Eudel

Author

eudel

Azken berriak

EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du Orio udalerrian izan zen emakumearen hilketen aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egiten du gaitzespena adierazteko Orioko Udalak deitu duen elkarretaratzearekin, gaur, maiatzak 17, arratsaldeko 19:00etan, udaletxearen aurrean. Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

2023ko maiatzak 17an.

Maiatzak 17 LGTBIfobiaren AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Maiatzaren 17an, ahotsa goratzen dugu (are gehiago) LGTBI pertsonen aurkako erasoak salatzeko eta pertsona bakoitzaren errespetuan eta askatasunean oinarritutako gizarte justua, berdintasunezkoa eta askotarikoa eskatzeko.

Argi dago indarkeria erabiltzeko modu asko daudela; LGTBI pertsonek badakite hori, eta egunero pairatzen dute. Eusko Jaurlaritzak diskriminazioaren aurka borrokatzeko bultzatzen duen ERABEREAN sarearen azken txostenaren arabera, sexuorientazioagatiko eta/edo generoagatiko erasoak gure gizartean ohikoena den bigarren diskriminazio-modua dira. Toki-mailan, IKUSGUNEk – Vitoria-Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako Behatokiak – zehazten du jasotzen diren eraso gehienak transfobiarekin lotuta daudela, eta horien salaketak esponentzialki areagotu direla.

Agerikoa da salaketak ugaritu izana LGTBI komunitateak urteetan jasan duen isiltasunaren isla baino ez dela. Horregatik, beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzen jarraitzea, askotan ikusezinak diren genero-identitate, -orientazio eta -adierazpen guztiak errespetatuz; gizarte osoaren erantzukizuna diskriminazio- eta indarkeria-mota guztien aurka borrokatzeko.

Berdindun hainbat gizarte-eragilerekin lan egiten dugu gizartea ikusarazten eta eraldatzen, eraso horiek guztiak saihesteko. 23 urte igaro dira OMEk homosexualitatea gaixotasuntzat hartzeari utzi zionetik, eta bost urte DSM-5ek (Ameriketako Estatu Batuetako Psikiatria Elkartearen Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburua) transexualitatea buruko nahasmendu gisa ezabatu zuenetik. Elkarteok, erakundeek eta gizartearen alderdi konprometituenak gogor eta aktiboki lan egiten dugu LGTBI pertsonek aurre egin behar dieten oztopo erantsiak ezabatzeko. Hamarkadak dira Eusko Jaurlaritza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, edozein diskriminazio ezabatzen saiatzen ari dela;

Berdindu zerbitzua horren erakusle da. Gaur maiatzaren 17a da. Eta gaur, urteko gainerako 364 egunetan egiten dugun bezala, gizarte hobea bultzatzeko eta sexu- eta genero-aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzeko konpromisoa berresten dugu. LGTBIfobiarik gabekogizarte baten alde!

  • Guztira 3.985 izangai dira, horietatik % 36,2 Ertzaintzan edo Euskadiko udaltzaingoetan sartu nahi duten emakumeak
  • Enplegu-eskaintza publikoa Euskal Poliziako oinarrizko eskalako 212 agente-plazak osatzen dute: 85 Euskadiko 31 udaletarako eta 127 Ertzaintzarako

Datorren ekainaren 3an hasiko dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centeren Euskal Poliziako oinarrizko eskalako 212 agente-plazetako bat lortzeko hautaprobak. Zehazki, Euskadiko 31 udaletako 85 udaltzain-plaza eta 127 plaza Ertzaintzaren hogeita hamabigarren promozioko agenteentzat dira.

Berrikuntza moduan, eta 40 urtean lehenengo aldiz, Ertzaintzak espezialitatea duten txanda libreko 100 plaza eskaintzen ditu trafiko-unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan sartzeko, eta izangai horiek, formakuntza-fasean, espezialitate bakoitzeko eginkizunak eta funtzioak betetzeko gaikuntza gehigarri espezifikoa egingo dute.

Kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuak irauten duen denboran, datozen hilabeteotan, plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean.

