Eudel

EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak gutuna bidali du udal guztietara. Gutunean, jarraian datorren oinarrizko proposamena egin da, azaroaren 10eko Oroimenaren Egunari dagokiona.

  1. Azaroaren 10ean, 12:00etan, Udalbatzaren elkarretaratzea egitea, 15 minutukoa (isilik), udaletxearen aurrean edo udalerrian ekitaldi mota honetarako ohikoena den tokian.
  2. Ekitaldi honetarako, Udalean ahalik eta adostasun handiena lortzea udalerri bakoitzean.
  3. Elkarretaratzea aldez aurretik iragartzea, eta gonbit egitea herritarrei, baita udalerriko tokiko erakunde eta eragile sozialen ordezkariei ere.

Proposamen hau egitean, udal-autonomia eta udal bakoitzak oroimenaren arloan egindako ibilbidea errespetatu dira, eta, adostasunerako ekimen unitario moduan, lehenengo urratsa izan nahi du helburu den elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko orduan.

Lehenetsi beharreko irizpidea udal-mailan ahalik eta adostasun handiena lortzea izango da, eta 2013ko martxoaren 14an lau talde parlamentario handien babesaz Eusko Legebiltzarrean onartutako akordioaren izpiritua hartu da erreferentziatzat: “Bakea eta bizikidetza lortzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, egindako mina onartzea eta biktimak duintzea; izan ere, biktima guztiek merezi dute egia, justizia eta konponbidea lortzeko eskubidea.”