Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Urriaren 3an, EUDELek Egonaldi Turistikoen gaineko Tokiko Zergaren aldeko iritzia helarazi zien Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei. Horrela, erantzuna eman zion Ogasuneko hiru foru diputatuek batera egindako idazkiari, horren bidez, iritzia eskatu baitzioten Elkarteari, Tokiko Zerga horren Foru Arauaren aurreproiektuari lotutako zenbait alderdiri buruz. Zerga hori Foru Arau gisa izapidetuko da hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusietan; ondoren, tokiko eremuan aplikatuko da, eta udal bakoitzak modulatu ahal izango du, udalerri bakoitzaren errealitatera egokitzeko.

Esther Apraizen adierazpenak

EUDELen ustez, neurri positiboa da, tokiko autonomia errespetatzen baitu eta aukera ematen baitie udalerriei zuzeneko itzulera ekonomikoa izateko, zerbitzu publikoak eta turismo-jardueraren kalitatea hobetzen jarraitzeko, bizilagunen eta bisitarien mesedetan. Esther Apraiz elkarteburuaren arabera, “EAEko udalentzat funtsezkoa zen zerga horrek tokiko izaera izatea. Jarduera turistikotik eratorritako diru-sarrerak gure herri eta hirietako zerbitzu eta azpiegituretara bideratuko dira, bizilagunen bizi-kalitatea eta gure herriak bisitatzen dituztenen esperientzia hobetzen jarraitzeko”.

Zehazki, EUDELen iritzia zergaren funtsezko hiru alderdiri buruzkoa da:

1.- Toki-izaera: EUDELek modu positiboan baloratzen du udalek biltzea zerga, modua ematen baitu jarduera ekonomiko baten diru-sarrerak udal-kutxetara itzul daitezen; izan ere, horrek gastuak ere sortzen dizkie, besteak beste, garbiketa, segurtasuna eta hiriko mantentze-lanengatik.

2.- Aplikazio homogeneoa: hiru lurralde historikoetan modu koordinatuan ezarriz gero, desberdintasunak saihestuko dira eta udalerrien arteko tratamendu ekitatiboa bermatuko da. EUDELen ustez, hobe da zerga arautzen duten hiru foru arauetako elementu nagusiak desberdinak ez izatea, toki-mailan aplikatzeak ez dezan sortu tratu desberdineko egoerarik antzeko zergapeko egoeren eta egitateen aurrean.

3.- Aplikazio orokorra eta progresiboa: oro har, udalerri guztietan aplikatu behar bada ere, EUDELek uste du zergak progresiboa izan beharko lukeela, establezimenduen tipologia desberdinak eta egonaldiak/gaualdiak kontuan hartuta. Horrela, turismo-ostatuen erabiltzaileen ahalmen ekonomikoa ere kontuan hartuko litzateke.

Elkartearen oinarrizko printzipio gisa, EUDELek tokiko autonomia zaintzea defendatzen du etorkizuneko zergan, udal bakoitzak modua izan dezan zerga-tasa bere errealitate sozioekonomikoaren arabera modulatzeko.

  • Administrazio publikoetan, politikagintzan eta gizarte zibilean emakumeek duten lidergoa aztertu da

Natividad López de Munain Burgeluko alkate eta EUDELeko ordezkariak Basqueskola-Euskadiko emakumeen hautetsien sarearen esperientzia partekatu du Gobernu Irekirako Aliantzaren Goi Bilera Globalean, aste honetan Gasteizko Europa Jauregian. Hain zuzen ere, urriaren 8an, goi-bileraren anfitrioi Gasteizko Udalak antolatutako “Emakumeak eta lidergoa” gaiari buruz aritu zen López de Munain, panel zentraletako batean.

Panel horren barruan, Natividad López de Munainek, Basqueskolaren ordezkari gisa, paper aktiboa izan zuen esperientziak eta proposamenak azaltzerakoan, beste hizlari garrantzitsu batzuekin batera, hala nola Pilar Moreno, Sektore Publikoko Emakumeak elkarteko kidea, eta Ana López de Uralde, Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotzia.

Euskadiko emakumezko alkateen eta zinegotzien sare gisa, Basqueskolaren parte-hartzea funtsezkoa izan zen emakumeen lidergorako ekintza-ildoak ikusaraztean: informazioa, prestakuntza (birtuala eta presentziala), ezagutza sortzea, tokiko hautetsien arteko itunak, sareak eta aliantzak sustatzea, eta intzidentzia.

