Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Erabilera-eremu berri eta ez formaletan ere, euskarak arnas berri

Tentuz, baina ateratzen ari gara, azkenean, beltzenetik argira. Berreskuratzen hasi gara gutariko bakoitzaren eta elkarrekin osatzen dugun herriaren eta gizartearen bizitza erakargarri ez ezik, jasangarri ere egiten duena: zuzeneko harremanak; elkartzeko ohiturak, aukerak eta guneak; osatzen gaituzten besteengana biltzeko joera. Eta, horrekin batera, ezinbestekoa dugun jarduera ekonomikoaren hari eta sareak berriz ere indartzen ari gara, pandemiaren aurretiko tokira eta, inola ere ahal balitz, hobera iristeko itxaropenez.

Adierazpena jeitsi

Eta erabaki sendo bat dugu gidari: ez dadila funtsezkorik ezer atzean geratu.

Ezta euskara ere. Inola ere ez.

Gurekin batera egin dio euskarak pandemiari aurre, eta gurekin irten behar du garaile. Izan ere, aro berrian, gure eta geure gizartearen zaurgarritasunaren jakitun egin gaituen egoera larriaren ondoren, harreman eta komunikazio molde, ohitura eta bide berriak sortzen ari dira, eta are berriagoak eta harrigarriagoak sortuko dira aurrerantzean.

Pandemiak agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak, zenbaterainoko balioa eransten dion komunikazioak gure zeinahi jarduerari; orain, jakiteaz gain, sentitu ere egiten dugu errealitate hori: sakon-sakoneraino barneratu dugu komunikazioaren, harremanaren funtsezkotasuna. Hori da aro berriaren ezaugarri nagusietariko bat. Eta hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea. Eraginkorki. Tinko.

Euskara, euskal hiztunon komunitatearen jarrera proaktiboari esker, IKTek hizkuntza gutxituen hedapena eta indartzerako ekarri duten erronka handiari aurre egiten ari zaio, komunikazio eta informazioaren teknologien sareetan. Badu tokirik. Baliagarria da. Eta zinez zaila du  hizkuntza ozeano erraldoian horrelakorik lortzea.

Eredugarria da alor horretan ere euskal hiztun komunitateak egin duen eta egiten ari den lana, besteak beste erabilerarekin zuzen-zuzenean loturiko presentzia delako euskarari benetako balio erantsia dakarkiona. Eta argi geratzen ari da erakunde publikook eskaini behar dugun ezinbesteko babes eta lidergotik, ekimen eta lankidetza publiko-pribatuaren eskutik lan egiten badugu, erronkaren neurriak ez gaituela beldurtu behar. Gai garela argiro erakusten ari garelako, adibidez hezkuntzaren munduan, hedabideenean, osasungintzarenean, eremu sozioekonomikoan, administrazioarenean eta beste hainbat eta hainbatetan urrats ausartak eman behar direla eta ematen ari garela euskal hiztunen eskubideen gauzapen errealean.

Eta horietan guztietan aurrera egin beharra dago, jakina, aurrerapauso sendoagoak emanez,  jarraikortasunez, etengabeko berrikuntzaren bidetik eta guztion konpromisotik. Baina pandemiaren osteko aro berriaren hasiera honek beste ikuspegi bat eranstea eskatzen digu: hizkuntzaren erabilera formalekin batera, eremu ez formaletakoa landu beharra dago, behar besteko lehentasunez. Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko harremanetan eremu formaletik lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean, hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat. Ezin dizkiogulako euskarari ukatu gorputz eta espirituaren atseden eta gozamenari lotzen zaizkion eremu horiek. Eta hor aurrera egiteko, hiztunen konpromisoa ez ezik ezinbestekoa izango da instituziook egin behar dugun ahalegina: bitartekoak jarriz eta eredugarritasuna erakutsiz.

Euskararen bizi-indarra dugu jokoan, eremu formalez gainera, eremu ez formal horiek euskararentzat irabaztearen erronkan. Izan ere, alor horretan euskararen erabilerak jauzi bat egiteak errotik eta norabide zeharo positiboan aldatuko luke hiztun asko eta askorengan, oso bereziki gazteengan, euskararekiko bizipena.

