Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak –Emakunderen bidez– bultzatuta, Virginia Woolf BASQUESKOLA sareak 10 urteko ibilbidea egin du, EAE guztiko emakumezko alkate eta zinegotzien «berezko espazioa» izatea ere.
  • Konpromisoetatik ekintzetara: kontziliazio politikoa eta pertsonala; prebentzioa/indarkeria sexistaren aurkako erantzuna politikan; emakumeen eredu erreferenteak eta askotarikoak; ahalduntzea eta lidergo feministak; gizonezkoekin lan egitea; sareak tokiko elkarte eta eragileekin, gazteengana hurbiltzea.
  • Hamargarren urteurren hori gaur ospatu da Bilbon, «zainketa arduratsuen tokiko ereduari» buruzko topaketaren esparruan.

Bilbon, 2022ko uztailaren 9an.

Gaur goizean, Gorka Urtaran elkarteburuak eta Beatriz Artolazabal sailburuak tokiko emakumezko hautetsien sarearen 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia ireki dute. Sare hori Euskadiko Udalen Elkartearen eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren–Emakunderen bidez– lankidetzaz bultzatu da. Virginia Woolf Basqueskolaren urteko topaketa Bilboko Zabalgune eraikinean egin da aurten, eta EAEko emakumezko alkate eta zinegotzien berezko aliantza-gune horren talde eragileko kideak eta beste parte-hartzaile asko bildu ditu.

Basqueskola 2012an jaio zen Suediako emakume hautetsien sarean inspiratuta, eta ekimen aitzindaria izan zen Euskadin, baita Estatuan ere. Ekimena martxan jartzen lagundu zuten pertsona batzuk egon dira ekitaldian, besteak beste: Ibone Bengoetxea, EUDELeko elkarteburua 2011tik 2015era (orain EiTBko zuzendari kudeatzailea), Mar Zabala, EUDELeko zuzendari nagusia, eta Izaskun Landaida (Emakundeko egungo zuzendaria) garai hartan, Euskadiko Udalen Elkartearen berdintasun-ordezkaria, Ugaoko alkate gisa.

Ekimena sustatu duten bi erakundeek batera aitortu dute hiru lurraldeetako, eta neurri eta sentsibilitate politiko askotarikoetako emakume hautetsien lan “indibidual eta kolektiboa”, “sarea ehuntzen” lagundu baitute.

GORKA URTARAN

EUDELeko elkarteburuak bere hitzaldian honako hau adierazi du: “Eremu pribatuan, emakumeei dagozkie etxea eta familia zaintzaren zatirik handiena, eta horrek zailago egiten du biztanleriaren ehuneko berrogeita hamarraren parte-hartze publikoa”.

Gorka Urtaranek nabarmendu duenez Basqueskola emakume politikarien sare bat baino zerbait gehiago da: “Emakumeen mugimendu feminista bat da, eremu publikoan emakumeen parte-hartzea bermatzeko lan egiten duena, hainbeste denboran ukatu zaien espazio bat berreskuratzeko”.

Vitoria-Gasteizko alkate gisa, Gorka Urtaranek foro honetan egon dela baliatu du azpimarratzeko zer garrantzi duen gizonezkoen inplikazioak gizarte berdinzaleago bat lortzeko. Elkarteburuak EUDELeko gizon hautetsiek GIZONDUZ prestakuntza-planean parte hartzen dutela azaldu du. Ekimen hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ere sustatzen du, Emakunderen bitartez

BEATRIZ ARTOLAZABAL

Bestalde, Beatriz Artolazabalek, Euskadiko gobernu bateko lehenbiziko berdintasun-sailburuak, emakumeek parte-hartze publikoan eta lidergoan egindako aurrerapausoak goraipatu ditu, baina “oraindik ere zenbait urrats egiteke daudela” aitortu du. Artolazabalek Basqueskolaren helburuen balioa aipatu du: “Emakumeen lidergoa bultzatzea; emakumeen ahalduntzeari buruzko heziketa ematea; emakumeek tokiko erakundeetan duten eragina indartzea; eta emakumeak bakarrik ez daudela eta politika egiteko beste modu bat dagoela erakustea”. Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela “emakumeak erabaki-guneetan egotea, baita elkarren arteko sareak eratzea ere”.

