Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

  • Gorka Urtaranek eta Marlène Siméon, EUDEL eta CEMR-en ordezkariek, tokiko ekintzatik Europaren batasuna aldarrikatu dute, Ukrainako inbasioaren aurrean
  • EUDELek Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) idazkarien lehen bilera egingo du Europa Jauregian, hilaren 5ean eta 6an. Berrogei herrialde eta 100.000 tokiko agintari ordezkatzen ditu CEMR-ek.
  • Europako bazkideak EUDELen 40. urteurrenera joango dira bihar, asteazkena, apirilak 6, 11:00etan. Lehendakaria izango du buru ekitaldiak. Euskadiko erakunde guztien ordezkariak izango dira bertan, euskal udaletako egungo hainbat alkaterekin batera.

2022ko apirilaren 5a. Gorka Urtaran EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkateak eta Marlène Simeón CEMR-en zuzendariak adierazpen batzuk egin dituzte gaur arratsaldean Europa Jauregian garatu eta bihar, apirilak 6, asteazkena, EUDELen 40. urteurreneko ekitaldi instituzionalarekin lotuko den Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren bileraren aurretik.

EUDELen elkarteburua CEMR-en Batzorde Politikoko kidea da. Euskal udalerriek Europako tokiko eta eskualdeetako gobernuen topaketa-organo gorenean “ahotsa” izateak duen balioa eta garrantzia azpimarratu du Gorka Urtaranek. Pandemiaren ondoren Gasteizen aurrez aurreko formatuan egindako lehen bilera horretara hogei ordezkari inguru bertaratu dira, eta gainerako elkarteek telematikoki parte hartu dute.

EUDELeko eta CEMR-eko bi ordezkariek tokiko eta maila anitzeko ekintzen batasuna aldarrikatu dute, nazioarteko testuinguru konplexuaren aurrean.

EUDELen elkarteburuak, Gorka Urtaranek azaldu duenez, “Europako tokiko gobernuok gogor gaitzesten ditugu Errusiak Ukrainako herriaren eta haren ordezkari demokratikoen aurka egindako gerra krimenak, hala nola herri bateko alkatearen eta haren familiaren hilketa. Biztanleria zibila eta haren ordezkari demokratikoak sarraskitzea Europaren funtsezko balioak ere sarraskitzea da. Europar Batasunak defendatzen duen gizarte-ereduaren aurkako erasoa. Europako udalerriok gure batasuna erakusten dugu Ukrainari eta bere errefuxiatuei laguntzarik onena eskaintzeko, eta beto handiagoa eskatzeko Europak Errusiarekin mantentzen dituen merkataritza harremaneetan”.

Marlène Siméon CEMR-en zuzendariak, berriz, honako hau adierazi du: 1951n sortu zenetik, EUEK eta haren kideak lanean aritu dira Europa batu, baketsu eta demokratikoa eraikitzeko. Tokiko autonomian, subsidiariotasun-printzipioan eta herritarren parte-hartzean oinarritutako Europa, baita udalerrien arteko adiskidetzean eta elkartasunean ere, kontinentearen barruan eta bertatik kanpo”. Horregatik, Ukrainako gerrak berehala eragin zuen CEMR-en erreakzioa.

Erakundeak dei bat zabaldu zuen, Europa osoko 750 alkate eta tokiko eta eskualdeetako agintarik baino gehiagok sinatua, Errusiak egindako inbasioa gaitzetsiz, eta Ukrainako udalerriei eta hiriei laguntzeko konpromisoa hartuz. “Gure kideen artean, Ukrainar Hirien Elkartea eta Barrutien eta Eskualdeetako Kontseiluen Ukrainako Elkartea daude. Oinaze eta sufrimenduko une hauetan, tokiko eta eskualdeetako gobernuen europar familia baturik dago. Ukraina Europa barruan dago, eta hari laguntzen jarraituko dugu”, nabarmendu du Simeónek.

Ukraina eta klimaren erronka, bilerako gaiak

Gasteizkoa bilera exekutiboa izango da, tokiko eta nazioarteko agendako lehentasunezko gaietan jarrera bateratua lantzen hasteko. Eguneko gaien zerrendan, Ukrainako Gerrari buruzko truke bat ageri da, elkartasunaren eta desplazatuen harreraren arloko ekintzak partekatzeko, bai eta klima-neutraltasunari eta herrien eta hirien deskarbonizazioari buruzko neurri bateratuak proposatzeko oinarrizko dokumentu bat ere.

