Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • EUDELeko elkarteburua euskal udalak ordezkatzen ari da EUEK-Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko tokiko liderren goi-bileran, abenduaren 5etik 6ra, Frantziako hiriburuan.
  • Erronka globalei aurre egiteko moduari buruzko eztabaida politikoan, Urtaranek mezu bikoitza zabaldu du: Euskadiko udalerrien aliantza Europarekin eta Europako estrategiarekin, eta printzipio eta balio demokratiko komunen defentsa.

2022ko abenduaren 6an. Gorka Urtaran euskal udalen ordezkari ofizial gisa parte hartzen ari da egun hauetan Parisko Udalean egiten ari den tokiko eta eskualdeko gobernuen Europako gailurrean, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (EUEK) zuzendaritza-batzordearen esparruan.

Anne Hidalgo alkatea da Europako topaketaren anfitrioi; Frantziako udalerrien elkarteak antolatu du, eta EUEK-ko 60 elkarte bildu ditu, Europako Kontseiluaren inguruko 41 herrialdetakoak, 150.000 udalerri baino gehiagoren ordezkari.

Goi-bilera atzo hasi da, gaur arratsaldean. Eztabaida politikoa izan da alkateen eta tokiko beste buruzagi batzuen artean, herritarren desafekzioaren eta tentsio sozialen arriskuaren aurrean erantzun koordinatuak proposatzeko, gaur egungoa bezalako ziurgabetasun-testuinguru batean, hainbat krisi gainjarriren presentziarekin.

Elkarteburu eta Vitoria-Gasteizko alkateak homologoen arteko truke horretan parte hartu du, euskal munizipalismoari buruzko hausnarketa partekatzeko, udalek maiatzeko hauteskundeen aurretik egindako azken Batzarrean, egin zuen hitzaldiko mezuekin bat etorriz.

Gorka Urtaran agertoki geopolitiko konplexuaz mintzatu da, Ukrainaren inbasio errusiarraren ondoren edo Txinak Taiwanen kontra egindako mehatxu militarraren ondoren sortutakoaz. Esan du erronka global handiak aldi berean “aukera-garai” bat direla, eta bi mezu nagusi zabaldu zuen:

Lehenik, Europan aliantza egitearekiko konpromiso irmoa adierazi du. Elkarteburuak aipatu duenez  “Euskal udalerriok Europako estrategiaren ildo berean gaude. Europarekin dugun harremana joan den mendearen erdialdekoa da, Euskadik Europaren aliatua izaten jarraitzen du eta euskal udalerriok ere oinarri europarra daukaten tokiko kudeaketa- eta koordinazio-organoen aliatuak gara, EUEK-renak adibidez”.

Bigarren mezuan, “Gure bizikidetza baketsua arriskuan jartzen duten” nazioarteko mehatxuen aurrean balio eta printzipio humanista eta demokratikoak babestearen garrantzia azpimarratu du.

Gorka Urtaranek tokiko gobernuen funtsezko papera azpimarratu du, Europako balio komunak defendatzeko eta sustatzeko: elkartasuna, pluralismoa, tolerantzia, berdintasuna, aniztasuna eta desberdintasunekiko errespetua. Gaineratu duenez, “Parte hartzen eta Europarako etorkizun hobea eraikitzen jarraitzeko borondatea dugu, gure identitatetik, gure hizkuntzatik, kulturatik eta ohituratik”.

EUDELeko elkarteburuak “komunitatearen zentzua” indartzera deitu du, “kohesio emozionaletik”, errespetuan eta askatasunean oinarritutako giza harremanetarako behar diren emozio eta afektuetatik abiatuta. Eta nabarmendu zuen balio ukiezin horiek “euskal komunitatea egiten dutela, Euskadin eta Europan”.

Azkenik, Urtaranek udalen “konpromisoa eta lidergoa” balioetsi ditu herritartasun aktiboa bultzatzeko hirietan eta herrietan, “Europaren bihotza” zirela esan du. Urtaranek tokiko gobernuen “rol protagonista” aldarrikatu du, “pertsonen, udalerrien eta herrialdeen arteko konfiantzazko zubiak eraikitzeko, ezinbestekoak baitira gizarte- eta demografia-trantsizio handiei ekiteko, bai berdea eta bai digitala”.

EUEK-ko lehendakaritza berria, Ukraina eta Berdintasunerako Europako Gutuna

EUDELeko elkarteburuak EUEK-ko presidente berria eta bi presidente-kideak zoriondu ditu, hiru urte agintaldirako hautatu baitituzte.

EUEK-ko presidentea (Norvegia): Gunn Marit Helgesen, Vestfoldeko zinegotzia eta Norvegiako udalen elkarteko presidentea.

Presidente-kideak (Frantzia eta Alemania):

Philippe Laurent, Sceauxeko alkatea eta Frantziako udalen elkarteko presidentea

Christoph Schanaudigel, Alemaniako Karlsruhe barrutiko presidentea.

Goi-bilerak bihar jarraituko du, abenduaren 6an, eta lehentasunezko bi gai izango ditu: Ukrainako udalerriekin lankidetzan aritzea, herritarrei eta hautetsiei laguntzeko, eta Tokiko bizitzarako emakumeen eta gizonen Berdintasunerako Europako Gutuna eguneratzea; 2006. urtean onartu zen, berdintasuneko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politiken erreferente gisa.

