Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak urriaren 11n Gasteizen egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta Euskadiko Udalek zerga itunduek 2023ko ekitaldiaren amaieran (likidazioa) izango duten diru-bilketaren aurreikuspenak berrikusi dituzte, eta hau da: 18.102 M/€.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak BPG nominala % 5,0 igotzea aurreikusten du 2024an. Orotara, kopuru absolutuetan, Foru Aldundiek zerga itunduengatik 19.000 M€ bilduko dituzte 2024an.
2023ko urriko Kontseilu hau tokiko eta foru-agindu berriko lehena da. Horri dagokionez, HDEK-ko kide berriak aurkezteko balio izan du bilerak.
Euskadiko udalerrien aldetik, hiru Lurralde Historikoetako hiru alkatek hartu dute parte Kontseiluan:
Esther Apraiz Fernandez la Peña, Derioko alkatea (EUDELeko elkarteburua).
Nagore Alkorta Elorza, Azpeitiko alkatea (EUDELeko elkarteburuordea)
Natividad López de Munain Alzola, Burgeluko alkatea (EUDELeko Batzorde Eragilearen bokala)
Herri Dirubideen Lurralde Kontseiluak eta agintaldiko erronkak
Bileraren ondoren egin den agerraldian, Esther Apraizek, udalerrien ordezkariak, herrialdeko baliabideak banatzeko erakunde guztien arteko akordioaren eta lankidetzaren balioa nabarmendu du.
Alkate eta EUDELeko elkarteburuak pozgarritzat jo du HDEKaren ondoren lurralde bakoitzeko Finantzen Kontseiluetarako deialdia egin izana berehala. “Udalak eta Foru Aldundiak dira Udal Finantzaketarako Foru Funtsak adostu eta Euskadiko 251 udalerrietako bakoitzari banatzeko topaketa-organoak”, azaldu du. “Han ezagutuko dugu udal finantzaketaren ‘argazki’ errealena”.
Esther Apraizek gogorarazi du garrantzitsua dela udalek datorren urterako udalaurrekontuak egin ahal izateko beharrezko informazioa izatea. Ildo horretatik, Apraizek nabarmendu du Euskadiko udalek zeregin garrantzitsua izango dutela agintaldi berri horretan, tokiko politika eta zerbitzu publikoak hobetzen eta berritzen jarraitzeko, pertsonak erdigunean kokatuta. Baita tokiko gobernu gisa herrialdearen erronka estrategikoei laguntzeko ere, erakunde eta eragile guztiekin batera lan eginez.
Azkenik, EUDELeko elkarteburuak nabarmendu du Euskadiko Udalen Elkarteak lanean jarraituko duela udalak indartzeko, “tokiko autonomia eta nahikotasun finantzazioa defendatuz, gure eskumenak eraginkortasunez eta efizientziaz gauzatzeko”.
Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua Euskadiko Udalen Elkartearen Bilboko egoitzan bildu dira gaur, hainbat gairen inguruko lankidetzari buruz mintzatzeko. Horien artean, EUDELen erabilera turistikoko etxebizitzen antolamendua bideratzeko kontraste talde bat sortzea dago, bai eta Turismo Mahaiak tasa turistikoa deritzona –egonaldi turistikoen gaineko zergari dagokiona– aztertzeko deitutako Lan Batzordea ere.
2023ko apirilaren 9an, Eusko Legebiltzarrak 9/2023 Mozioa onartu zuen, zeinaren bidez EUDELi eskatu zitzaion lanerako eta azterketarako taldea sortzea, erabilera turistikorako etxebizitzen erregulazio orokorrerako oinarri komunak eta orientabide orokorrak prestatzeko. Elkarteburuarekin egindako bileran, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak EUDELi laguntza eta lankidetza eskaini dizkio neurri hori garatzeko.
