Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Udalkutxa udal finantzaketarako foru funtserako aurreikuspena, gaur arratsaldean egindako Finantzen Lurralde Kontseiluan onartua, 1.010,38 milioi eurokoa izango da. Horrek esan nahi du % 6,8 handituko dela aurten jasotako zenbatekoarekin alderatuta, eta % 4,69 2022ko ekitaldiko likidazio-aurreikuspenekin alderatuta.

2022ko ekitaldiaren itxiera otsailean jakingo den arren, likidazioa positiboa izango dela aurreikusten da, 18,78 milioi eurokoa, hau da, egindako konturako ekarpenekiko % 2.

Bilbo, 2022ko urriaren 20a. Gaur arratsaldean egindako bileran, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak ontzat eman du 2023an Bizkaiko udalen artean banatzekoa den funtsen estimazioa, zeina, guztira, 1.1.010,38 milioi eurokoa izango baita. 1.000,96 milioi euro Udalkutxatik eta 9,42 milioi Gizarte Zerbitzuen Funtsaren bitartez.

Udalkutxa Foru Funtsa % 6,8 handituko da 2022ko ekitaldiko aurrekontuan jasotako aurreikuspenarekin alderatuta, eta % 4,69 2022ko likidazio-aurreikuspenarekin alderatuta, zeina datorren urteko otsailean ezagutuko baita.

Zenbateko hori proportzionalki banatuko da Bizkaiko udalen artean, Udalkutxa-Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez. Udalkutxatik jasotako diru hori funtsezkoa da udalek hurrengo ekitaldirako beren aurrekontuak prestatu ahal ditzaten. Udalerrien arteko banaketa irizpide hauen arabera egiten da: biztanleria, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikastetxe kopurua edo biztanleriaren sakabanaketa.

Bileran, halaber, aurtengo 2022ko ekitaldiko Udalkutxa Funtsaren likidazioa ixteko aurreikuspenak aztertu dira. Behin betiko datuak Finantzen Lurralde Kontseiluaren datorren otsaileko bileran ezagutuko badira ere, badirudi likidazioa berriz positiboa izango dela, 18,78 milioi euroko zenbatekoarekin, eta zenbateko hori udalen artean banatuko dela 2023ko otsaileko behin betiko likidazioaren ondoren.

Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari dagokienez, 2023ko ekitaldirako arau fiskalak etenda mantentzen dira, 2020, 2021 eta 2022ko ekitaldietan egin zen bezala. Bizkaiko Foru Aldundiko eta udalerrietako ordezkariek uste dute zuhurrak eta arduratsuak izan behar dutela gaur egungo eta etorkizuneko gastuetan, eta finantza-iraunkortasunaren printzipioa zorrotz bete behar dutela. Era berean, toki-erakunde bat epe luzera aurrezki garbi negatiboarekin zorpetu ezinari dagokionez, normaltasunera itzultzea erabaki da.

Genero-indarkeriaren aurkako Estatu Itunetik datozen funtsak banatzea ere erabaki da. 1.341.440,27 euro banatuko dira Bizkaiko udalerrien artean. Udalerri bakoitzari kopuru finko bat egokituko zaio udalerri bakoitzeko, 3.000 euro gehi 0,87 zentimo biztanleko.

Finantzetako Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzetako Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da, udal finantzaketaren banaketaz arduratzen dena, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia-finantza eta aurrekontu arloetako jarduera koordinatzen du. Hamar kidek osatzen dira. Bost Bizkaiko Foru Aldundikoak dira, eta gainerako bostak, berriz, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkariak dira, hain zuzen ere, Balmaseda, Bilbo, Ermua, Larrabetzu eta Muskizeko udaletakoak.

EUDELek tresna praktiko bat jarriko du eskura, tokiko gobernuak Garapen Jasangarrirako Helburuekiko duen konpromisoa udal aurrekontuetan islatze aldera.

Gida hori Batzorde Eragileak baliozkotu du, eta 2021eko Batzar Orokorrean ekimena bultzatzeaz arduratu izan da. Metodologia udal talde batekin kontrastatu da, tamaina desberdinetako erakundeetan aplikatzeko erraza eta erosoa izateko asmoz.

Tresna bizia da, etorkizuneko garapenei irekia, Euskadiko 2030 Agendaren eta Eragile Anitzeko Foroaren erakundeen arteko lanaren esparruan.