  • Gorka Urtaranek goi bileraren irekierako eztabaidan parte hartuko du 14:30etik aurrera.
  • EUDELen elkarteburuak Euskadiko udalak ordezkatuko ditu Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko batzorde politikoan; presidente berria aukeratuko dute bi urterako.

2022ko abenduaren 5ean. Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburua, Parisera joan da gaur biharko Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko zuzendaritza-batzordearen bileran parte hartzeko. Anne Hidalgo alkatea izango da Frantziako hiriburuko Udalak hartu duen gailur honen anfitrioia. Bertan, 41 herrialdetako toki-gobernuetako ia berrehun hautetsi elkartuko dira.

Gaur, 14:30etan, eztabaida politiko bat zabalduko du bilera:   “Krisia, gizarte-mailako ezegonkortasuna eta gizartearen polarizazioa”. Gorka Urtaranek irekiera-saioan parte hartuko du bertoko beste lider batzuekin batera: “EUDEL ordezkatzen ari gara udalerrien eta eskualdeen goi-bilera honetan, euskal udalerriek Europarekin dugun konpromisoa adierazteko. Eta bereziki, Europako balio eta printzipio demokratiko eta humanistikoak duten garrantzia, bai giza eta bai nazioarteko ordenaren barruko herrialdeen arteko harremanetan.”

Eztabaidaren ostean, bozketa egingo da, EUEKren presidentetza berritzeko bi urteko agintaldirako (2023-2025). Gaur egungo presidentea Emilia-Romagna eskualdeko presidentea da, Stefano Bonaccini, eta ez da kargua berritzeko aurkeztuko. Presidente kargurako bi hautagaitza aurkeztu dira: Gunn Marit Helgesen, Vestfoldeko zinegotzia eta Norvegiako udalerrien elkarteko presidentea; eta Philippe Laurent, Sceauxeko alkatea eta Frantziako udalerrien elkarteko presidentea.

Bigarren eta azken egunean, abenduaren 6an (asteartea), EUEK-k posizionamendu komuneko hainbat dokumentu onetsiko ditu. EUDELek tokiko bizitzan Berdintasuna lortzeko Europako Gutunaren eguneratzean parte hartuko du; 2006an onetsi zen, berdintasuneko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politiken erreferente gisa. Europako Gutun berria Euskadin erdietsitako aurrerapenen ildoan dago eta Berdinsarea sareko udalen lanarekin. Berdinsarea EUDELek koordinatzen du, eta, Emakunderen bidez, Eusko Jaurlaritzaren bultzada du.

EUEK

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak 41 herrialdetako toki-gobernuen 60 elkartetako 150.000 udalerri baino  gehiago ordezkatzen ditu, Europar Batasuneko estatu kide guztiak barne.

 

Zeregin nagusi bi ditu: Europako politika guztietan eragitea udalerriei eragiten dieten esparru guztietan, eta elkarteen arteko eztabaida eta lankidetzarako foroa eratzea.

  • Gorka Urtaranek hasierako eztabaida politikoan parte hartuko du; abenduaren 5ean (astelehena), 14.00etatik aurrera.
  • EUDELen elkarteburuak Euskadiko udalak ordezkatuko ditu Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko batzorde politikoan; presidente berria aukeratuko dute bi urterako.

2022ko abenduaren 1a. Datorren asteko astelehenean eta asteartean, abenduaren 5ean eta 6an, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaran Parisen egongo da abenduaren 5ean eta 6an, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko Zuzendaritza Batzordearen bileran parte hartzeko. Anne Hidalgo alkatea izango da Frantziako hiriburuko Udalak hartuko duen gailur honen anfitrioia. Bertan, 41 herrialdetako toki-gobernuetako ia berrehun hautetsi elkartuko dira.

Gailurra astelehenean, hilaren 5ean, hasiko da, 14:00etan; “Krisia, desegonkortasun soziala eta gizartearen polarizazioa” izeneko maila handiko eztabaida politikoa eginez.

Gorka Urtaran elkarteburuak eztabaidan parte hartuko du bere homologoekin batera, Europan udalerrien arteko kooperazioak duen garrantziaz eta demokrazia eta gizarte-kohesioa babesteko tokiko gobernuen funtsezko zereginaz hitz egiteko, ziurgabetasuneko eta mehatxu globaletako testuinguruan.

Eztabaidaren ostean, bozketa egingo da, EUEKren presidentetza berritzeko bi urteko agintaldirako (2023-2025). Gaur egungo presidentea Emilia-Romagna eskualdeko presidentea da, Stefano Bonaccini, eta ez da kargua berritzeko aurkeztuko.

Bigarren eta azken egunean, abenduaren 6an (asteartea), EUEK-k posizionamendu komuneko hainbat dokumentu onetsiko ditu. EUDELek tokiko bizitzan Berdintasuna lortzeko Europako Gutunaren eguneratzean parte hartuko du; 2016an onetsi zen, berdintasuneko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politiken erreferente gisa. Europako Gutun berria Euskadin erdietsitako aurrerapenen ildoan dago eta Berdinsarea sareko udalen lanarekin. Berdinsarea EUDELek koordinatzen du, eta, Emakunderen bidez, Eusko Jaurlaritzaren bultzada du.