Era berean, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion, 2023ko ekainaren 15ean, Lan Batzorde bat sortzeko, Turismo Mahaiaren bidez egonaldi turistikoetarako zerga ezartzeko aukera aztertu eta eztabaidatzeko. Bilera hori 2023ko uztailaren 27an egin zen, eta, bertan, Lan Batzordea sortzeko konpromisoa sinatu zen. Gaurko bileran, Sailburuak bat egin du Lan Batzorde horren helburuekin, eta hurrengo asteetan deituko da.
Gai horiez gain, beste batzuk ere landu dira, hala nola turismoaren sustapena, etorkizuneko proiektuak eta lankidetzarako beste bide batzuk.
EUDELeko elkarteburu Esther ApraizekNerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua hartu du gaur arratsaldean, Euskadiko Udalen Elkarteak Bilbon duen egoitzan. Bi erakundeetako ordezkarien arteko lehen bilera izan da, Esther Apraiz euskal udalen Batzarrean hautatu zutenetik, irailaren 19an, Donostian. Hain zuzen ere, bilkura horretan eratu ziren Elkartearen gobernu-organo berriak.
Bilera Sailak berak eskatuta egin da, eta, bertan, Sailburuak “Euskadin tokiko harrera-politikak diseinatzeko orientabideak” zirriborroaren dokumentua eman dio Elkarteburuari. Dokumentu hori Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroaren Harrera Batzordean garatu da; hirugarren sektoreko erakundeek, atzerritar jatorriko pertsonen elkarteek eta euskal erakundeetako ordezkariek osatzen dute aipatutako batzordea.
Erakundeen arteko lankidetzaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak interesa du EUDELek zirriborroari egindako ekarpenak biltzeko, betiere, udalekin, gainerako erakunde-mailekin, gizarte-erakundeekin eta Euskadin ezarritako etorkinen kolektiboarekin beharrezkoa den koordinazioa sustatzeko.
Elkarlan eta maila anitzeko lan hori Migrazioaren aldeko Euskal Itun Sozialaren oinarria da, gaur egun euskal udalerri askok sinatu dutena.
Gaurko bileran, Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak eta Mar Zabala EUDELeko zuzendari nagusiak ere parte hartu dute.
Esther Apraiz, EUDELeko Elkarteburua: “2030 Agenda gizarte- eta lurralde-kohesiorako tresna baliotsua da, pertsonak gure ekintza politikoaren erdigunean kokatzen laguntzen baitigu”
Jonan Fernandez, Euskadiko 2030 Agendako idazkari nagusia: “2030 Agendak GJHak instituzionalizatzeko, sozializatzeko eta pertsonalizatzeko konpromiso handiagoa behar du”.
2023ko urriaren 3a. Euskadiko 2030 Agendaren esparruan, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak udalei laguntzeko lan-tresna multzo bat aurkeztu dute gaur goizean, elkarrekin eta koordinatuta aurrera egin dezaten Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko bidean. Baliabide guztiak maila anitzeko gobernantzaren euskal sistemaren barruan daude, lurraldeko erakunde eta eragileen arteko lankidetzarako.
Udal ordezkariekin bilera Bilbon egin da, Nazio Batuek 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritza berria barne hartzeko aukeratu duten egoitzan. Herrialdeak garapen jasangarri, bidezko eta inklusiboago baten aldeko aliantza globalarekin duen konpromisoa nazioartean hedatzeko plataforma da.
Aldaketa eta ziurgabetasun handiko garai honetan, bi erakundeak bat datoz 2023-2027 agintaldia “herrietan eta hirietan GJHen kokapena bizkortzeko” aukera bat dela eta tokiko gobernuek “funtsezko zeregina” dutela beharrezko eraldaketa sozial-demografiko, digital eta ekologikoetan laguntza emateko.
Modu bateratuan aurkeztutako GJHetarako lan-tresnek planetaren erronka handiei erantzun nahi diete, adibidez, emakumeen eta gizonen berdintasunari edo klima-egokitzapenari. Baina, era berean, tokiko erakundeak etorkizuneko krisien aurrean indartsuagoak eta erresilienteagoak izan daitezen “argi gidari” bat dira.
Parte-hartzea, kontuak ematea, aliantzak eta lankidetza funtsezko ardatzak dira udalek baliabide horiek eraginkortasunez eta efizientziaz erabil ditzaten.
