Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Berdintasun Sailak, Emakunderen eskutik, hiru foru aldundiek, EUDELek eta EAEko hiru hiriburuek bultzatu dute kanpaina
  • Gogorarazten digu gerentzien %6a bakarrik emakumeek betetzea ez dela prestakuntza faltagatik, rol sexistak mantentzen direlako baizik


Gasteiz, 2023/02/27

Emakumeak gora! da Emakumeen Nazioarteko Egunaren aurtengo kanpainaren leloa. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatu du, Emakunderen eskutik; hiru foru-aldundien, EUDELen eta EAEko hiru hiriburuetako udalen elkarlanaren bitartez. Lelo horrek aldarrikatzen du gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki- eta lidergo-postuetan, eta, horretarako, emakumeek beren ahalmen guztia berdintasunean garatu ahal izateko baldintzak sortu behar direla.

Kanpainaren aurkezpenean izan dira Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Gasteizko alkate eta EUDELeko elkarteburua, Nerea Isasi, Ainhoa Campo eta Patricia Campelo, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Berdintasun zuzendariak, hurrenez hurren; eta Nekane Alonso eta Ane Oyarbide, Bilboko eta Donostiako Berdintasun zinegotziak.

Nerea Melgosaren hitzetan, “Gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabaki eta eragin postuetan eta kanpaina honetan erakusten dugu zein diren emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak”. Hala, kanpainak mito faltsuak eraisten ditu, hala nola emakumeak ez daudela hain prestatuta postu horiek betetzeko. Izan ere, Euskadin goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik, emakumeak ia %60a dira.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, EUDELek bat egiten du kanpaina honekin, euskal udalerri guztien izenean. EUDELeko elkarteburuak azpimarratu duenez, “Kanpaina hauek garrantzitsuak dira, gaurko gizartea berdintasunezkoa ez delako” eta adibide batzuk eman ditu: lan-arrakalak, zaintza banaketa desberdina, gobernuetan eta enpresetan gora egiteko oztopoak, emakumeen aurkako indarkeria…

Gorka Urtaranek nabarmendu du pausuak ematen jarraitu behar dela, eta, “gizonak garen aldetik ere, albora pausua eman behar dugu, emakumeekin lidergo soziala elkarbanatzeko. Guztiok hartu behar dugu konpromiso hori, gizarte gisa elkarrekin hartutako konpromisoa.” esan du elkarteburuak.

Kanpainaren protagonistak hainbat emakume dira, Berdintasun ezari buruzko zenbait datu gogorarazten dizkigutenak eta horiek eragiten dituzten arrazoietako batzuk erakusten dituztenak, hala nola:

  • Emakumeak gerentzia-postuen %6a baino ez izatea ez da prestakuntza edo lidergo faltagatik, erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako baizik.
  • Emakumeak titulazio teknikoetako matrikulen %23a baino ez izatea, ez da bokazio faltagatik. Baizik eta, besteak beste, gure erabakiak mugatzen dituzten estereotipoetan oinarritutako hezkuntzaren emaitza.
  • Zaintzeko eszedentzien %73a emakumeek hartzea ez da emakumeek bakarrik dakitelako zaintzen. Gizarteak rol hori ezartzen digu eta honek gure garapen profesionala mugatzen du.

Sailburuaren hitzetan, emakumeek erabakiak hartzen diren guneetara heltzeko dituzten oztopoetako batzuk dira hauek, batzuetan ikusezinak edo hautematen zailak diren hesiak, hala nola, kristalezko sabaiak, zoru itsaskorrak, zaintza-lanen gainkarga, konfiantza-arrakala, rolak eta estereotipoak…

Melgosak zailtasun horietako batzuk zerrendatu ditu, hala nola “boterea gizonen kontu gisa ikusten jarraitzen dugula; emakumeei perfekzioa eskatzen zaiela erantzukizun-postuetara iristeko (eta euren buruei eskatzen diete ere); haurrek oraindik ere jasotzen dituzten mezuetan mutilen lidergoa indartzen dela; edo anbizioa sozialki zigortuagoa dagoela emakumeen artean”.

www.emakumeakgora.eus Webguneaz gain, kanpainak kartelak, irrati-iragarkiak, bannerrak eta iragarkiak ditu, eta otsailaren 27tik martxoaren 14ra bitartean egingo da, kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Gainera, kartelak bidali dira erakundeetara, ikastetxeetara, osasun-zentroetara, elkarteetara, enpresetara, kultura-etxeetara eta liburutegietara, etab. Halaber, sare sozialetan #emakumeakgora traola erabiliko da.