EUSKAL POLIZIARAKO IZANGAIAK   

Behin behineko datuen arabera, 3.985 pertsonak eman dute izena legealdi honetan egingo den hirugarren deialdi bateratuan. Datuen genero-ikuspegia kontuan hartuta, nabarmendu behar da hautaketa-prozesu honetan izena eman duten pertsonen % 36,2 (1.442) emakumeak direla, eta era horretara, beraz, zuzendu egiten da emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa. Gainerako % 63,8 (2.543) gizonak dira.

Lurraldez lurralde, Euskadin bizi diren eta izena eman duten hautagai gehienak bizkaitarrak dira, % 61,6 (2.454), alegia; Gipuzkoakoak % 19,1 dira (762) eta, azkenik, Arabakoak % 12,7 (507). Gainerakoak, % 6,6 (262) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora bizi dira.

Izangai gehienak, % 63,9 18 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, baina asko dira, % 33,9, alegia, 31 urtetik 38 urtera bitartekoak ere. Gainera, izena eman dutenen % 67k egiaztatu dute hizkuntza-eskakizunen bat, eta oraindik kopuru horiei batu behar zaizkie euskaraz egindako ikasketa ofizialak aitortzen dituzten ziurtagiriak (probak BECen egin ondoren jasoko dira). Hori guztia lagungarria izango da Euskal Poliziako kidegoen % 100 euskaldunak izateko helburua lortzeko bidean aurrera egiteko, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin bai barneko lanean bai herritarrei arreta ematean.

POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIA

Oraingoan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia ari da prestatzen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente berrientzako deialdi, hautaketa eta prestakuntza prozesu berri hau, eta gauzatu ere akademiak egingo du. Prozesu konplexua, zorrotza eta integrala da, eta pare bat urte irauten ditu, eta hiru une garrantzitsu izaten ditu:

  • Hautaketa-prozesua: izen-ematea, kanporaketa-proba guztiak egitea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
  • Prestakuntza-prozesua: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek 9 hilabeteko ikasketa-prozesua, ordaindua, hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da, eta trafiko-unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan espezialitatedun plazak lortu nahi dituztenek espezialitate bakoitzeko egitekoak eta funtzioak betetzeko formakuntza gehigarri espezifikoa egin beharko dute.

Praktikaldia lanean: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskal Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Hartzen dituen polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.

EMAKUME LESBIANEN IKUSGAITASUNA ERRONKA SOZIALA DA ORAINDIK

Emakume lesbianen ikusgaitasun-gabeziak bere horretan dirau gure gizartean eta
diskriminazio horiek ezabatzeko garaia heldu da. Azkenengo urteetan garrantzia eta
ospea nabarmen hazi da apirilaren 26ko egunaren inguruan eta presentzia handiagoa izan
du arlo publikoan. Horregatik, Berdindutik, Herritarrei Laguntzeko Euskal LGTBI
Zerbitzutik, gaur ikusgaitasun lesbikoaren egunean, gizarte osoa animatzen da
(partikularrak, eragile sozialak, administrazio publikoak, alderdi politikoak eta abar.)
emakume lesbianen ikusgarritasuna, eskura dituzten bitartekoak jarriz gizarte zuzenago
bat lortzeko.

Emakume lesbianak espazio publikoetan, kaleetan, ikastetxeetan, etab. hain ikusezin
izateari utz diezaioten lan egitea beharrezkoa da. Baita ere, lesbiana helduak, aniztasun
funtzionala dutenak zein migratuak eta asilo-eskatzaileak agerikoagoak izan daitezen eta
gizartean pisu handiagoa izan dezaten.

Ikusezintasun lesbikoak duen benetako esanahiaren kontzientzia areagotzeko lanean
jarraitzea beharrezkoa da, gizarte patriarkalaren onarpen ezarekin lotutako errealitatea bat
da, emakumeentzako sexualitate aske eta autonomoa onartzen ez duena.
Azkenik, emakume lesbianak euren isiltasuna eta ezkutaketa haustera animatzen ditugu.
Adina, egoera soziala, azalaren kolorea edo jatorri kulturalak berdin dio, gizarte anitza eta
plural bat ez da posible izango euren burua beldurragatik, zein euren sexualitateak
eragiten dien lotsa zein erruagatik, eskutatzera behartuta dauden pertsonak dauden
bitartan.

