Eudel

Author

eudel

Azken berriak

 

 BIDEOA “EUDEL-Euskaraldia”

Azaroaren 16an Laudion egindako euskal udalerrien Batzar Orokorrean, Gorka Urtaranek, EUDELeko elkarteburuak, Nagore Alkorta eta Jose Antonio Santano elkartebuordeek, bai eta Batzorde Eragileko beste alkateek ere, udalak deitu zituzten, Euskaraldiarekin bat egiteko:

“Euskaraldia berriro martxan jarriko dugu, eta gizarte-ariketa horri ekiteko ailegatuko da momentua. Euskal udalak inplikatuta gaude, eta gure herritarrak inplikatuko ditugu.

Euskara euskal komunitatearen biltzaile nagusietako bat da. Horrexegatik ere, EUDELen bat egiten dugu euskararekin; ondare linguistiko edo kulturala ezezik, gure gizartearen lehiakortasunerako eta kohesio emozionalerako tresna baliagarria ere badelako.

Euskararen erabilera sustatzeko egingo dugu ahalegina: herriz herri eragiteko herritarren artean, udaletan, kaleetan, etxeetan, lagun artean…edonon.

Ilusioa eta guztion elkarlana izango da Euskaraldia.”

Gorka Urtaran elkarteburua

Elkarteko talde teknikoa ere ilusioz beteta dago Euskaraldiarekin; eta arigunea da, berriz ere.

HITZEZ EKITEKO GARAIA HASI DA!

 

  Gorka Urtaran ELKARTEBURUAREN ADIERAZPENAK

  • Laudion gaur goizean egin den Batzar Orokorrean Gorka Urtaran elkarteburuak azpimarratu duenez, aldaketa sakoneko testuinguru hau “udalgintzarentzat aukera-une bat da, eta aprobetxatu egin behar da”.
  • Tokiko agintaldiaren azken etapan, Elkarteak udalei lagunduko die, batetik, haien barne-erronkei aurre egin diezaieten, esaterako aldi baterako enplegu publikoen egonkortze-prozesuetan; eta, bestetik, herrialde-erronka handien aurrean: trantsizio sozial-demografikoa, ekonomiko-digitala eta energetiko-klimatikoa.
  • Tokiko administrazioetako lanpostuak egonkortzeko oinarri komunak: Guztira, 3.477 plaza eskaini dira hiru lurraldeetako 234 tokiko erakundetan. EUDELek egin du oinarriak eta foru aldundiekin lankidetzan, baterako prozesuak koordinatuko ditu.
  • 2030 Agenda: udal-aurrekontuak GJHekin lerrokatuta egongo dira. EUDELek metodologia komun bat osatu du, tokiko euskal errealitatera egokitua.
  • Bere hitzaldian, elkarteburuak hau nabarmendu du: “Udalok zeregin aktiboa eta giltzarria dugu klima-aldaketari aurre egiteko, gure udalerrietan berriztagarriak bultzatuz.”
  • EUDELek dei egin du euskal gizartearen balioak, balio demokratikoak, Europako espiritua, Giza eskubideak, kultura eta hizkuntza defendatzera, identitate-sinboloak baitira. Urtaran: “Gizarte gisa batzen gaituzten ezin ukituzko balioak. Kohesio emozionalak, euskal gizarte gisa, gugandik onena ateratzen du”.

Laudio, 2022ko azaroaren 16a. EUDELen Batzar Orokorra dela eta, hiru lurralde historikoetako alkateak elkartu dira gaur goizean Laudioko Kasinoa eraikinean, tamaina guztietako udalerrien eta hainbat eratako sentsibilitateen ordezkariak. Euskal udalgintzaren topaketa hori bereziki garrantzitsua izan da, tokiko agintaldi honetako azken ohiko bilera izan baita; izan ere, 2023ko maiatzean hurrengo udal-hauteskundeekin amaituko da agintaldi hori.

Laudioko alkate eta EUDELeko Batzorde Eragileko kide Ander Añibarrok esan ditu ongietorria emateko hitzak, 11:30ean. EUDELeko elkarteburu eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gidatu du Batzarra, eta, hitzartze nagusian, 2023an lehentasunezko jarduera-ildoak izango direnak aurkeztu ditu.

Bestalde, elkarteburuorde eta Azpeitiko alkate Nagore Alkortak eta Jose Antonio Santano elkarteburuorde eta Irungo alkateak 2021eko urteko kontuak eta 2023ko ekitaldirako Elkartearen aurrekontua aurkeztu dituzte, hurrenez hurren; aurrekontua 3.407.793,71 eurokoa izango da.

Egindako hitzaldian zehar, EUDELeko elkarteburuak eskerrak eman dizkie Batzorde Eragileko alkate kideei. Urtaranek horien konpromisoa, ahalegina eta erantzukizuna aitortu ditu: “Elkarrekin ari gara lanean, udalerrien ahotsaizateko. Gure arteko desberdintasunen gainetik elkarrizketa eta adostasuna bilatzeari esker funtzionatzen duen udalgintzaren motorra gara”. “Askotariko 251 errealitateren identitatea errespetatuz, nabarmendu du.