Sailburuaren hitzaldiaren ardatz nagusia ahalduntzearen sustapena izan da, hori izango baita “lanabesa” ardura-kargu batek berez dituenei gehitutako zailtasunak gainditzeko; azaldu duenez, “funtsezkoa da emakumeen parte-hartze soziopolitikoari bultzada emateko”.

Azkenik, Beatriz Artolazabalek zaintza ere izan du hizpide. “Garapen ekonomiko eta kulturala eta ongizate sozial handia duen gizarte batek ezin du onartu herritarren zati batek, emakumeek, zaintza-lan gehiena berenganatzea. Zaintza baloratzeko eta berdintasunez banatzeko beharra jasota dago garapen jasangarrirako 2030 Agendan, Berdintasun Planean eta sustatzen ari garen Berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Itunean”, gogorarazi du.

Sarearen hamargarren urteurrenaren ospakizunak bat egin du Basqueskolaren urteko jardunaldiarekin, zeinak aurten «Zainketen tokiko eredu berri baterantz» izenburua izan duen. Matxalen Lejarreta soziologiako doktore eta EHUko ikertzaileak Zertaz ari gara feminismoetatik zainketez ari garenean? hitzaldia eman du, bizitzaren erdigunean zaintza duen sistema baterantz aurrera egiteko gakoei buruz.

Jardunaldiaren egitaraua osatzeko, arlo honetako udal-esperientzia aitzindarien panela egon da. Mahai-inguruan Amurrioko alkate Txerra Molionuevok, Elorrioko alkate Idoia Buruagak eta Pasaiako zinegotzi Loreto Osak hartu dute parte. EAEtik kanpoko esperientzia gonbidatu gisa, Bartzelonako Udalak hartu du parte, eta Gizarte Ekintzako mandatari Sonia Fuertes izan du ordezkari.

Toki-agintaldi berrirako konpromisoak

Elgoibarko alkate eta EUDELek Basqueskolan duen Batzorde Eragilearen ordezkari Ane Beitiak aurreratu duenez, 2023ko udal hauteskundeen ondoren eratuko diren euskal udaletako emakume hautetsi berriei harrera egiteko programa espezifiko bat prestatzen ari dira.

Ekitaldiaren une nagusian, Basqueskolako lau ordezkarik hitza hartu dute 2023-2026 arteko udal legealdi berrian ondorengoei transferitu nahi dizkieten konpromisoak azaltzeko. Maite Etxebarria Abanto-Zierbenako alkatea, Carmen Díaz Getxoko zinegotzia, Maite Cordoba La Puebla de Labarcako alkatea, eta Paula Amieva Getxoko zinegotzia, mezu hauen bozeramaileak izan dira:

1.- Basqueskolak laguntza ematea emakumeek udal-politikan duten sarbidea, iraupena eta eragina hobetzeko.

Ekintzak: bizitza politikoa, profesionala eta pertsonala uztartzearen alde lan egitea. Desparekotasunak eta estereotipoak agerian jartzea. Politikan dagoen indarkeria sexista prebenitzea, gaiari buruz kontzientziatzea eta indarkeria horri aurre egitea.

2.- Basqueskolak emakume gehiago eta askotarikoak politikako partaidetzara erakartzeko lan egitea.

Ekintzak: eredu desberdinen araberako emakume erreferenteak ikusaraztea. Basqueskolako harrera-sarea zabaltzea, tokiko emakume hautetsi berriei laguntzeko. Emakume gazteak emakume-erakundeekin elkartzeko eta haietara hurbiltzeko guneak sortzea.

3.- Basqueskolak tokiko politika eraldatuko duen lidergo feminista bat eraikitzeko lan egitea.

Ekintzak: feminismoari eta lidergoari buruzko prestakuntza-eskaintza handitzea, ahalduntze kolektibo feministaren ikuspegitik, Basqueskolan eta udaletan.

4.- Basqueskolak sare eta aliantzak modu estrategikoan ezartzeko lan egitea, Basqueskola GENERATION EQUALITY konpromisoak bultzatze aldera.

Ekintzak: udal-bizitzan inplikatuta dauden eragile eta erakundeekin sarean lan egiteko guneak sustatzea. Berdintasuneko jardunbideen bitartez tokiko politika eraldatzeko konpromisoa duten tokiko hautetsiekin elkartzeko guneak sustatzea.