EUEK

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak 41 herrialdetako toki-gobernuen 60 elkartetako 150.000 udalerri baino  gehiago ordezkatzen ditu, Europar Batasuneko estatu kide guztiak barne.

Zeregin nagusi bi ditu: Europako politika guztietan eragitea udalerriei eragiten dieten esparru guztietan, eta elkarteen arteko eztabaida eta lankidetzarako foroa eratzea.

 

Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburua eta Vitoria-Gasteizko alkatea

EUDELeko elkarteburuak, Gorka Urtaranek, parte hartu du gaur, asteazkenean, (2022-2036) Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren ekitaldi ofizialean, Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuarekin, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuarekin, eta erakundeetako, enpresetako, hirugarren sektoreko erakundeetako eta gizarte zibileko beste eragile batzuetako edo kolektibo profesionaletako ordezkariekin batera.

Gorka Urtaranek, euskal udalerrien ordezkari eta Vitoria-Gasteizko alkatea den aldetik, akordio hORI sinatu du, eta 88 erakundek egin dute bat, Euskadik arlo horretan dituen erronkei era eraginkorrean aurre egiteko datozen hamabost urteetan. Helburuetako bat da etxebizitzaren esparruan herritarrekin diharduten eragileek modu lerrokatuan, partekatuan eta lankidetzan oinarrituta lan egiten dutela bermatzea, epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin.

  • Itunak alokairu eskuragarriaren eskaintza publikoa handitzeko eta 50.000 etxebizitzako parke batera iristeko, babes-etxebizitza iraunkorren kopurua parkearen guztizkoaren % 12ra igotzeko edota 2036. urtea amaitu baino lehen hiru etxetik bat birgaitzeko helburuak ezarri ditu

(Iturria: IREKIA)

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuak ekitaldian azpimarratu duenez, Euskadi erreferentzia da etxebizitza-politiken arloan. Ildo horretan, Autonomia Erkidegoko lege bat du, eta Estatuan inspirazio-iturri diren hainbat neurri zehatz hartu ditu, hala nola gazteei laguntzeko hartutakoak. Sailburuak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza duina eta kalitatekoa izateko aukera eskubide subjektiboa dela, eta, azpimarratu duenez, hain oinarrizkoa da, beste eskubide batzuen lorpena baldintzatzen du.

Etxebizitzaren aldeko Itun Sozial berrian, gizarte-erakundeak, etxebizitza-kooperatibak, sindikatuak, enpresa pribatuak, profesionalen elkargoak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta klusterrak daude ordezkatuta.

Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean, lau xede kuantitatibo ezartzen dira 2036rako, baita lehentasunezko sei jarduketa-ildo ere, helburu horiek lortzeko.  Haien artean, azpimarratu beharra dago 2036. urterako Autonomia Erkidegoko etxebizitza nagusien % 5 alokairu eskuragarriaren eskaintza publikora bideratzeko helburua (50.000 etxebizitza). Halaber, babes publikoko etxebizitza-parke iraunkorra etxebizitza nagusien % 12ra igotzeko helburua nabarmentzen da. Era berean, hamabost urteko epean urtean eraikinen % 3 birgaitu daitezen lortzea planteatzen da (gaur egun % 1,5 birgaitzen dira). Horrela, beraz, 350.000 etxebizitza eraberritu behar dira epe horretan (eraikitako hirutik bat, gutxi gorabehera). Xedeen artean, halaber, baliabide ekonomiko nahikoak dituzten kolektiboentzat etxebizitza libreen (obra berrikoen zein birgaitutako etxebizitzen) parke bat izateko beharra ezartzen da.

Xede horiek lortzeko, itunak lehentasunezko jarduketa-ildo batzuk eta haiek abian jartzeko jarraibideak aurreikusten ditu:

  • Inbertsio handiagoa etxebizitzan, pizgarri fiskaletan oinarritua. Etxebizitza-arloko gastu publikoa pixkanaka handitzea, BPGaren % 1,5 ingurura iritsi dadin, eta birgaitzeari lotutako inbertsio pribatua BPGaren % 5 ingurukoa izatea, Europako herrialderik aurreratuenen antzera.
  • Etxebizitza-politikaren gizarte-dimentsioan sakontzen jarraitzea. Etxebizitza-politikaren eta gainerako gizarte-politiken (gizarte-zerbitzuak, gazteak, adinekoak, desgaitasuna, berdintasuna, enplegua eta abar) arteko integrazio handiagoa lortzearen aldeko apustua egiten da. Horretarako, hainbat errealitateri (hala nola etxegabetasunari, familia ugariei eta gazteek etxebizitza eskuratzeko aukerari) erantzun integralagoak emango dizkieten zerbitzuak eta programak jarriko dira abian.
  • Udal-agenda estrategikoan etxebizitza txertatzeko aukera zabaltzea, eta, ildo horretan, tokiko etxebizitza-planak lantzeko babes-ildo bat abian jartzea.
  • Eraikuntza-sektore erakargarri, lehiakor eta berritzaile bat osatzea, eta, horretarako, sektoreko talentuaren trebakuntza eta garapena eta haren berrikuntza-proiektuak bultzatzea eta sektorean emakume gehiago sartzeko aukera erraztea.
  • Datu-adimena eta ebaluazio aurreratua; ildo horretan, Etxebizitzako Behatokiaren zeregina indartu eta instituzionalizatu egingo da.
  • Inplikazio eta lankidetza publiko-pribatu-soziala; Etxebizitzaren Foroa abian jarri eta dinamizatuko da (Itunaren bitartez konprometitutako eragileen parte-hartzerako eta haien arteko lankidetzarako gune egonkor gisa), eta herritarrek parte hartzeko prozesuak bultzatuko dira.
  • 576 gizon eta 242 emakume dira, eta gehienak 25 urtetik 34 urtera bitartekoak dira eta Bizkaian bizi dira
  • 158 Euskadiko 21 udaletako udaltzaingoetan eta 660 Ertzaintzan sartuko dira
  • Euskadiko udaltzaingoetako eta Ertzaintzako bigarren agente-promozio bateratua da, baina zeremonia batera egiten duten lehenengo aldia da, aurreko edizioan ekitaldia bertan behera geratu baitzen Covid-19aren ondorioz
  • Lehenengo agente-promozioa 1982ko otsailean irten zen Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiatik, eta, ordutik, berrogei urtean, Arkautek 30 promozio sortu ditu
  • Ekitaldi solemnean minutu bateko isilunea egin dute ETAk hil zituen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente guztien omenez