Kanpainaren materialak

Informazio gehiago: https://www.irekia.euskadi.eus/mobile/eu/news/83806-emakumeak-gora-leloarekin-erabaki-eta-lidergo-postuetan-emakume-gehiago-egotea-aldarrikatzen-martxoak-8ko-kanpainak

Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik lehen urte bete denez eta Ukraina eta Euskadiren arteko lankidetza aitortu zenez, EUDELek dei egiten die euskal udalei ostiral honetan, otsailaren 24an, 12:00etan, bost minutuko elkarretaratze isila egiteko, udaletxearen edo udalerri bakoitzeko ohiko lekuaren aurrean, gerrako biktimei, desplazatutako pertsonei eta ukraniar herri osoari elkartasuna adierazteko.

2023ko otsailak 16. EUDELn Guatemalako delegazio tekniko baten bisita jaso du, tokiko garapenaren eta gobernu irekian inspirazio-iturri diren esperientziak identifikatzeko interesa duelako eta, bide batez, Euskadiko Udalen Elkarteak, arlo horietan, udalei eskaintzen dien laguntza nola gauzatzen duen ezagutzeko.

EUDELeko zuzendari nagusiak, Mar Zabalak, Guatemalako San Marcos departamentuko ordezkaritzari, otsailaren 14tik 17ra Euskadin bisitan egon den bitartean, proiektuaren zehaztasunak azaldu dizkio, GARAPENen eskutik (Garapen Agentzien Euskal Elkartea). Azterketa-bisitaren buru COPROSGUA da, Guatemalako Proiektuen Koordinatzailea, Pro Verde Fundazioaren eta CONEXX-EUren laguntzarekin. Helburua da praktika onak identifikatzea tokiko garapen ekonomikoan, hondakinen kudeaketan eta gobernantzan, tokiko agintariak EBri eta beste finantzatzaile batzuei instituzioak indartzeko proiektu bat proposatzeko.

Elkartearekin izandako topaketan, Guatemalako ordezkaritzak Europako Kontseiluaren Bikaintasunaren Zigilua (ELoGE) proiektuan interes handia erakutsi du. Ekimen hori, Europako Kontseiluak egiaztatutako eskualdeko plataforma gisa, EUDELek bultzatu zuen, 2017an, tokiko erakundeek Gobernantza Onaren 12 printzipioen hobekuntza hauspotzeko. ELoGeko lau edizioetan, guztira, 22 udalerrik parte hartu dute eta Euskadiko 12 udalek Europako Kontseiluak ematen duen zigiluaren kalifikazio altuena lortu dute.

Topaketan parte hartu dutenak:

Mar Zabala, EUDELeko zuzendari nagusia

Jorge Fernando Mérida, COPROSGUAko presidentea

Edwin Meyer Vásquez, COPROSGUAko presidenteordea

Kevin Alberto Rivera, Depósito de San Marcoseko ordezkaria. Guatemalako Gazteriaren Kontseilu Nazionala.

Wilson Donaldo Castañeda, Pro Verde fundazioko zuzendari exekutiboa

Alejandro Cantó, CONEXX-EUko zuzendari nagusia

Gipuzkoako udalerriek aurreikusitakoa  baino 20 milioi euro gehiago jasoko dituzte. Bilera otsailaren 16an egin da, Donostian, eta bertan eman da 2022 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioaren berri.

Gipuzkoako udalerriek 588.224.790 euro jasoko dituzte 2022 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik (UFFF), erakunde hauek finantzaketarako duten diru iturri nagusia. Hau da, pasa den urtean baino 6 milioi euro gehiago eta aurrekontuan jasotakoa baino 20 milioi euro gehiago dira. Ondorioz, lurraldeko udalek UFFFaren hurrengo ordainketan jasoko dituzte aipatutako 20 milioi euro gehigarri hauek.

Bileraren helburua Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartu ziren erabakien berri ematea izan da, tartean 2022 urteko UFFFaren likidazioa. Topaketan parte hartu dute, Gipuzkoako udalerrien ordezkatzen, parte hartu dute Ane Beitia Elgoibarko alkateak; Izaro Elorza Oñatiko alkateak; Jon Iraola Eibarko alkateak; Gurutze Etxezabal Orexako alkateak; Kerman Orbegozo Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkariak; eta Mar Zabala, EUDELeko zuzendari nagusia.