Euskal emakume hautetsien lidergoaren egoera

EAEko tokiko ordezkaritza politikoa

1.215 tokiko emakume hautetsi (%46) / 77 emakume alkate (%30,7)

  • Araba: 182 emakume hautetsi (%42,5) / 13 emakume alkate
  • Bizkaia:  575 emakume hautetsi (%46,5) / 35 emakume alkate
  • Gipuzkoa: 458 emakume hautetsi (%46,7) / 29 emakume alkate

Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak ordezkaritza politikoari buruz egindako azken txostenaren arabera, EAEko udalak emakumeen eta gizonen artean oreka handiena duten tokiko gobernuen buruan daude (hautetsien %46 emakumeak dira), Europako batez besteko %29aren eta Espainiako Estatuko %36aren oso gainetik.

Halaber, Euskadiko tokiko gobernuetan, alkateen %30,7 emakumeak dira; hala, Europako batezbestekoa gainditzen du (%15), eta, Islandiarekin, Suediarekin, Finlandiarekin, Norvegiarekin eta Suitzarekin batera, emakumezko alkateen ehuneko handiena duten bost herrialdeen artean dago.

Basqueskolak hamar urte

Basqueskolak Europa mailako aitorpena lortu du «jardunbide egoki» gisa, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren aldetik; era berean, Commonwealtheko Tokiko Gobernuen Foroaren aitorpena jaso du.

Euskadiko sare hau esperientzia eredu gisa gonbidatua izan da nazioarteko foroetan, hauetan, besteak beste: Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Goi Bileran, Cuscon, Perun (2022ko martxoa); Uruguaiko Emakumeen Institutuan (2021eko azaroa); Flandriako gobernuak eta New Yorkeko Udalak elkarrekin antolatutako jardunbide egokien foroan (2021eko martxoa); eta tokiko emakume hautetsien arteko topaketan, El Salvadorren (2019ko ekaina).

Sarearen helburu nagusietako bat da formakuntza, coaching eta emakume ezagutza-trukea. Besteak beste, gai hauek landu dira: emakumeen arteko itunak eta aliantzak; denboraren erabilera partaidetza politikoan eta bizitza pertsonalean; emakumeen memoria historikoa berreskuratzea; berdintasunezko jaien eredua, eta, berrikiago, NBE Emakumeak erakundearen Beijing + 25 ekimena, zeinak, Eusko Jaurlaritza buru dela, Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Ituna sorrarazi duen.

Esperientzia handiena duten emakume hautetsien kargurako BIDELAGUN mentoretza-programa 2019tik 2020ra abiarazi zen, programa pilotu berritzaile gisa. Hamabost emakume mentorek hautetsi berri bati edo gehiagori egin zieten harrera eta eman zieten laguntza. Guztira, 33 udalerritako beste hainbeste emakume hautetsik hartu zuten parte.

2022ko uztailaren 8a. Gaur goizean, udaltzaingoen eta Berdintasuneko udal-sailen arteko truke-tailerra egin da Hernanin (Kulturarteko Plaza Feminista), “Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei ematen dieten Arreta eta Koordinazioa”ri buruz. Tailerra aurrez aurre zein online egin da, zuzenean, eta Berdinsarea udalen sarearen urteko jarduera-programari dagokio; EUDELek koordinatua, Emakunde-Eusko Jaurlaritzaren sustapenarekin batera.

“Berdintrukeak” berdintasunaren arloko estrategia onak trukatzeko tailerrak dira, hainbat eremu eta gairen inguruan. Halaber, berdintasun-arloak inplikatzen dituzte, gainerako udal-arloekin batera. Gaurko saioak aukera eman du euskal udalerrietako udaltzaingoen ibilbidea aztertzeko, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen koordinazio eta arretaren arloan.

Itxaso Lekuonak, Hernaniko Udaleko Berdintasun zinegotziak, ongietorria eman die topaketan parte hartu duten pertsonei. Ekitaldia Eukene de Miguelek, EUDELeko Berdintasun teknikariak, koordinatu du.

Tailerra gauzatze aldera, udal esperientziak trukatzeko mahaia osatu da. Bertan, EAEko bost udaletako udaltzaingoetako eta berdintasuneko ordezkariek parte hartu dute, ordena honetan: Azpeitia, Bilbo, Hernani, Donostia eta Vitoria-Gasteiz.

Aldez aurretik “elkarrizketa-mahai” bat egin da, aztergai den gaian polizien jarduna testuinguruan kokatzeko. Pilar Carrerek, Donostiako hiri-guardiako agente erretiratuak, orain arte egindako bideari eta polizien erronka berriei buruzko ikuspegia eman du.