Erantsitako dokumentuak:

  • “Gida praktikoa, udal-aurrekontua GJHekin lerrokatzen hasteko”.
  • Excel-a, gastu-programak eta GJHak lerrokatzeko.
  • Emaitzen txostenaren txantiloia.

Webinarra, 2022/10/24 (Zoom)

Euskadiko udaletan ekimen aitzindaria denez, informazio-webinar batera deitzen zaituztegu. Bertan zehaztasun osoz azalduko dizuegu tresna, eta erabiltzen hasteko moduari buruzko zalantzak argituko dizkizuegu.

  • Urriaren 24a, astelehena, 12:00etatik 13:30era (bideokonferentzia, ZOOM bidez).

Beharrezkoa da aldez aurretiko izen-ematea, konexio-esteka jaso ahal izateko.

IZEN-EMATEA

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Vitoria-Gasteizen urriaren 14an egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta euskal udalek, besteak beste, erabaki hauek hartu dituzte:

Gaurko bileran 2022ko ekitaldirako zerga itunduen ondoriozko diru-bilketaren likidazioaren aurreikuspenak onartu dira, 17.109 milioi euro.

Hurrengo ekitaldiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak BPG nominalaren % 5,1eko igoera aurreikusten du 2023rako. Termino absolutuetan, estimazioen arabera, foru-aldundiek 2023an zerga itunduen ondorioz 18.072,9M€ bilduko dituzte.

Foru-aldundiek erakunde komunei 2023rako egin beharreko ekarpenak guztira 11.900 milioi eurokoak izatea adostu da, honako ekarpen-koefiziente horizontal hauen arabera: % 16,05 Araba, % 50,54 Bizkaia eta % 33,41 Gipuzkoa. Zenbateko hori 2022rako aurreikusitako ekarpenak baino 900 milioi euro inguru gehiago dira.

Egokitzapenerako Funts Orokorraren 2023rako aurreikuspena 84,7 milioi eurokoa da. Funts horren finantzaketaren % 70,81 Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta gainerakoa, % 29,19, foru-aldundiei. Funts hori Arabako eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da, eta horiei behin-behinean 37,37 milioi euro eta 47,35 milioi euro dagozkie, hurrenez hurren.

Ikusi HDEKren informazio osoa (2022/10/14)

 

Bileraren ondoko adierazpenetan, EUDELeko elkarteburu Gorka Urtaranek esan du Udal Finantzaketarako Foru Funtsen datu zehatzak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluen hurrengo bileretan jakinaraziko direla.

Gorka Urtaranek azpimarratu du EUDELek baikortasunez ikusten dituela gaurko bileran diru-bilketari eta udal-finantzaketari buruz egindako aurreikuspenak. Elkarteburuak bi gogoeta egin ditu:

Lehenik eta behin, elkareteburuak zera adierazi du: “Ahalmen ekonomiko handiago horri esker, udalok gastu handiagoari erantzun ahal izango diogu”. Hori aurreikusten da, langileen ordainsariei, funtzionamenduari, energia-kostuei edo epe luzeko maileguengatiko interesen ordainketari dagokienez.

Bigarrenik, Urtaranek, erantzuteko gaitasun handiago horren bidez, zera azpimarratu du: “udalerriok aukera izango dugu gainerako erakundeekin elkarlanean aritzeko, erronka handiei aurre egiteko”, hala nola zerbitzu eta politika publikoak eskaintzea, “familia eta kolektibo ahulei laguntzeko, sustapen eta lehiakortasun ekonomikoko proiektuak garatzeko, bai eta planeta garapen jasangarritik abiatuta babesteko ere”.

Udalen ordezkariak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan EUDELek (euskal udalen ordezkaria), Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundiek hartzen dute parte.

Hona hemen udalerrien ordezkariak:

  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELeko elkarteburua)
  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (EUDELeko elkarteburuordea)
  • Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (EUDELen Batzorde Eragileko kidea)

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gaitzespenik irmoena azaldu du Benidormen gertatutako hilketa matxistaren aurrean. Emakumea Soraluzekoa zen eta egun Alicanteko udalerrian bizi zen. EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria, era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egiten du gaur, asteartean, Elgoibarren, biktima bizi izan zen udalerrian, eta bihar, asteazkenean, Soraluzen, bere jaioterrian, deitutako gaitzespen-elkarretaratzeekin. Biak egingo dira arratsaldeko zazpietan. Bat egiten du ere antolatuko diren gainontzeko gaitzespen-ekintza guztiekin.

Ane Beitiak, Elgoibarko alkatea eta EUDELeko Batzorde Eragilearen ordezkaria, gaurko elkarretaratzean parte hartuko du.