Hitzaldien ondoren, Miren Fernández de Landak, Gobernu Irekien eta Gizarte Etxeen zinegotzi arduradunak, eztabaidaren ondorioak jaso zituen, lau ekintza-ildo komunetan egituratuta: kontzientziazioa, sentsibilizazioa, prestakuntza eta ahalduntzea. Honako hau nabarmendu zen:

  • Tratatutako hiru eremuetan (instituzionala, politikoa eta gizarte zibila) funtsezkoa da emakumeen rola ikusaraztea eta emakumeen parte-hartzearen garrantziari buruzko kontzientzia kritikoa garatzea.
  • Sentsibilizazioak benetako berdintasuna eragozten duten oztopoei aurre egin behar dio, eta gogorarazi behar du gaur egun erantzukizun publikoko lanpostuen % 30a soilik betetzen dituztela emakumeek.
  • Ikerketak, berdintasun-politikak aztertzen dituzten proiektuak eta erakundeen arteko laguntza-sareak sortuz bultza daiteke prestakuntza.
  • Ahalduntzea sustatu behar da, sektore publikoaren barruan lidergo-eredu desberdinak ahalbidetuko dituzten espazioak sortuz.

 

Urriaren 3an antolatutako webinarraren helburua, EAEko udaletako arduradun politikoentzat espezifikoa, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunaren ekimena ezagutaraztea eta Euskadiko errealitatera eta trantsizio energetikoarekin eta toki-mailako klima-aldaketarekin lotutako erronketara egokitzea izan da.

Ekimen hau 2008an sortu zen, Europako Batzordeak sustatutako deialdi gisa, 2020rako emisioak murrizteko bidean tokiko gobernuak zuzenean inplikatzeko.

EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josu Bilbaok gonbita egin diete alkate eta arduradun politikoei Itunarekin bat egin dezaten, Euskadik jasangarritasun energetikoarekin eta neutraltasun klimatikoarekin duen konpromiso bateratua artikulatzeko tresna gisa. Biek iragarri dutenez, urte honen amaieran ekitaldi bat egingo dute Itunari atxikimendua eman dioten udalerriei aitortza eginez haien lana eta konpromisoa ikusarazteko.

Ihoberen aurkezpena (PDF)

EEE-Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobek, energiaren eta klimaren alorrean udalentzako euskarri-egitura gisa, Itunari atxikitzeko edo haren konpromisoa berritzeko jarraitu beharreko urratsei buruzko informazioa eman dute, bai eta Udalsarea 2030 Sarearen bidez udalerriek eskura dituzten tresnei buruzkoa ere. Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiak eta Natalia Díaz de Arcaya EEEko laguntzen eta balio-zerbitzuen arduradunak egin diete aurkezpena udalei.

Zein da Euskadiko testuingurua gai honetan?

Euskadik 2050a baino lehen klima-neutraltasunarekin, erresilientziarekin eta trantsizio bidezkoarekin duen konpromisoak —2045ean jarri du epemuga— eragile publiko eta pribatu guztien bultzada irmoa eskatzen du, eta, zehazki, udalerriena. Bide horretan, Eusko Jaurlaritza, Udalsarea 2030, udalerri jasangarrien euskal sarearen bidez, eta EUDELen laguntzarekin, tokiko erakundeei ematen dien laguntza indartzen ari da, ekintza klimatikoan eta energetikoan aurrera egiteko.

Itunak zuzeneko lotura du tokiko plangintzarekin eta monitorizazioarekin, eta, Euskadiren testuinguruan, zuzeneko eraldaketa du Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Euskal Legean jasotako Tokiko Klima eta Energia Planekin. Plan horiek, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoaren 4/2019 Legean xedatutakoa jaso behar dute, indarrean jarraitzen baitu eta osagarria baita.

Beraz, Alkateen Itunaren bilakaeraren ildotik, Euskadiko Klima eta Energia Planek beren irismena zabaldu nahi dute, lehendik dauden eskakizunak integratuz eta Europa mailan ezarritako mugarri eta helburu berrietara egokituz.

