Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta (AZ25), Onda Vasca-ren “Euskadi fin de semana” programak EUDELeko berdintasun-sareetako bi ordezkari elkarrizketatu zituen: Josune Irabien, Amurrioko Alkate eta Basqueskola sarearen ordezkaria; eta Estibaliz Anitua, Uribe Kostako berdintasun-teknikari eta Berdinsarea-ko kidea. Bi sareak bultzatzea, EUDELen eta Emakunde-Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzari esker gauzatzen da.

ENTZUN elkarrizketa osoa esteka honetan:

https://www.ondavasca.com/#/audios/declaracion-de-eudel-en-el-25n

Josune Irabien alkateak indarkeria matxistaren aurkako euskal udalerrien konpromisoaz hitz egin zuen, EUDELeko AZ25eko Adierazpenean islatuta. Era berean, Irabienek azpimarratu zuen garrantzitsua dela emakume hautetsiek sareetan elkartzea, udaletatik politikan parte-hartze eta intzidentzia handiagoa lortzeko, eta, horrela, gizarte anitz, inklusibo eta berdintasunezkoen lorpen kolektiboari laguntzeko.

Bestalde, Estibaliz Anituak azaldu zuen nolako lana egiten duten udaletako berdintasun-teknikariek Berdinsarean, burutzen duten lan horrexen bitartez sortu baitira tokiko berdintasun-planak, indarkeria-protokoloak, genero-eraginari buruzko ebaluazioak edo kontzientziazio-kanpainak, hala nola AZ25ekoa eta  Martxoaren 8koa.

  • Emakundek bultzatutako , eta EUDEL-en eta hiru Foru Aldundien parte-hartzearekin Beldur Barik 2018 programaren amaiera ospatuko da azaroaren 24an Vitoria-Gasteizen burutuko den Topaketan.
  • Beldur Barik programak 58 udalerritako 309 ikus-entzunezko lan jaso ditu. Lan horietan neska eta mutilek erakutsi dute nola egiten dieten aurre ezberdintasunezko eta indarkeriazko egoerei, errespetuan, parekidetasunean, askatasunean eta autonomian oinarritutako jarrerekin.
  • Programak gazteei, indarkeria sexista identifikatzeko eta horiei Beldur Barik Jarrerarekin aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkie.
  • Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, erakundeek puntu lila erabiltzera deitu dituzte herritarrak emakumeenganako indarkeriaren aurka daudela erakusteko.

Beldur Barik programa, gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDEL-ek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

EUDELen aldetik Josune Irabienek hartu du hitza, Amurrioko Alkate eta Basqueskola Sareko ordezkariak. Josune Irabienek azpimarratu du Beldur Barik tresna eraginkorra dela, belaunaldi gazteenetatik hasita, emakumezkoak gero eta gehiago ahalduntzeko. “Programa honen baliorik handiena hauxe da: neska nerabe eta gazteen AHOTSA ENTZUNARAZTEA, euren duintasuna, segurtasuna eta errespetua eskatzen dute-eta.” -adierazi du.

Zentzu honetan, Amurrioko alkateak azaldu du Euskadiko udalerrietan egiten diren tokiko jarduerek “bozgorailu” gisa balio dutela, nesken mezua heda dadin. “Neska horiek, beraien kideekin batera, gizarte berdinzaleagoa aldarrikatzen dute; pertsona guztiak aintzat hartzen dituen gizartea”-esan du.

Azkenik, EUDELen ordezkariak Udalen konpromisoa eta zeregin garrantzitsua nabarmendu ditu, tokiko berdintasun-politikak bultzatzeko orduan: “Udalek, hurbiltasuna dela-eta, lagundu dezakegu emakumezkoek nork bere ahotsez eta askatasunez hitz egin dezaten. Udalerrietan lan egiten dugu espazio eta komunitate berriak sortzeko; emakumezkoek indarkeria eta diskriminaziorik gabe bizitzeko duten eskubidea errespeta dadin.”