Arkaute, 2022ko azaroak 23

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela egin da datorren abenduaren 1ean Euskadiko polizia-kidegoetako euren postuetan sartuko diren Euskal Poliziako 818 agenteei egiaztagiriak banatzeko zeremonia.  Egiaztagiriak banatzeko ekitaldi solemne horretan izan dira Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburua, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Andres Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendaria, Malentxo Arruabarrena Akademiako Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Izaskun Urien Giza Baliabideen zuzendaria ere. Poliziaren ordezkari gisa izan dira Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, Alfonso Garaikoetxea Herritarren Babeserako Ataleko burua, Jose María Yurrebaso Ikerketa Kriminalaren Ataleko burua, Jon Ziarsolo Inteligentzia Bulego Nagusiaren burua eta Asier Erkoreka AJEPLE-EUBE Udaltzaingoburuen Elkartearen burua.

Euskadiko udaltzaingoetako eta Ertzaintzako bigarren agente-promozio bateratua da, baina diplomak banatzeko zeremonia, kolore ezberdinetako uniformeekin, batera egiten duten lehenengo aldia da, aurreko edizioan ekitaldia bertan behera geratu baitzen Covid-19aren ondorioz.

Ekitaldia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako patio nagusian egin da, eta bertan izan dira Euskal Poliziako agente berri hauen 3.000 bat familiarteko eta adiskide. Agenteek, 9 hilabeteko formakuntzaren ondoren, urtebeteko in job praktikaldia hasiko dute orain behin-behineko plaza lortu duten Euskadiko polizia-kidegoan.

Tradizioari jarraituz, agente berrien promozio bakoitzak hegazti bat aukeratzen du enblema moduan. Oraingoan, Euskal Poliziaren bigarren promozioak zingira-mirotza aukeratu du.

Euskal Polizia

Gaur Euskal Poliziako agente-diploma jaso duten 818 pertsona horietatik:

  • 576 gizonak dira eta 242 emakumeak.
  • Gehienak, ia % 70, 25 urtetik 34 urtera bitartekoak dira.
  • % 63 bizkaitarrak dira, % 19,5 gipuzkoarrak eta % 12,5 arabarrak.
  • 660 Euskadiko 33 ertzain-etxetan sartuko dira: 457 gizon eta 203 emakume.
  • 158 udaltzaingoetan, 21 kidegotan, sartuko dira: 119 gizon eta 39 emakume: Astigarraga (1 agente), Azkoitia (3), Basauri (9), Bermeo (3), Bilbo (57), Donostia (9), Durango (1), Etxebarri (4), Getxo (6), Hondarribia (7), Irun (2), Lekeitio (4), Laudio (3), Ondarroa (1), Pasaia (5), Portugalete (2), Tolosa (2), Trapagaran (5), Vitoria-Gasteiz (27), Zarautz (5) eta Zumaia (2).

Ikasle bikainak

Lehenengo agente-promozioa 1982ko otsailean hasi zen Arkauten prestatzen. Ordutik 40 urte igaro dira, eta orain 30. promozioa irten da, aldi berean Euskal Poliziaren 2. promozioa dena; izan ere, Akademiako formakuntza eta hautaketa prozesua bateratua da Ertzaintzarentzat eta nahi duten Euskadiko udaltzaingoentzat.

Promozio bakoitzak aukeratutako hegaztia daraman estandarte propioa du, eta gaurko desfilean promozioko 30 ordezkari eta ordezkariordeek eraman dute, Beatriz Aguirre Sáenz ordezkari gorena buru zela. Ertzaintzako agente honek Ikasle Batzordearen lehendakaria izateko ardura garrantzitsua bete du ikasturte osoan.

Gainera, bikaintasunagatik, agente hauek ere nabarmendu dira desfilean:

  • Ikurrinarekin: Iñigo Ogueta Aldecogaray, promozioko 1. agentea, 9 hilabete hauetan puntuaziorik onena atera duena. Bilboko Udaltzaingoan sartuko da.
  • Ertzaintzaren estandartearekin: Izaskun Martín Alonso, Ertzaintzaren promozioko 1. agentea, 660 ertzainetatik puntuaziorik onena atera duena.
  • Udaltzaingoaren estandartearekin: Koldo Olarte Lorenzo, udaltzaingoen promozioko 1. agentea, Euskadiko 158 udaltzaingoetako puntuaziorik onena atera duena. Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoan sartuko da.