Gorka Urtaranek balioa eman dio egungo agintaldian bizi izandako “aurrekaririk gabeko” egoeren aurrean beti lehen lerroan egon diren udalen “erantzun eredugarriari”, hala nola COVID-19aren pandemia edo Ukrainako errefuxiatuen harrera.

EUDELeko elkarteburuak egungo testuingurua “ziurgabetasunezkotzat” jo du, gerrak eragindakoaren ondorioz, bai eta euskal gizartean aldaketa sakonekotzat ere. Era berean, hau adierazi du: “Euskal udalgintzarentzat aukera-une bat da, eta aprobetxatu egin behar dugu”.

Hitzaldiaren gidalerro nagusia udalen lidergoa izan da, gizartearen eta planetaren garapen iraunkorrarekin konprometitutako herritar solidarioen “eragile” diren aldetik. “EUDELen daukagun helburua da eraldaketa sozial, ekologiko eta digitala bultzatzea, udalerriz udalerri, tokiko ekintza bakoitzak eragin biderkatzailea izan dezan”.

Lehentasunezko erronkak, 2023an

Gaurko Batzarrean, EUDELek 2023ko jarduera-ildoak aurkeztu ditu; euskal udalgintza bultzatzea eta laguntzea dute ardatz, batetik, barne-erronkei dagokienez, bai udal gisa bai Elkarte gisa, eta, bestetik, herrialdearen, Euskadiren eta bertako udalerrien erronkei dagokienez.

  • Bi barne-erronka: kohesio instituzionala eta kohesio emozionala bultzatzea

Kohesio instituzionala: euskal udalen interes orokorren defentsa eta ordezkaritza egitea, haiek ukitzen dituzten erabakiak hartzen diren lekuetan; hala, euskal arkitektura instituzionala osatuko da. Tokiko autonomia eta finantza-nahikotasuna (Tokiko Gobernuen Batzordea). Esperientzia-trukea udalen artean.

Adibidea: egonkortze-prozesuak, EUDELen eta foru aldundien arteko lankidetza

Kohesio emozionala: euskal gizartearen balioak, balio demokratikoak eta Europako espiritua sustatzea. Giza Eskubideak. Elkartasuna, aniztasuna, elkarbizitza baketsua, tolerantzia. Identitatea, ohiturak, kultura, hizkuntza.

Gorka Urtaran: “Ezin ukituzko balioak dira guztiak ere, eta gizarte gisa batzen gaituzte, komunitatea areagotzen dute, hemengo izatearen sentimendua pizten dute, gure hiriekin eta herriekin dugun konpromisoa eta inplikazioa indartzen dute”. “Kohesio emozionalak, euskal gizarte gisa, gugandik onena ateratzen du” gehitu du elkarteburuak.

Euskaraldia

“Euskal komunitatea egitearen” eredu gisa, EUDELeko elkarteburuak Euskaraldia aipatu du. Batzarrean dei egin du ekimen horretan parte hartzera; ostiralean hasiko da, azaroaren 18an, eta 15 egunez egingo da: “EUDELen bat egiten dugu euskararekin, ondare linguistiko edo kultural bat ezezik, euskal gizartearen lehiakortasunerako eta kohesio emozionalerako tresna ere delako. Euskararen erabilera sustatzeko eta herriz herri eragiteko herritarren artean, udaletan, kaleetan, etxean, lagun artean…”

Toki-erakundeak egonkortzeko eta sendotzeko prozesuak

20/2021 Legea betez, behin-behinekotasuna murrizteko, Herri Administrazioetan enplegu publikoa egonkortzeko (lehiaketa) eta sendotzeko (lehiaketa-oposizioa) prozesuak arautzen dituzten oinarriak aurtengo abenduaren 31 baino lehenago onetsi behar dira, eta 2024ko abenduaren 31 baino lehenago gauzatu.

Foru aldundiek kontabilizatutako datuen arabera, EAE osoan, hiru hiriburuak alde batera utzita, enplegu publikoko 3.477 plaza eskaini dira 234 toki-erakundeetan. % 90 merezimendu-lehiaketako prozesuetarako dira, azterketa egin beharrik gabekoak.

  • Lurralde historiekoen araberako banaketa: Araban, 289 plaza 51 erakundetan; Bizkaian, 1.943 plaza 102 erakundetan; Gipuzkoan, 1.245 plaza 81 erakundetan.

Ehunka prozesu izango dira, eta udal gehienek ez dute ez baliabide materialik ez giza baliabiderik prozesu horiek aurrera eramateko. Hortxe dago, hain zuzen, Euskadiko Udalen Elkartearen eginkizun nagusia, lurralde historiko bakoitzeko prozesu bateratuak koordinatzeko ardura bere gain hartuta, toki-erakunde guztiek dagozkien deialdiak gauzatu ahal izan ditzaten.

Horretarako, Batzorde Eragilearen lidergoz eta adostasunez, EUDELek euskal errealitatera egokitutako metodologia diseinatu du, berme juridiko guztiak biltzen dituena. Lehiaketa-prozesuetarako lehenengo oinarri bateratuak prestatu ditu. Oinarri horien arabera, administrazioan izandako esperientziari % 80a eman diote balorazioan, lehentasuna eskainiz erakunde deitzailean izandakoari, eta % 20a, ostera, merezimenduei, besteak beste, prestakuntzari, hizkuntzei edo gaitasun digitalei.

