Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

EUDELek gaitzespen irmoa adierazi nahi du, gaur goizean Bruselan gertatutako atentatuen aurrean; izan ere, aireportuan eta hiriburuko erdiguneko metroan hainbat leherketa izan dira, eta hildako eta zauritu ugari eragin dituzte. EUDELek erabateko irmotasunaz gaitzesten du indarkeria terroristaren basakeria, eta dolumina eta elkartasuna helarazi nahi die biktimen senide eta hurbilekoei.

EUDEL – Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du Lehendakariaren deiarekin eta 5 minutuko elkarretaratze isilak deitzera gonbit egiten die udal guztiei, bihar, martxoak 23 (asteazkena), 12:00etan, udaletxeen aurrean. 

Euskadiko udaletatik besarkada solidario bat eta hurbiltasun sentimendurik zintzoena bidali nahi diegu Bruselako hiriari eta Belgikako herritarrei, une latz hauetan.

Bilbon, 2016ko martxoaren 22an.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 8an Foru Arauaren honako proiektuak onartu ditu (zirkular honi atxikita doaz):

  • Ondasun higiezinen gaineko Zergaren Foru Arauari buruzko proiektua.
  • Bizkaiko Lurralde Historikoko Ondasun Higiezinen Foru Katastroaren Foru Arauari buruzko proiektua.

Ondorioz, indarrean sartutakoan, indargabeturik geratuko da Ondasun Higiezinen Zergari buruzko ekainaren 30eko 1989/9 Foru Araua, orain OHZri eta Ondasun Higiezinen Foru Katastroari dagozkien xehetasunak arautzen dituena.

Joan den 2015eko azaroaren 30eko informazio-bileran hartutako konpromisoaren jarraipen gisa, eta Lurralde Historikoko landa- eta hiri-lurreko ondasun higiezinen katastro-berrikuspenaren prozesuari dagokionez, EUDELeko Bizkaiko Lurralde Batzordeak, 2016ko martxoaren 17an eginiko bileran, udal guztiei beherago datorren oharra bidaltzea erabaki du.

Bilbo, 2016ko martxoaren 15a. Gaur goizean, EUDELek Bilbon duen egoitzan, topaketa egin da Euskadiko Udalen Elkartearen Batzorde Eragilearen ordezkarien eta Giza Eskubideen eta Bakearen aldeko Hezkuntzaren Elkarteen Foroaren Zuzendaritza Batzordearen ordezkaritzaren artean.

Bilera Foroaren beraren eskariz antolatu da, orain dela gutxi Zuzendaritza Batzordea berritu dutela-eta, Euskadiko erakundeekin zein eragile sozial eta politikoekin egiten ari diren topaketen baitan, Foroaren lan-plana aurkezteko eta hurrengo urteetarako ekintza-ildoetarako kontaktu sarea ezartzeko.

Bileran honakoak izan dira:

EUDEL

  • Elkarteburua: Imanol Landa, Getxoko alkatea
  • 2. elkarteburuordea: Josune Irabien, Amurrioko alkatea
  • Kideak: Mikel Torres, Portugaleteko alkatea eta José Luis Navarro, Abadiñoko alkatea
  • Zuzendari nagusia: Mª del Mar Zabala

Foroaren ordezkaritza

  • Presidentea: Iratxe Momoitio (Gernikako Bakearen Museoa)
  •  Presidenteordea: Helena González (Zinhezba)
  •  Idazkaria:  Eduardo Mateo (Fundación Fernando Buesa)
  • Diruzaina: Carlos Romera (Geuz)
  • Kideak: Andreas Schaefter (Gernika Gogoratuz), Maider Martiarena (Bakeola),  Monika Vazquez (Unesco Etxea), Patxi Zubiaur (Fundación Leizaola)

– Koordinatzailea: Anna León

Aurtengo edizioa, Lasarte-Orian apirilaren 21 eta 22an egingo dena, zortzigarrena da. Izen-ematea zabalik da apirilaren 15era arte. Udaltopek Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen dute, EUDELen, Euskarabidearen eta Uemaren laguntzarekin.

Kirola D ereduan, noizko? Nork eta zer egin genezake gazteen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko? Horixe Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak zortzigarren ediziorako aukeratu duen gaia. Hain zuzen, 8-16 urte artekoen kirola izango da hizpide: antolamendua, araubidea, eskola kirola, kirola eskolak, praktika onak edota etorkizunerako erronkak. Hitzordua Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango da, apirilaren 21ean eta 22an.

Izen-ematea dagoeneko zabalik da. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da, izen-ematea atalean. Prezioa 65 € da, eta izen ematea apirilaren 15ean itxiko da. Prezio horren barruan sartzen dira: jardunaldien saioetako partaide izateko eskubidea, hasieran banatuk oden materiala, bi egunetako aho-gozagarriak eta osteguneko bazkaria.