Minutuko isilunea

Zeremoniako beste une berezi bat izan da Iñigo Urkullu lehendakariak gogoratu duenean, gaurko egunez, orain dela 21 urte, ETAk Ana Isabel Arostegui Legarreta eta Javier Mijangos Martínez de Bujo Ertzaintzako agenteak hil zituela Beasaingo biribilgune batean trafikoa arautzen ari zirenean. Ekitaldi solemnean lehendakariak minutu bateko isilunea eskatu du ETAk hil zituen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente guztiak gogoratzeko.

 

  • Innobasquek sortu du eta, orain, Eusko Jaurlaritzak, Familia eta Haurren Zuzendaritzaren bidez, kudeatzen du; gaur egun, 16 udalerri ditu sareak
  • Artolazabal: “Gure haurrak ‘eskubideen subjektu’ dira; hori dela eta, entzun egin behar ditugu, hurbilenetik hasita: udalerritik”
  • Aitziber Oliban, EUDELeko ordezkaria eta Erandioko alkatea: “Garrantzitsua da haurren eskubideak sustatzen eta babesten dituzten udalerri gehiago batzea; bai eta haurren “begirada” geure egitea ere”.
  • Francesco Tonucci´ren “Haurren Hiria” (La Citta dei bambini) proiektuari lotutako taldea
  • HaurEkin – Haurren Hiri eta Herrien Euskal Sarea izena berritu du.

DSS, 2022 11 23

Eusko Jaurlaritzak, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, Haurren Hirien Sarea udalerrien sarea sustatuko du, toki-bizitzan haur eta nerabeen parte-hartzea bultzatzeko.  Sarea Innobasquek sortu du eta, orain, Familia eta Haurren Zuzendaritzak ere kudeatzen du; gaur egun, autonomia-erkidegoan, 16 udalerri ditu sareak: Amorebieta-Etxano, Arrasate, Bakio, Balmaseda, Bilbo, Derio, Durango, Erandio, Ermua, Galdakao, Gatika, Larrabetzu, Leioa, Sopuerta, Tolosa eta Zumaia.

16 udalerri dira, EAEko 251 udaletatik. 770.000 biztanle inguru dira, EAEko biztanleriaren ia heren bat. Autonomia-erkidegoan 0 eta 14 urte bitarteko 302.000 adingabe daude, biztanleria osoaren % 14.

Aitziber Oliban, EUDELeko Batzorde Eragilearen ordezkari eta Erandioko alkatearen arabera, “Garrantzitsua da haurren eskubideak sustatzen eta babesten dituzten udalerri gehiago batzea; bai eta gure herri eta hirietan haurren “begirada” geure egitea ere. Ildo horretan, beharrezkoa da haur eta gazteentzako politika publikoak bultzatzea, etorkizuneko gizartearen erronkei erantzuteko”.

“Oso sare interesgarria da, duen balio komunitario eta sozialagatik. EUDELen azpimarratu nahi dugu sarea osatzen duten udalek egindako ekarpena. Horrez gain, haurren parte-hartzerako proiektu-pilotu gisa batzen hasi diren udalen laguntzari ere erreparatu nahi diogu.”

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabalen arabera, HauEkin proposamenak gure harremanak, baliabideak eta espazio komunak eraldatuko ditu, gure herri eta hirietan konfiantza, autonomia, partaidetza eta osasun baldintzak berrezarriz. Haurrak gure gizartearen eta Herriaren oraina eta etorkizun hurbila dira. HaurEkin´ek ateak irekitzen dizkie urrats sozial berri eta handi horiek eman nahi dituzten euskal udalerri guztiei.

“Gaurko jardunaldiaren bidez, Haurren Hirien Sarea sustatu nahi dugu, toki-eremuko parte-hartzea bultzatzeko. Gure asmoa da toki-eremuko sare bat sortzea, adinekoentzako Euskadi Lagunkoiaren eredua eta lan egiteko modua duena, baina, kasu honetan, adingabeekin, eta helburua da EAEko Haur eta Nerabeen Parte hartze Foroa sortzeko oinarri izatea, orain prestatzen amaitzen ari garen lege-aurreproiektuan jasotzen denez”, esan du Beatriz Artolazabal Sailburuak, jardunaldiaren irekieran.

“Gure lana – berretsi du Beatriz Artolazabal´ek – haur eta nerabeekin parte hartzeko prozesuak abian jartzeko udalerriei aholkularitza teknikoa ematea da: baita lantaldeak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea ere. Aldian-aldian, esperientziak koordinatzeko eta trukatzeko saioak, kongresuak eta jardunaldiak antolatuko ditugu, jardunbide egokiak partekatzeko.

Artolazabalek esan duenez, “parte-hartzea NBEren Haurren Eskubideen Konbentzioan jaso den eskubideetako bat da eta garapen gutxien izan duenetako bat. Gure haurrak ‘eskubideen subjektu’ dira, eta, hori dela eta, entzun egin behar ditugu, hurbilenetik hasita: udalerritik. Hura da sarea sortzeko motiboa, HHS-k ordurako EAEko sare baten inguruan bazuen oinarritik hasita”.