Oinarri orokorrak guztientzakoak dira, baina erakunde bakoitzak egokitu ahal izango ditu oinarri espezifikoak, eta esperientzia-urteei edo merezimenduen tipologiari buruzko aukeren menu batean aukeratu ahal izango du. Horren bitartez, EUDELek erakunde bakoitzaren beharrei hobeto erantzun nahi die.

Tresnahori borondatezkoa da, eta tokiko autonomia errespetatzen du, tokiko erakunde bakoitzak erabakitzen baitu erabili ala ez. Edonola ere, EUDELen oinarriak onestea ezinbestekoa da foru aldundien laguntza izateko; izan ere, foru aldundiak laguntzaile dira prozesu horretan, epaimahai kalifikatzaileak eratuz eta foru-aplikazio informatikoa eskainiz.

Lurralde bakoitzean egin beharreko urratsei dagokienez, Elkarteak etengabe ematen die udalerriei horien berri, informazio-jardunaldien eta aldizkako zirkularren bidez.

Hiru herrialde-erronka: hiru trantsizio hauei aurre egitea, alegia, trantsizio sozial-demografikoari, ekonomiko-digitalari eta

Trantsizio sozial-demografikoa: erronka demografikoa; erantzun egokia ematea jaiotza-tasa baxua dela-eta dagoen belaunaldi-erreleboari, gizartearen zahartzeari, jatorri-aniztasunari; erronkak, etorkinen hurrengo belaunaldiekin.

Trantsizio ekonomiko-digitala: lankidetzan aritzea gainerako erakundeekin fabrikazio aurreratua sustatzen, bai eta espezializazio ekonomikoan, espezializazio zientifiko-teknikoan, eta, oro har, euskal ekonomiaren oinarri diren sektore industrialen trantsizioan ere.

Aurrera egitea zerbitzu publikoen digitalizazioan eta administrazio elektroniko, irisgarri eta inklusiboan.

Trantsizio energetiko-klimatikoari:

EUDELeko elkarteburuak energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin du: “Udalok zeregin aktiboa eta giltzarria dugu klima-aldaketari aurre egiteko, gure udalerrietan berriztagarriak bultzatuz.”

Finantzaketa-tresna gisa, EUDELek arreta berezia jarri du Europako Funtsak ekarriko duen aukeran. “Herri eta hirietako proiektu eraldatzaileak bultzatzeko beharrezko funtsak dira, gure lehiakortasun ekonomikoa hobetzeko gizarte- eta ingurumen-politiken bitartez”.

Elkarteak Next Generationeko deialdietan zerbitzua ematen die toki-erakundeei, batez ere neurri txikienekoei. Gaur egun, 187 udalek 122 M €-tik gorako kopurua jaso dute. Funts horiek udal-eskumenak biltzen dituzte, besteak beste: mugikortasun iraunkorra, hiri-berroneratzea eta energia-eraginkortasuna (% 66); turismo-sektorea modernizatzea eta lehiakor bihurtzea (% 28,2); tokiko ETEak bultzatzea (% 2,8); konektagarritasun digitala, zibersegurtasuna eta 5Ga (% 2,9) eta Lanbide Heziketa (% 0,1).

2030 Agenda: GJHekin lerrokatutako aurrekontuak

“Helburu global guztiek tokiko gobernuen erantzukizunekin zuzenean lotuta dauden jomugak dituzte”. Iazko Batzarrean, EUDELek tokian tokiko bultzada duten 15 proiektu aurkeztu zituen, udalerriek Euskadiko Agendari egindako ekarpen gisa. Aurten, proiektu aitzindari bat abiaraziko da berdintasunaren esparruan: ikuspegi feministadun zaintza erantzunkideen tokiko eredua bultzatzea.

Zaintzaren tokiko sareen eredu bat eraikitzean datza, zaintza bizitzaren erdigunean jartzearen paradigma oinarri hartuta, gizarte zerbitzuetatik eta komunitatetik abiatuta, eta zaintza-sisteman inplikatuta dauden eragile guztien arteko aliantzak lortuta.

 

 

Erakundeen arteko lankidetzaren testuinguruan, EUDELek bere ibilbide propioa sustatu nahi du 2030 Agendan. Hil honetan, Elkarteak EAEko udal guztien eskura jarri du udal-aurrekontuak Garapen Jasagarrirako Helburuekin lerrokatzeko lehenengo metodologia bateratua. Metodologia ikusi

 

Estatu mailan, tresna aitzindaria da, GJHak udal-errealitatera “jaisten” dituen lehena; horretarako, GJH bat edo batzuk identifikatu dira 92 programa funtzionaletarako, 24 gastu-politikatan multzokatuta.

 

3 tresnak osatu dute metodoa: prozesuaren Gida praktikoa, aurrekontua lerrokatzeko Excel bat, eta herritarrei komunikazioa bideratuko dien emaitzen txosten bat. Tresnak garapen iraunkorraren lau dimentsioak biltzen ditu: gizartea, ekonomia, ingurumena eta gobernantza (zeharkakoa).