Aisialdi eta kirolaren eremuek badituzte, bestalde, berezko ezaugarri baliotsuak hizkuntza erabiltzeko ohituren aldaketari dagokienez, eta askotariko antolakuntzarako joera dute (klubak, federazioak, elkarteak, taldeak…). Nekez bilatuko genuke esparru egokiagorik gazteengana iristeko, euskararen erabilera ez formalari berebiziko bulkada emateko, partaide gazte zein ez hain gazteengan euskararantz urrats eraginkorra egiteko gogoa aktibatuz. Horra, beraz, eginkizuna.

Aukera paregabea dugu normaltasun berri baterako bidearen hastapen honetan berreskuratzen ari garen eta asmatuko ditugun harreman eta erabilera-eremu berrietarako euskara, bidelagun ez ezik, lanabes eraginkor bilakatzeko. Guztion esku dago.

Euskara prest dugu; gure gizartea, gogotsu; gure herria, erabakia hartuta. Abia gaitezen.

 

Abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna eta aurten ere, iaz pandemiak eragindako etenaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, EUDELek eta UEMAk adierazpen instituzional bat adostu dute. Adierazpen hori gaur eman da ezagutzera Gasteizko Montehermoso kulturunean egin den irakurketa publiko baten.

Aurtengo adierazpenaren izenburua: “Euskara lanabes, aro berrirantz. Erabilera-eremu berri eta ez formaletan ere, euskarak arnas berri”

Anartz Gorrotxategi EUDELeko ordezkari eta Arraia-Maeztuko alkateak adierazpena irakurri du erakunde guztietako ordezkariekin batera: Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendariak, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendariak, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendari Orokorrak, Estitxu Pereda Vitoria-Gasteizko udaleko Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen saileko zuzendariak, Koldo Narbaiza Bilboko udaleko Hezkuntza eta Euskara zinegotziak, eta Iraitz Lazkano UEMAko presidente eta Elgetako alkateak.

“Pandemiak agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak, zenbaterainoko balioa eransten dion komunikazioak gure zeinahi jarduerari; orain, jakiteaz gain, sentitu ere egiten dugu errealitate hori: sakon-sakoneraino barneratu dugu komunikazioaren, harremanaren funtsezkotasuna. Hori da aro berriaren ezaugarri nagusietariko bat. Eta hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea. Eraginkorki. Tinko” azpimarratzen du adierazpenak. Gaineratzen duenez, “hizkuntzaren erabilera formalekin batera, eremu ez formaletakoa landu beharra dago, behar besteko lehentasunez. Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko harremanetan eremu formaletik lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean, hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat. Ezin dizkiogulako euskarari ukatu gorputz eta espirituaren atseden eta gozamenari lotzen zaizkion eremu horiek. Eta hor aurrera egiteko, hiztunen konpromisoa ez ezik ezinbestekoa izango da instituziook egin behar dugun ahalegina: bitartekoak jarriz eta eredugarritasuna erakutsiz”.

Adierazpena esteka honetan.

Euskal Udalen eta toki erakundeen esku jartzen du EUDELek landutako ‘UDALA. Udal Finantzaketa’ argitalpenaren zenbaki berria, “Udalen parte-hartzea zerga itunduetan. 2021-2022 gaiari buruzkoa.

Argitalpen honen bidez,Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren urriko bilerari buruzko informazioa ematen da, bai eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen azken bileretan lortutako Udal Finantzaketarako Foru Funtsen datuak ere.

UDALA JAITSI (pdf )

Ikusi aurreko UDALAren buletinak

  • Aurkeztutako 400 lanetatik aukeratuak izan diren hamar lanek rol eta esterotipoen haustura, kaleko jazarpena eta emakumeen ahalduntzea bezalako gaiak jorratu dituzte
  • Sariak gaur banatu dira Aguraineko Udaleko Harresi Aretoan eta ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izan da programako webgunean eta, lehengo aldiz, EITBren “Nahieran” zerbitzuan

2021eko azaroak 26

Gaur arratsaldean Beldur Barik lehiaketaren 12. edizioaren lan saridunak ezagutzera eman dira Aguraingo Harresi Aretoan, streaming bidez ospatu den sari-banaketan. Programako webgunean, bere Youtube kanalaren bidez, eta EITBren “Nahieran” zerbitzuaren bidez zuzenean jarraitu ahal izan da. Beldur Barik programa Emakundek sustatzen du eta hauen babesa jasotzen du: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EUDEL.