Beraz gain, Oscar Fernándezek, Ertzaintzako genero-indarkeriaren prozesuko taldeko kideak, polizien zeregina eta koordinazioa jorratu ditu tokiko protokoloen esparruan; zehatzago esanda, bere azalpena EBA proiektuan oinarritu da. Sistema digital horri esker, modu partekatuan kudeatzen dira Ertzaintzaren eta Euskadiko Udaltzaingoen delituengatiko espedienteak, “Genero-Indarkeria eta Etxeko Indarkeria”ri dagozkienak. Era berean, in­for­mazioa denbora errealean partekatzen da, eta emakumeen eta haien seme-alaben arriskua balioesten da, besteak beste, arriskuaren araberako babes egokia ezartzeko helburuarekin.

Saioaren amaieran, galderen txanda izan da eta debatea sustatu da bertaratu direnen artean, udalerriek gai horri buruzko ideiak truka ditzaten, beren toki-prozesuetan txertatze aldera.

Berdinsarea: laborategia eta behatokia

Berdinsarea “laborategia” eta behatoki-gunea da, tokiko esperientziak partekatu ahal izateko eta hausnarketarako bidea eman ahal izateko EAEko udalerri guztiei. Sareak lankidetza errazten du, bai eta tamaina desberdinetako udalen arteko koordinazioa ere, gainerako euskal erakundeekin elkarlanean.

2021ean 15 urte bete zituen Sareak tokiko berdintasun-politiken alde lan egiten. Euskal biztanleriaren % 80 baino gehiago ordezkatzen du. Sare aitzindaria da, eta Berdintasunerako Europako Gutunarekin batera sortu zen. Egun, Europako abangoardiako politikekin bat eginda jarraitzen du. Sarea praktika berritzaileenak dituzten udalek gidatzen dute. Udal horiek estrategia eta ekintza komunak lantzen dituzte aurrerapausoak lortze aldera, berdintasunaren arloan, eta emakumeenganako indarkeriaren kontra.

Informazio gehiago: www.berdinsarea.eus

  • Gorka Urtaranek Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (CEMR) Zuzendaritza Batzordearen urteroko bileran parte hartu du; Adierazpena sinatu da 170 tokiko eta eskualdeko ordezkari biltzen dituen organo horretan.
  • CMRE Europako udalgintzaren erakunde ordezkari nagusia da, eta Europa osoko 41 herrialdetako tokiko gobernuen hirurogei elkarte biltzen ditu.

2022ko uztailak 5. Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak, Zuzendaritza Batzordeko kidea den aldetik, telematikoki parte hartu du uztailaren 4 eta 5ean Bolonian (Italia) egiten ari den Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (CEMR) bileran. Lehen jardunaldian, atzo arratsaldean, batzordeko kideek zazpi puntuko adierazpen bat berretsi zuten. Adierazpen horrek Georgiako, Moldaviako Errepublikako eta Ukrainako “Hirukote-ikuspuntu holistikoaren” alde egiten du, eta hiru herrialde horiei EBko kide izateko “hautagai-estatusa” eman behar zaiela dio.

Bileran parte-hartze esanguratsua izan dute bai Zhytomyrreko alkateak, Serhiy Sukhomlinek, bai eta Khmelnytskyiko alkateak, Oleksandr Symchyshyn-ek, ere. Biak egon dira gonbidatu gisa, Ukrainako udalerrien elkartearen izenean. Inaugurazioa hauek egin dute: Stefano Bonaccinik, Emilia-Romaña Eskualdeko presidente eta CEMRko presidenteak; eta Patrizio Bianchik, Italiako Hezkuntza ministroak.

Bileraren esparruan, Gorka Urtarenek “zentzu zabaleko Europa batean batzea”ren alde egin du; lankidetza deszentralizatuan eta balio komunen defentsan oinarritutako Europa, kultur eta hizkuntz dibertsitatearen errespetua abiapuntu duena. “Europa giza eskubideen eta oinarriko askatasunen gure etxe komuna da. EUDELek aktiboki parte hartzen du 41 herrialdetako udalgintza ordezkatzen duen CEMRn. Plataforma honek laguntza ematen digu elkarlanean jarduteko eta interes komuneko gaiei heltzeko, eta, hala, Europako udalerri eta eskualdeen egonkortasuna, jasangarritasuna eta oparotasuna sendotzeko”.