Bere hitzaldian, EUDELeko Elkarteburu eta Derioko alkate denak, Euskadiko Agendak, bere berezitasunetik, proposatzen duen lan kolektiboarekin bat egiteko eta udal errealitate ezberdinetara egokitzeko deia egin die bere parekideei.
Esther Apraizek esan duenez, “ez gara hutsetik abiatzen”, eta euskal udalerrien esperientzia eta ibilbidea, beraien tokiko agendak bultzatuz, balioetsi ditu, hala nola, Hiri Agendak edo beste tresna batzuk. EUDELek ematen duen zerbitzutik, Apraizek hau adierazi du: ”Hurrengo lau urteotan, lan egingo dugu udal gehiago has daitezen garapen jasangarrirako helburuak udal-gobernuan eta -kudeaketan txertatzen, eta, hartara, horiek herritarrengana hurbiltzen lagun dezaten”.
Era berean, udaletako arduradunek egiten duten sentsibilizazio-lana azpimarratu du, bizilagunengandik gertu baitaude. Eta honako hau nabarmendu du: “GJHak soilik gauza daitezke herritar bakoitzak ulertzen eta bere gain hartzen baditu, hau da, gure eguneroko bizitzan praktikan jartzen baditugu. Erronka eta eraldaketa handiek ekintza txiki askoren batura behar dute”.
Jonan Fernandezek, Trantsizio Sozialerako eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak, New Yorken joan den irailean egin zen Nazio Batuen GJHen goi-bileran aurkeztu zuen proposamenaren berri eman du: “Gobernuetatik GJHak sutsuago instituzionalizatzeko eta sozializatzeko proposamena”.
Instituzionalizazio handiagoari dagokionez, GJHen garapen exekutiboa konprometituko duten eta gu konprometituko gaituen lau gobernantza-azpiegitura eratzea proposatu du: lehenengoa, GJHen arloko gobernu-ekintzaren zeharkako koordinaziorako eta zuzendaritzarako organo betearazle bat sortzea; bigarrena, printzipioak, irizpideak, helburuak, egutegia eta jarduera-plana zehaztuko dituen plangintza-exekutiboko dokumentu bat izatea; hirugarrena, ebaluatzeko tresna eraginkorrak prestatzea: adierazleen panela eta urteko jarraipen-txostenak egitea; eta, laugarrena, erakundeen eta gizartearen arteko gobernantza- eta lankidetza-egitura bat eratzea.
Gizarteratze handiagoari dagokionez, 2030 Agenda kontratu sozial berri gisa aurkeztea planteatu du, eta gobernuek GJHei buruzko sustapen-programak bultzatzea: informazio-kanpainak, ikastaroak, gidak edo tresna didaktikoak.
Udalerrira egokitzen diren lan-tresnak
Euskadiko Udalen Elkartearen eta Lehendakaritzaren arteko lankidetza-hitzarmenari jarraiki, 2021. urtetik hona, hainbat lan-tresna prestatu dira udalek Euskadiko 2030 Agendan aktiboki parte hartzeko. Ekintza batzuk EUDELek sustatzen ditu udalerriekin batera, eta beste batzuk Eragile Anitzeko Foroko erakunde guztien arteko lankidetzaren emaitza dira.
Orain arteko baliabide aktibo guztiak (proiektuak, programak edo materialak) dokumentu bakar batean antolatu eta multzokatu dira, “tresna-kutxa” gisa. Bertan, udal bakoitzak laguntza mota aukeratu eta bere ibilbide propioa egin dezake. Lan-tresna guztiek udal-autonomiarekiko proposamen- eta errespetuzko- izaera dute.
Horregatik, EUDELek tresna horiek erabiltzera animatzen ditu udalerriak, tokiko errealitatera eta berariazko beharretara egokituz.