 

 

Ekimen berritzailea da, eta 2023ko udal-aurrekontuak itxita daudela iritsi da; horrenbestez, aurten, tresna “pilotu” moduan balio ahalko du, hobetzeko eta hurrengo ekitaldietan udalen aurrekontu-kudeaketan integratu ahal izateko.

 

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, hiru foru aldundiek eta EUDELek sinatu duten kanpainaren leloa da: “Zer ez duzu ulertu nahi?” lelopean. Bai bakarrik baietz”.
  • Gizonak dira, emakumeekin batera, indarkeria matxistari amaiera emateko beste gizon batzuengana zuzentzen direnak.

Gasteiz, 2022/11/14

Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean kanpaina bakarra izango da aurten Euskadin. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek kanpaina bateratua sinatu dute. Erakunde guztien artean koordinatutako kanpaina honek “bakarrik bai dela baietz” oraindik ulertu ez duten gizonei zuzentzen da eta gogorarazten die “ezetz esateko modu asko daudela, baina bat bakarra ulertzeko”. Gizonek beraiek, emakumeekin batera, egiten diete galdera beste gizon batzuei:  “Zer ez duzu ulertu nahi? Bakarrik bai da baietz”.

Gaur goizeko aurkezpenean izan dira Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Emilio Sola Arabako Gizarte Politiketako foru diputatua, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru diputatua eta Gorka Urtaran EUDELeko presidentea.

Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela erakunde guztiek modu koordinatuan lan egin izana gizarteari mezu bakar bat helarazteko, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko herri konpromisoaren irudia erakutsiz: “Berdintasunean eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan beharrezkoa da elkarrekin lan egitea, herri bezala, taldean, jarraibide berberekin”.

Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela kanpaina gizonei zuzentzea eta gizonak izatea indarkeriari ezetz esaten diotenak eta beste gizon batzuei zuzentzen direnak gogorarazteko beharrezkoa dela emakumeen erabakia eta hitza errespetatzea: “Indarkeria matxista ez da emakumeen arazoa. Gizarte osoaren arazoa da. Eta, bereziki, gizarte matxista batean sozializatutako gizonena. Maskulinitate modu bat ikasi duten gizonak”. Artolazabalen iritziz, “berdintasun ezaren aurka altxatzen diren eta korporatibismo maskulinoa hausten duten gizonak egotea behar-beharrezkoa da indarkeria geldiarazteko”.

Azkenik, gogorarazi du, Istanbulgo Hitzarmenean (Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioari buruzko Europako Kontseiluaren hitzarmena) ezarritakoari jarraiki, Berdintasunerako Lege berrituak eta Berdintasunerako Herri Itunak printzipio orokorren eta erronken artean jasotzen dutela gizonekin eta mutilekin lan egitea.

Gorka Urtaranek, EUDELeko elkarteburuak, gizon politiko eta herritar gisa, eremu publiko eta pribatutik, gure gizarteari egindako kalte larri hau geldiarazteko inplikatzea funtsezkoa dela defendatu du.

Urtaranek azpimarratu duenez, “Emakumeen aurkako indarkeria arazo bat da planeta osoan, udalerri eta gizarte-maila guztietan. Gizarte osoaren erronka da. Indarkeriaren arazoa ‘errotik hartu’ behar dugu; indarkeria matxista desagerrarazi gure herri eta hirietatik. Errespetuan, berdintasunean, askatasunean eta emakumeen zoriontasunean oinarritutako harremanak sustatzea, guztiak beharrezkoak baitira bizitza duin bat garatzeko.”

Berdinsareak urteak daramatza lanean, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren alde. Eta elkarteburuak gaineratu duenez “ EUDELen azaroaren 25eko adierazpenak espazio partekatuak, fisikoak eta birtualak eraikitzea eskatzen du, pertsonen arteko berdintasunezko eta errespetuzko harremanak nagusi izan daitezen gure udalerrietan”.

 

Bestalde, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azken hamarkadetan berdintasunean egindako lana azpimarratu du: “Atzera begiratuz gero, egindako lan guztiak, baita erakundeenak ere, asko eta norabide egokian aurrera egin dugula ikusten dugu, baina etorkizunera begiratuz gero, oraindik ere egiteko dagoen bidea ikusten dugu, beraz, urrats sendoak eta orain arte bezain probetxuzkoak ematen jarraitu behar dugu. Aurrera goaz, orain arte bezain indartsu edo gehiago”.

Emilio Sola, Arabako Gizarte Politiketako foru diputatuak adierazi duenez, emakumeek egindako bide luzearen ondoren, “gizonek aldarrikapen historiko horrekin bat egiteko garaia da”. Adierazi duzunez, “kanpainak guri, gizonoi, eskatu nahi digu emakumeen, beste gizon batzuen eta logika patriarkala auzitan jartzen duten arauz kanpoko beste identitate batzuen aurkako indarkeriazko jarreren aurrean, maskulinotasun eredu bat zalantzan jarri dezagun eta jarrera matxisten konplizitatea hautsi dezagun”.

Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru diputatuak, bestalde, erakundeen ezinbesteko lankidetza azpimarratzeaz gain, adierazi du “emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean ezin garela ikusle hutsak izan, ez gu emakumeok, ez gizonek”. “Herritar guztiei dagokigun arazoa da, eta guztion esku dago gaitz sozial honekin behin betiko amaitzea”, gaineratu du.

Azkenik, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak nabarmendu du garrantzitsua dela kanpaina bateratu bat egitea, eta bereziki  garrantzitsua dela erakundeen arteko lankidetza. Lankidetza hau etorkizunean  indartu egingo dela esan du  “indarkeria Matxistaren Biktima diren Emakumeei Arreta Hobea Emateko Erakundeen arteko III. Akordioaren sinadurarekin eta emakume biktimen espedienteak modu integratuan kudeatzeko egiten ari garen lanarekin, azken honek ere, ahalegin handia eskatzen baitu erakundeen arteko koordinazioan”.

Basqueskola eredua aurkeztu da ‘Emakume hautatuak’ biltzarreko praktika onen artean, besteak beste, Bolivia, Libano, Palestina, Niger, Peru, Senegal, Maroko, Suedia eta Ukrainako emakume hautetsien aurrean.

Mallorca, 2022ko azaroaren 11. ‘Virginia Woolf Basqueskola’ eta euskal emakume hautetsiek sarean lan egiteko duten eredua erreferente izan dira gaur ‘Emakume hautatuak’ Emakume Politikarien Nazioarteko I. Topaketan. Azaroaren 10etik 12ra ari dira egiten, Palma hirian (Mallorca), Sa Nostra fundazioan. Jardunaldietan Europako eta mundu osoko herrialdeetako emakumezko zinegotzi eta alkateek hartuko dute parte, besteak beste, Senegal, Niger, Maroko, Libano, Palestina, Peru, Suedia eta Ukrainakoek.

Asteasuko alkate Pilar Legarrak, Basqueskolako talde eragilearen ordezkari gisa, euskal sarearen lana aurkeztu du biltzarrean, emakumezko politikariak elkartzeko beste espazio batzuek dituzten praktika onekin batera, esate baterako, REFELA (Réseau des Femmes Élues Locales d’Afrique) eta ACOBOL (Boliviako emakume zinegotzien elkartea).

Euskal udaletako alkate eta zinegotziek eurek gidatzen dute Basqueskola, EUDEL eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren –Emakunderen bitartez– laguntzarekin. 2012an sortu zen Basqueskola, eta hamarkada horretan erakundeetan eta kudeaketa politikoan emakumeen parte-hartzea indartzeko lan egin du, gizartean eragiteko gaitasuna izan dezaten.

Sarearen helburu nagusietako bat hauxe da: emakume berriei, eta askotarikoagoei, bidea irekitzea esparru publikoan parte har dezaten. Horrekin, udal-politika eraberritzen jarraitzea da asmoa, gaur egungo euskal gizartearen ildoan, eta 2030 Agendari ekarpena egitea, berdintasuna (5. GJH) zeharkako ardatz gisa hartuta.

EUDELek eta Eusko Jaurlaritza-Emakundek sustatutako sareak ekitatea bultzatzen du, genero-ikuspegia txertatuta politika publikoetan, bai eta udal-agendan emakumezkoen interesak eta premia berariazkoak txertatuta ere. Basqueskolak esperientzien trukea sustatzen du, bai eta emakumeen ekintza politikoa toki-mailan ere.

Bere lankide hautetsien aurrean egindako hitzaldian, Pilar Legarra alkateak azpimarratu du: Basqueskolak etorkizunera begiratu eta agenda orokorraren kide izan nahi du. Laguntza ere eman nahi du, bai emakumeek tokiko politikan duten lidergoa lortzeko, bai mundu askeagoa eraikitzeko, gure herri eta hirietatik abiatuta”.

Lidergoari eta praktika berritzaileei buruzko tailerra

Gaurko egitaraua osatzeko, arratsaldean lidergo eta parte-hartze politikoari buruzko tailer bat egingo da, EUDELeko berdintasun teknikari Eukene de Miguelek dinamizatua.

Hausnarketarako guneetako bat izango da, non tokiko praktika berritzaileak aurkeztuko diren, arlo hauei dagokienez: garapen jasangarria, emakumeen aurkako indarkeria tokiko esparruan, lurra eta etxebizitza eskuratzea, eta lana eta enpresa txiki eta ertainetarako finantziazioa eskuratzea.

Informazio gehiago: http://www.virginiawoolfbasqueskola.eus/eu/

Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburu eta Gasteizko alkateak bilera telematikoa egin du gaur arratsaldean Carolina Leitao Txileko Udalen Elkarteko (AChM) presidente eta Peñalolengo alkatearekin.

Bilera elkarte txiletarrak eskatu du, aurten 40 urte bete dituen Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkaritza instituzionala eta zerbitzu teknikoak ezagutzeko interesa duelako.

Gorka Urtaranek EAEko 251 udalerrien errealitate askotarikoaren berri eman dio bere homologoari, sareko lanean eta udalen arteko lankidetzan oinarrituta, bai eta EAEko udalen eskumenen eta finantziazio-sistema espezifikoaren berri ere (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea).