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailak bultzatzen du Emakunderen bitartez, EUDEL eta Foru Aldundien laguntzarekin
  • Programaren helburua gazteen artean indarkeria matxista eta sexistaren prebentziorako jarrerak sustatzea da
  • Irailaren 19tik azaroaren 11 arte aurkeztu ahal dituzte lanak 12 eta 20 urte bitarteko gazteek
  • Sestaon aurkeztu da gaur aurtengo programa, bertan ospatuko baita abenduaren 2an Beldur Barik Topaketa Izaroren parte hartzearekin

Sestao, 2022/09/16

Beldur Barik Lehiaketaren 13. edizioari hasiera eman zaio gaur Sestaon, aurtengo Beldur Barik herrian, bi gaztek, Libe Beitia tiktokerrak eta Julen Portillo eduki sortzaileak, dinamizatu duten aurkezpen ekitaldian. Bertan Izaro artistak, bideo baten bitartez, lehiaketan parte hartzera eta Beldur barik jarrera zabaltzera animatu ditu gazteak, izan ere, Izaroren “Libre” izango baita aurtengo edizioaren abestia. Abenduaren 2an Sestaon ospatuko den Topaketan, gainera, bere abestiak zuzenean entzuteko aukera izango dute bertaratzen diren gazteek. Izaroren Bideoa.

Beldur Barik lehiaketak gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzeko helburua du. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailak, Emakunderen bitartez, gidatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesa eta laguntza du. 12 eta 20 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta lanak aurkezteko epea irailaren 19an hasi eta azaroaren 11an bukatuko da.

Lehiaketak indarkeria matxistaren aurka jarrera eraldatzaileak islatzen dituzten adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute neska eta mutilek nola egiten dieten aurre ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin; alegia, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria matxista eta sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Mutilek indarkeria matxistaren aurrean duten zereginean eta erantzukizunean ere jartzen da indarra eta mutilekin lantzeko baliabideak eskaintzen dira.

Parte-hartzeko hiru kategoria daude: Lehen kategoria12-14 urte bitartekoentzat, bigarren kategoria 15-17 urte bitartekoentzat eta hirugarren kategoria 18-20 urte bitartekoentzat. Lehiaketan bakarka edo taldeka aurkezteko aukera dago. Hala, gazteak ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edota emakumeen etxeen bitartez aurkeztu ahal dute haien lana edo haien kabuz. Lehiaketaren oinarriak programako webgunean aurkitu ahal dira, bai testu bai bideo formatuan.

Hauek izango dira banatuko diren sariak: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana; horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da; baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria. Kalitate artistikoari lan onenaren saria eta herri bozketan boto gehien lortu duen lanari ere saria emango zaio.

Iaz Agurain izan zen bezala, aurten Sestao izango da Beldur Barik herria. Bertan ospatuko da abenduaren 2an Beldur Barik Topaketa eta bertan banatuko dira sariak. Aurten Izaro artistak, gainera, zuzenean parte hartuko du bertan.

Beldur Barik programak sare sozialak erabiltzen ditu Beldur Barik jarrera gazteei helarazteko, batez ere Instagram eta Tik Tok, eta, aurreko urteetan bezala, gazte euskaldun feminista “influencer” ezberdinek kolaborazioak egingo dituzte hauetan. Sortutako eduki eta interakzioarekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira, jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferenteak sortuz.

Informazio guztia www.beldurbarik.eus webgunean eta sare sozialetan

Kontaktua: komunikazioa@beldurbarik.eus eta emakunde.prentsa@euskadi.eus

Donostia, 2022ko irailaren 12a. Gaur goizean Donostiako Tabakalera zentroan egindako ekitaldi instituzionalean, euskal udaletako berrehun ordezkari inguru bildu dira, jasangarritasunaren alde egindako bi hamarkadako lan partekatua ospatzeko.

Lehendakariarekin, Donostiako alkatearekin eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera, Legazpiko alkate eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko Batzorde Eragileko kide Koldobike Olabidek parte hartu du.

Koldobike Olabide

Hitzaldian, Olabidek nabarmendu du “bultzada, laguntza eta lankidetza” funtsezko hiru balio direla, laguntza gisa eta trukerako eta ezagutzarako foro gisa diharduen berezko udal-sare batean. “Hemen, jardunbide egokiak partekatzen ditugu, eta ekimen aitzindariak garatzen dira herri mailan”, azpimarratu du alkateak.