Ukrainari dagokionez, Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak errefuxiatuak hartzeko ekimenak koordinatzeko eskatu du, “arretarik onena emateko”. Urtaranen ustez, “oso garrantzitsua” da Ukrainako errefuxiatuak hartzeko “garatuko diren ekimen guztiak” “modu koordinatuan” egitea, “ahalik eta arretarik onena” emateko gerran dagoen herrialdetik datozen pertsonei, eta Europaren jarrera “irmoa” nabarmendu du.

Euskadiko Kontingentzia Planaren esparruan, orain arte, euskal udalek 800 harrera-plaza baino gehiago jarri dituzte eskura hiru lurralde historikoetan: 154 plaza Araban, 361 Bizkaian eta 328 Gipuzkoan.

EUDELen 40.urteurrena

Bihar, apirilak 6, asteazkena, EUEK-ko kideek bat egingo dute EUDELen 40. urteurreneko ekitaldiarekin. Iñigo Urkullu lehendakaria izango da ekitaldiaren buru, eta euskal udaletako alkateek eta Euskadiko erakunde guztietako ordezkariek hartuko dute parte. Euskadiko eta Europako udalerrien arteko topaketa handi honetan, Euskadiko udalak indartzeko eta udalerriak eraldatzeko mugarri garrantzitsuenak errepasatuko dira. Elkarteak EUDEL sortu zenetik, 1982ko maiatzaren 8an, buru izan dituen pertsonak omenduko ditu. Jose María Gorordo, Jose María González, Karmelo Sáinz de la Maza, Jokin Bildarratz, Ibone Bengoetxea eta Imanol Landa izango dira Gasteizko Urteurreneko protagonistak, eta oroitzapen berezia izango dute Elkarteak izandako lehendabiziko elkarteburuarentzat, Iñaki Oregi Goenaga Zuiako alkate eta EUDELen fundatzaile zenduarentzat.

Ukrainaren inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonak hartzeko Euskadiko bigarren Kontingentzia Plana, pasa den martxoaren 31ko Kontingentzia Planaren jarraipen mahaian onartutakoa.

Bigarren Kontingentzia Plana jaitsi

Plan honetan jasotako neurriei dagokienez, harreraren esparruan lan egiten duten euskal erakundeek eta gizarte-erakundeek berretsi dute, elkartasun-modu oro eskertzeko modukoa bada ere, elkartasunak koordinatua eta antolatua izan behar duela, harreran hartutako eta hartzen duten familiei zailtasun gehigarririk eta segurtasunik eza ez eragiteko.

Era berean, gogorarazi nahi dizuegu Ukrainatik datozen errefuxiatuentzako harrera egiteko moduko bizitegi-baliabideak izanez gero, guri jakinaren gainean jar diezaguzuela harrera@eudel.eus bidez.

  • Efemeridea gogoratzeko, ekitaldi munizipalista eta instituzionala egingo da, Lehendakaria buru izanda, apirilaren 6an (asteazkena), 11:00etan, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian.
  • EUDELek Europako tokiko gobernuen arteko lankidetza proiektatuko du erronka sozialen, ekonomikoen eta klimatikoen aurrean.
  • Apirilaren 5ean, arratsaldean, Gorka Urtaran Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) idazkari nagusien bileraren buru izango da; erakunde horrek 40 herrialde baino gehiagotako elkarteak ordezkatzen ditu.

2022ko martxoaren 24an. Lau hamarkada dira EUDEL jaio zenetik; 1982ko maiatzaren 8an jaio zen, Gernikako Batzar Etxean. Euskadiko Udalen Elkartea demokraziako lehen udalei (1979-1983) laguntzeko sortu zen. Gaur inoiz baino gehiago, munizipalismoaren “ahotsa” euskal gizartearen zerbitzura ari da lanean, erakundeen arteko lankidetzatik eta maila anitzeko gobernantzatik.