Josune Irabien

2018ko Beldur Barik Topaketa Gasteizen ospatuko da azaroaren 24an, larunbatean. Topaketaren jaian, urte osoan zehar, euskal geografia osoan gazteekin garatutako lanari amaiera eman ahal izango zaio. Topaketan Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Sari-banaketan, ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

Edizio honetan 300 lan baino gehiago aurkeztu dira eta 58 udalerrik parte-hartu dute. Horietatik %76a lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Eta lanen %24a bigarren kategoriari dagozkio, 18 eta 26 urte bitartekoena. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri bozkaketarekin, partaidetza saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla. (Beldur Barik webgunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa eskuragai: : http://beldurbarik.org/eu/2018-lehiaketa-lokalak/ .

 

Indarkeria sexistak eragiten dituen desberdintasun faktoreen identifikazioa

Aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela. Aurten jorratutako gaiak oso anitzak izan dira. Jorraturiko zenbait gai hurrengoak izan dira: egunerokotasunean bizitzen dituzten sexismoa eta diskriminazioa, kultura matxistan dauden edertasun kanonei egiten dieten kritika, maitasun erromantikoaren barnean sare sozialen bitartez bizi duten kontrola eta ahalduntze kolektiboaren barnean saretze feministaren garrantzia. Gaiak anitzak izan badira ere, jende gazteak aukeratutako gaien bidez indarkeria sexistari aurre egiteko moduak adierazi dituzte aurrekoetan baino modu sakonagoan.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Nahiz eta gazteengan indarkeriak eragin handia izaten jarraitu, geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko.

Beldur Barik bezalako programek laguntza eskaintzen diete gazteei, indarkeria sexistaren identifikaziorako tresna tresnak eskura jarriz. Gazteen jabekuntza eta indartze prozesuak errazten dituzte, eta, gainera, ezberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna indartzen dute. Nesken ahalduntzea bultzatzen da eta ere berean hausnarketa prozesu horiekin, mutilek egoera horietan duten protagonismoa eta ardura identifikatzen dute. Jarrera matxista betikotzen duen korporatibismo maskulinoari aurre egiten diete, indarkeria eragiten duenaren gaineko interpelazioaren beharra identifikatuz eta konplizitate eza agertuz. Mutil bezala dituzten pribilegioen birplanteamendu bat egiten dute eta neskekin aliantzak sortzen dituzte benetako berdintasun bat lortu eta indarkeria matxista gainditzeko.

Vitoria-Gasteiz, Beldur Barik Hiria

Azaroaren 24an Vitoria-Gasteizen ospatuko den topaketan, eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta ikuskizun ugari izango dira. Tailerrak El Pilar Gizarte Etxean izango dira eta sari-banaketa Europa Jauregian. Herrietatik gerturatzeko doako autobus zerbitzua erraztuko da, hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.

Honako hauek dira programatutako ekintzak:

  • 16:30-17:00 Ongi etorria, autobusen helduera El Pilar Gizarte Etxean.

Silvia Ayerra artistak sortutako Photo Call-a, Komando Clitorix DJekin batera.

  • 17:00-18:30 Tailerrak: Gorputzak eta mugimendua; Maskulinitatearen Tra(n)p-ak; Lodifobia lantzen duen Operación Bikini tailerra; Gorputzak astindu Hip Hoparen bitartez; No me la cuentes: medios, mujeres y música.
  • 18:35 – 19:10 Beldur Barik Kalejira! El Pilar Gizarte Etxetik Europa Jauregira arte. (Gazteei askaria banatuko zaie ibilbidea hasi baino lehen).
  • 19:15-21:15 Sari-banaketa, Zuriñe Hidalgo aurkezlearen eskutik.

Vitoria-Gasteizko Tokiko Lehiaketaren Sari Banaketa

Beldur Barik Lehiaketa Orokorreko Sari Banaketa

Musika emanaldiak: Ziztada &Rlantz

Annita Parker

  • 21:15 – 21:30 Autobusen irteera Europa Jauregitik.

Informazio gehiago www.beldurbarik.eus

Puntu Lila

Bestalde, Azaroaren 25 ospatzeko (Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna), Beldur Barik programa bultzatzen duten instituzioek dei egiten dute herritarrek puntu lila erabili dezaten. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.