Gainera, EUDELek bultzatutako ekimenak udalekin aztertu dira, proiektu pilotuen bidez edo haien ekarpenak bilduz. Horien artean, nabarmentzekoak dira ELoGE Europako Gobernantzaren Bikaintasunaren Zigilua, edo 2030 Agendari udalek egindako ekarpenez osatutako 15 proiektu bultzatzaileak, udalerrien sareen bidez koordinatu direnak eta aurrerapenak sustatzen dituztenak tokiko politika hauetan: berdintasuna, lankidetza, gizarte-zerbitzuak, adinekoak, kirola, jasangarritasuna eta ingurumena, eraldaketa digitala edo tokiko garapena.
Berrikiago, EUDELek lan-tresna aitzindari bat prestatu du, estatu mailan, udal-aurrekontuak GJHekin lerrokatzeko. Leioako Udala bere udal aurrekontuaren lerrokatzea aplikatzen lehenetarikoa izan da, eta, horren berri emateko, Eider Sarria udal kontu-hartzailea gonbidatua izan da jardunaldira.
Topaketan, Javier Cortések ere parte hartu du. Nazioarteko aditua da 2030 Agenda GLOBALean eta aliantza publiko-pribatuen eraikuntzan. Cortések udalei azaldu die zer onura dakarzkien garapen jasangarrirako helburuek udal politika eta kudeaketaren hobekuntzan txertatzean.
EUDELek “UDALAK ABIAN. Udalerrietako erronka handiei aurre egiteko gakoak”” jarri du martxan, udal-ordezkariei laguntzeko prestakuntza-ibilbide berria, erabakiak hartzeko eta ikuspegi estrategikoa emateko trantsizio sozial-demografiko, ekonomiko-digital, klimatiko-energetikoen aurrean.
Ibilbidea udalei laguntzeko tresna ere bada, 2030 Agenda eta GJHak kokatzea bizkortzeko. Horixe izango da, hain zuzen ere, urriaren 3an, Bilbon, 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritzaren (Nazio Batuak) egoitza berrian egingo den lehen saioaren gai nagusia
Urriak 3, asteartea. 10:30 h.
GJH ikuspegia duten Udalak. Esparru estrategikoa eta Udalentzako tresnak 2030 Agenda tokiko aplikaziorako
* EUDELen tresna aurkeztuko da: Udal aurrekontuak GJHekin lerrokatzen hasteko gida praktikoa (edizio eguneratuta)
Esther Apraiz, Derioko alkatea, euskal udalerrietako alkateek EUDELeko Elkarteburu izendatu dute. EUDELek hiru herrialdeetako udalak bildu ditu, Tabakaleran, 2023-2027 agintaldiko lehen Batzar Orokorra egiteko.
Munduko Hiri eta Tokiko Gobernu Batuetako (UCGL) idazkari nagusiak EUDEL berria zoriondu du New Yorketik bidalitako bideo-mezu baten
bitartez. Bertan, Nazio Batuek GJHei buruzko goi-bilera egiten ari dira.
Donostian, 2023ko irailaren 19an. Euskadiko Udalen Batzar Orokorreko alkateek gaur goizean aukeratu dituzte, Donostian, hurrengo lau urteetan EUDELen Gobernutik maila instituzionalean udal guztiak ordezkatuko dituzten pertsonak.
Ekitaldia 10:30ean hasi da, Eneko Goia Donostiako alkatearen ongietorri-hitzekin, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Batzar Orokorri hasiera eman dio, jarduneko Elkarteburu gisa.
Hautaketa hautetsontzi batean egindako botazioaren bidez egin da, Elkarteko organoak berritzeko estatutuetako arauen arabera. Udal-sentsibilitate guztien arteko akordioari esker, hautagaitza bakarra bozkatu ahal izan da, bai Batzorde Eragilerako –hamabost kidek osatua–, bai Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Batzordeetarako –bederatzi kidek osatua bakoitza–.
Esther Apraiz, Derioko alkatea, EUDELen Elkarteburu berri izateko hautatu dute, aho batez. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea izango ditu lagun Apraizek. Biek beste agintaldi bat egingo dute elkarteburuorde gisa.