EUDELeko ordezkariak bereziki nabarmendu du euskal toki-erakundeetako teknikarien lana: “Udalsarea, neurri handi batean, udal-taldeen lan tekniko horren guztiaren emaitza da, beharrezkoa baita tokiko gobernuetan erabakirik onenak hartzeko. Zuek zarete sare honen benetako motorra. Eskerrik asko guztioi.” esan du Olabidek.

Alkateak adierazi duenez, “Klima-aldaketara egokitzea eta hori arintzea dagoeneko ez da etorkizuneko erronka, baizik eta gaur egungoa. Helburu orokorrak ez daude Estatuen erabakien mende soilik; aitzitik, pertsonengandik hurbilen dauden gobernuen ekintzen mende ere badaude.”

Koldobike Olabideren hitzetan: “Planetaren osasuna herrietan eta hirietan dago; tokiko eragile guztiek hartu behar dute parte, publikoek zein pribatuek, eta, bereziki, herritarrek.”

Konpromiso politikoa eta lan teknikoa

Koldobike Olabidek adierazi du Udalsarea 2030ek jarraitzen duela bultzatzen tokiko gobernuek jasangarritasunarekin duten etengabeko konpromisoa. Udal-ordezkariak zoriondu egin ditu, “Euskadin erreferentziazko sare bat” elkarrekin ehuntzeagatik. “Harro gaude sare honetaz, bat dator Europako politikarik aurreratuenekin, eta gure ingurunetik kanpo ere ezagutarazten du gure lana”, adierazi du.

Era berean, alkateak nabarmendu du Udalsareak egindako ekarpena, hausnarketarako eta herritarren partaidetzarako lehen foroen sustatzailea den aldetik, “herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko orain abian ditugun tokiko ekintza askotan: Alkateen itunean eta klima-aldaketaren aurkako borrokan, besteak beste”, azaldu du Olagibelek.

Azkenik, Euskadiko 2030 Agendaren esparruan, Olabidek hitz egin du instituzioen eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetzaren garrantziaz, ezinbestekoa baita garapen iraunkor eta inklusiboko eredu baterantz aurrera egiteko, “inor atzean ez uzteko”. Alkateak gogoratu du EAEko udalak laguntzen ari direla GJHak “behetik gora” doan gobernantzatik aurkitzen.

Ildo horretan, EUDELeko ordezkariak azpimarratu du “sare honek eta, oro har, udalerri guztiek berebiziko garrantzia eta zeregin aktiboa izan dezakegula garapen jasangarriaren helburuak ezartzeko. Euskadiko 2030 Agendaren bidez eta Agenda gure udalerrietan kokatuz”.

Azkenik, Koldobike Olabidek jakinarazi du EUDELek akordio berria sinatu duela tokiko ekintza jasangarria Udalsarea 2030en bidez sustatzeko. Gainera, gogoratu du EUDELek udal-gobernuen parte-hartzea egituratzen duela Euskadiko 2030 Agendan, eta “gure ekintza guztiek eragin biderkatzailea izan dezaketela 2030 Euskadi Agendaren Maila Anitzeko Foroan“.

Bi hamarkada tokiko jasangarritasunaren zerbitzuan

Bi hamarkada hauetan, udal sare horrek lortu du 240 euskal udalerrik ekintza-planak izatea tokiko jasangarritasunaren, klimaren eta energiaren alorretan. Euskadiko biztanleriaren % 98arenganaino iritsi da

Udalsarea 2022ko abenduan eratu zen, 16 udalerrirekin soilik, euskal administrazio publikoen arteko koordinazio-foro gisa, jasangarritasuna udal mailan sustatzeko xedez. Hogei urte hauetan, sareak 60 topaketa egin ditu bazkidetutako toki-erakundeen artean, ekimenak eta jardunbide egokiak konpartitzeko, besteak beste alor hauetan: materia organikoa etxez etxe batzeko sistema aurreratuan; klima-ekintzarako udal proiektuak, irtenbide naturaletan oinarrituak; elikadura-ekimenak eta elikagaien xahuketa sektore espezifikotan murrizteko ekimenak; kutsadura akustikoaren aurka borrokatzeko neurriak; uraren kalitatea; ingurumen-osasuna; garapen jasangarrirako hezkuntza; eta genero-berdintasuna.