PRENTSA TXOSTENA JAITSI

Efemeridea ospatzeko, Elkarteak euskal udalgintzaren topaketa handi bat egingo du, apirilaren 6an (asteazkena), 11:00etatik aurrera, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Ekitaldi instituzionala izango da; Iñigo Urkullu lehendakaria izango du buru, eta gaur egungo udaletako alkate guztiak daude gonbidatuta, bai eta euskal agintari nagusiak ere.

Berrogeigarren urteurrena dela-eta, EUDELek udalen eraldaketaren alde egin duen lanaren mugarri garrantzitsuenak azalduko ditu: tokiko gobernantza ona; berrikuntza eta kudeaketa publiko aurreratua; euskara eta euskal kultura; eraginkortasun energetikoa eta ingurumen-kudeaketa, eta, funtsean, ongizatearen politiketan, giza eskubideetan, elkarbizitzan eta gizarte-kohesioan egin diren lorpenak.

Gure Elkartea pisua eta eragina irabazten joan da, tokiko demokrazian egon diren 28.000 hautetsi baino gehiagoren kate-lanari, eskuz esku aritzeari esker”. Gorka Urtaran elkarteburuak EUDELen barruko talde-lana nabarmendu du: “Hori da gure izendatzaile komuna; askotariko tokiko identitate eta sentsibilitateek elkarrekin kooperatzen dute, helburu berberak lortzeko. EUDEL gure udalerri guztien batura da, eta herrialde gisa gehitzeko aukera ematen digu, bizi-kalitatean eta lehiakortasunean, herri eta hiri guztietan”.

Ekitaldi honetan, Elkartearekin batera egongo dira Europan eta nazioartean garrantzitsuenak diren toki-gobernuen bi erakundeak. Fabrizio Rossi, CEMR-eko idazkari nagusia (Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua), eta Emilia Sainz, UCGLko idazkari nagusia (Hiri eta Tokiko Gobernu Bateratuak); biek ere esku-hartze garrantzitsuak izango dituzte tokiko gobernuek erronka hauen aurrean duten zereginari buruz: giza garapen iraunkorra, pandemia osteko leheneratze sozial eta ekonomikoa, edo Ukrainako inbasioko errefuxiatuen harrera.

CEMR-en lehen goi-bilera Vitoria-Gasteizen

Urteurrenarekin bat eginez eta ekitaldiaren bezperan (apirilak 5, asteartea), EUDELek hartuko du Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) idazkari nagusien urteroko bilera. Saioa 14:00etan hasiko da, eta Gorka Urtaranek emango du ongietorria; batetik, Euskadiko Udalerrien Elkartearen elkarteburu gisa, eta, bestetik, hiri anfitrioiko alkate gisa. Bilera horretan aurkeztuko da ofizialki idazkari nagusi berria, Fabrizio Rossi, zeina urtarrilean izendatu zuten.

Nazioarteko egoera latzaren ondorioz, CEMR-ko tokiko delegatuen ordezkaritza handi bat etorriko da Vitoria-Gasteizera. Kontseilu horrek berrogei herrialdetako elkarte hartzen ditu bere gain. Hurrengo egunean, apirilak 6, Vitoria-Gasteizen dauden Europako ordezkariek bat egingo dute EUDELen urteurreneko ekitaldiarekin, euskal alkateekin batera.

Udalerrien goi-bilera horrek Europako toki-gobernuen aliantza erakutsiko du; guztiek Errusiaren kontrako bloke komun bat osatu dute, Ukrainan egin duen inbasio bortitz eta bidegabea dela-eta, eta laguntza eta babesa ari dira ematen Errusiaren inbasioaren ondorioz ihesi doazen ukrainarrei. Jarrera bateratu hori biltzen du CEMR-en Adierazpen Instituzionalak; EUDELen Batzorde Eragileak sinatu du, 23 herrialdetako beste 700 toki-agintarirekin batera, Europako hiriburu nagusietako alkateak barne.

Euskadiren kontingentzia-planaren testuinguruan, euskal udalek eskuragarri jarri dituzte haiek dituzten baliabideak eta bitartekoak, kasuan kasu, gainerako erakunde eta elkarte sozialekin batera, laguntza duina eta ordenatua emateko ukrainar komunitateari. Egun, udalerriek 800 harrera-plaza eskaini dituzte, hiru lurraldeetan banatuta: 154, Araban; 361, Bizkaian, eta 328, Gipuzkoan.