Gaur, apirilaren 26an, hizkuntzaren garrantzia nabarmentzen da, eta, zehazki, hitzak
emakume lesbianak ikusarazteko modu gisa erabiltzea. “Mundu batean, non hizkuntza eta
gauzak izendatzea boterea den, isiltasuna zapalkuntza eta indarkeria da”. (Adrienne Rich,
ekintzaile lesbiana).

Gaur goizean, Bilboko EUDELeko egoitzan izan da “Kontratu eta gastu txikiak, eta zerbitzu eta horniduretako prestazio errepikatuakjardunaldia. Ekitaldia aurrez aurre eta telematikoki (webinar formatuaren bidez) jarraitu ahal izan da eta 250 pertsona inguruk parte hartu dute, gehienak, euskal udaletako Idazkaritza, Kontuhartzailetza eta Kontratazio alorretako arduradunak.

Tokiko erakundeentzat funtsezkoa den gai horretan sakontzeko, kontratazio publikoan aditua den Miguel García Rescalvo hizlari aritu da.

Jardunaldiak gaiaren aplikazio praktikoa, kutxa finkoko aurrerakinak, justifikatu beharreko ordainketak, kontratu txikiak eta esparru-akordioak bezalako gaiak jorratu ditu. Adibide eta kasu zehatzen bidez, kontratazio publikoaren kudeaketan ohikoenak diren alderdiei irtenbideak eskaini dira. Hori guztia indarrean dagoen legerian oinarrituta eta eraginkortasunaren, efizientziaren, sinplifikazioaren eta bizkortasunaren ikuspegitik.

Saio honen bidez, toki-erakundeetan ohikoak diren gaiak eta zalantzak argitu nahi izan dira, eta, erreferentzia-eredu gisa, EUDELek Gidaliburu Operatibo bat eta administrazio-klausula partikularren eskuliburu-eredu bat jarri ditu udalen eskura, enpresa hornitzaile bat hautatzeko esparru-akordio baten oinarri gisa balio duelarik.

Erabilitako dokumentazioa:

Azken udal agintaldi honetan zehar, bostehun pertsona baino gehiagok parte hartu dute Tokiko Zuzenbidearen Euskal Mintegian, hots, EUDELek eta IVAPek elkarlanean eskaintzen duten prestakuntza barnean, ekimen finkatuenean.

Prestakuntza-programa hau 2006. urtetik egiten da, eta helburua da euskal toki-erakundeetako langile juridikoei beren eginkizunak kalitate profesional handiagoz garatzeko beharrezko tresnak ematea.

Edizio honek 5 saio izango ditu eta hauek izango dira gaiak: Enplegu Publikoa, Administrazio Elektronikoa, Ingurumen Administrazioa, Diru-sarrerak eta Hondakinak Bermatzeko Euskal Sistema eta lurzoru kutsatuak.

Mintegia saio monografiko ezberdinetan egituratzen da, besteak beste:

 

 

  • Tokiko Zuzenbide Publikorako funtsezkoak diren gaiei buruzko txosten akademikoak, adituen eta profesionalen eskutik.
  • Tokiko zuzenbidearen behatokia”: Araudi-, jurisprudentzia-, dokumentu- eta bibliografia-arloko berrikuntzak aztertzeko gunea.

Buletin Digitala barne hartzen du, jurisprudentzia, arau-erreseina eta bibliografia interesgarriarekin.

TZEM 2023

Bost saio (20 ordu): martxoak 17, maiatzak 5, ekainak 2, urriak 6 eta azaroak 10.

Ordutegia: 09:30-13:30

Tokia: Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa BILBO. Maria Diaz Harokoaren kalea 11.