Urtero bezala, Azaroak 25 – Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Euskadiko udalerri guztietara bidali da adierazpen instituzionalaren eredua, EUDELek landua. Adierazpen hau adostua izan da Emakunderekin eta BERDINSAREArekin, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako  Euskadiko Udalen Sarea.

ADIERAZPENA IKUSI

Udal autonomiari errespetua erakutsiz, Adierazpen proposamena eredu irekia izan da, udal bakoitzak adierazpen hori tokiko errealitatera egokitu dezan, Osoko Bilkuran, Bozeramaileen Batzordean, Gobernu Batzordean edo udalak antolatutako dagokion parte hartzerako organuetan adostuak.

Azaroaren 29an, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian

Urriako azken 3an, EUDELek, beste Euskadiko erakundeek eta agente sektorialeek bat egin dute “Elikagaien Xahuketarik ez Euskadin” izeneko manifestuarekin.

Jardunaldi berri honen helburua da jakinaraztea zer jarduketa egiten ari diren esparru horretan, eta herritarrak sentsibilizatzea zer-nolako arazoa den elikagaiak xahutzea.

PROGRAMA IKUSI

IZENA-EMATEA

Ekitaldi hau Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak, ELIKA Fundazioaren bidez, egiten ari den Euskadin elikagaiak xahutzearen kontrako borrokan Jarduketa-Planaren barruan dago.

LEKUA:

Francisco de Vitoria auditorioa

Europa Kongresuen Jauregia
Gasteiz etorbidea 85,
01009 Vitoria-Gasteiz

EGUNA: 2018ko azaroaren 29a

ORDUA: 09:00 am

Doakoa da. Leku-kopurua mugatua da

Udalen parte-hartzea zerga itunduetan 2018-2019

Euskadiko Udalen esku jartzen du EUDELek landutako Udal Finantzazioari buruzko ‘UDALA-buletin monografikoa’ berria, “Udalen parte-hartzea zerga itunduetan 2018-2019” gaiari buruzkoa. Ohi bezala, argitalpen hau paperean bidaliko zaiei udalei datozen egunetan.

Edizio berri honetan, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileraren (18/10/11) eta Finantzen Lurralde Kontseiluen (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa) bileren ondoren lortutako Udal Finantzaketarako Foru Funtsei buruzko lurraldekako banantze-datuak daude bilduta.

UDALA 163 BULETINA JEITSI

UDALA 163 BULETINA IKUSI

*Ikusi aurreko UDALAko argitalpenak

*Harpide ezazu EUDEL Newsletter-a

·         EUDELek, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, eta UEMAk, non hiztunen aktibazioan inplikatzeko deia egin den

·         ‘Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia’ da gaur aurkeztu duten testuaren izenburua, eta Euskaraldiak ireki duen bidearen balioa nabarmendu dute.

Gasteiz, 2018/11/19

‘Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia’ izenburuaren pean, EUDELeko, Eusko Jaurlaritzako, hiru foru-aldundietako, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletako, eta UEMAko ordezkariek adierazpen instituzional bat sinatu dute gaur goizean, datorren abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta. Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan egin da ekitaldia, eta bertan, instituzio publikoek deia egin dute hiztunak aktibatzeko, egunero delako “euskararen aldia”. “Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu eta erakunde publiko bakoitzak herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzeko bitartekoak jartzen baditu”, adierazi dute.

EUDEL ordekatuz eta Euskadiko Udalen izenean, ekitaldian parte hartu du Koldo Iturbek, Getxoko Udaleko Kulturako zinegotzia. Beste erakundeen ordezkariak honako hauek izan dira: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea; Pilar García de Salazar, Ekonomia Garatzeko eta Lurralde Orekarako diputatua Araban; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Iñaki Prusilla, Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotzia; Mari Jose Arrieta, Bilboko Udaleko Euskarako zuzendariordea; Xabier Euzkitze, Donostiako Udala ordezkatuz; eta Josu Labaka, UEMAko presidentea.