Funtsezko datuak:

-Atxikimendua. Alkateen Itunera atxikitzeko, ezinbesteko baldintza da onartutako Tokiko Klima eta Energia Plana izatea, edo Ituna sinatzen denetik 2 urteko epean egiteko konpromisoa hartzea.

-5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak. EAEko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Legearen arabera, 5.000 biztanletik gorako udalerriek 2026ko otsailerako egin behar dute tokiko Klima eta Energia Plana.

-5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak. EEEk eta Ihobek, Udalsarea 2030en esparruan, laguntza eta zerbitzu espezifikoak eskaintzen dituzte biztanle gutxiagoko udalentzat, eta horiek eskualdeko erakundeekin batera lan egitea azter dezakete.

-Berritzea. 2020a baino lehen Ituna sinatu zuten udalek berritu egin beharko dute, Europa mailako konpromisoak aldatu dituztelako. (Ikus zerrenda PDF-dokumentuaren 16. orrialdean)

Udalsarea 2030eko idazkaritzaren bidez, babesa eta lankidetza eskaintzen dira Itunari atxikitzeko/berritzeko prozesua osatzeko.

Informazio gehiago: https://www.udalsarea2030.eus/alkatetzen-ituna

Kontakturako posta elektronikoa: udalsarea2030@ihobe.eus

EUDELek, irailaren 30ean, udal-teknikarientzako prestakuntza-jardunaldi bat antolatu zuen Deustuko IBLZn, langile finkoen plantillak toki-erakundeen benetako beharretara nola egokitu aztertzeko.

Miguel García Rescalvo abokatu eta aholkularia izan zen hizlari, Funtzio Publikoan, Administrazio Kontratazioan eta Giza Baliabideetan aditua. Rescalvorekin batera bere bazkide eta aholkularia izan zen, Rosa Mª Pérez abokatua.

Prestakuntza-jardunaldi honek oso modu praktikoan berritasun garrantzitsua landu zuen, hau da, Enplegu Publikoaren Eskaintza bat onartu ahal izatea eta, bertan, ohiko Langileen Birjarpen Tasari beste espezifiko bat gehitzea. Tasa berri horri esker, plantillak langile ez-finkoei dagozkien egiturazko plazekin eguneratu ahal izango dira, egiturazko lana egiten baitute. Horrela, 20/2021 Legean aurreikusitako helburu hau beteko litzateke: enplegu publikoko behin-behinekotasun tasak ez du gaindituko egiturazko plazen % 8, 2024ko abenduaren 31rako.

Era berean, Jardunaldiak jorratu zituen plantilletan eta, ondorioz, Enplegu Publikoaren Eskaintzetan, Erakundearen egiturazko lanari erantzuteko behar diren plaza guztiak sartzeko dauden legezko bide guztiak.

Jarraian, hizlariaren aurkezpen-dokumenturako eta saioaren bideorako estekak ematen dira.

Rescalvoren aurkezpena (pdf)

GAI-ZERRENDA

  1. Toki-erakundeetako langile finkoei buruzko egungo egoera.
  2. Plantilletan langile finkoen behar guztiak txertatzeko legezko bideak.
  3. Langileen Birjartze Tasa espezifikoaren indarraldia, 2023ko Estatutako Aurrekontuen Legearen 20. artikuluko-Bi-4 atalean aurreikusitakoaren arabera.
  4. 2023ko Estatutako Aurrekontuen Legearen Langileen Birjartze Tasari lotutako lanpostuak nola identifikatu, konfiguratu eta barneratu Plantilletan eta LPZn duen eragina.
  5. Plantillak handitzeko aukera, zerbitzu berriak ezartzeagatik edo daudenak handitzeagatik.
  6. Plantilla handitzea aurrekontuaren I. kapituluan sartzea, dauden legezko mugak kontuan hartuta.

 

  • Donostiako Lauaizeta ikastetxeko ikasleekin egindako hausnarketa eta POV formatuko bideoak sortzeko lanketa tailer batekin abiatu da
  • Aurtengo edizioaren berrikuntza da gazteek sare sozialetan hain zabalduta dauden POV formatuan ere aurkeztu ahal izango dituztela bideoak

Gaur, Donostiako Lauaizeta ikastetxean egindako ekimenarekin eman zaio hasiera Beldur Barik 2025 ikus-entzunezko lehiaketari. Emakundek sustatzen du lehiaketa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin batera. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek sustatutako ekimen zabala da Beldur Barik programa eta, gazteen artean indarkeria matxista saihesteko eta haiekin batera hausnarketa eta eztabaidak sustatzeko helburua du, Beldur Barik Jarrera bultzatuz.