Gaur egungo EUDELera gidatu gaituzten pertsonak

Iragana, oraina eta etorkizuna batuko dira 1982az geroztik Elkartearen buru izan diren pertsonei eskainitako omenaldian, eta bereziki ekarriko da gogora Iñaki Oregi Goenaga, Zuiako alkatea, EUDELen sortzailea eta lehen elkarteburua (1982-1987). Euskal udalen aliantzak eta lankidetza bultzatu zituen Oregik, Victor Mentxakatorre Garai Elkartearen lehen zuzendari nagusiarekin batera (1985-1993).

Euskal udalgintzak jarraitu egin zuen Oregiren legatuarekin, eta hauek dira gerora karguan izan direnak: (1987-1989) Jose María Gorordo Bilbao, Bilboko alkatea; (1989-1999) Jose María González Zorrilla, Muskizko alkatea; (1999-2007) Karmelo Sáinz de la Maza Arrola, Leioako alkatea; (2007-2011) Jokin Bildarratz Sorron, Tolosako alkatea; (2011-2015) Ibone Bengoetxea Otaolea, Bilboko alkateordea, eta (2015-2019) Imanol Landa Jauregi, Getxoko alkatea. EUDELen historiaren protagonistak beren bizipen pertsonalak kontatuko dituzte, eta gaur egungo alkateen omenaldi beroa jasoko dute.

 

Gaur martxoaren 28an ‘GIHen Aurrerapena Euskadiko Udalerrietan’ jardunaldia egin da Gasteizeko Goiuri jauregian. -Garapen Iraunkorrerako Espainiako Sareak (REDS) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) elkarlanean antolatutako jardunaldi honetan -Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiarekin, Gasteizko Udalarekin eta Ecoembesekin lankidetzan.

Legazpiko alkate Koldobike Olabidek ekitaldiaren itxieran parte hartu du, Euskadiko Udalen Elkartearen izenean. EUDELen Batzorde Eragileko eta 2030 Agendarako Lidergo Batzordeko kide denez, alkateak euskal udalen ekarpena aurkeztuko du, tokiko mailan Garapen Iraunkorreko Helburuak ezartzeari dagokionez.

Bere hitzaldian, Koldobike Olabidek azpimarratu du udalen funtsezko parte-hartzea: “Helburu globalak ekintza gisa eta lankidetza gisa planteatu behar ditugu. GJHak ezin dira izan bakarrik intsignia bat hegalean; inpaktuetan islatu behar dira; aurrerapenetan eta gizartearentzako onuretan”.

EUDELeko ordezkariak azpimarratu duenez, “2030 Agendaren erdigunean gaude tokiko komunitateak eta bertako pertsonak. Hortaz, udalerriok funtsezko zeregina dugu, behetik gora, jasangarritasun soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa eraikitzeko”.

Gainera, 2030 Agendaren ikuskera hori osatzen da ekintzaren ikuspegitik, herrietako eta hirietako agendak “lokalizatzeko” erronkarekin. Udal bakoitzeko Tokiko Agendak Agenda globalaren printzipioekin eta helburuekin bat etortzea lortu nahi da, soluzioetan sendoagoak eta eraginkorragoak izateko”, azaldu du alkateak.

EUDEL ari da zuzentzen berdintasunean, ingurumen-iraunkortasunean, enplegu eta tokiko garapenean, garapenerako kooperazioan, jarduera fisikoan edota gobernantza onean erreferente diren Euskadiko udalerrien sareen lan koordinatua. Udalerrien arteko lankidetza horren emaitza izan da tokiko bultzadako 15 proiektu hautatzea Euskadiko 2030 agendan sartzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien proiektu enblematikoekin batera.

Jardunaldiaren BIDEOA:

https://www.youtube.com/watch?v=BjZ9Kjv4vgg

 

Ukrainaren egungo egoera ikusita, eta bertako errefuxiatuak animaliekin batera iritsiko direla aurreikusita, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako forualdundiekin lankidetzan, informazio-ohar hau egin du, errefuxiatu horiek Euskadira iritsitakoan segi beharreko jarraibideekin.

Ukraina da oraindik ere amorrua oso zabalduta dagoen Europako herrialde bakarra animalien eta pertsonen artean. Horregatik, prebentzio- eta kontrol-neurriak hartu behar dira etxeko animalien (txakurrak, katuak eta hudoak), jabeen eta, oro har, herritarren osasuna bermatzeko.