Peñalolengo alkateak EUDELen lan ildoen lehentasunak bertatik bertara ezagutzeko interesa agertu du: gizarte zerbitzuak, berdintasuna, hirigintza eta ingurumena, enplegua eta tokiko garapena, besteak beste.

Bi elkarteek partekatu duten lehentasunetako bat 2030 Agenda eta udalerriek bultzatzen dituzten GJH proiektuak kokatzea izan da, bereziki, klima-trantsizioari eta energia-trantsizioari buruzkoak.

Bi elkarteek harremanak estutzen jarraitzea adostu dute, esperientziak eta jardunbide egokiak trukatuz.

  • Lehendakaria buru dela egin den ekitaldian, 14 erakunde eta elkartek 17 konpromiso hartu dituzte trafiko-istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizarte bat izatera iristeko
  • Ekimen aitzindari honi esker Euskadi erreferente izango da Europan Bide Segurtasunaren eta trafikoaren kudeaketaren arloan
  • Ituna sinatu duten erakunde eta elkarteen ustez, onartezina da Euskadiko kale eta errepideetan hildakoak edo zauritu larriak izatea, eta erantzukizuna errepidea erabiltzen duen pertsonarena eta Bide Segurtasunaren sistema publikoan eta pribatuan esku hartzen duten gainerako eragileena dela onartzen dute

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela egin da gaur goizean Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunarekin, lehenengo 14 elkarte eta erakundek guztion ongiaren, Euskadiko Bide Segurtasunaren eta mugikortasun seguru, jasangarri eta efizientearen alde hartu duten konpromiso etikoarekin, bat egiteko ekitaldi publikoa. Ekimen aitzindaria da, ezaugarri horietako lehenengo Ituna baita, eta panorama konparatuan helburu bikoitzarekin sinatu da:

  • 2030erako, 2020. urtearekin alderatuta, % 50 murriztea Euskadiko kale eta errepideetan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua.
  • 2050erako “Vision Zero” betetzea, hau da, Euskadiko kale eta errepideetan zero hildako edo zauritu larri izatea lortzea.

Lehendakariarekin batera sinatu dute Itun hau Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak eta Vitoria-Gasteizko alkateak; Juan Maria Aburto Bilboko alkateak; Eneko Goia Donostiako alkateak; Ramiro González Arabako diputatu nagusiak; Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak; Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak; Ainhoa Alustiza EITBMediako gerenteak; Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren ordezkariak; Raúl Mena Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren ordezkariak; Marian Cogollos Aesleme Elkartearen ordezkariak; Félix Ortiz de Zarate, Euskofederpen Elkartearen ordezkariak; Ana Novella Istripuak Stop Elkartearen ordezkariak; eta Rosa María Trinidad, Bide Indarkeria Stop Elkartearen ordezkariak.

Gainera, hemendik aurrera, Itun honekin bat egin dezakete bide-segurtasunaren esparruan esku hartzen duten sistema publiko eta pribatuko eragile guztiek.

GJH, Agenda 2030

OMEren kalkuluen arabera, munduan urtean 1,3 milioi pertsona hiltzen dira trafiko-istripu baten ondorioz. Hau da, 3.700 pertsona egunean. Berez, trafiko-istripuak dira 5 urtetik 29 urtera bitarteko pertsonen heriotza-kausa nagusia.

Zifra horien aurrean, Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendak Bide Segurtasuna eta mugikortasun seguru eta jasangarria sartu zituen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan. Bide horri jarraituz, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunak 17 konpromiso hartu ditu Itunarekin bat egin duten erakunde guztiek egindako ekarpenetatik abiatuta, trafiko-istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizarte bat izatera iristeko erantzukizun eta lankidetza partekatua areagotzeko. 17 konpromiso bateratu horiez gainera, erakunde bakoitzak konpromiso indibidual batzuk zehaztuko ditu, eta, hemendik aurrera, horien jarraipena eta ebaluazioa egingo da gobernantza-eredu egituratu baten bidez.

Azken helburua da Euskadi Europan erreferente izatea Bide Segurtasunean eta trafikoaren kudeaketan, hildakoen eta zauritu larrien kopurua murrizteko helburu globala betez.

Errepidean, heriotza bakar bat ere ez da onargarria

Azken bi hamarkada hauetan Euskadin:

  • urtean 218 pertsona hil ziren trafiko-istripuetan.
  • 2010ean 67.
  • 2015ean 53.
  • 2019an 51.
  • 2021ean 42.

Beheranzko joera argi eta garbi finkatu da, eta, berez, Euskadiko milioi biztanleko istripu larrien tasa Europako iparraldearekin bakarrik aldera daiteke. Baina zifrak oraindik ere ez dira onargarriak, horregatik, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunak argi eta garbi adierazten du trafiko-istripuen ondoriozko heriotza edo lesio larri bakar bat ere ez dela onargarria, eta hildakoak edo zauritu larriak eragin dituen istripu baten azken erantzulea ez dela bidea erabiltzen duen pertsona bakarrik, baizik eta baita Bide Segurtasunaren arloan esku hartzen duten gainerako eragileak ere.