Saioen programari, matrikulari eta izen-emateari buruzko informazioa euskaragarri dago erantsitako LIBURUXKAN

Informazio gehiago: www.eudel.eus / www.ivap.eus

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek eta EUDELek antolatuta Martiaren 8a dala eta Gernikako Batzar Etxean gaur egin dan ezohiko batzarrak, 1979ko lehenengo udal hauteskundeetatik Bizkaiko udalerriren bateko alkate izan diran emakumeak omendu ditu.
  • Gehienbat emakumeek osatu daben hitzorduan, alkate horreetako askok hartu dabe parte, eta euskal alderdi politiko guztietako zinegotziek, batzarkideek, diputaduek, kongresukideek, senatariek, europarlamentariek eta liderrek babestu ditue.

(Gernikan, 2023ko martiaren 3an). Gernikako Batzar Etxeak babesa emon deutso lurraldeko genero bardintasunaren aldeko burrukearen sinboloa dan eta arlo horretan nabarmendu diran emakumeen lana aintzatesten dauen ekitaldiari. Bizkaiko Emakume Hautetsien Ezohiko Batzarra foru-udalerrian alkartu da oraingoan, demokrazia garaian lurraldeko udalerriren bateko alkate izan diran 98 emakumeei omenaldia egiteko.

EUDELen Adirezpenaren Irakurketa

Aintzatespen-ekitaldiak beste batzuetan izandako liturgiari jarraitu deutso. Jai- eta erreibindikazino-giroan, gizonen eta emakumeen arteko bardintasunean aurrera egiteko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta EUDELek (Euskadiko Udalen Alkartea) antolatutako Batzarra Gernikako Arbolaren ondoan hasi da. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Mahaiko kideak eta omenaldia jaso daben emakumeak Batzar Etxera sartu dira, haretx-ostroen eta marra moreen bidez askatasuna eta bardintasuna irudikatzen daben eta aldez aurretik parte-hartzaileei emon jakezan oroitzapenezko zapiakaz alkartuta.

Leku guztiak beteta, pandemiaren ondorioz hainbat urtez leku kopuru mugatua euki ostean, Batzar Nagusietako Lehendakaria oraingo honetan emakumeek bakarrik beteten eben hemizikloko bankadara joan da, Emakumearen Nazinoarteko Egunaren atarian ezohiko batzarra zabaltzeko. “Hemendik gure espazioa aldarrikatzen dogu eta ahotsa goratzen dogu, argi ixteko bardintasunezko gizartearen alde burrukan ari garala”, esanez hasi da Otadui, eta, ostean, “euren herriaren makila altzau eta udal politikan gorputz eta arima jardun daben” emakumeetan zentrau dau omenaldia. Oroitzapena, beraz, “lanbidea ikasten aitzindariak izan ziran eta euren lanagaz gero etorri ziranentzat eredu izan ziran emakumeentzat”. Bere berbaldian, Otaduik oroitzapen berezia izan dau aitzindari horreetako lehenengoarentzat, 1979an Elantxobeko alkate bihurtu zan eta daborduko gure artean ez dagoan Margarite Arriangarentzat. Berari egokitu jakon “kristalezko sabai handi bat apurtzea”, Bizkaiko udal erakundeena, hain zuzen be.

Horren ostean, Bizkaiko beste horrenbeste udalerritako bost emakume hautetsik, sentsibilitate politiko guztiak ordezkatuz (Onintze Amezaga Bilbao, Gatikako alkatea EAJ-PNVtik; Ainara Otxotorena Iriarte, Mañariko alkatea EH Bildutik; eta Getxoko hirukotea, Carmen Díaz Pérez, Paula Amieva Clemente eta Natalia Aranduy Zuazagoitia, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PPtik, hurrenez hurren), EUDELek prestau dauen, Batzar Nagusiek sinatu daben eta Euskadiko udal guztien eskura jarri dauen Martiaren 8ko Adierazpen Instituzionala irakurri dabe (ikusi erantsitako dokumentua). Aurton, M8ko Adierazpenak emakumeen lidergoak sustetearen alde egiten dau, gobernantza feministako eta lidergo partekatuko eredutik abiauta; izan be, 25 urte baino gehiago igaro dira Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataformea, erabagiak hartzerakoan parte-hartze politikoa eta agintearen banaketa orekatua lortzeko nazinoarteko akordioa, onartu zanetik.

