • Gaur eratu da Lehendakaritzan bere aurreikuspenen sustapena eta kudeaketa koordinatuko duen Erakunde arteko Lan Mahaia.

 

Gaur aurkeztu da “Erakundeen arteko Euskarri adierazpena. Egoera ahulean dauden adingabeak eta gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko estrategia partekatua”. Joan den ostegunean EUDELeko zuzendaritzak onartu zuen eta gaur goizean Foru Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluek berretsi dute. Ane Beitia EUDELeko ordezkari eta Elgoibarko alkateak Euskarri estrategia bultzatzen duen erakunde arteko mahaiaren bileran parte hartu du.

Hitzarmena sinatu duten erakundeek adierazi dute beren 12 lehentasunetan aurrera egiteko erabakia hartu dutela, eta erakunde arteko lantalde bat sortu dute hori garatzeko. Talde hori gaur arratsaldean eratu da Lehendakaritzan, EUDELen, hiru Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariekin, eta bere lehen Lan Agenda onartu du.

Honako ezaugarri hauek dituen ibilbide-orria da Euskarri Estrategia:

  • Adingabeen eta 21 urtera arteko gazteen problematikari heltzen dio, baldin eta egoera ahulean badaude continuum gisa eta osotasunean eta etenik gabe heltzen badiote. Era berean, bertakoentzat eta atzerritarrentzat proiektatzen da.
  • Eskubide eta betebeharren filosofia bat pertsonalizatzean oinarritzen da. Erantzukizun-kontratu baten bidez; aurrekontratu bat adingabeen kasuan eta kontratu bat gazteen kasuan. Hitzarmen bat alde bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak ezarriko dituena. Adingabeek eta gazteek bizitza aurrera ateratzeko arduraz borrokatzeko konpromisoa hartzen dute; erakundeek hori posible egiteko sostengu-puntuak eskaintzeko konpromisoa hartzen dute.
  • Tutoretzapeko adingabeen kasuan, sostengu-puntu horiek hiru dira: Etxea, Orientazioa eta Prestakuntza. Tutoretzapean egondako gazteen kasuan: Gizarteratzea eta Laneratzea, Etxebizitza eta Bizi-laguntza. Helburua bizitza-autonomo proiektu baten alde egitea da.
  • Estrategia hori begirada paternalistatik zein edozein espiritu biktimistatik urruntzen da. Mezu hezitzailea da: bizitzan aurrera ateratzeko, gogor lan egin behar dela; eta hori egin ahal izateko, beharrezkoa dela sostengu-puntuak izatea. Tresnak eskaintzea eta erresilientzia bultzatzea eta pertsona bakoitzak egoera traumatikoak gainditzeko duen gaitasuna.

Tutoretzapeko adingabeen eta tutoretzapeko gazte ohien arazoak erronka etiko bat dira. Adinagatik helduaroaren berezko autonomia baliabiderik ez duten pertsonei eragiten die. Berdintasun-erronka bat ere bada, eta, pertsona horien kasuan, gizarteratzeko eta laneratzeko baldintzak sortzearen parekoa da. Azken batean, herrialde-erronka bat da, adingabeei eta gazteei eragiten diena, bai eta gizarte osoari eta haien aurrerabideari ere.

COVID-19k zailtasunak areagotu ditu eta egoera ahulenean daudenentzako desberdintasun-arrailak handitu ditu. Eragin handiagoa du pertsona, familia eta talde ahulenetan. Seguru asko, zaurgarritasun handieneko testuinguruetako bat familiarik gabeko haurrei eta bakarrik dauden gazte migratzaileei eragiten diena da. Azken batean, giza duintasuna eta bizikidetza bezalako gizarte demokratiko baterako hain estrategikoak diren balioak defendatu eta sustatu nahian gabiltza.

Kontzeptuzko esparru horretan, Euskarri Estrategiak jarraian laburbiltzen diren 12 lehentasun definitzen ditu.

  1. Zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeen arloko lehentasunak

 

Sostengu-puntu estrategikoa Lehentasuna
·I. Etxerako Sostengu-puntua. ·Share Proposamena sustatzea, erantzukidetasun-printzipioaren aplikazioa sustatzeko.
·Etxe-ereduak dibertsifikatzeko pilotajeen bultzada progresiboa.
·II. Orientaziorako Sostengu-puntua. ·Erakunde-tutoretza optimizatzeko lantaldea sortzea.
·Mentoria motako ereduen hedapen sozialerako erakunde bat sortzea.
·III. Prestakuntzarako Sostengu-puntua. ·Tokiko hizkuntzak ikasteko ibilbide espezifiko eta trinkoa antolatzea.
·Laneratzea dakarten lanbideei lotutako lanbide-orientazioa eta ziurtagiri profesional aitortuarekin amaitzen diren prestakuntza-prozesuak antolatzea.
·Enpresekin hitzarmenak bultzatzea, prestakuntza-eredu dualak garatzeko.
  1. Tutoretzapean egondako gazteen eremuko lehentasunak

 

Sostengu-puntu estrategikoa Lehentasuna
·Gizarteratzeko eta laneratzeko Sostengu-puntua. ·Gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko zerbitzu pertsonalizatua sortzea.
·Etxebizitzarako Sostengu-puntua. ·Etxebizitza partekatuetan alokatzeko edo etxeetan harrera egiteko laguntza, Betebeharren eta Eskubideen Kontratuarekin konprometituta dauden gazteentzat.
·Bizi-sostengurako Sostengu-puntua. ·Enplegurako prestakuntzari laguntzeko beka, betebeharren eta eskubideen kontratuarekin konprometituta dauden gazteentzat eta harrera-egoeran dauden gazteentzat.

 

III. Beste lehentasun osagarri batzuk

 

Helburua Lehentasuna
·Hezkuntza-egiturak eta lanbide-heziketakoak indartzea adingabe eta gazte migratzaileen jatorrizko eskualdeetan. ·Hezkuntza-prestakuntzako eta lanbide-gaikuntzako proiektuak bultzatzea adingabe eta gazte migratzaileen jatorrizko eskualdeetan.
·Jatorrizko herrialdeetan aukerak sortzea, haien giza kapitala indartuz. ·Adingabeko migratzaileen jatorrizko eskualdeetan ezarritako euskal enpresekin hitzarmenak bultzatzea, prestakuntza eta enplegua emateko jatorrian.

Lehendakaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuordetzak dinamizatutako hainbat urtetako lanaren emaitza da Euskarri. 2019an zehar, erakunde sinatzaileek hausnarketa-prozesu bat garatu zuten, Euskarri dokumentua sortu zuena. 2020ko otsailean dokumentua prest egon zen aurkezteko. Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeen iragarpenak atzeratu egin zuen aurreikuspen hura. Hala ere, pandemiak geldiarazi zuen lan-plana.

Orain, prozesu horretan parte hartzen duten erakunde guztiek erabaki dute berriz heltzea gaiari, uste baitute haren aurreikuspen guztiek indarrean jarraitzen dutela, eta baliagarriak izaten jarraitzen dutela, baita beharrezkoagoak ere, egungo testuinguruan.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak Anna eta Olivia txikien gertaera krudela kondenatu eta gaitzesten du. EUDELek elkartasuna adierazi die familiari eta hurbileko pertsonei, bai eta indarkeria matxistaren biktima guztiei ere, eta estatuko ekimenarekin bat egiteko gonbita egin die EAEko udalei, gaur astelehena, ekainaren 14an, 12:00etan edo beste ordu batean, udalerri bakoitzeko ohituraren arabera.

EUDEL gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (bikarioa, psikologikoa, ekonomikoa,  fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.