Epaimahaiak adierazi duenez, lan gehienak taldeko lanak izan dira eta horrek hausnarketa prozesuak elkarbanatu direla esan nahi du, programak duen helburuetako bat betez.

Lehiaketak hiru kategoria ditu. Lehenengo kategoria 12 eta 13 urteko gaztetxoei zuzenduta dago eta aurtengo irabazlea Durangoko Kurutziaga ikastolako talde feminista izan da, HANDITAN izeneko lanarekin. Lan honetan nabarmentzen da jarrera positiboa eta neskak eta mutilak, guztiak batera, aukera eta eskubide berdintasuna aldarrikatzen dutela, mezu argi batekin: libre izan nahi dutela.

Gasteizeko Ibaiondo Gazte taldeak aurkeztutako SÉ TÚ lanak kategoria honetako aipamen berezia jaso du. Lan honetan oso ondo islatu ditu talde honek bere adineko bizipenak, estereotipo sexistak kolokan jarri dituzte eta norbera den bezalakoaren mezua zabaldu nahi izan dute.

Bigarren kategoriari dagokionez, 14 eta 18 urte bitarteko gazteei egokitzen zaiena, lehenengo saria Gasteiztik jasotako LIBRES Y VALIENTESLIBREAK ETA AUSARTAK lanak jaso du. Lan honen atzetik “12Nubes” dago, El Pilar zonaldeko Udaleko kale heziketa programaren testuinguruan sortutako gazteen taldea. Epaimahaiak adierazi duenez, lan honek elementu asko batzen ditu bere baitan: belaunaldien arteko lana eta ahizpatasuna islatzea, mugimendu feministaren ibilbidearen aitorpena, mutilei indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko interpelazio zuzena egitea, besteak beste.

Aurten, kategoria honetan bi aipamen berezi ematea erabaki du epaimahaiak eta Donostiatik aurkeztutako HAREA lana eta Aguraineko “DAMA BAT IZAN ZAITEZ izeneko ikusentzunezkoa izan dira irabazleak. Lehenengoari dagokionez, adin honetako gazteen errealitatea oso ondo islatzen duela eta mutilen pribilegioen kontzientzia izatearen garrantzia ere islatzen dela azpimarratu du epaimahaiak. Aurtengo sari-banaketaren herritik aurkeztutako lanak, bere aldetik, oso mezua garbia, zuzena eta urratzailea jasotzen duela nabarmendu da. Beldur Barik jarrera argi erakusten duen lana da.

Hirugarren eta azken kategorian, 19 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta, UPV/EHU-ko Ikus-entzunezkoen Fakultateko ermutarren taldearen MICROMACH CLEAN lanak jaso du lehenengo saria. Beldur Barik jarrera umorez lantzea izan da lan honen berezitasun nagusia, izan ere, eguneroko egoerak identifikatzen dituzte eta horien aurreko erantzunak erakusten dituzte era dibertigarrian. Gainera, indarkeria matxistaren erroetara doa.

 

Kasu honetan aipamen berezia Erandiotik bidalitako TENEMOS DERECHO A VIVIR UNA VIDA LIBRE DE VIOLENCIAS lanak jaso du. Lan ezberdina eta artistikoa izateagatik saritu da: argazkiek oso modu indartsuan islatzen dute indarkeria matxistaren adierazpen/aurpegi ezberdinak.

Epaimahaiak aukeratutako azken saria, ikus-entzunezko lanik onenari, EHUn ikasten duen Zumaiako talde baten POKER DE REINAS lanak irabazi du. Epaimahaiak  lan honen irudiaren gidoia eta grabaketaren kalitate bikaina eta, indarkeria matxistaren oinarriak ikusarazteko, pokerrean oinarritutako errege-erreginaren metaforaren erabilpena nabarmendu ditu.