EUDELeko elkarteburuak nabarmendu du garrantzitsua dela euskal udalak EUDELen bidez ordezkatuta egotea batzorde politiko honetan, “euskal udalerrien ahotsa ere lagungarri izan dadin Europan pertsonak erdigunean jarriko dituzten politikak sustatzeko, ingurune baketsuak, sozialki kohesionatuak eta ekonomikoki eta ingurumenari dagokionez oparoak lortzeko, gure kontinenteko eta mundu osoko herritarrentzat”.

Zuzendaritza Batzordea CMER-n gobernu-organo gorena da, eta 170 tokiko eta eskualdeko ordezkarik osatzen dute. Horien artean, EUDELeko elkarteburuak. Batzordea urtean bi aldiz biltzen da gutxienez, udal-autonomiari eta tokiko gobernuen interesei eragiten dieten Europako eta nazioarteko gaiak jorratzeko.

Ukrainari laguntzeko azken ekintzak eta herrialdearen egungo egoera aztertzeaz gain, Bolonian bildu diren udal ordezkariek parte hartu dute Big Data-ren estrategia lokalen elkartrukean, Klimara egokitze aldera. Halaber, Berdintasunerako Europako Gutuna eta Emakumeen aurkako Indarkeriaren aurkako Europako Zuzentarau berria eguneratzeari buruzko posizionamendu-dokumentuak onartu dira. Topaketaren esparruan, CEMRk hautetsi gazteen batzorde berria aurkeztu du eta atxikimendu berriak gehitzera gonbidatu du.

Adierazpena

Zuzendaritza Batzordeko kideek atzo onetsi zuten CEMR-n Adierazpena Europako Kontseiluaren azken saioaren (ekainak 23-24) aurretik landu zen. Bertan, EBko kide izateko hautagai-estatusa onartu zitzaien Ukrainari eta Moldaviari. Georgiari dagokionez, berriz, Europako Batzordeak haren atxikimendu-eskariari buruz emandako irizpenean ezarritako lehentasunei ekin behar zaie lehenik. Atxikipenerako hurrengo negoziazioetan, CEMRk espero du “europar erakundeek eta eskudun agintariek kontuan izango dituztela alderdi hauek, Ukraina, Moldavia eta Georgia Europar Batasuneko kide izateko hautagai-estatusa babesteko”

Adierazpenaren 4. eta 5. puntuetan, CEMRk “Hiruko ikuspegi holistiko bat defendatzeko konpromisoa hartu du, eta prest dago Ukraina, Moldavia eta Georgia Europar Batasunera atxikitzeko prozesuari tokiko ikuspegitik laguntzeko”. Bereziki, CEMRk “tokiko gobernuak eta haien elkarteak babesten jarraituko du EB eta agenda globalak lokalizatzeko”, eta adibide gisa Garapen Iraunkorraren Helburuak, Green Deal eta Parisko Akordioak aipatu ditu.

  1. puntuan, CEMRk azpimarratzen du “lankidetza deszentralizatuaren zeregina garrantzitsua dela”, eta eredutzat aipatzen ditu parekoen arteko elkartrukeak, udal-elkarteak, tutoretza, azterketa egiteko bisitak, adiskidetzeak, mintegiak eta gaikuntzak, “erakundeetan egin beharreko aldaketei laguntzeko eta integrazio jasangarriko prozesua bermatzeko”. Bereziki, “zailtasun sozioekonomikoak gainditzeko, COVID-19aren pandemiaren larrialdi- eta suspertze-faseetan eta Ukrainako gerra ostekoan”.

Adierazpenak azken puntuan jasotzen duenez, “hiru herrialdeei hautagai-estatusa emateak eragin nabarmena izango du hiru herrialdeetan sendotzeko tokiko demokrazia, tokiko autonomia eta epe luzerako garapen iraunkorrerako funtsezko deszentralizazio-erreformak”. Eta, aldi berean, “aukera emango lieke tokiko gobernuei beren eskubide espezifikoak izateko eta erantzukizun garrantzitsu horretarako teknologiak, praktikak, tresna administratiboak eta finantzarioak hobeto hornitzeko”.

Informazio gehiago: https://www.ccre.org/

Euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programa’

Laguntza horien aurrekontua 10 milioi eurokoa da (2021-2023), eta eskaerak egiteko epea 2023ko ekainaren 30era arte egongo da indarrean, edo aurrekontua agortu arte. Eskaerak Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez kudeatzen ari dira: eskabideak izapidetzeko web-atala.

