- EUDELek eta Emakundek koordinatuta, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko proiektuak bultzatuko ditu Berdinsarea udalerrien sareak, Euskadiko 2030 Agendaren barruan.
2022ko otsailaren 17an. Atzo arratsaldean, Berdinsareak urteko lehen osoko bilkura egin zuen EUDELen Bilboko egoitzan. EAEko hiru lurraldeetako 77 euskal udalerri eta Aiarako kuadrilla biltzen ditu sareak, eta, Berdinsarean parte hartuz, berdintasunean aurrera egiteko politika eta ekintza berritzaileenen diseinuaren aitzindari dira, tokiko mailan. Sareak euskal biztanleriaren % 80 biltzen badu ere, euskal udalerrien ehuneko ehunera hedatzen dira haren ekintzak, EUDELek koordinatzen baititu, Eusko Jaurlaritzaren sostenguarekin, Emakunderen bitartez, eta foru aldundiekin lankidetzan baitihardu.
Osoko Bilkura da Berdinsarearen gobernu organo gorena, eta sareko kide diren udaletako alkateek eta zinegotziek osatzen dute. Organo horren egiteko nagusia da urteko Ekintza Plana onartzea, baita aliantza eta proiektu eraldatzaile berriak sustatzea ere, berdintasuna erakundeen eta gizartearen lehentasun gisa jartzeko.
BERDINSAREAren Osoko Bilkuraren ARGAZKI-GALERIA (2022/02/16, EUDEL)

Ekintza eta protokolo koordinatuak zehazteko udalerrien arteko lankidetza, finkatutako jarduketa irizpideak oinarri hartuta; horixe izan zen Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak osoko bilkuran egindako hitzaldietan nabarmendu zituzten “indarguneetako” bat.
EUDELen izenean, Gorka Urtaranek bereziki nabarmendu zuen Berdinsareko kide izateak udalei dakarkien eskakizun handia. “Ez da erraza beti abangoardian egotea, baina animatu nahi zaituztegu gure aitzindari izaten jarrai dezazuen, zuen lanak 251 euskal udalerriei egiten baitie mesede. Elkarrekin egiten badugu aurrera, urrunago iritsiko gara eta gure ekintzek eragin positibo handiagoa izango dute gizartean”.
Ildo horretatik, elkarteburuak gaur egungo testuinguruak irudikatzen duen “aukera hirukoitza” azpimarratu zuen; hain zuzen ere, Berdintasunerako euskal lege berria; udalerriek bultzatutako eraldaketa soziala, “pertsonak erdigunean dituena”; eta euskal udalek, EUDELek koordinatuta, Garapen Iraunkorreko Helburuei egiten dieten ekarpena. Horri loturik, Gorka Urtaranek gogorarazi zuen Berdinsareak bultzatuak direla Euskadiko 2030 Agendaren baitako tokiko 15 proiektuetatik lau.

Bestalde, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu zuen Berdinsarea berdintasunaren arloko jardunbide egokien eta erakundeen arteko lankidetzaren adibide dela. Hain zuzen ere, Landaidak gogorarazi zuen EUDELen eta Emakunderen arteko berdintasunaren aldeko aliantza 2005ean Berdintasunerako Legea onartu ondoren sortu zela, eta adierazi zuen espero duela, orain, legearen aldaketa onartzea “pizgarri izatea aliantza hori are gehiago indartzeko eta berdintasunaren alde elkarlanean jarraitzeko.”
Emakundeko zuzendariak, halaber, Generation Equality ekimenean parte hartzeko deia egin zien udalei. Ekimen horren helburua da, hain zuzen, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko Herri Ituna lortzea.
2022rako ekintza plana