Aktibazioa eta adostasuna

Aurtengo adierazpena estu lotuta dago Euskaraldia ekimenarekin; ostiralean hasiko da eta luzatu egingo da, hain zuzen ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen den egunera arte. “Prest gaude, eta gogotsu, euskarak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dezan. Gogotsu gaude, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskararen soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dena baita euskara kaskar bakarra”, irakurri du.

Hiztunen aktibazioaren aldeko apustu horretaz gain, euskararen inguruko adostasuna aldarrikatu du testuak. “Adostasuna eta batasuna dira, beraz, bidea, euskarak batura behar duelako, ez kenketa; biderketa behar du, ez zatiketa”, defendatu du.

ADIERAZPENA jeitsi

  • #HERRISMARTIK ekimenak “Lurralde Adimenduneko Euskal Estrategia” garatzeko xedea du, udaletan udal zerbitzu adimendunak (Smart Cities) bultzatzeko, teknologia-modernizazioa, kudeaketa aurreratua, sinplifikzio administratiboa eta interoperabilitatea baliatuta.

2018ko Azaroak 15. EUDELen Berrikuntza Batzordeak Smart City Expo World Congress 2018 ekimenenean hartu du parte Bartzelonan, azaroaren 13tik 15era, hiri adimendunen munduko topaketa batean; bertan, 700 hiritako ehun alkatek baino gehiagok eta ia 850 enpresak hartu dute parte.

Bartzelonan izan den euskal ordezkaritza honako hauek osatu dute: Elgoibar (Gipuzkoa), Larrabetzu eta Ermua (Bizkaia) eta Zambranako (Araba) udaletako ordezkariek, baita Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako ordezkariek ere.

Eraldaketa digital eta soziala ardatz, biltzarrak zenbait gai izan ditu hizpide, besteak beste, gobernantza, mugikortasuna, ingurumena eta ekonomia zirkularra, eta hiri inklusibo eta seguruak nola lortu izan da erronketako bat.

Ekitaldiaren hiru jardunaldietan, EUDELen ordezkaritzak berrikuntzako proiektuak eta ‘Smart City’ esperientziak partekatu ahal izan ditu beste hiri batzuekin, eta, era berean, ezagutzera eman du Gobernantza eta Udal Garapen Adimenduneko 2018-2019 Estrategia, “HERRISMARTIK” izenekoa.

EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin sustatuta, proiektuaren xedea da Euskadiko udalerriak erreferente izatea lehiakortasunean, ongizatean, gizarte-inklusioan, enpleguaren kalitatean eta toki garapenean, 2020. urteko Europan. Etorkizunerako proiektua da, eta, horregatik, Euskadiko hainbat erakunde eta eragile daude horretan lanean, aurrerapenak eta esperientzia berritzaileak partekatu ahal izateko.

*Euskal ordezkaritza SCEWC 2018 : Ane Beitia, Elgoibarko alkatea, Iñigo Gaztelu, Larrabetzuko alkatea, Aitor Abecia, Zambranako alkatea, Josu Ansola, Ermuko teknikaria (EUDELen Berrikuntza Batzordea), Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien ordeazkariekin.

Sare-sistema eta tokiko esperientzien bankua

HERRISMARTIK proiektuarekin, EUDELek zeregin aktiboa hartu du bere gain, udal adimendunen sare-sistema bat eta tokiko proiektuen/esperientzien banku bat sortzeko lanean. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban eratutako hiru lurralde batzordeen bitartez, EUDELek EAEko udal guztietara zabaldu nahi du udalarteko ikaskuntza ingurunea, lurralde adimenduneko proiektuak abiarazteko.

Tamaina eta egoera ugaritako udalen arteko lankidetza-proiektua da, eta epe ertain eta luzera gauzatu daitezkeen beharrizan eta konpromisoen inguruko aurretiko diagnostikoa du abiapuntu. “HERRISMARTIK” ekimenaren erronka nagusia da teknologia digitalek tokiko esparruan eskaintzen dituzten aukerak errealitate bihurtzea.