Informazio gehiago:

www.udaltop.eus  @udaltop

EUDELeko elkarteburua Donostian izan da terrorismoaren biktimen omenez egindako ekitaldi instituzionalean

EUDELeko elkarteburua, Imanol Landak Donostian terrorismoaren biktimen omenez egindako ekitaldi instituzionalean hartu du parte. Lehendakaria izan da buru Terrorismoaren Biktimen Europako Egunarekin lotutako ekitaldi horretan. “Haien hutsunea etorkizuna eraikitzeko funtsezkoa da” lemaren pean, 10 minutuko isilaldia egin da.

Ekitaldiak bi helburu zituen. Batetik, alde batetik, terrorismoaren biktima guztiak oroitzea eta horiei elkartasuna adieraztea, jasandako sufrimendu bidegabea errekonozituz. Bestetik, biktimen eta gizartearen arteko elkartzea sustatzea, iraganaren gaineko ikuspegi kritikoaz eta etorkizunaren gaineko ikuspegi itxaropentsuaz.

‘Emakumeen Nazioarteko Eguna’ dela-eta, EUDELek eta Galdakaoko alkate eta CMREko (Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua) Berdintasun Batzordeko egungo presidente Ibon Uribek Deklarazio instituzionala aurkeztu dute. Adierazpena kide diren herrialdeetako tokiko agintari guztiekin partekatu da.

Asteartean, martxoaren 8an, Europako hainbat udalerritako gobernuek euren ahotsak batuko dituzte Berdintasunaren aldeko mezu eta konpromiso berean, herritarrengana eta Europako erakunde guztiengana indar handiagoarekin iristeko.

EUDELek, otsailean, Adierazpena Euskadiko Udalei bidali zien, ahalik eta lasterren, udalbatzarretan eta eledunen batzarretan onartu zezaten. Europari dagokionez, dokumentua 150.000 agintari publikori baino gehiagori zabaldu zaie, CMRE osatzen duten 41 herrialdeetako udalerri eta eskualdetako 55 elkarteen bidez.

Berdintasunaren aldeko tokiko konpromisoa

Adierazpenean, Europako tokiko gobernuek, besteak beste, honako ekintza hauek gauzatzeko konpromisoa hartu dute: erabakiak hartzeko prozesuetan gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasunezko parte-hartzea sustatzea; mota guztietako indarkeria eta emakumeen giza eskubideen urraketa salatzea; EBko estatu eta erakundeei deia egitea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumezkoei prebentzioa, babesa eta laguntza emateko politika eta araudi komunak hartzeko; eta gerratik eta jazarpenetik ihes egin duten emakumezko eta adingabe errefuxiatuen beharrizan espezifikoak kontuan hartzea.

Europako Gutunari atxikitzeko kanpaina

Europako tokiko eta eskualdeko gobernuei ‘Europako Gutuna. emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako’ bidali zitzaien, sinatu, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioari buruzko jarrera hartu zezaten, bai eta bertan definitutako konpromisoak udalerrietan eta lurraldeetan aplikatzeko ere. Gaur egun, Gutunarekiko atxikimendu-sarean, Europa osoko 33 herrialdetako 1.513 tokiko gobernu inguru daude.

Berdintasunaren Europako Batzordeko presidente den bitartean, EUDELek Europako Gutunari atxikitzeko kanpaina berria sustatuko du, dokumentuarekiko ahalik eta laguntzaile gehiago lortzeko Europako tokiko gobernuen artean.

Europako Gutuna, emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten berdintasunerako.

  • Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE), EUDELen proposamena onartu, eta Bizkaiko hiriburua aukeratu du Konferentziaren egoitza moduan.
  • Datorren apirilean egingo da Bilboren izendapenaren aurkezpen ofiziala, Nikosian (Zipre) izango den tokiko gobernuen Kongresuan.
  • 2018ko Konferentziaren baitan, CMREren Zuzendaritza Batzordeak bilera bat egingo du Bilbon; izan ere, bertako Alkate eta EUDELeko elkarteburu Imanol Landa batzorde horretako kidea da.

Bilbon, 2016ko martxoak 2. Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) Bilbo aukeratu du 2018an “berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari” buruzko gaikako konferentziaren egoitza izan dadin. EUDELek eta Bilboko Udalak koordinatuta egingo dute lan, bai programa diseinatzeko, bai ekitaldia prestatzeko beharrezkoak diren baliabideak antolatzeko. Gaia zein den aintzat hartuta, Emakunderen lankidetza ere izango da.

EUDELek proposatu zuen Bilboren hautagaitza, CMREren kidea den aldetik, eta, proposamenari erantzunez, Konferentzia Euskadiko udalerrietako batean egiteko interesa helarazi dio Kontseiluak EUDELi.  Gaur goizen bertan onartu dute Bilboren hautagaitza Bruselan, Kontseiluko idazkari nagusien bileran.