Foru Aldundiaren aldetik, parte hartu dute Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatua; Rafaela Romero, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako foru diputatua; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendariak.

2022ko UFFFaren likidaziotik eratorritako baliabide gehigarriaren banaketaren harira, lurraldeko udalerri nagusiak honako zenbateko hauek jasoko dituzte: Donostiak aurrekontuan aurreikusitakoa baino 5,4 milioi euro gehiago; Irunen kasuan, 1,7 milioi euro gehiago; Errenteriak, bere aldetik, 1,1 milioi euro gehiago; Eibarrek 745.000 euro gehiago; Zarautzek 619.000 euro gehiago; Arrasatek 591.000 euro gehiago; Hernanik 547.000 milioi euro gehiago; eta, azkenik, Tolosak, 530.000 euro gehigarri.

UFFF (Taula)

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak otsailaren 15ean Vitoria-Gasteizen egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta euskal udalek 2022ko ekitaldia itxitakoan bildutako diru-kopuruari buruzko behin betiko datuak egiaztatu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko zerga itunduengatik jasotako diru-bilketa handiagoa izan da 2022an, guztira 17.130,7 milioi euro osatzerainokoa (+%7,3). Kopuru horren arabera, joan den urrian egindako azken aurreikuspenarekiko gauzatze-maila %100,1ekoa izan da (urrian aurreikusi baino 21,4 milioi euro gehiago bildu dira), eta aurrekontu-zifrarekiko, berriz, %105,2koa.

Arabak 2022an 2.729,2 milioi euro bildu ditu zerga itunduen bitartez, 2021ean baino %9,7 gehiago; Bizkaiak 8.803,5 milioi euro bildu ditu, 2021ean baino %8,2 gehiago; eta Gipuzkoak 5.598,1 milioi euro bildu ditu 2022an, 2021ean baino %4,8 gehiago.

2022ko diru-bilketaren itxiera ikusita, 98,3 milioi euro erabiliko dira Egokitzapenerako Funts Orokorra hornitzeko, eta Araba eta Gipuzkoaren artean banatuko da, horiei 12.367.769 eta 85.929.333 euro baitagozkie, hurrenez hurren.

Bilera osteko agerraldian, udalen ordezkari Ángela Eguía Gordexolako alkateak azpimarratu du Finantzen Lurralde Kontseiluek duten funtzio garrantzitsua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde kontseiluak bilduko dira hurrengo egunetan, udalen parte-hartzea zerga itunduetan aztertzeko eta EAEko 251 udalerrietako bakoitzerako finantzaketa zehazteko.

(2023/02/15) Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren informazioa

EUDELen Batzorde Eragileak babesa eta elkartasuna adierazten die Anatoliako failako lurrikararen hondamendia jasan duten herriei, eta erabat nahigabetuta dago hainbeste bizitzaren galera konponezinagatik.

Euskadiko Udalen Elkarteak doluminak helarazten dizkie hildakoen familiei, eta hondamendiaren ondorioak pairatzen ari direnak ahalik eta azkarren errekuperatu daitezen espero du.

EUDELek bat egiten du, une zail hauetan, lurrikarak eragin dien lurraldeetako herritarrenganako elkartasun eta maitetasun adierazpen guztiekin.

2023ko otsailaren 9an

Bi erakundeen arteko hitzarmena abiapuntu bat izango da, udalei hiru ekimenetan parte hartzeko aukera emango diena: etorkizuneko euskal nortasun kolektiboaren azterketa; “Herri Txikien Akademia” bat; eta, nabarmentzeko modukoa, GizarteLab, Euskadiko hainbat herritan dagoeneko funtzionatzen duen herritarren laborategien proiektua.

 EUDEL-EUSKO IKASKUNTZA HITZARMENAREN SINADURA

Bilbon, 2023ko otsailaren 9an. Gorka Urtaranek, Euskadiko Udalen Elkartea-EUDELeko elkarteburuak, eta Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, elkarrekiko lehen lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur. Hitzarmen horren bidez, bi erakundeek proiektuak partekatuko dituzte, ingurune hurbilenetik, udalerrietatik eta tokiko komunitateetatik, euskal gizartea murgilduta dagoen trantsizioei heltzeko.