Azken finean, “HERRISMARTIK” ekimenak hiri eraldaketa sustatu nahi du, ingurumenaren, demografiaren eta teknologiaren esparruan sortu diren erronka berriei erantzuteko, eta enpresei, ekintzaileei eta erakundeei, oro har, eragile aktibo izateko aukera emateko, negoziorako aukera berriak identifikatu eta abiarazteko orduan.

+ Informazio gehiago: www.herrismartik.eus          #Herrismartik

+Albisteak: EUDELek diagnostiko bat bultzatu du udalekin batera, berrikuntzaren eta Smart City zerbitzuen arloan

Bilbon, 2018ko azaroaren 14an. EUDELen Batzorde Eragilearen bilera egin da gaur goizean, eta EUSKARALDIA hasteko egun gutxi falta direnez, Euskadiko udalerrien ordezkari diren alkateek EUSKARALDIArekiko babesa agertu nahi izan dute berriz ere, eta, era berean, dinamika hori bultzatzeko, udalerrietan tokiko errealitateak aintzat hartuta lanean ari diren eragile guztien konpromisoa eta lana eskertu nahi izan dituzte.

EUDELen iritziz, EUSKARALDIAren gauzarik baliotsuena, hain zuzen, hauxe da: ekimenaren izaera parte-hartzaile eta laguntzailea, herritar guztiak, hau da, gizartea osoa protagonistak izan daitezen lortzea. Egindako lana eskertu, eta, orobat, goraipatu nahi du EUDELen Batzorde Eragileak, udalek eta herrietan sortu diren euskara-batzordeek  elkarlanean egindako lana dela-eta; era berean, inplikatu diren eragile guztiei ere eman nahi dizkie eskerrak: herritar anonimoei, euskalgintzako eragileei (euskara elkarteak, euskaltegiak, etab.), mota guztietako talde eta elkarteei (kultur arlokoak, kirol arlokoak, aisialdikoak, etab.) eta erakunde publiko zein pribatuei.

Imanol Landa elkarteburuak azpimarratu duenez, “udalerrietan arnasten da euskara, gure herriaren identitatea, eta pertsonak dira horren iturri nagusiak. Horrenbestez, EUDELek eta Udalak, EUSKARALDIAren sustatzaile garen aldetik, funtsezko zeregina dugu, batasunaren eta adostasunaren eredu den dinamika honi jarraitutasuna emateko urteko 365 egunetan, udalerrietan euskararen erabilera modu eraginkorrean haz dadin. EUSKARALDIAren xede nagusietako bat da euskara jakin edo ulertu bai baina hitz egiten ez duten pertsonak hitz egitera animatzea, alegia, aktibatzea. Horren aldeko urrats bat gehiago eman dugulakoan gaude”.

Bestalde, Aitor Aldasoro Beasaingo alkate eta Batzorde Eragileko Euskara ordezkariak adierazi duenez, Euskal Herriko udalerrietan bide luzea egin dugu, baina oraindik asko dugu egiteko. Kalean euskara zein gaztelania entzuten dira, herriaren ezaugarri soziolinguistikoen arabera, baina euskaraz ez dira aritzen hizkuntza horretan mintza daitezkeen guztiak; horrenbestez, zaindu eta indartu egin behar dugu euskararen erabilera. Hobetzeko dauden arlo askotan, aurrera egiten jarraitzeko beharra dago: lana, merkataritza, euskarazko sorkuntza, euskarazko kultur produktuen kontsumoa, etab. Modu asko daude gure hizkuntza indartzeko, adibidez Ahobiziak sendotuz eta Belarriprestak aktibatuz; horixe da, hain zuzen ere, EUSKARALDIAren helburua”.

Gaur goizean izandako bileran, EUDELen Batzorde Eragileak “Abenduak 3 – Euskararen Nazioarteko Eguna” adierazpenari atxikitzea adostu du, baita berori Euskadiko udalei igortzea ere. Adierazpen hori HAKOBAk idatzi du, eta jendaurrean aurkeztuko da gutxi barru.

www.euskaraldia.eus