Lau urterik behin, eta ohiko Kongresuez aparte, CMREk konferentzia garrantzitsu bat antolatzen du bere kide eta bazkideekin, toki nahiz eskualde mailako gobernuentzat garrantzitsua den gairen bat garatzeko. Konferentzia horren egoitzen artean Europako hiriburu garrantzitsuak egon dira; 2014ko azken edizioan, esaterako, Erroma aukeratu zuten.

2018ko Konferentziak 2 eguneko iraupena izango du, eta 500 lagunen parte-hartzea espero da; horien artean: zenbait udaletako hautetsiak, toki nahiz eskualde mailako adituak, europar erakunde nahiz gobernuetako ordezkariak, akademikoak, eta gizarte zibileko eta sektore pribatuko kideak.

Bilboren aurkezpen ofiziala datorren apirilean egingo da, 20tik 22ra bitartean Nikosian izango den CMREren Kongresuaren baitan.

Horrez gain, 2018ko Konferentzia horren baitan, CMREren Zuzendaritza Batzordearen urteroko batzarra egingo da; bertan izango da, Batzorde horretako kide den aldetik, EUDELeko elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landa ere. Topaketa garrantzitsu hori Bilbon bertan egiteko aukera eskaini die alkateak Europako beste kideei. Zuzendaritza Batzordearen bilera horrek garrantzi handia dauka, foro horretan defendatzen baitira, mailarik gorenean, tokiko gobernuen interesak. Gainera, une benetan garrantzitsua izango da, 2030. urterako Europa mailan finkatu beharreko estrategiei begira.

EUDEL, Europako Berdintasun batzordearen presidentetzan

EUDELek egindako proposamena onartzeko orduan, eragina izan dute Euskadiko udalerriek berdintasuna eta gizarteratzea indartzeko toki mailan gauzatu dituzten politikek. Izan ere, EUDEL da alor horretan udalei aholkua eman eta laguntzeko erreferentziazko elkartea, udalerri txikienetan, batez ere, euren ekimenak garatzeko laguntza eskaintzen baitie; era berean, bestelako programak ere sustatu ditu Emakunderekin eta Euskadiko beste erakunde batzuekin.

Horri guztiari esker, joan den urteko ekainean EUDELeko ordezkari eta Galdakaoko alkate Ibon Uribe Berdintasun Batzordeko (Standing Committee for Equality) presidente izendatu zuten, hau da, berdintasun arloko tokiko politiken koordinatzaile nagusi.

CMRE, udalerrien ahotsa Europan

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua da (CMRE) tokiko nahiz eskualde mailako gobernuek Europan daukaten ahotsa.  150.000 agintari publiko baino gehiago ordezkatzen ditu, 41 herrialdetako udalerrien eta eskualdeen 55 elkarteren bidez. Horien artean dago EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartea.

CMREren egoitza Bruselan dago, eta bere egitekoa bikoitza da:

  • Europar legerian eragitea, hirien eta tokiko nahiz eskualde mailako gobernuen izenean; eta
  • Plataforma bat eskaintzea, erakundeko kideek esperientziak eta praktikak truka ditzaten.

United Cities and Local Governments (UCLG-Ciudades y Gobiernos Locales Unidos) deritzonaren Europako atala da CMRE.

Iruñan, 2016ko otsailaren 26an.

Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) elkarteburuak, Imanol Landak, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (FNMC) buruak, Pablo Azconak, arlo instituzionalean zein teknikoan bi erakundeen arteko lankidetza-harremanak indartzeko erabakia hartu dute gaur goizean FNMCko Iruñako egoitzan egin duten bileran. Bertan, hain zuzen ere, EUDELeko zuzendari nagusia, Mª del Mar Zabala, eta FNMCko idazkari nagusia, Berta Enrique, egon dira haiekin.

Bi elkarteburuek adierazi dutenez, interes bateratuko arlo zabalak dituzte. Horrela, bada, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrean ari dira Udalei buruzko Legea izapidetzen, eta, aldi berean, helburu bera daukan prozesua ere abian jarri dute Nafarroan.

Alde horretatik, era guztietako lanak partekatzea erabaki dute, bi elkarteentzat nahiz Euskadiko zein Nafarroako tokiko erakundeentzat onuragarriak izan daitezkeelako.
Bileraren esparruan, EUDELeko ordezkariek nafarrei aurkeztu dizkiete Euskadiko Udalei buruzko Legearen funtsezko ardatzak. Bestetik, eurak ere tokiko mapa berrantolatzeko prozesupean daudela azaldu dute ordezkari nafarrek. Bi erakundeak bat datoz bi proiektuak legealdi honetako oinarrizko erronkak direla adieraztean.

EUDEL Asociación de Municipios Vascos www.eudel.eus

FNMC Federación Navarra de Municipios y Concejos www.fnmc.es