Elgoibarko alkate eta EUDELen Batzorde Eragileko berdintasuneko ordezkari Ane Beitiak hitza hartu zuen osoko bilkuraren hasieran. Berdinsarearen jardueraren balantzea aurkeztu zuen, eta baieztatu zuen Berdinsarea “osasun egoera onean” dagoela. Halaber, alkateak azaldu zuen beste udalerri batzuk sartzeak “gure sarea indartzen duela, eta biderkatu egiten duela udalok, berdintasun politiken alorrean, proposamenak eta jarrera kolektiboak abiarazteko daukagun gaitasuna”.
Bilkuraren puntu nagusi gisa, Osoko Bilkurak aurten hasi eta udal legealdi hau amaitu bitartean garatu beharreko ekintza plan berria aurkeztu zuen. Hauek dira ekimen nabarmenenetako batzuk:
- Indarkeria matxistaren kontrako Erakunde arteko III. Akordioaren lanketan udalek parte hartzea.
- Tokiko berdintasun politiketan kalitateari buruzko estandarrak
- Gida bat argitaratzea EAEko udalerri txikietan berdintasun politikak garatzeari buruz.
- Udalen artean esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzea (“Berdintrukeak”).
- Euskadiko 2030 Agendarako proiektuak diseinatzea eta abian jartzea:
– Zaintzen tokiko eredu bat sortzea, zaintzaren erantzunkidetasuna oinarri harturik eta ikuspegi feministatik. Eredu horrek barne hartuko luke udalerrietako “tokiko komunitateen” zaintza sareak artikulatzeko ibilbide bat.
– Indarkeria matxistaren biktimen arreta integralerako eta erreparaziorako tokiko koordinazio protokoloak eguneratzea.
– Emakumezko alkate eta zinegotziek Virginia Woolf Basqueskolan (udal politikaren esparruan emakumeak ahalduntzeko eta eragiteko gunea) egiten duten lana babestea.
– Berdintasunaren aldeko tokiko hautetsien sarea bultzatzea, beren udalerrietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrerantz jotzeko prozesuak eta proiektuak bultzatzen dituzten hautetsiak modu aktiboan inplika daitezen lortzeko.
Erreferentziazko udalerrien sarea
BERDINSAREA Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea 2006an sortu zen, EUDELen eta Emakunderen laguntzarekin, udal gobernuen maila goreneko konpromisoa bateratzeko xedeaz.
15 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, Berdinsarea erreferente gisa finkatu da Euskadin nahiz Europan, eta esperientzia eredugarritzat hartu du Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (EUEK) Berdintasun Batzordeak.
Berdinsareko kide izateko, baldintza jakin batzuk bete behar dituzte udalerriek, besteak beste, Berdintasunerako Tokiko Plan bat onartuta izatea eta plan hori gauzatzeko beharrezko langileak eta baliabideak edukitzea. Era berean, emakumeek eta erakunde feministek parte hartzeko egiturak eta bideak eduki behar dituzte.
Informazio gehiago: www.berdinsarea.eus/eu/
Bileraren ondoko adierazpenetan, EUDELeko elkarteburu Gorka Urtaranek esan du Udal Finantzaketarako Foru Funtsen datu zehatzak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluen hurrengo bileretan jakinaraziko direla.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eta EUDELeko elkarteburu eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur sinatu dute dokumentua Caritasko Berjantzi elkartean, Justizia programa honetan parte hartzen duen gizarte-erakundeetako batean.
EUDELeko elkarteburua eta Gasteizko alkatea, Gorka Urtaran, bat egin du sailburuarekin, udaletxeak “beharrezko aliatu” gisa balioestean, udal-zerbitzuen bidez plaza-kopurua handitzeko, baita hirugarren sektoreko erakundeekin lankidetzan ere.
Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek sinatutako esparru-akordioaren bidez, komunitatearen aldeko lanak egiteko eredua finkatu nahi da, justizia lehenatzailearen ikuspegitik. Euskal udalez gain, zigor horien kudeaketan ere garrantzi handia dute hirugarren sektoreko gizarte-entitateek, hala nola Caritas eta Berjantzi. Hori dela eta, agertoki hori aukeratu da Arabako hiriburuan akordioa sinatzeko; “gizarte-egoera zailean dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko diseinatutako enpresa”, azaldu du sailburuak.
Egoera soziosanitarioak ezarritako murrizketek nabarmen baldintzatu dute Komunitatearen aldeko lanak zigortzeko neurrien kudeaketa. Ildo horretatik, zenbait erakunderen itxierak eta mugikortasun edo edukiera mugek ezinezko bihurtu dute zenbait jarduera garatzea.








Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburu eta Gasteizko alkateak lehiaketa-oposaketa berriaren xehetasunak aurkeztu dituzte. Prozesua gaur jarri du abian
Interesa dutenak urtarrilaren 17tik, astelehenetik, aurrera hasi ahal izango dira izena ematen
Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak hitza hartu du ekitaldiaren hasieran,