Gorka Urtaranek nabarmendu duenez, “Hitzarmen hau berri ona da euskal udal guztientzat. Pandemia garaian, konturatu ginen egunez eguneko udal politikari zientzia eta ezagutza gehitu behar zitzaiela, gizarte eraldaketei eta herrialde gisa ditugun erronka handiei erantzuteko. Udalerriok, errealitatea behatzen dugun aldetik, lankidetzan dihardugu, eta Eusko Ikaskuntzak, ikerketa-gaitasuna emateaz gain, gure herri eta hirien etorkizuna eraikitzeko beharrezkoak diren proiektuetan parte hartzeko aukera ere ematen du.”

Ana Urkizak, berriz, azpimarratu nahi izan du hitzarmenak ahalbidetuko duela “lurralde garapena, udalek komunean dituzten beharren gainean diagnosiak egiteko eta ikerlan esparruak eratzeko. Halaber, gizarte berrikuntzarako metodologia berritzaileak aplikatzeko balioko du, lurralde esparru ezberdinetan”. Gainera, udalek Eusko Ikaskuntzak garatzen dituen egitasmoetan aktiboki parte hartu ahal izango dute. Beraz, jakintza gizartetik sortu eta gizartera itzuliko da hazkunde eta ahalduntze moldeetan, lurraldearen eta herritarren mesedetan.

Zehazki, akordioak helburu hauek ezartzen ditu: Eusko Ikaskuntzaren azterketa- eta ikerketa-programetan eta horien balioespen- eta kontraste-faseetan udalek parte hartzea, udalerrien beharrizan komunei buruzko diagnostikoak egitea ikerketa-esparru komun baten barruan, eta gizarte-berrikuntzako metodologiak eta prozedurak batera ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko eremu guztietan.

Testuinguru horretan, hitzarmenak, bere eranskinetan, elkarlanean jarduteko moduko proiektu batzuk jasotzen ditu, hala nola XXI. mendeko euskal nortasunari/ei buruzkoa. Proiektu horren bidez, gizarte plural eta moderno batean identitate komuna eraikitzeko gai diren elementuak identifikatu nahi dira, bai eta horretarako tresnak proposatu ere, honako premisa honetatik abiatuta: identitateak kohesioa sortzen du eta harremanak eta loturak errazten ditu, etorkizuneko euskal identitate plural eta integratzailera iristeko. Hain zuzen ere, EUDELek proiektuaren ikerketa-fasetik eratorritako emaitzak alderatzeko fasean parte hartuko du.

“Herri Txikien Akademia” da hitzarmenak jasotzen duen bigarren proiektua, zehazki, lurralde-orekaren arloan. EUDELek arreta berezia ematen die udalerri txikienei, 5.000 biztanletik beherako herriak EAE osoaren % 73 baitira. Horregatik da interesgarria proiektu hau, hausnarketarako, ezagutza zabaltzeko eta interes komunak dituzten udalerrien arteko lankidetzarako gunea. Izan ere, 2022an Arabako lau herritan jarri zen abian edizio pilotua: Kuartangon, Laudion, Urturin eta Zalduondon.

Akordioan jasotako hirugarren ekimena herritarren prestakuntzarako programa bat da, Eusko Ikaskuntzak diseinatu eta inplementatua, erantzunkidetasunetik eta balio sozialetatik udalerriek eta biztanleek aurre egin beharreko trantsizioei erantzuteko. GizarteLab du izena, 2019an bultzatu zen, eta, ordutik, Euskadiko hainbat udalerritan jarri da martxan, tokian tokiko ezaugarrietara egokituta. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Arrasate, Aia, Beasain, Deba, Donostia, Laudio, Orio eta, eredu gisa, Legazpi, non dagoeneko Trantsizio Erkidego batek lanean diharduen, tokiko erronkei modu autonomoan erantzuteko.

EUDELeko elkarteburuak Gorka Urtaranek eta Estatuko Idazkari Tontxu Rodríguezek bilera instituzionala egin dute gaur, Justizia antolatzeko Euskadiko udalerrien esparrurako plan berria lantzeko.

Mar Zabalak, Euskadiko Udalen Elkarteko zuzendari nagusiak, eta gobernu ordezkariak, Denis Itxaso, ere parte hartu dute gaurko bileran.