Dokumentu interesgarri gisa, deialdiaren oinarriak eta laguntza horien aurkezpena (ppt) eskura jartzen dira. Laguntzak indarrean, 2021eko maiatzaren 19an, sartu baino lehen, horren berri udalei eman zuten EUDELek eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak.

DEIALDIAREN OINARRIAK

AURKEZPENA

Jaurlaritzak 2021/05/26an antolatutako webinar informatiboaren BIDEOA ikus daiteke: https://youtu.be/T4n2zgKn1n8

Donostia 2022/06/29

Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak eta Gasteizko alkateak, gaur goizean, Euskadi Lagunkoiaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiaren inaugurazioan parte hartu du, Tabakaleran (Donostia). Ekimen hori Eusko Jaurlaritzak sustatzen du eta Matia fundazioak jarri du abian; ekimenaren helburua da herritarren parte-hartzea sustatzea, EAEko auzoak, herriak eta udalerriak garraioaren, etxebizitzaren, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren eremuetan hobetzeko, bai eta eraikinak eta aire zabaleko espazioak ere.

Hitzordua Iñigo Urkullu lehendakariak itxi du, eta, hartan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta Nekane Arzallus Donostiako alkateordeak ere parte hartu dute.

 Gorka Urtararanen hitzaldiaren Bideoa

Gorka Urtaranek honako hau nabarmendu du: “Zahartzea da gure gizartearen erronkarik handienetako bat, eta udalok funtsezko zeregina dugu udalerrietan isolamendu- eta bakardade-egoerak prebenitzeko. Esate baterako, toki-erkidegoaren alde adinekoen partaidetza eta belaunaldien arteko topagunea sustatzen duten programen bidez egin daiteke hori”.

Euskadi Lagunkoiari buruz EUDELeko elkarteburuak honako hau esan du: “batik bat, balioen sarea da: Europako tradizioari lotutako balioen sarea da: kohesioa, elkarlana, elkartasuna, berdintasuna, inklusioa… Benetako balioak; herri eta hiri osasungarriak, jasangarriak eta erresilienteak eraikitzeko ezinbesteko balioak”.

OMEk udalerri lagunkoiak pertsonen eta zahartze aktiboaren arteko bizikidetza sustatzen duten hiri-ingurune integratzaile eta irisgarri gisa definitzen ditu. Euskadi Lagunkoia, abian jarri zenetik, hazten joan da, eta, orain, EAE osoko 70 udalerrik osatzen dute sarea: Gipuzkoa 25ek, Bizkaiko 27k eta Arabako 18k.

Lagunkoitasunaren aldeko mugimendua EAEn 2009. urtean hasi zen, Donostia OMEren Mundu Sarean sartu zenean. Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Durango ere ekimenari atxiki zitzaizkion, handik gutxira.

Udalerri horiek guztiak aitzindariak izan dira estatu-mailan lagunkoitasunaren garapenean, eta, 2016an, formalki atxiki zitzaizkion Euskadi Lagunkoia sareari; sareak udalerriak, erakundeak eta pertsonak barne hartzen ditu, bai eremu pribatukoak bai publikokoak eta sozialekoak.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politika sailburuak azpimarratu du Euskadi Lagunkoiaren helburua herritarren parte-hartzea sustatzea dela, auzoak, herriak eta udalerriak hobetzeko, garraioaren, etxebizitzaren, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren, eraikinen edo aire libreko eremuen arloan, besteak beste. Artolazabalek goraipatu du 2012an Euskadi Lagunkoia ekimena abian jarri zutenean ezarritako helburu nagusiak bete direla: “Herritarren eta sektore publikoaren, pribatuaren eta sozialaren parte-hartzea sustatzea, Euskadin mugimendu lagunkoia garatu ahal izateko; adineko pertsonen herritartasun aktiboa sustatzea erabakietan parte hartuz eta inguruak hobetuz, eta Euskadiko herriek eta hiriek ongizatea sortzeko garaian duten ahalmena aprobetxatzea”.

Iñigo Urkullu lehendakariak itxi du hitzordua eta adierazi du bizitza aktiboa eta autonomoa luzatzea hiri-eremuen eta ingurune etxetiarren diseinuaren, segurtasunaren eta egokitasunaren menpe dagoela hein handi batean. Urkulluk esan du adineko pertsonak “aldaketaren eragileak, arduratsuak eta Euskadi Lagunkoia ekimenaren protagonistak” direla. “Gainerako herritarren inplikazioa sustatzen duen motorra dira, udalerriak eremu lagunkoiagoak izatea lortzeko lan komunaren barruan”.