ESKU-HARTZEAK ETA “GERNIKAKO ARBOLA”

Horren ostean, EAEko alderdi politiko bakotxeko Bizkaiko udalerrietako arduradun instituzional batek jaso dau demokraziaren hamaika legegintzaldietan, hau da, 44 urtez, alkatetzan egon diran 98 emakume horreek aintzatesteko saria. Irati Gondra Martínez (EAJ) Mundakako egungo alkateak, Amets Jauregizar Baraiazarra (EH Bildu) Bakioko alkateak, Loly de Juan de Miguel (PSE-EE) Basauriko alkate ohiak, Ana Viñals Blanco Bilboko Udalean Elkarrekin Podemoseko bozeroale eta zinegotziak, eta Raquel González Díez-Andino Bilboko Udaleko PPko bozeroale eta zinegotziak, ohoreak egin ditue, “oraindino egiteko bide luzea dagoala” esatean bat etorri ostean. Bardintasunaren aldeko ahots horreei bideoz gehitu jakez kasu batzuetan lau legealdi jarraian euren udalerrietan gobernetan egon diran beste emakumezko alkate eta zinegotzi batzuk.

Horreen guztien berbak entzun ostean, “Gernikako Arbolaren” akordeek oihartzuna izan dabe osokoen aretoan. Iparragirreren abestiaren interpretazinoa Olatz Saitua Iribar sopranoak egin dau aurton, abestia Batzar Etxetik bertatik entzun dauen Urretxuko bardoaren gitarra historikoa joz. Aurretik, Beti Jai Alai taldeko dantzariek, antxinako jantzi eta burukoakaz, aurreskua dantzatu dabe Bizkaiko alkate eta zinegotzi guztien omenez.

Emakumeen VII. Ezohiko Batzarrari amaierea emoteko, omenduek erretratua atera dabe Gernikako Arbolaren ondoan, erakundeetako arduradunakaz, zinegotziakaz,  batzarkideakaz, euskal legebiltzarkideakaz, kongresukideakaz, senatariakaz, europarlamentariakaz eta lurraldeko politikariakaz batera. Horreen artean egon dira: Itxaso Atutxa Atutxa, Isabel González Rodríguez, Sonia Pérez Ezquerra, Ascensión Pastor Parres eta Idurre Bideguren Gabantxo.

2023ko martxoaren 3a. Urtero bezala, EUDELek EAEko udal guztien eskura jarri du honako Adierazpen hau, eredu moduan erreferentzia izateko, tokiko autonomia errespetatuta. Testua Euskadiko Udalen Elkartearen Batzorde Eragileko alkateek onetsi dute.

EUDELen Adierazpena bat dator “Emakumeak Gora” goiburuarekin euskal erakundeek martxoaren 8rako bultzatu duten kanpaina bateratuko ildoarekin. Aurten, M8ko Adierazpena emakumeen lidergoak bultzatzearen aldekoa da, gobernantza feministaren eta lidergo partekatuaren ereduaren bitartez, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma onetsi zenetik 25 urte baino gehiago igaro diren honetan; erabakiak hartzeko garaian gizonen eta emakumeen artean parte-hartze politikoa eta botere banaketa orekatua lortzeko nazioarteko akordio da hura.

Testuan, landu beharreko zenbait esparru aurkeztu dira, erabakiak hartzeko garaian emakumeek berdintasunean parte hartzeko baldintzak sortzea xede. Horretarako ekintzen artean daude zaintzak modu erantzukidean banatzea, zaintza-lanen sektore profesionalari balioa ematea, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerraraztea, estereotipoei eta aurreiritziei aurre egitea, baita “botere-espazioak partekatzea edo lagatzea” eragozten duten erresistentziei ere, lidergo-eredu androzentrikoak deseraikitzea, eta emakumeen eta nesken eskubideak agenda feminista intersekzionalaren ardatz izatea.

EUDELen Adierazpenak tokiko gobernuen 7 konpromiso zehatz proposatzen ditu, emakumeen lidergoa sustatzeko eta boterea berdintasunean erabiltzeko.

M8ko adierazpena