Erronka berriak

Tabakaleraren instalazioetan, toki-eremuko teknikariak eta politikariak batu dira, eta bi sare gonbidatu dira: Gaztematika, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duena, eta Oinherri, Herrihezitzaileak. Topaketan, Aitziber Oliban EUDELeko Batzorde Eragilearen ordezkariak eta Erandioko alkateak eta Gotzon Bernaola Innobasquekoak hitz egin dute.

Francesco Tonucci irakasleak “HaurEkin lan egitea hazteko” ideia azaldu du. “Udalerri berriak, erronka berriak” izan da Durangoko eta Aguraingo zinegotziek eztabaidatu duten gaia. “Haurren parte-hartzea Kontseiluaz gain” izan da Iban Rodríguez Etxebarria Leioako alkatearen proposamena. Ermuko, Bilboko eta Arrasateko langile teknikoek “Sarerako jolas berriak” gaiari heldu diote.

Irakaslearen proposamena bide horri hiru ekintza zehatzen bidez ekitea da: udalerri bakoitzean Haurren Kontseilu bat sortzea, alkatearen eta haur talde baten arteko komunikazio-bide gisa; “A la Escuela con Amigos y Amigas” proiektua abian jartzea -edo haurrarekin espazio osoa eta publikoan elkarbizitzea-; eta jolasarekin eta kalean jolastearekin lotutako proiektuak hastea, jolasak osasuna hobetzen baitu eta haurren eskubidea baita.

Goizalde Atxutegik (Innobasque) eta Eneko Galletebeitiak (Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren Zuzendaritzako zerbitzuburua) sareari atxikitzeko xehetasunak eman dizkiote ekitaldian parte hartu duten zinegotzi eta alkateen taldeari.

Irune Muguruza, Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren zuzendariak “Haurrak EAEko Haur Kontseiluetan” bideoa aurkeztu du, jardunaldia ixteko. “Haurren Hirien Sarea proiektua Innobasquek sustatzen du, duela sei urtetik hona, Herri Laborategiarekin elkarlanean, toki-mailan administrazio publikoetan berrikuntza politikoko prozesuak sustatu eta laguntzeko. Orain, Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren Zuzendaritzak koordinatzen du, eta atxikipenak bilatzen ari gara”.

EAEko Haurren Hirien Sarea Francesco Tonucciren Haurren Hiria (La citta dei bambini) proiektuari lotutako ekimen bat da, hiria haurraren parametrotik eraldatzeko proiektu politikoa, “Begirada aldatzea edo begirada haurren altuerara arte jaistea, inor bistatik ez galtzeko” lemapean.

Ekintza zehatzak

Irune Muguruzak zehaztu duenez, “proposamena bi ekintza zehatzen bidez hastea da: udalerri bakoitzean Haurren Kontseilu bat sortzea, edo alkatearen eta haur-talde baten arteko komunikazioa eta Eskolara lagunekin proiektua abian jartzea edo baterako espazio publikoan haurrekin bizikidetzan jardutea”.

“Innobasquek EAEko udalerriei laguntzarako eta elkarlaneko ikaskuntzarako prozesua proposatzen die, La Citta dei Bambini nazioarteko sarean sare gisa parte hartzeko bide emateko; nazioarteko sare hori CNR-k (Italiako Ikerkera Zentro Nazionala) koordinatzen du, Erroman, 2001etik, eta Italian, Espainian eta Latinoamerikan dihardu. Sare horrek 150 hiri eta herri baino gehiago batzen ditu, eta ezagutza eta proiektuaren inguruko esparru-informazioa ematen du eta barneko konplizitateak bilatzen eta transmititzen laguntzen du –besteak beste, osoko bilkuran aurkeztea edo ikastetxeekin bilera–”, esan du Irune Muguruzak.

Udalekiko lankidetza horretan, atxikitzen diren udalerriei ikas-prozesu bat eskaintzen zaie abiarazteari lotutako pertsonentzat, proiektuaren diseinu pertsonalizatua barne hartzen duena –Haurren Kontseilua eta “Eskolara lagunekin”–, bai eta haiek udalerrian ezartzeko behar diren baliabideen aurreikuspen bat ere.

«Umeen kontseilua: herria eraikitzeko beste begirada bat» mahai-inguruan Iosune Herrarte Zumaiako Udaleko euskara eta hizkuntza teknikariak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak hartu dute parte.  «Umeen kontseilutik haratago: aurrekontu parte-hartzaileak» mahai-inguruan Esther Apraiz, Derioko alkatea eta Iban Rodríguez Etxeberria Leioako alkatea izan dira protagonista.

«Kaleak jolastuz: autonomia, espazioa eta jolasa» mahaian Marian Bilbatua Durangoko zinegotzia eta Sandra Cid, Ermuako gizarte politiken teknikaria izan dira.

  • 2005az geroztik, EUDELek adierazpen instituzionalaren eredu bat prestatzen du Euskadiko udalentzat urtero, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna (azaroaren 25a) dela-eta.
  • Aurtengo adierazpenak sexu-jazarpena eta emakumeen aurkako beste sexu-indarkeria mota batzuk espazio publikoetan (jaiak, mugikortasuna…) izango ditu ardatz.