Batzorde Eragileko gainerako kideak emakumezko eta gizonezko alkate hauek osatzen dute, hurrenkera honetan: Erlantz Urresti (Maruri Jatabe), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar), Jon Luqui Albisu (Urretxu), Nati López de Muniain (Elburgo), Txerra Molinuevo (Amurrio), Iñigo Hernando (Galdakao), Txelo Auzmendi (Asparrena), Xabier Lertxundi (Hernani), Eneritz Azpitarte (Zaldibar), Izaro Elorza (Oñati), Mikel Torres (Portugalete) eta Zallako zinegotzia, Joseba Andoni Zorrilla Ruiz.
EUDELeko Batzorde eragilea 2023-2027
Erakundearen buru den bederatzigarren Elkarteburua da Esther Apraiz, eta erakundearen buru den bigarren emakumea eta Bizkaiko seigarren udal ordezkaria. Apraiz ekitaldian bertan inbestitu dute, bi elkarteburuordeen eskutik makila eta EUDELen domina jaso ondoren.
Bere inbestidura-hitzaldian, Esther Apraizek izendapenak eragiten dion zirrararen berri eman du: “Ohorea da nire parekideek, alkateok, euskal udalgintza osoa ordezkatzeko ni aukeratu izana”. Apraizek eskertu egin du aurreko Batzorde Eragileak egindako lana, eta bere lehendabiziko hitzak Gorka Urtarani, karguan bere aurretik izan denari, eta EUDELen hurrengo ibilbidean lagunduko dion talde berriari eskaini dizkie.
Derioko alkateak esan du indartsu sentitzen dela, eta badakiela karguak erantzukizun handia eskatzen duela. “EUDEL udalerrien ahotsa da, plurala eta partaidetzazkoa, eta tokiko autonomiaren eta finantza-beregaintasunaren berme-lana egiten du”.
Barne-mailako mezuen artean, Elkarteburuak elkarrizketa eta adostasuna zaintzen jarraitzea proposatu du, bai Elkartearen gobernu-organoetan, bai foro instituzional eta lan-talde guztietan, “udalerri guztiek batera lan egiteko gure helburu amankomunen, herritarren ongizatearen eta bizi-kalitatearen alde”.
Era berean, alkateak gonbidatu ditu “EUDEL marka” harrotasunez eramatera, udalen barruan eta kanpoan, “Euskal udalgintzaren nortasuna” baita. “EUDEL danok gara” leloarekin burutu du hitzaldia.
Udal-sentsibilitatea
Biztanleria urriko udalerri bateko agintari gisa, Derioko alkateak “pertsonengandik hurbilen dagoen politikaren” balioa defendatu du, eta erantzukizun berritik horri lagundu egingo diola esan, udalen zerbitzuan eta, bereziki, udalerri txikiagoen zerbitzuan. “EUDEL hurbiltasuna da”, nabarmendu du. “Euskadiko herri eta hiri guztietako pertsonak, herritarrak, dira erdigunea eta gure udalen izateko arrazoia. Euskal gizartearen isla onena gara, hark gure bizilagunen aurpegia baitu”.
Demokraziaren lehendabiziko erakundeen zutabeak eraikitzen lagundu zuten euskal hautetsiak omentzeko mezu bat ere izan du Elkarteburuak. Egungo eta iraganeko belaunaldiek “beren udalerrien izenak handi egin zituztenak” ezagutzeak duen garrantzia azpimarratu du. “Tokiko politika demokraziaren sehaska da”, esan du Esther Apraizek.
Tokiko gobernuak, giltzarri eraldaketan
Derioko alkateak, halaber, adierazi du udal-aginte berria gaur egungo ziurgabetasunaren eta abiadura handiko aldaketen testuinguruan jarriko dela abian. Udalen ordezkaria horri aukera gisa aurre egitearen alde agertu da, GJHen eta 2030 Agendaren ildotik, eta eragile guztien arteko lankidetzatik.
“Gure herri eta hiriak trantsizio hirukoitzaren agertoki dira, soziodemografikoa, digitala eta ingurumenekoa; beraz, tokiko gobernuok eraldaketaren eragile nagusiak izan behar dugu beste erakundeekin batera”, Elkarteburuaren hitzetan.