Azkenik, aurtengo edizioan bi sari gehiago egon dira: urrian zehar ospatutako sinopsi lehiaketaren saria eta partehartzearen saria.

Lehenengoaren irabazlea LA DECISIÓN DE LUCIA lana izan da, honen argudioa oso ondo islatzeagatik testu labur batean eta lana prozesu baten parte izan dela erakusten duelako.  Egileak Bilboko Peñascal elkarteko Zurgintza formakuntzako ikasleak izan dira.

 

Azaroaren 13 eta 14aren artean Beldur Barik-eko webgunean bozka gehien jaso duen lanari eman zaio: Erandiotik bidalitako NAZKATUTA NAGO!” lana, 1.954 bozka jasota

Bi artista gazte eta feminista

Sari emate ekitaldian bi artista gaztek parte hartu dute, programarekin urtean zehar inplikatuta egon direnak. Uxue Bereziartua-“Berexi” ilustratzailea, batetik: Beldur Barik 2021 irudien egilea da eta “Errebelazioa” lanarekin iazko ikus-entzunezko onenaren saria jaso zuen hernaniarrak.

Eta bestetik, Iratxe Aguilera (Kai-Nakai), aurtengo edizioko kantaren egilea (“Nahikoa dela!) eta iazko lehiaketan 3. kategoriako aipamen bereziaren irabazlea, “Gure Misioa” lanarekin.

Abeslari gasteiztarraren kontzertua ospatu da sari banaketan eta ekitaldia aurtengo abestiarekin itxi egin da, emakume gazteak indarkeria matxistaren aurreko planto mezua adierazten du kanta honek.

Beldur Barik  gazteentzako erreferentzia programa da 

Aurten aurkeztutako lanen kopuruak iazkoa bikoiztu du: 400 lan baino gehiago egon dira, horietako gehienak taldean eginak. Horrek adierazten du Beldur Barik Lehiaketa erreferente finkatua dela gazteen artean eta, batez ere, hezkuntza zentroetan ikasleekin indarkeria matxista lantzeko erabiltzen den tresna.

Aurkeztutako lanetan ikusten denez, gazteek aurten ere gai berdinak azpimarratzen dituzte: rol eta estereotipo sexisten haustura, indarkeria matxista bikotean, kaleko jazarpena, eskubide berdintasunaren aldarrikapena eta emakumeen ahalduntzea, batik bat. Honek erakusten digu hauek oraindik ere gainditu gabeko egoerak direla eta gazteek hala identifikatzen eta salatzen dutela.

Beldur Barik babesten duten erakunde guztiek gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko garrantzia azpimarratu dute. Baita gazteriak erasoak identifikatzeko gero eta baliabide gehiago izatea eskura ere. Beldur Barik bezalako programak, gazteriak indarkeria sexisten adierazpen anitzak identifikatzeko gaitasuna garatzen duten baliabideak eskura izatea laguntzen du.

Aldi berean, hausnarketa-prozesuak bultzatzen dituzte mutilekin, egoera horietan duten protagonismoa edo erantzukizuna identifikatzeko. Horrela, jarrera matxistak indartzen dituen korporatibismo maskulinoari aurre egitera animatzen dira, indarkeria erabiltzen duenari interpelazioa egiteko beharra identifikatuz eta konplizitaterik eza erakutsiz.