Lauaizeta Ikastetxeko hainbat gazteri zuzendutako tailerraren baitan aurkeztu dituzte aurtengo edizioaren berrikuntzak. Lehendabizi Parean Elkarteko Miren Lanzek eta Oihana Llorentek indarkeria matxistaren adierazle diren egoerei eta horiei aurre egiteko moduei buruzko  hitzaldia eman diete eta Beldur Barik egitasmoko xehetasunak partekatzeko tartea ere hartu dute.

Ondoren, Anepe Acedo eduki sortzaileak sare sozialetan argitaratzeko POV (Point Of View) formatuko bideo laburrak sortzeko ikastaro praktikoa eman die. Modu honetan, gazteek hainbeste erabiltzen dituzten sare sozialak modu kontziente eta feminista batean baliatzeko hausnarketa eta formakuntza jaso dute. Izan ere, horixe da 2025eko Beldur Barik lehiaketaren berrikuntzetako bat, sare sozialetan hain zabaldua dagoen POV erako bideo laburrak ere aurkeztu ditzaketela gazteek, hain zuzen ere. Helburua da lehiaketa egokitzea, gazteek sareetara igo ohi dituzten bideo formatuak ere kontuan hartuz. Formatu horren bidez, indarkeria matxistaren inguruko egoera baten aurrean gazteek euren ikuspuntua edo erantzuna adieraz dezaten bilatzen da.

Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendariaren esanez, programaren helburua indarkeria matxista prebenitzea da gazteen artean, “nesken ahalduntzea lagunduz eta mutilei berdintasunaren beharraren inguruan hausnartzen lagunduz, denen parte hartzearekin gizarte berdinzaleago baten alde eginez”.

Horretarako, gazteen parte-hartzea eta sormena sustatzen dituen proiektu honek hausnarketarako espazioa eskaintzen die. Izan ere, Elgarrestak adierazi duenez, “sorkuntza-prozesua bera gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera bihurtzen da. Eta hori da helburua: gazteek estereotipoen, edertasun kanonen, bikotearen kontrolaren, indarkeria matxistaren eta antzeko gai askoren inguruan eztabaidatzea.”

Lehiaketaren xehetasunak

Lehiaketan 12 eta 20 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, banaka edo taldeka, bi kategoriatan banatuta:

  • 12-16 urte (2013-2009 artean jaiotakoak)
  • 17-20 urte (2008-2005 artean jaiotakoak)

Aurkeztutako ikus-entzunezkoek gazteen jarrera kritiko, eraikitzaile eta konprometitua islatu behar dute indarkeria matxistaren aurrean. Hau da, Beldur Barik Jarrera adierazi behar dute: parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Gazteak ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edota emakumeen  etxeen bitartez aurkeztu ahal dute haien lana edo haien kabuz.  Lehiaketaren oinarriak programako webgunean kontsulta daitezke, baita bideoen sorkuntzarako lagungarria izan daitekeen materiala. Parte hartzea zabalik egongo da irailaren 22tik azaroaren 9ra bitarte. Izen-ematea webgunearen bidez egin beharko da.

Sarien artean daude 650 euroko sariak taldeentzako eta 200 euro + liburu sorta banakako lanentzat, baita publikoaren saria (300 €) eta ikus-entzunezko lan onenaren saria (300 €) ere.

Lan sarituak azaroaren 28an egingo den Beldur Barik Topaketan ezagutzera emango dira, indarkeria sexista eta matxistaren aurkako borrokan ari diren gazteen topagune bilakatuko den ekitaldian.

Bilbon, 2025eko uztailaren 18an. Esther Apraizek, Euskadiko Udalen Elkarteko elkarteburuak, eta Iratxe Uriartek, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteak, bilera bat izan dute gaur goizean, bi erakundeen arteko etorkizuneko lankidetza-bideak aztertzeko. Bilera EUDELek Bilbon duen egoitzan egin da, eta euskal gazteen erronkei buruzko hausnarketak trukatzeko balio izan du, besteak beste, emantzipazio-prozesuak eta prozesu horiek etxebizitzarekin, enpleguarekin eta ekintzailetzarekin edo prestakuntzarekin dituzten loturak.

  • Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialak (COFBi) eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) gaur sinatu duten akordioaren ondoren, lurraldeko 439 farmaziek udaletako gizarte-zerbitzuek artatu ditzaketen egoera posibleen berri eman ahal izango dute.
  • Esther Apraiz, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkatea: “Hitzarmen honen bidez, farmaziak udaletako gizarte-zerbitzuen funtsezko aliatu bihurtzen dira. Udalerri guztiek dute farmazia bat, eta horrek radar gisa balioko du gure herritarren behar soziosanitarioak detektatzeko”.
  • EUDELekin sinatutako akordio berri honi esker, “farmaziak bere dimentsio/orientazio sozialarekin duen konpromisoa indartzen dugu, udaleko gizarte-zerbitzuekin zubi sendoak sendotuz, zaurgarritasun-egoerak detektatzeko eta gure auzo eta udalerrietan pertsonen ongizateari modu aktiboan laguntzeko”, adierazi du Juan Uriarte COFBi-ko presidenteak.

 

Bilbon, 2025eko uztailaren 18an. Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialak eta EUDELek erakundeen arteko lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu dute gaur, Bizkaiko farmazietatik udaletako gizarte-zerbitzuek artatu ditzaketen arazo soziosanitarioak detektatzeko programa bat abian jartzeko.

Akordio hori indarrean dago jada Arabako eta Gipuzkoako lurraldeetan, eta Bizkaiarekin osatzen da farmazien eta udaletako gizarte-zerbitzuen arteko lankidetza-sarea, Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiei estaldura emateko. EUDELek udaletara bidaliko du Hitzarmen berria, Bizkaiko 113 udalerrietan aktibatzeko.

Hitzarmen honen bidez, farmazia komunitarioen sarearen eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazio-mekanismoak ezartzen dira, esku hartzeko jarraibideak eta irizpideak adosteaz eta farmazien eta udalen arteko lankidetza hobetzeaz gain.

Bizkaiko farmazia komunitarioen sarea 439 farmaziak osatzen dute, eta horietatik 149 Bilbon daude. Bere kapilaritatea eta herritarrengandik oso hurbil dagoen zerbitzua denez, Bizkaiko Lurralde Historikoko farmazia-sarea tresna pribilegiatua da gizarte-zerbitzuen arreta jaso dezaketen egoera arazotsuak detektatzeko orduan.

Akordioak lurraldeko farmazietatik detekta daitezkeen hainbat egoera aurreikusten ditu, eta, horien aurrean, lehenik eta behin, farmazia komunitarioek, informazioa emateaz gain, dagozkien gizarte-zerbitzuetara jotzera bultzatuko dituzte pertsonak; edota, bestela –eta beti pertsonaren aldez aurreko baimena izanez gero–, farmaziak hitzordua eskatuko du edo zuzenean jarriko da harremanetan udaleko gizarte-zerbitzuekin.

Hitzarmenak honako egoera hauek jasotzen ditu:

  • Bakardadea: edozein arrazoirengatik, gizarte- eta familia-sare gutxi edo batere ez duten pertsonak, eta gizarte-isolamenduko egoeran egon daitezkeenak.
  • Autonomia pertsonala galtzea, mendekotasun- edo mendekotasun-arriskua: narriadura kognitiboa, muga funtzionalak, elikadurarekin eta higienearekin lotutako arazoak edo oinarrizko beharrak behar bezala betetzen ez dituzten pertsonak.
  • Familia zaintzaileen gainkarga eta amore ematea: etxean dauden pertsonen senideak eta zaintzaile ez-profesionalak; horien intentsitateak edo zainketen iraupenak gainkarga-egoeran eta amore emateko arriskuan jartzen ditu.
  • Indarkeria matxista edo familia barruko indarkeria: hainbat abordatze mota ezartzen dira detektatutako problematikaren arabera (farmaziatik susmoa dagoenean, biktimak farmazian hitzez adierazten duenean edo pertsona espresuki farmaziara laguntza eske joaten denean).
  • Tratu desegokia edo tratu txarra adineko pertsonei.
  • Gizarte-zerbitzuek aztertu eta esku hartu behar dutela uste den beste egoera batzuk.