2022ko azaroaren 22an. EUDELen Batzorde Eragileko alkateek onetsi zuten adierazpen hau, urriaren 13ko bileran. Egun horretan bertan, udal-batzorde eta osoko Bilkuren aurretik, testua euskal udalei eta mankomunitateei bidali zitzaien. EUDELek toki-erakundeen eskura jarri du Adierazpen hau erreferentzia-eredu gisa; udalerri bakoitzak bere errealitatearen arabera egokitu dezan, toki-autonomia aintzat hartuta.

EUDELen Adierazpena bat dator euskal erakunde guztiek bultzatutako kanpaina bateratuarekin , azaroaren 25a dela-eta. Adierazpenaren lehen paragrafoan jasotzen den bezala: Azaroaren 25ean emakumeen beraien eskubidea aldarrikatu nahi dugu, espazio publikoa berdintasun-baldintzetan erabiltzeko eta horiez gozatzeko, herritartasun osoari dagokien eskubideak bermatze aldera. Hitz batez, norberaren askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena bermatzea.”

Ildo horretan, EUDELek zera salatzen du: emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeria, helburu argia duela, “emakumeak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea”, hain zuzen ere. Halaber, zera zehazten du: “jai- eta aisialdi-testuinguruetan gertatzen den sexu-indarkeriak emakumeen sexualitatea kontrolatzeko funtzio hori betetzen du. Era berean, haien nahia, gorputza, mugikortasuna, espazio publikoko okupazioa, gizarte-harremanak eta berdintasun baldintzetan gozatzeko eskubideak kontrolatzea ere”.

Dokumentuan, EUDELek balioa ematen die orain arte egindako aurrerapenei:  “emakume askok banaka egindako ahalegin tematiaren bidez; bai eta mugimendu feministek eta beste erakunde batzuek egindako lanaren bidez ere, espazio publikoak eta pribatuak gizonen eta emakumeen artean banatzeko dikotomia gainditzeko helburuarekin. Hala ere, bi aldeen arteko desberdintasuna agerikoa da oraindik, batzuek eta besteek bizitza publikoan parte hartzeko izan dezaketen erabileran, bai eta gure hirietako eta herrietako kaleez gozatzeko eta haiez jabetzeko orduan ere”.

Berdintasunezko erabilera hori murrizten duten mekanismo anitzen artean, fokua jarri nahi da “sexu-indarkerian; izan ere, mundu osoko emakumeak eta neskatilak espazio publikoan sufritzen ari dira”.

Azkenik, EUDELen Adierazpenak sei konpromiso proposatzen ditu. Horien artean, BERDINSAREA indartzea, berdintasunaren arloko eta indarkeria matxistaren aurkako ekimenei eta jardunbide egokiei buruzko ezagutza trukatzea errazteko udalerrien sare gisa.

ADIERAZPENA https://eudel.eus/eu/file/documentos_ficheros/ADIERAZPENA%20A25_eus.docx

  • Datorren abenduaren 2an Sestaon Topaketa egingo da sariak banatzeko eta Izaro abeslariak zuzenean parte hartuko du
  • Aurkeztutako lanek estereotipo matxistak, kaleko jazarpena eta bikote-harremanak dituzte ardatz

Sestao, 2022/11/21

Gaur goizean Sestaoko Musika Eskolan gazteen arteko indarkeria prebenitzeko Beldur Barik programaren 13. Edizioa aurkeztu da. Bertan parte hartu dute Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak; Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendariak; Nerea Isasi Gipuzkoako Berdintasun zuzendariak; Eigoibarko alkate eta EUDELeko Batzorde Exekutiboaren ordezkaria den Ane Beitiak; eta Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak. Aurten, Sestaok hartuko du Beldur Barik Topaketa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta EUDELekin lankidetzan, antolatutako programaren barruan.

Ikus-entzunezko lehiaketa da programaren jarduera nagusia eta ezagunena. Lehiaketa horretan, gazteek emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eta berdintasunezko gizarte baten aldeko jarrera erakutsi behar dute. Beatriz Artolazabal sailburuak jakitera eman duenez, aurten 300 ikus-entzunezko lan baino gehiago aurkeztu dira, gehienak taldean egindakoak. Beraz, parte hartu duten gazteen kopurua askoz ere handiagoa da. Eta, hain zuzen ere, lanak taldean egitearen garrantzia nabarmendu du, “sorkuntza-prozesua bera emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita”.

Artolazabalen hitzetan, “joan den astean Gazteriaren Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, emakume gazte gehienak beldurrez itzultzen dira etxera, eta, honek erakusten du neska-mutil gazteei zuzendutako programak ezinbestekoak direla oraindik”.


Ane Beitia, EUDEL

Ane Beitiak, EUDELen ordezkariak, azpimarratu duenez, “indarkeria matxistaren aurkako borroka EUDELen lehentasunezko erronka da; Berdinsarean urte asko daramatzagu lanean berdintasunaren alde, Euskadiko herri eta hirietan”. Adierazi duenez,  “udalok funtsezko zeregina dugu emakumeentzako eta neskentzako espazio publiko libreak bermatzeko. Toki-eremuan elkarlanean jarraituko dugu, eragile guztiekin “komunitatea” eratzeko; eta, gazteei zuzendutako politiken eta programen bidez, hala nola Beldur Barik, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta desagerrarazteko sarea ehuntzeko”.