Informazio gehiago:  www.beldurbarik.eus

  • Sari banaketa ostiral honetan egingo da Agurainen, azkenik streaming bidez (www.beldurbarik.eus eta EITBren Nahieran zerbitzutik ikusi ahal izango da)
  • Aurkeztutako lanen kopurua bikoiztu egin da iazkoarekin alderatuta, gehienak ikastetxeen bitartez heldu direlarik
  • Lanetan jorratutako gaiuak izandira: rol eta estereotipo sexistak, indarkeria matxista bikotean, kaleko jazarpena, ahalduntzea eta berdintasunaren aldarrikapena 

2021ko azaroaren 24

Gaur goizean aurkeztu da Aguraingo Harresi Aretoan aurtengo Beldur Barik programaren edizioa. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak sustatu eta koordinatzen du programa, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta EUDELek babesten dute. Agurain Beldur Barik Herria da aurten eta, hori dela eta, ostiral honetan, azaroaren 26an, Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren sari banaketa egingo da bertan, nahiz eta Arabako udalerriko osasun egoera dela eta, azkenean streaming bidez egingo den eta bertan behera utzi behar izan diren tailerrak eta programatuta zeuden beste jarduera batzuk. Sari banaketa www.beldurbarik.eus webgunearen eta EITBren Nahieran zerbitzuaren bidez jarraitu ahal izango da.

Prentsaurrekoan izan dira Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Ernesto Sainz Lanchares Aguraingo alkatea, Ainhoa Campo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria. Gainera, Kai Nakai abeslariak ere hartu du parte, saiorako konposatu duen “Entzun ondo” abestia interpretatuz.

Ikus-entzunezko lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta hiru kategoria ditu. Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, aurten lehiaketara aurkeztu diren lanen kopurua bikoiztu egin da iazkoarekin alderatuta. Hala, 400 lan baino gehiago aurkeztu dira, gehienak taldean eta ikastetxeetan egindakoak. Nabarmentzekoa da unibertsitateek (UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) aurreko urteetan baino lan gehiago aurkeztu dituztela. Landaidak lan horiek taldean egiteak duen garrantzia azpimarratu du, “aurkeztutako pieza sortzeko prozesua bera emakumeen aurkako indarkeriari buruzko gogoeta bateratuaren eta eztabaidaren prozesu bihurtzen da”.

400 ikus-entzunezko lan horietatik 336 sartu dira lehiaketara, batzuek ez baitituzte oinarrietan jasotako baldintza guztiak betetzen. Horietatik 100 12 eta 13 urte bitarteko sortzaileenak dira, 173 14-18 urtekoenak eta 63 19-26 urtekoenak. Lurraldeka, 39 lan aurkeztu dira Arabatik, 172 Bizkaiatik eta 125 Gipuzkoak.

Bideoen gai nagusiak

Lehiaketan parte hartu duten gai nagusiak honako hauek izan dira: rol eta estereotipo sexistak, indarkeria matxista bikotearen esparruan eta kaleko jazarpena, emakumeen ahalduntzea eta eskubide- eta aukera-berdintasunaren printzipioaren aldarrikapena.

Landaidak nabarmendu duenez, Beldur Barik programak “neska-mutilei beren harremanetan eta bizi diren gizartean eta lehiaketara aurkezten gaituzten lanetan desberdintasun-jarrerak hauteman ahal izateko tresnak eskaintzen dizkie, eta urtetik urtera gero eta argiago ikusten dugu indarkeria horren jatorria zein den, emakumeen aurkako indarkeria-kasuak eragiten dituen desberdintasuna dela ikusten baitute”.

Ernesto Sainz Lanchares Aguraingo alkate eta EUDELeko ordezkariak programa babesten duten udalen funtsezko eginkizuna nabarmendu du, eta azpimarratu du Beldur barik “tresna baliotsua” dela, “batez ere udalerri txikienentzat”. Aurten, lehiaketa orokorraz gain, hamabi tokiko lehiaketa antolatu dira beste hainbeste udalerritan.

Ainhoa Campo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak berretsi du garrantzitsua dela gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko lan egitea, eta prebentzio-programa horrekiko aldundiaren konpromisoa azpimarratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Miren Elgarrestak, bestalde, Beldur Barik bezalako ekimenen bidez eta hezkidetzaren bidez gazte eta nerabeengana iristeko beharra azpimarratu du. “Ziur asko, hori da modurik eraginkorrena indarkeria sexista prebenitzeko, egitura, rol eta estereotipo horiek desikasteko, bai eta adin txikitan gertatzen diren, desberdintasuna sortzen duten eta emakumeei kalte egiten dieten jokabide matxistak ere. Balio eta eredu berriak landu behar ditugu indarkeria matxistari aurre egiteko”, adierazi du.