Emilia Saiz UCGLko (Munduko Hiri eta Tokiko Gobernu Batuak) idazkari nagusiak ere partekatu du mezu hori, eta bideo bat bidali du New Yorketik, EUDELeko Elkarteburua eta gobernu berria zoriontzeko. Idazkari nagusia New Yorken da aste honetan, Nazio Batuek GJHei buruz egiten ari diren goi-bileran parte hartzeko: “EUDEL gure munduko erakundearen bazkide sortzailea da, eta bertatik gizartearen eraldaketa bultzatzen saiatzen gara, belaunaldi horien eta etorkizuneko belaunaldien beharrak kontuan har daitezen erabaki politiko bakoitzean”.
EUDELetik, udalerrientzat sor daitezkeen aukera guztiak aprobetxatzeko xedez, Esther Apraizek hasierako hiru proposamen egin ditu:
– “Udalgintza feminista” baten aldeko apustua egitea, besteak beste, EUDEL indartuz emakume hautetsiek udal-politikan duten lidergo eta eraginerako gune gisa.
“Herritarrekiko konfiantzazko zubiak eraikitzea”, EUDEL irekiagoa, eraginkorragoa eta parte-hartzaileagoa bultzatuz, erakundearen barruko adostasunetik abiatuta.
– Lankidetza instituzionala bultzatzea, “udalerriek ekarpen handia egin behar duten” politika publikoak lortzeko eta garatzeko, hala nola euskara, gizarte-zerbitzuak, berdintasuna, enplegua eta ingurumena.
Intereseko datuak
EUDELen elkarteburuak: 1982an sortu zenetik, Euskadiko Udalen Elkarteak 9 elkarteburu izan ditu, zazpi gizon eta bi emakume:
(1983-87) Iñaki Oregi, Zuiako alkatea /
(87-91) Jose María Gorordo, Bilboko alkatea /
(91-95 eta 95-99) Jose María González Zorrilla, Muskizko alkatea /
(99-03 eta 03-07) Karmelo Sáinz de la Maza, Leioako alkatea /
(07-11) Jokin Bildarratz, Tolosako alkatea /
(11-15) Ibone Bengoetxea, Bilboko alkateordea/
(15-19) Imanol Landa, Getxoko alkatea /
(19-23) Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea /
(23-27) Esther Apraiz, Derioko alkatea
EAEko hautetsiak: Tokiko agintaldi honetan (2023-2027) 2.661 hautetsi daude, eta % 47 emakumeak dira. Horietatik 84 alkateak dira, aurreko agintaldian baino hamar gehiago.
**Ukraina-“Bridges of Trust”
Bileran, Europako udalerriekin EUDELek duen lankidetza estua aipatu zen, CEMRn aktiboki parte hartuz. Alde horretatik, azken urtean izandako ekimenik nabarmenenen berri eman zitzaien euskal udaletako alkateei. Horien artean, “Bridges of Tust” (Konfiantzazko zubiak) delakoaren onurak azaldu ziren, EBko eta Ukrainako udalerrien arteko elkartasuna eta lankidetza bultzatzeko. EUDEL izan zen Europako ekintza aitzindari horretan parte hartu zuten eta buru-belarri aritu ziren hogeita hamar elkarteetako bat. Euskadin, “matching”a sustatu zen euskal hiru hiriburuen (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) eta Ukrainako hiru hiriren (Novomoskovsk, Kremenchuk eta Nikopol) artean. U-LEADen eta Ukrainako Hirien Elkartearen (AUC) laguntzarekin, aldizkako online bilerak antolatu dira, ur eta saneamendu, hiri-garapenaren eta gizarte-ekonomia arloko lankidetza-proiektuak definitzeko. BoT-ren esparruan, Ukrainako hiru udalerrietako ordezkaritza ukrainar batek bisitatu zituen Euskadiko hiriak, EUDELek, 2023ko ekainean, harrera egin ostean. Bilera instituzional eta teknikoak egin ziren, eta azpiegitura nagusietara bisitak egin ziren: Bilbao Bizkaia eta Gasteizko Ur Partzuergoetara, eta Donostiako Sustapenera. Era berean, ordezkaritza hori tokiko enpresekin harremanetan jarri zen. Informazio gehiago
2023ko irailaren 13an. EUDELek euskal udal berrietako alkateak bilduko ditu datorren asteartean, irailak 19, 10:30ean, Donostiako Tabakalera zentroan egingo den Batzar Orokorrean.