Ildo horretan, Nekazaritza Ministerioko Nekazaritza Ekoizpenaren Osasun Zuzendaritza Nagusiak egindako Protokoloan jasotako neurri hauek hartu dira:

  • SARRERARAKO INFORMAZIOA: Ukrainako edozein jabe, pertsona, kolektibo, elkarte edo erakunde, administrazio publiko eta, bereziki, osasun publikoarekin edo animalien osasunarekin lotutako edozein profesionalek, Ukrainatik datorren edozein animalia iritsi dela jakiten badu, berehala jakinaraziko die forualdundietako abeltzaintza-zerbitzuei.
  • IDENTIFIKAZIOA ETA ERREGISTROA: animalia behar bezala identifikatuta eta erregistratuta ez badago, identifikazioa eta erregistro ofiziala egingo zaizkio.
  • AMORRUAREN AURKAKO TXERTAKETA: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ezarritako protokoloari jarraituko zaio. Protokolo horrek txertaketa-jarraibideak, proba serologikoak eta berrogeialdiak jasotzen ditu.
  • DESPARASITAZIOA: Ukraina Hidatidosia eragiten duen parasitoaren herrialde endemikoa denez, animalia hori praziquantel bidez desparasitatu beharko da.
  • KOSTUAK: Ukrainatik datozen pertsonen egoera berezia ikusita, animaliekin bidaiatzen duten pertsonentzako adierazitako neurriek ez dute inolako gastu ekonomikorik eragingo.

JAKINARAZPEN-, HARREMAN- ETA INFORMAZIO-PUNTUAK:

  • ARABA: servicioganaderia@araba.eus, 945 181818
  • BIZKAIA: servicio.ganaderia@bizkaia.eus, 94 4066887
  • GIPUZKOA: abeltzaintza@gipuzkoa.eus, 943 112987

EUDEL, CEMR-Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluko kide den aldetik, bat egiten du CEMRek egindako Adierazpenari atxikimenduak biltzeko kanpainarekin. Bere titulua honakoa da: “Europako toki- eta eskualde-erakundeok erabat babesten ditugu Ukrainako toki- eta eskualde-erakundeak!”

 ADIERAZPENA

Europa osoko tokiko 600 agintarik baino gehiagok sinatu dute adierazpen hori, eta CMERen helburua da toki-hautetsien sinadura-kopururik gehiena biltzen jarraitzea.

Atxikipena formalizatzeko, CMREk formulario labur bat (eng/fr) eskaintzen du esteka honetan:

ADIERAZPENAREN SINADURA

2022ko martxoaren 9an. Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak eta Mª del Mar Zabala zuzendari nagusiak bilera bana egin dute gaur goizean BBVAren ordezkariekin eta, haren ondoren, CaixaBankenekin. Bi bilerak aurrez aurrekoak izan dira bi erakundeek Bilbon dituzten egoitza nagusietan.

Bi hitzordu hauekin, EUDELek gaur amaitu du hilaren hasieran erabakitako bilerak. Horien xedea Euskadiko adinekoek udalei helarazitako kezkak Bankuekin partekatzea izan da.

Elkarteburua pozik agertu da banketxeekin izandako elkarrizketen emaitzarekin, izan ere, guztiek baieztatu diote EUDELi EAEko udalerrietan finantza-inklusiorako neurri zehatzak aplikatzeko asmoa. Martxoaren 1ean Kutxabankekin eta atzo, martxoaren 8an, Laboral Kutxarekin egindako bileretan jasotako informazioari gaur BBVAk eta CaixaBankek partekatutako konpromisoak gehitu behar dizkiogu.

BBVAren Ekintza plana

Álvaro Crespok, Komunikazio eta Negozio Arduradunak, eta Saioa Urizarrek, Herri Erakundeen Bankarako Gunearen zuzendariak, dagoeneko aplikatzen ari diren neurrien berri eman diote EUDELi, bereziki adinekoen kolektiboari zuzenduta:

1.- BBVAk 08:30etik 14:00etara arteko bulegoetako arreta-ordutegia berreskuratu du, bulegoan lehentasunezko arreta duten 65 urtetik gorakoentzako ordutegi malgua. Horrela, ez dute ilararik egin behar eta, gainera, aurretiko hitzordua kudeatzeko erraztasunak ematen dituzte. Aurrez aurreko arreta 65 urtetik gorakoentzako telefono bidezko berariazko arretarekin uztartzen da.