Sariak streaming bidez ematea

Bigarren urtez jarraian, Beldur Barik lehiaketako sariak on-line banatuko dira, Covid19k sortutako osasun egoera dela eta. Aurten azken momentuan hartu da erabakia, tailerrak eta beste jarduera batzuk jadanik antolatuta zeudenean gazteekin, Aguraingo udalerriaren egoera dela eta. Beldur Barik bultzatzen duten erakundeek konpromisoa hartu dute jarduera horiei berriro ekiteko ikasturtean zehar, osasun egoerak horretarako aukera ematen duenean.

Nabarmendu behar da, Arabako Lautadako Kuadrillako Berdintasun Zerbitzuaz gain, Aguraingo Udaleko Berdintasun Zinegotzigoak eta udal-gaztelekuetako hezitzaileek tokiko bi talde feministaren laguntza izan dutela Topaketa antolatzeko: Inguma, Aguraineko talde feminista eta Dulantziko talde feminista.

Bea Clown, Libe Pradera eta Julen Portillo izango dira sari-banaketa aurkezteko eta girotzeko arduradunak. Gainera, galan Kai Nakai artista gasteiztarra eta edizio honetako abestiaren egilea arituko da eszenatokian kantari. Uxue Bereziartuak, “Berexi”, Hernaniko artista feministak, egin zuen edizioko irudia eta honek ere presentzia izango du galan zehar.

Informazio gehiago:  www.beldurbarik.eus

  • 2005az geroztik, EUDELek adierazpen instituzionalaren eredu bat prestatzen du Euskadiko udalentzat urtero, azaroaren 25aren harira.
  • 2021ean, emakumeen aurka haien seme-alaben edo inguru hurbileko beste pertsona batzuen bidez gauzatzen den indarkeria bistaratu eta salatzea da helburua.

2021eko azaroaren 22an. EUDELen Berdintasun batzordearen proposamenez sortu zen adierazpen hau, eta Batzorde Eragileko alkateek onetsi zuten, azaroaren 11ko bileran. Egun horretan bertan –Elkartearen Batzar Orokorraren eguna ere izan zen–, testua 251 euskal udalei bidali zitzaien, haien osoko bilkuretan edo bozeramaileen batzordeetan aurkez zezaten. Adierazpen-eredua egitea udalerriek eurek –udalerri txikiek batez ere– egindako eskariaren erantzuna da; hala, eredu ireki bat bidaltzen zaie udalei, bakoitzak bere errealitatearen arabera egokitu dezan, udalen autonomia aintzat hartuta.

2021. urteko adierazpenaren ardatz nagusia emakumeen aurkako indarkeria matxista jasaten duten biktima adingabeak errekonozitzea eta bistaratzea da. Amaren aurkako indarkeria baliatzen den testuinguru batean bizitzeagatik seme-alabek jasaten duten min eta sufrimenduan jartzen du arreta adierazpenak, Istanbulgo Hitzarmenak (2011) aitortzen duenez. Era berean, indarkeria bikarioa ere salatzen du adierazpenak, alegia, seme-alabei edo pertsona maiteei egindako minaren bidez emakumearen aurka gauzatutako indarkeria; hori ere emakumeen aurkako genero-indarkeriaren beste forma bat da. Azaroaren 25eko Adierazpenak honako hau adierazten du, estatistiken arabera: “bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik indarkeria jasaten duten EAEko hamar emakumetik seik seme-alaba adingabeak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dira”.

Adierazpenaren testua Emakunderi eta BERDINSAREAri ere helarazi zaie; hain zuzen, BERDINSAREA berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako sarea da, EUDELek koordinatua eta Emakundek bultzatua.

>ADIERAZPENA deskargatu

Osasuneko sailburuaren Agindua. Agindu horrek azaroaren 17tik aurrera izango ditu ondorioak EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera.