Horrela, burutu den aliantzak aditzera ematen du erakundeek eta euskal gizarteak Bide Segurtasunarekin, pertsonen bizitzarekin eta gizarte-ongizatearekin hartzen duten konpromisoa. Era berean, garraio publikoa suspertuko duen eta kolektiborik zaurgarrienen, hau da, oinezkoen, txirrindularien, motor-gidarien, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidarien, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta adingabeen, babesa lehenetsiko duen mugikortasun segurua sustatzeko erakundeen arteko eta arlo pribatuaren eta publikoaren arteko lankidetza indartu ere egiten da.

Bestalde, helarazten da trafiko-istripuen ondoriozko hildakorik edo zauritu larririk gabeko errepide-sarea izatea lortzea gizarte osoari dagokion erronka globala dela. Erantzukizun partekatua da, beraz, eta zirkulazio-arauak betetzetik eta bideko erabiltzaileen arteko elkarbizitzatik eta errespetutik abiatzen da.

Bide Segurtasunaren aldeko solasaldiak

Gaur goizean Lehendakaritzaren egoitzan egin den ekitaldian istripuen prebentziorako sentsibilizazio-kanpainetan Eusko Jaurlaritzarekin oso aktiboki lan egiten duten lau pertsonaren arteko solasaldia izan da: Julian Iantzi, motozalea, komunikatzailea eta Bide Segurtasunaren arloko preskriptorea; Alaitz Arbilla, Bizkarrezur Muineko Lesioa Ikertzeko AESLEME elkarteko Euskadiko koordinatzailea; Alfonso Ortiz, 18 urtetik motor-gidaria eta “Versys Aventure Bizkaia” motozale taldeko kidea; eta Edurne Andueza, trafiko-istripuen ondorio diren lesio ugari tratatzen dituen fisioterapeuta.

Solasaldi irekian gogoratu dute istripu larri bakoitzaren atzean pertsonak, familiak, lagun minak eta, batez ere, betiko etendako bizitzak daudela.

  • Udalerriak eta lehia proiektuaren esparruan, kontratu txikien erabilera zuzena sustatzearen garrantzia nabarmendu dute parte-hartzaileek.
  • Kontratazio publikoa estatuko BPGren % 10 eta % 20 artekoa da administrazio osorako

2022ko azaroaren 3a.- Gaur goizean, Bilboko EUDELen egoitzan, CNMC-k eta Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) toki-erakundeek egiten dituzten kontratu txikien kudeaketa aztertu dute. Ekitaldiak EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen laguntza izan du.

Jardunaldian nabarmendu dituzte euskal udalen erronkak eta aukerak, kontratu txikiak izapidetzeko orduan. Horretarako, EAEko hiru udalek eman dute beren esperientzia praktikoa: Amezketak (Jon Burgaña idazkariarekin), Bilbok (Covadonga Ladrón de Guevara kudeaketa, kontrol eta kanpo sustapeneko zuzendariordearekin) eta Ermuak (Blanca Barragán kontratazio arduradunarekin), Lehiaren Euskal Agintaritzako kide Enara Venturinik moderatutako eztabaida batean.

Egitaraua Miguel García Rescalvo adituaren hitzaldiak osotu du, “Kontratu txikien aplikazio integrala, errealista eta legezkoa”, titulupean.

Administrazio osoari dagokionez, kontratazio publikoa BPGren % 10 eta % 20 artekoa da, eta ekonomia osoaren gainean arraste-ahalmen handia duten sektoreei eragiten die.

Ondorio nagusiak

Gordexolako alkatea eta EUDELeko ordezkaria den Angela Eguiak azpimarratu du toki-erakundeetako langile juridikoek eta teknikariek egunero egiten duten funtsezko eginkizunaren balioa: “Euskadiko udalerri gehienak txikiak dira eta gure udaletan pertsona berak arduratzen dira kontratu publikoak izapidetzeaz, kudeatzeaz eta lizitatzeaz”.

Eguiaren esanetan, “Kontratazio txikiari buruzko gaiak toki-administrazio guztiak hartzen eta kezkatzen ditu”. Era berean, batez ere, zera nabarmendu du: “Dugun merkatua hain da zorrotza, eta oreka bilatzeak duen konplexutasunaren aurrean, hori guztia herritarrek eskatzen diguten azkartasunarekin, berehalakotasunarekin eta eraginkortasunarekin gauzatzea”.

Cani Fernández MLBNko presidenteak Udalerriak eta lehia proiektuak “lehiari kalte egin diezaioketen eta justifikatuta ez dauden, eta, gainera, ongizate orokorra murrizten duten egoerak saihestuz, udal-erakundeen esku-hartzearen kalitatea hobetzea” helburu duela nabarmendu du. Ildo horretan, udalek jarraitu beharreko hobekuntza-ildoa zehaztu du Fernandezek, “kontratu txikien erabilerak funts publikoen eraginkortasuna maximizatzeko helburuari kalterik egin ez diezaion oreka bilatuz”.

Bere aldetik, Alba Urresola Lehiaren Euskal Agintaritzako (LEA/AVC) presidenteak berretsi du LEA/AVCren helburua dela “Euskadiko lehia zaintzea eta kontratu txikietan ere lehia bermatzeko beharraz ohartaraztea, kontratu txikiak, txikiak izateagatik, ez direlako garrantzi gutxiagokoak”. Gainera, Urresolak honako epai hau eman du: “Kontratazioan edozein jardunbide irregularren aurrean, lehiaren agintaritzok legean aurreikusitako gure funtzio zehatzaileak gauzatzen ditugu”.