2.- Bankuak adineko bezeroen beharrizanei beren beregi egokitutako zerbitzu-sorta ere eskaintzen du. Berritasunen artean, kutxazainen egokitzapena dago, adinekoentzako eragiketak errazago egiteko asmoz, bezero-talde horrentzako app pertsonalizatuarekin batera.

3.- BBVAk aspalditik du adineko bezeroen arretarako prestakuntza-plana abian eta bere agenteek nahitaez bete behar dute. Aldi berean, gaitasun digitalei eta finantza-segurtasunari buruzko prestakuntza-ikastaroak eskaintzen dizkie adinekoei.

4.- Banku-azpiegiturak murrizteari dagokionez, finantza-erakundeak jakinarazi duenez, agente-sarea zabaldu du zerbitzu hori zuten herrietan oinarrizko eragiketak (eskudirua lortzea) errazteko.

CaixaBanken Ekintza Plana

CaixaBanken aldetik, honako hauek hartu dute parte bileran: Kepa Badiola, Espainiako Iparraldeko Lurralde Zuzendaria; Rubén Riaño, Espainiako Iparraldeko Lurralde Zuzendaritzako Herri Erakundeetako Zuzendaria; eta Estibaliz Olabarri, Negozio Idazkaritza Teknikoaren Zuzendaria.

Finantza-erakundea bereziki adinekoei zuzendutako zerbitzu-eskaintza zabalagatik nabarmentzen da. Neurri guztiak aspalditik dituzte indarrean eta finantza-erakundeak EUDELi adierazi dionaren arabera, adineko bezeroen arreta etengabe hobetzeko asmoa dute:

1.- Aholkulari espezializatuak: adinekoen arretan prestakuntza espezializatua duten profesionalei dagokionez, finantza-erakunde honek dedikazio esklusiboko EAEko sarerik zabalena dauka. Horrez gain, bulegoen azpiegitura berrindartu egin dute. Horrela, adineko bezeroei eta Bankiatik datozenei Caixabanken zerbitzu eta tresnekin laguntzen diete bi finantza-erakundeen eragiketak egiteko moduak bateratzeko prozesua burutu bitartean.

2.- CaixaBankek kutxa-zerbitzuaren ordutegi-murrizketak ezabatzen ditu.

Lehentasunezko arreta: kutxazainaren erabileran laguntza-zerbitzua sartzen da eta lehentasunezko arreta-protokoloak ezarri dituzte behar duten kolektiboentzat.

3.- Pentsioa kobratzeko itxaronaldiak saihestea: pentsioen ordainketa hilaren 24ra aurreratzen dute oraindik. Horrela, ez dago kobratzeko itxaronaldirik eta hilaren amaieran bezero gutxiago abiatzen dira bulegoetara.

4.- Telefono bidezko arreta pertsonala eta WhatsApp-a, 65 urtetik gorako bezeroentzako kudeatzaileekin. Horrela, 65 urtetik gorakoen eta haien kudeatzaileen arteko zuzeneko komunikazioa eta pertsonala bermatzen da, kanal guztien bidez, esate baterako, aurrez aurrekoa, telefono bidezko kontsulta pertsonalaren bidez, edo WhatsApp bidezko elkarrizketaren bidez.

5.-Libretak eta eragiketa pertsonalizatuak kutxazain-sare osoan: erakundeak erabat berritu du kutxazain-sarea; izan ere, libreta fisikoa erabiltzeko aukera ematen dute eta adineko bezeroentzat egokituta daude, eragiketak errazago eta erosoago egiteko.

6.- Bankuak eragiketei eta finantza-alderdiei buruzko aurrez aurreko prestakuntza-saioak eskaintzen ditu adinekoentzat.

7.-CaixaBankek finantza arloko bazterketa gainditzearen aldeko jarrerari eutsi dio. Ez da joango orain bulegoak dituen udalerrietatik eta zerbitzua zabalduko du. CaixaBank 7.000 biztanletik gorako Euskadiko udalerri guztietan dago.