AGINDUA, 2021eko azaroaren 16koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez 2021eko urriaren 6ko Aginduan jasotako neurriak ezartzen eta modulatzen baitira COVID-19 kutsatzeetan 14 eguneko tasa metatua 100.000 biztanleko 150etik gorakoa den udalerrietan -2021eko urriaren 6ko Agindua, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa-.

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa bildu da gaur, modu koordinatuan aztertzeko nola egokitu behar zaizkion Konstituzio Auzitegiaren azken epaiari Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga arautzen duten foru-xedapenak. Izatez, Konstituzio Auzitegiaren epaiak deusez deklaratzen ditu udal-gainbalio deituriko zerga hori arautzen duen Estatuko legearen artikulu jakin batzuk.

EUDELeko elkarteburuak eskerrak eman dizkie foru aldundiei erantzun azkarra emateagatik Konstituzio auzitagiaren epaiaren ondoren indarrean dagoen araudia egokitzeko: « Udal-gainbalioa ahalik eta galera ekonomiko txikienarekin aplikatzen jarraitzeko, zergadunentzat bidezkoagoa izateko eta udalei segurtasun juridiko handiagoa emateko. »

Gorka Urtaran, EUDELen Elkarteburuaren  BALORAZIOA

 

Organo hori osatzen dute Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkarik, foru-aldundietako hiru ordezkarik —Foru Aldundi bakoitzeko bat— eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaletako hiru ordezkarik —tokiko zergei buruzko gaiak jorratzen direnean sartzen direnak Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan—. Organo horren helburua nagusia da foru-aldundien arteko harmonizazioa, koordinazioa eta lankidetza sustatzea haien zerga-eskumenen barruan, betiere zerga-kudeaketan efikazia handiagoa lortze aldera.

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan ordezkatuta dauden erakundeen iritziz, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergaren zerga-oinarria zehazteko erregulazioa oso antzekoa da foru-araudian eta Konstituzioaren aurkakotzat jo den Estatuko araudian; hori dela eta, hiru foru-aldundiek, segurtasun juridikoagatik eta premiaz, egin dituzte zergaren erregulazioa Konstituzio Auzitegiaren epaian adierazitakora egokitzen duten arau-xedapenak, eta gaur egin den Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren bilerara bidali dituzte xedapen horiek.

2017. urteaz geroztik, eta Konstituzio Auzitegiaren beste epai baten ondoren, hiri-lurren balio gehikuntza eragiten ez duten egoerak ez dira zergapetzen; hartara, balio-gehikuntzarik gertatu ez dela egiaztatzen bada, ez da zergapetuko, interesdunak hala eskatuta.
Orain, zerga-oinarriaren zehaztapena aldatu, eta higiezinen merkatuaren errealitatera hurbiltzen da. Onartzen da udalek lurzoruaren katastro-balioak beherantz zuzentzeko aukera izatea, eguneratze-mailaren arabera. Halaber, gehieneko koefiziente batzuk ezartzen dira, lursaila erosi zenetik igarotako urte kopuruaren arabera. Koefiziente horiek urtero eguneratuko dira, egindako salerosketek izan duten prezioaren bilakaera kontuan hartuta, betiere zergapekoari aitortzen zaion zerga-karga benetan lortutako balio gehikuntzara egokitzeko ahalmena alde batera utzi gabe.

Hartara, foru-arauak Konstituzio Auzitegiaren epaiak ezarritakora egokituko dira, eta zerga-oinarria zehazteko metodo objektiboa ez da legez onartutako metodo bakarra izango. Horrez gain, balio-gehikuntzaren zuzeneko zenbatespenak ere onartuko dira, zergapekoak hala eskatzen duen kasuetan.

Zergapekoen zein zerga likidatzen duten udalen segurtasun juridikoa babestu ondoren, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan ordezkatuta dauden erakundeek adostu dute erakunde arteko lan-talde tekniko bat eratzea. Talde horretan hiru erakunde-mailak egongo dira ordezkatuta, eta taldearen helburua izango da Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergaren erreforma harmonizaturako proposamen bat prestatzea, ahalmen ekonomikoaren printzipioa beteko duena eta Udalen finantza-nahikotasuna ziurtatuko duena.