Informazio gehiago:

https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/78416-euskadi-lagunkoia-celebra-sus-primeros-diez-anos-vida-con-objetivo-que-los-municipios-vascos-sean-cada-vez-mas-inclusivos-accesibles-amigables

 

 

  • Emakunde, IHOBEk eta EUDELek antolatuta, “Klima-aldaketa genero-ikuspegitik, tokiko erronka” jardunaldia ospatu da Gasteizen
  • Lorena Aguilar nazioarteko adituak klima-aldaketaren aurkako politikek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna kontuan hartu behar dutela gogoratu du

Gasteiz, 2022/06/28

Gaur goizean “Klima-aldaketa genero-ikuspegitik, tokiko erronka” jardunaldia ospatu da Gasteizko Montehermoso Kulturunean Emakundek, IHOBEk eta EUDELek antolatuta. Saioa toki administrazioko berdintasun eta ingurumen arloetako teknikariei eta politikariei zuzenduta egon da bereziki, Lorena Aguilar nazioarteko adituaren bisita dela eta. Aditu hori Latinoamerika eta Kariberako Batzorde Ekonomikoko (CEPAL) ingurumen eta generoan aditua da, eta Emakundek gonbidatu du Euskadira.

Jardunaldian Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, Gasteizko Udaleko Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landak eta IHOBEko klima- ekintzako zuzendari Mª del Mar Alonso Martínek parte hartu dute, eta Lorena Aguilarrek “Klima-aldaketari erantzuteko emakumeen berdintasuna eta ahalduntzea sustatzen duten tokiko praktikak” izeneko hitzaldia eman du.

Datorren ekainaren 30ean eta ekainaren 1erako Donostiako Miramar Jauregian Emakundek antolatutako Klima aldaketa eta feminismoa udako ikastaroan parte hartuko du Aguilarrek eta arrazoi horregatik dago egunotan Euskadin.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi du jardunaldia ekainaren 15ean aurkeztu zen Berdintasunerako eta indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko

Herri-Itunaren testuinguruan kokatzen dela, hau osatzen duten hamar konpromisoen artean genero-ikuspegia duen trantsizio ekologikoa jasotzen baita.

Lorena Aguilarrek nabarmendu du beharrezkoa dela generoaren eta ingurumen- faktoreen arteko loturei buruzko ikerketak bultzatzea, sexua eta intersekzionalitatearekin eta kultura aniztasunarekin lotutako aldagaiak biltzea ingurunearekin lotutako administrazio-datuen iturrietan, eta klima-aldaketaren aurkako politikek, estrategiek, neurriek eta ekintzek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna kontuan hartzea.

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere aldarrikatu nahi dugu euskal gizarteak afektibotasunari, sexuari eta generoari dagokionez aniztasunean bizitzeko daukan eskubidea. 53 urte dira New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu zirela. 1969ko ekainaren 28 hartan, manifestazio espontaneo eta bortitzak egin zituzten, New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan poliziak egindako sarekadaren kontra.

ADIERAZPENA JAITSI

Maiz adierazten da istilu horiek lehen aldia izan zirela Estatu Batuetako historian, non LGTBI komunitateak matxinada egin zuen komunitatea Gobernuaren onespenarekin jazartzen zituen sistemaren aurka. Horregatik, LGBTI kolektiboaren eskubideen aldeko mugimendu garaikidearen hazitzat hartzen dira mundu osoan.

Eusko Jaurlaritzaren Berdindu! Zerbitzuak- LGTBI kolektiboko kideei informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizkienak-  aitortza egin nahi die kolektiboak gaur egun dituen eskubideak lortzeko bidean bizia galdu zutenei eta aktibismoari denbora eta izerdia eskaini zizkiotenei. Halaber, ezin da ahanzturan erori aktibistek egin zuten eta egiten diharduten gizarte-eraldaketako lana.

Horrez gain, belaunaldi berriengan ere jarri nahi dugu arreta, oraindik ere lortzeke dauzkagun eskubide askoren alde ari baitira lanean. Azkenik, aipamena egin nahi diegu gure lurraldearen mugetatik kanpo borrokan ari eta kolektiboari eragiten dioten Giza Eskubideen urraketen aurka altxatzen direnei.