Farmaziak, gizarte zerbitzuen ‘aliatu’

EUDELeko elkarteburuak, Esther Apraizek, oso positibotzat jo du Hitzarmen hau sinatu izana: “Ongi etorria ematen diogu koordinaziorako tresna berri bati, lurraldean dauden baliabide publiko soziosanitarioen saretik gure laguntza behar duten pertsonengana gehiago eta hobeto iristeko”. Apraizek nabarmendu duenez, “farmaziak oinarrizko aliatu bihurtzen dira udaletako gizarte-zerbitzuetan, eta horiek dira baliabideen eta prestazioen euskal sisteman sartzeko atea. Bizkaiko udalerri guztiek farmazia bat dute, eta farmazia hori gure herritarren behar soziosanitarioak detektatzeko radarra izango da.”

Juan Uriarte COFBi-ko presidenteak, berriz, azpimarratu du Bizkaiko farmazia komunitarioen sarea “osasun sisteman sartzeko funtsezko atea” dela, “bereziki kapilaritateagatik, gertutasunagatik eta herritarrengan sortzen duen konfiantzagatik”. EUDELekin sinatutako akordio berri honi esker, “farmaziak bere dimentsio/orientazio sozialarekiko duen konpromisoa indartzen dugu, udaletako gizarte-zerbitzuekin zubi sendoak sendotuz, zaurgarritasun egoerak antzemateko eta gure auzo eta udalerrietan pertsonen ongizateari aktiboki laguntzeko, hau da, herritarrengana eta haien beharretara bideratuz eta pazientea ekintza ororen erdigunean jarriz”, adierazi du.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 7a. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailak udal-eskumeneko gizarte-zerbitzuen eskumenak eskuordetzeko eta kudeatzeko mandatua emateko esparru-hitzarmena aurkeztu diete gaur udal ordezkariei. Hitzarmena tresna juridiko integrala da, Araban dagoeneko ematen ari diren zerbitzu horiek ordenatzeko eta segurtasun juridikoa emateko helburua duena.

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuak esparru-hitzarmen hau lortzea ahalbidetu duten erakundeen arteko lankidetza eta udalen arteko adostasuna goretsi dituzte. Biek eskertu dute EUDELeko Arabako Lurralde Batzordeko alkateen parte-hartzea, dokumentuak gainbegiratzeko eta egiteko prozesuan ekarpenak egiteko ardura izan baitute. Asparrenako, Gaubeako, Iruña Okako eta Kanpezuko alkateek, tokiko sentsibilitate ezberdinen ordezkari gisa, prozesuaren balorazioa egin dute.

ARGAZKI GUZTIAK

Esther Apraiz elkarteburuak Aldundiaren eta Arabako alkateen arteko “lan kolektibo, iraunkor eta zorrotza” nabarmendu du. Eta azpimarratu du helburu nagusia dela Arabako herritarrek gizarte-zerbitzuetarako duten eskubide subjektiboa, Gizarte Zerbitzuen Legean eta Gizarte Prestazio eta Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuan aitortutakoa, bermatzea. Apraizek azaldu duenez, esparru juridiko horrek aukera ematen du zerbitzuak kalitate eta gertutasun berarekin ematen jarraitzeko, eta etorkizunera begirako ikuspegi estrategiko batekin. “Esparrua ez da mugiezina, gaur egungoarekin eta indarrean dagoen araudiarekin bat dator, baina gizartearekin batera eboluzionatu beharko du, gure komunitateen etorkizuneko erronkei eta beharrei erantzuteko”, adierazi du.

Hitzarmena, zerbitzu bakoitzera sartzeko arautegiekin eta Udal Ordenantza Fiskalaren ereduarekin batera, Lurralde Historikoko udalerri guztiei bidaliko zaie, udal bakoitzak osoko bilkurara eraman dezan, 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen onartzeko, egun horretan sartuko baita indarrean.

Horrez gain, Gobernu eta Koordinazio Batzorde bat sortuko da, udal eta foru partaidetzarekin, jarraipena egin eta etengabe hobetzeko.

Akordio honek 2016an behin-behineko akordio batekin eta 2018an Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erregulazioarekin hasitako hamarkada bat burutuko du, beste zerbitzu batzuetara zabalduz, hala nola Eguneko Arretarako Landa Zentroetara, etxebizitza komunitarioetara eta esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozialeko zerbitzuetara.