Gazteenak, 12 eta 14 urte bitartekoak, izan dira lan gehien aurkeztu dituztenak, ia erdiak (% 44) eta film laburretan landu dituzten gaien artean sexismoa, diskriminazioa eta estereotipo sexistak daude. 15 eta 17 urte bitartekoen kategorian (lanen % 36) estereotipoak eta kaleko jazarpena ere izan dituzte hizpide. Eta 18 eta 20 urte bitarteko gazteek aurkeztutako lanetan (lanen % 15), gai horiez gain, bikote-harremanak eta berdintasuna ere jorratu dituzte. Lurraldeka, lan gehienak Bizkaitik iritsi dira (% 59), gero Gipuzkoatik (ia % 32) eta azkenik Arabatik ( % 9). Lanetan ikus daitekeenez, gazteek gero eta argiago identifikatzen dituzte indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasunfaktoreak.

Ikastetxeetatik gehienak

Bestalde, Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, azpimarratu du lan gehienak (% 89,7) ikastetxeetatik datozela, eta horrek erakusten duela hezkuntzaren eremuan berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioari lotutako materialen eskaria dagoela. Esan duenez, “hori kontuan hartu beharko dugu, baita mutilekin lan egiteko eskari espezifiko bat dagoela ere; izan ere, oro har, programaren ebaluazioan egiaztatu dugun bezala, interes eta ezagutza gutxiago dute mutilek gaiaren inguruan”. Elgarrestaren hitzetan, “garrantzitsua da mutilak berdintasunaren alde inplikatzea, gizonak inplikatzea beharrezkoa den bezala, eta hori ere egiten ari gara erakunde guztiok batera azaroaren 25ean bultzatu dugun kanpainaren bidez”.

Sestaoko alkateak, Ainhoa Basabek, nabarmendu du programan parte hartzea Sestaoko Udalak hezkidetzako udal-programa bat sustatzeko egin nahi duen apustuaren barruan dagoela, hori baita Berdintasun arloaren lan-ardatz nagusietako bat. Bere hitzetan, “berdintasunezko hezkuntza funtsezkoa da gizarte justuago eta indarkeriarik gabeko bat eraikitzeko orduan, eta udalok horretan lagundu dezakegu eta lagundu behar dugu”.

Bestalde, Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendariak adierazi duenez, “agerikoa da erakundeen artean kezka dagoela gazteen arteko indarkeria matxista dela-eta, eta kezka horretatik, badirudi gazterian bertan jartzen dugula arazoaren muina. Ordea, Beldur Barik ekimenak ahotsa ematen die gure neska-mutilei, eta indarkeria matxistaren aurrean erantzuna badutela erakusten digu, gizarteari helarazteko berdintasunezko ereduak proposatzen dizkigutelako”. “Entzun egin behar diegu “, gaineratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko foru zuzendariak, Nerea Isasik, gaztetxo eta gazteen artean “berdintasunaren balioak” jorratzeko “lanabes eraginkorrak” edukitzeko premiaz hitz egin du eta, ahalegin horretan, Beldur Barik egitasmoaren ekarpena eta ibilbidea txalotu ditu. “Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eta, oro har, gizartea izan nahi dugu eta, horretarako, ezinbestekoa dugu belaunaldi gazteenetan eragin eta sentsibilizazioan, prebentzioan eta ahalduntzean eragiten jarraitzea”, gehitu du.

Ainhoa Campo Arabako Berdintasuneko zuzendariak bidalitako mezu batean, adierazi du Beldur Barik programan parte hartzea berdintasunaren aldeko balioak bereganatzeko prozesu bat dela, “bai eta mikromatxismoak lanen bidez adierazten dituzten gazteen kasuan ere, hauek eguneroko bizitzan euren askatasuna estutzen edo baldintzatzen baitiete”. “Zalantzarik gabe, ekimen honek datozen belaunaldiak berdinzaleagoak izaten laguntzen du”, esan du.

Topaketa

Abenduaren 2an Sestaon egingo den Topaketa zortzi tailerrekin hasiko da, arratsaldeko seietan. Tailer horietan autodefentsa feminista, dantzaren bidezko ahalduntzea, neskak eta bideo-jokoak, elikadura osasungarria, rap feminista eta maskulinitateak landuko dira, besteak beste.

Ondoren egingo den elkarretaratze baten ondoren, Musika Eskolan sari banaketa egingo da eta bertan Izaro abeslariak zuzenean hiru abesti abestuko ditu. Hain zuzen ere, Izarok eta Kai Nakaik, aurreko edizioari ahotsa eta musika jarri zion abeslariak, mezu bat zabaldu dute sare sozialen bidez, gazteak berdintasunaren aldeko urteroko hitzordu honetan parte hartzera animatzeko.

Lehiaketari buruzko datu batzuk

Aurkeztutako lanetatik. 225 onartu dira.

Adina Lan Kopurua %
1. 12/14 años 111 49,3%
2. 15/17 años  81 36%
3. 18/20 años  33 14,6%
Nola Kopurua %
Taldean 220  97,7%
Indibiduala 5 2,3%
Lurraldea Kopurua %
Araba 21 9,30%
Bizkaia 133 51,11%
Gipuzkoa 71 31,50%
Nondik kopurua %
Centros escolares 202 89,7%
Gazteleku/Programa Juventud 9 4%
Asociaciones 4 1,7%
Taller desde municipio 7 1,1%
De forma individual 3 1,3%