Berdindu! zerbitzuko kideon iritziz, erne egoten jarraitu behar dugu lurraldean gertatutako LGTBI kolektiboaren aurkako erasoen eta sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako ideia politiko jakinen aurrean. Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu, eta euren bizi-prozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak egituratu. Era berean, kolektiboari ikusgarritasuna eman behar diogu gizartean, eta elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugu.

Gonbita luzatzen diogu euskal gizarteari denoi eragiten digun prozesu honetan esku hartzeko, kolektiboarentzat horren garrantzitsua den egun hau ospatzeko eta ez ahazteko Berdindu! zerbitzuak egunero diharduela lanean. Izan ere, gizarte anitz honetako kide guztioi eragiten digu aferak, eta denoi dagokigu borrokan parte hartzea.

Azkenik, deia egin nahi dizuegu gaurko egunari ikusgarritasuna emateko eta gizartea sentsibilizatzeko antolatutako aldarrikapen ekitaldietan parte hartzeko, bai sare sozialen eta komunikabideen bidez, bai kaleetan. Txikia izanik ere, ekintza oro baita garrantzitsua aniztasunaren aldeko borrokan.

Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburua, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailarekin batera antolatutako Iruzurraren aurkako Neurrien Planari buruzko webinar-ikastaroren irekieran mintzatu da gaur. Plan hori exijitzen zaie Next Generationetik datozen europar laguntzak kudeatuko dituzten erakunde eta organismo guztiei. Laurogei pertsonak baino gehiagok –gaiarekin zerikusia duten udal-arduradun eta langileek– hartu dute parte, telematikoki, EUDELen egoitzatik deitutako saioan.

Gorka Urtaranek azpimarratu du Europako ezohiko funtsek “aukera” dakartela Euskadiren eraldaketa jasangarri eta erresilientean aurrera egiteko, bertako herri eta hiriak hobetuz. EUDELeko elkarteburuak Eusko Jaurlaritzaren lankidetza eskertu du, eta, zehazki, elkarteari ematen ari zaion zerbitzua, euskal udalak “informatzeko eta orientatzeko” xedea duena, haiek ahalik eta Europako deialdi gehienetara iritsi ahal izateko. Horrekin batera, dokumentu-ereduak ematen zaizkie, Next Generationen “eskakizun zorrotzak” bete ahal izan ditzaten, eta ezohiko funts horien izapide administratiboak eta betearazpenari dagozkionak arindu ditzaten.

Gorka Urtaranek euskal udalei emandako europar funtsen laguntzei buruzko azken datuak eman ditu: 114 milioi euro, ehun euskal udalentzat baino gehiagorentzat. EUDELeko elkarteburuak adierazi duenez, aurreikusten da zenbateko hori hazi egingo dela hurrengo hilabeteetan, martxan dauden deialdiak ebatzi edo beste laguntza-programa batzuk sustatu ahala.

Ikastaroko hizlari nagusiak, Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuorde Iñaki Barredok, xehe azaldu du Eusko Jaurlaritzak egindako Iruzurraren aurkako Planaren edukia. Beraien udal-egoera espezifikora egokitutako plana lantzeko kontuan izan behar dituzten neurri eta alderdi garrantzitsuenen berri eman die Barredok udal-arduradunei, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko (SEM) Europako eta Estatuko araudiaren eskakizunekin bat egiteko xedez (HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa).

Eusko Jaurlaritzaren lankidetza hori EUDEL Next EU! (https://next.eudel.eus/eus/) zerbitzuaren barruan EUDELek sortu dituen materialen osagarri da. Horien artean, kontratazio-gidaliburu bat eta 22 kontratu-eredu daude, baita Next Generationen metodologiari egokitutako zenbait prozedura ere.

EUDELen zerbitzua bostehun kontakturi baino gehiagori zuzentzen zaie, eta toki-erakundeentzako 31 europar laguntza –zerbitzu publikoen alorrekoak, eta eraldaketa sozial, digital eta ingurumen-arloko eraldaketa-proiektuei dagozkionak– aztertu, eta horien berri eman die udalei: emisio baxuko eremuak, energia-efizientzia, eraikin publikoen birgaitzea, saneamendua eta ur-hornidura, merkataritza eta udal-merkatuak, jasangarritasun turistikoko planak, tokiko enplegua eta garapena, eraldaketa digitala, etab.

Lotutako albistea: EUDEL eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean ari dira Europako funtsak udaletan gauzatzea bizkortzeko