Informazio gehiago eta argazkiak: https://www.irekia.euskadi.eus/mobile/eu/news/79756

Beste urte batez, urrian hasi eta 2023ko otsailara bitartean, EUDELek eta IVAPek tokiko euskal erakundeetako langileak prestatzeko eta gaitzeko programa antolatu dute, elkarlanean.

Aurten, tokiko zergei buruzko programa berria eskaintzen dute. Programa horrek prestakuntza espezializatua eskaintzen du toki-erakundeek dituzten zerga-baliabideak behar bezala kudeatzeko behar den ezagutza sustatzeko.

PROGRAMA JEITSI

Programa eduki teoriko-praktikoko 8 saiotan egituratzen da. Saio horietan, aplikatzekoa den esparru juridiko orokorra deskribatzen da, zerga bakoitza kudeatzeko behar diren alderdi praktikoak jorratzen dira, eta jurisprudentziarik garrantzitsuenean sakontzen da.

Ibilbidea, zerga-araudian aurreikusitako kudeaketa-, bilketa-, berrikuspen- eta ikuskapen-prozedurak behar bezala izapidetzeko erreferentziazko arau-esparruaren azterketarekin amaitzen da.

  • Datak: 2022ko urriaren 14tik 2023ko otsailaren 10era
  • Ordutegia: 9:00- 14:00
  • Tokia: EUDELen egoitza (Erzilla 13, Bilbo)

Saioak eta gaiak:

  1. SAIOA (urriak 14): Principios del sistema tributario. La relación jurídico-tributaria. Imposición y Ordenación de tributos locales
  2. SAIOA (urriak 28): El Impuesto sobre el Incremento de Valor de los Terrenos de Naturaleza Urbana
  3. SAIOA (azaroak 11): El Impuesto sobre Bienes Inmuebles
  4. SAIOA (azaroak 25): El Impuesto sobre Actividades Económicas
  5. SAIOA (abenduak 16): El Impuesto sobre Vehículos de Tracción Mecánica / El Impuesto sobre Instalaciones, Construcciones y Obras
  6. SAIOA (urtarrilak 13): Los tributos causales: tasas, precios y contribuciones especiales (I)
  7. SAIOA (otsailak 3): Los tributos causales: tasas, precios y contribuciones especiales (II)
  8. SAIOA (otsailak 10): Procedimientos de Gestión, Recaudación, Inspección y Revisión
  • Koldobike Olabidek, EUDELen izenean parte hartu du gaur 2030 Agendari buruzko udako ikastaroan (uztailaren 12an eta 13an, Donostian).
  • Euskal erakundeak bat etorri dira GJHak “politika publikoak hobetzeko hizkuntza komun” gisa definitzean; eta aditzera eman dute adierazle partekatuak behar direla emaitzak eta eraginak neurtzeko.

Donostia, 2022ko uztailaren 12a. Koldobike Olabidek, Legazpiko alkateak eta EUDELen Batzorde Eragileko ordezkariak, parte hartu du gaur goizean “Agenda 2030, kontratu sozial berri bat” udako ikastaroko erakundeen arteko mahaian. Udalek, Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak beren estrategiak helarazi dituzte Garapen Jasangarriko Helburuak zehazteko, ekintza eta proiektu eraldatzaileen bidez.

Olabidek udal esparruaren esperientzia eta ikuspegia partekatu ditu 11:30ean egin den erakundeen mahaian. EUDELekin batera, hiru foru-aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek parte hartu dute: Leixuri Ugartek, GJHen aldeko Arabako Aliantzaren arduradunak eta Arabako Foru Aldundiko zuzendariak; Maitane Leizaolak, Bizkaiko Foru Aldundiko kabinetearen koordinazioko zuzendari nagusiak; Sebas Zurutuzak, Gipuzkoako Foru Aldundiko proiektuen zuzendariak; eta Jone Berriozabal, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko erakunde harremanetarako sailburuordeak.

Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariak nabarmendu du EUDELek konpromiso irmoa duela 2030 Agendarekin; proiektu “estrategiko” bat da, eta hainbat biztanleria-tamainatako eta sentsibilitate politikoko udalek parte hartzen eta laguntzen dute.

Olabidek azaldu du nola antolatzen den EUDELeko alkateen lana nola antolatzen den, arlo honetan: EUDELen Batzorde Eragilearen bidez, “lidergo” batzorde baten bidez eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak sustatutako Eragile Anitzeko Foroari lotutako hainbat lantalderen bidez.