Gidak eta beste materialak

MLBNk kontratazio publikoa sustatzen du, eta hura gauzatzeko hainbat gida ditu. Era berean, eta NextGeneration EU funtsen kudeaketaren esparruan, Batzordeak botere publikoentzat 30 gomendio argitaratu zituen, susperraldi ekonomikoaren eragile gisa lehia sustatzeko. Gomendio horien artean, kontratazio publiko eraginkorra egiteko gomendioak biltzen dituen kapitulua nabarmentzen da.

Era berean, LEA/AVCk bere egunerokoan hainbat gomendio egiten ditu ildo horretan, eta bere Kontratazio Publikoari eta Lehiari buruzko gida EAEn asko zabaldu da.

Udalerriak eta lehia proiektua

Jardunaldi hau Udalerriak eta lehia proiektuaren barruan dago. Proiektu horren bidez, udalen esku-hartze publikoak merkatuetako lehian duen zeregina aztertu nahi da.

MLBNk eta autonomia-erkidegoetako lehia-agintaritzek udalerrien esku-hartzetik datozen lehiarako oztopoak identifikatu dituzte, besteak beste, udalek beren hiri-plangintzako, lizentziak emateko, ordenantzen bidezko erregulazioko edo kontratazio publikoko eginkizunetan. Hainbat sektoreri eragiten diete, hala nola hiri-mugikortasunari, telekomunikazio-sareen eta energia-azpiegituren hedapenari, gasolina-zerbitzuguneen instalazioari, hileta-jarduerei, azokak eta merkatuak antolatzeari edo ur-horniduraren kudeaketari.

Proiektuaren helburua da metatutako esperientzia jasotzea eta lehiaren agintarien, tokiko agintarien, herritarren, eragile ekonomikoen eta hainbat arlotako adituen arteko iritzi-trukea bultzatzea. Azken helburua da lehia-agintaritzen eta udal-agintarien arteko lankidetza instituzionala indartzea eta lehia-prozesuari buruzko distortsioak minimizatzea, esku-hartze publikoaren kalitatea eta herritarren ongizatea hobetuz.

Proiektuaren informazio eta jarduera guztiak MLBNren webgunean daude eskuragarri (udalerriak eta lehia).

Udalerriek herritarren egunerokotasunetik oso hurbil dauden jarduerak arautu eta horietan esku hartzen dute, hala nola ur-hornidura, hondakinen kudeaketa, kirola, merkataritza, azokak eta merkatuak, bide-azpiegiturak, garraio kolektiboa, trafikoa, telekomunikazio-sareak edo hileta-zerbitzuak.

Udal-ekintzek eragin handia dute merkatuetako lehian. Hori dela-eta, bereziki garrantzitsua da toki-eremuan lehia sustatzea.

2022ko azaroaren 3an, Euskadiko Udalen Elkartea-EUDELek Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) eta Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) antolatutako jardunaldia egiten lagunduko du. Bertan, udalek eta toki-erakundeek lehiak kontratu txikiak izapidetzean duen garrantziaren inguruko hausnarketa egingo dute.

Jardunaldia EUDELeko Areto Nagusian (Ercilla 13, Bilbo) egingo da. Era berean, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren Youtube kanalean ere jarraitu ahal izango da. Esteka azaroaren 3an argitaratuko da, goizeko 8:00etan.

Egitaraua

Izen-emateak  Zabalik egongo dira azaroaren 2ra arte, arratsaldeko 17:00ak arte

9:45. Erregistroa

10:00. Ongi-etorri instituzionala

  • Ángela Eguia Liñero, Gordexolako alkatea, EUDELeko Batzorde Eragilearen kidea

10:05. Udalerriak eta Lehia Egitasmoa

  • “Udalerriak eta Lehia Egitasmoa” delakoaren aurkezpena”, Cani Fernández Vicién, MLBNren presidentea
  • “Toki entitateek kontratu txikiak izapidetzeko praktika egokien dekalogoa” txostenaren aurkezpena, Alba Urresola Clavero, LEA/AVCren presidentea

10:30. Hitzaldia

  • “Kontratu txikien aplikazio integrala, errealista eta legezkoa”,

Miguel García Rescalvo, abokatua eta Administrazio Publikoen aholkularia. Kontratazio publikoan aditua

11:10. Hitzaldia:

Mahai-ingurua tokiko erakundeek kontratazio publikoaren kudeaketan dituzten erronka eta aukerei buruzkoa

  • Jon Burgaña Agoues, Amezketako Udaleko idazkaria
  • Covadonga Ladrón de Guevara, Bilboko Udaleko Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Arloko kanpoko kudeaketa, kontrol eta sustapenerako zuzendariordea
  • Blanca Barragán Alba, Ermuko Udaleko kontratazio-arduraduna

Moderatzailea: Enara Venturini Álvarez, Lehiaren Euskal Agintaritzaren batzordekidea (LEA/AVC)

Galde-eskeak

12:00. Itxiera instituzionala

Kafea eta networkinga