EUDELen lana oinarritu izan da udalek Euskadiko 2030 Agendari egin beharreko  “udal-ekarpena”  egitean. Zehazki, Euskadiko udalerrien sareekin lan egin da, tokiko sustapeneko 15 proiektu identifikatzeko. Euskadiko 2030 Agendaren proiektu enblematikoekin  daude lerrokatuta. Gizarte-inklusioa, berdintasuna, ingurumen-jasangarritasuna, enplegua eta tokiko garapena, garapenerako lankidetza, edo gobernantza ona eremuetan.

Olabidek aurreratu duenez, une honetan EUDELek garapen jasangarriaren helburuekin lerrokatutako udal-aurrekontuen eredua lantzen ari da, “GJHen hizkuntza kudeaketa ekonomikora eramateko eta herritarrei kontuak emateko”.

Alkateak udalen funtsezko parte-hartzea defendatu du: “Helburu globalak ekintza gisa eta lankidetza gisa planteatu behar ditugu. GJHak inpaktuetan islatu behar dira; gizartearentzako onuretan eta aurrerapenetan.”

Gizarte-kontratu berri bat eta GJHen adierazleak

Koldobike Olabidek gailendu du  “paradigma-aldaketa” bizi dugula, eta “pertsonen arteko kontratu sozial berri bat bultzatzeko unea dela, eta gurearen eta planetaren artekoaere bai. “Tokiko gobernuok aldaketaren protagonista izateko aukera dugu, gainerako erakunde eta eragileekin batera”.

“Euskadiko 2030 Agenda palanka gisa baliatu behar dugu gizarte hobea bilakatzeko, udalerrien barruan eta lurralde mailan beharrezkoak diren sare eta adostasunak sortuz, lankidetza publiko-pribatu-soziala sustatuz”, azaldu du Koldobike Olabidek.

Olabidek azpimarratu du udalerriak direla gizarte-kontratu berri hori garatzeko espaziorik egokiena, hiru arrazoirengatik: lehenik, GJHak herritar eta gizarteko eragile bakoitzari helarazteko lotura-puntu gisa (Hirugarren sektorea, enpresak, ezagutza…); bigarrenik, esperimentazio-gune edo -laborategi gisa, proiektu berritzaileak testatzeko; hirugarrenik, ingurune hurbileko eta zehatzeko inpaktuak neurtzeko behatoki gisa, eta, horrela, emaitzen berri emateko.

Azken helburu horri buruz, erakundeek ebaluazio-sistema bat izatearen garrantzia partekatu dute. Koldobike Olabidek azaldu duenez, udalerriek Udalsarearen adierazle espezifikoak dituzte. Baina neurketa-tresna bat behar da maila guztietarako, adierazle koordinatu eta partekatuetan oinarritua. “GJHen adierazleak udal-mailaraino jaitsi behar dira, baina, aldi berean, herrialde mailako adierazleekin lerrokatuta egon behar dute”. “EUDELek udalerri txikien egitekoa aldarrikatzen du; hori dela-eta, adierazleek herri eta hiri guztiok barne hartzen dituztenen aldeko apustua egiten dugu, inor atzean gera ez dadin”.

Alkateak azpimarratu du ere herri eta hiri bakoitzean GJHak ekintza zehatzekin praktikan jartzearen garrantzia, eta aitortu du udalek beren Tokiko 2030 Agendak bultzatzeko egindako lana. “Pertsona, herritar eta tokiko komunitate bakoitzak konpromisoa hartu behar du helburu globalekin, bai eta udalerri-mailako helburu zehatzekin ere”.

Ikastaroa

Ikastaroa uztailaren 12an eta 13an egingo da, Donostiako Miramar Jauregian, eta Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak antolatu du, EHUrekin batera. Iñigo Urkullu Lehendakariak bihar, asteazkena, egingo du ikastaroaren amaiera instituzionala.

Inaugurazioa Jonan Fernandezek, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak, eta Asier Arambarri zuzendariak egin dute, eta ikastaroaren helburuak aurkeztu dituzte: 2030 Agendan oinarritutako gizarte-kontratu berri bati buruzko hausnarketa estrategikoa. Adostasunak identifikatzea; ekarpenak zehaztea; aukerak aztertzea; printzipioak eta balioak; inplikatutako eragileen arteko aliantzak; erronkak eta aukerak.

Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) Euskadiko 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroko kide gisa parte hartzen du programan. Aipatutako Idazkaritza Nagusiarekin (Lehendakaritza) iaz sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan, EUDEL udalek Euskadiko 2030 Agendan izandako parte-hartzea eta ekarpena bideratzen ari da.