EUDELen Batzarra tokiko agintaldi honetako lehen udal-topaketa izango da, eta garrantzi handia izango du; izan ere, bilera horretan udalerriek datozen lau urteetan (2023-2027 agintaldia) elkartearen gobernu-organo berrien buru izango diren pertsonak – tokiko ordezkariak- aukeratuko dituzte.
Gaur egun, guztira, 248 udalerrik osatzen dute elkartea, eta horietatik Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Trebiñuko 242 bazkide titularrek dute bozkatzeko eskubidea. Udal horietako alkateek Batzorde Eragileko 15 kideak aukeratuko dituzte, elkarteburu eta bi elkarteburuorde buru direla, baita hiru Lurralde Batzorde bakoitzeko 9 kide ere.
Boto haztatua biztanleria-kopuruaren arabera. EUDELeko Estatutuek diotenez, bazkide titular bakoitzak batzarrean dituen botoak eskala honi dagozkionak dira:
000 biztanlerainoko udalak: boto 1
001-2.000 biztanlekoak: 2 boto
001-3.000 biztanlekoak: 3 boto
001-5.000 biztanlekoak: 4 boto
001-10.000 biztanlekoak: 5 boto
001-20.000 biztanlekoak: 10 boto
001-50.000 biztanlekoak: 15 boto
001-100.000 biztanlekoak: 20 boto
001-150.000 biztanlekoak: 25 boto
000 biztanletik gorakoak: 30 boto
Gaurko egunean bazkideei jakinarazi zaien bezala, gobernu-organo bakoitzarentzako aurkeztutako hautagaitza bateratu bakarra, jarraian zerrendatuko dena, Batzar Orokorrari aurkeztuko zaio, horrek onar dezan.
Hautagaitza hori guztiz bat dator EUDELen Estatutuetan xedatutakoarekin, hau da, emakumeen eta gizonen arteko orekarekin (sexu bakoitzaren % 40 gutxienez), baita 2.500 biztanletik beherako udalerrien presentzia bermatzearekin ere.
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak di-da kanala sortu du. Sare sozialetan partekatuko diren gazteen intereseko gaiei, 2030 Agendari eta jasangarritasunari buruzko 30 segundoko albiste-kanala da.
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHU, DEUSTU eta MONDRAGON unibertsitateen lankidetzaren bidez, Euskadik unibertsitate-graduondoko titulu bat izango du 2030 Agendan eta GJHetan aditua izateko: “2030 Agendaren eta GJHen integrazio estrategikoko, jarraipeneko eta komunikazioko unibertsitate arteko espezialista titulua”
Titulu horrek 35 plaza eskainiko ditu 2023/2024 ikasturterako. Matrikula datozen egunetan egongo da zabalik UPV/EHUren webgunean.
Euskadi nazioarteko erreferentea da giza garapen iraunkorraren esparruan, eta Nazio Batuen Local 2030 Idazkaritzaren egoitza ere badu. Testuinguru horretan, titulazio horrek lagunduko du Euskadik 2030 Agendan prestakuntza espezializatua duten pertsonak izan ditzan.
GJHen iraunkortasuna eta aplikazioa, helburu eta adierazleekin, profesional espezializatuen beharra gero eta handiagoa izango da erakundeetan, enpresetan eta era guztietako elkarteetan.
Titulazio berri horren helburu orokorrak, honako hauek dira:
2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko zeharkako ikuspegi integratzaile baten beharra ulertzea, hainbat lehentasun eta ikuspegi lotuko dituena.
2030 Agenda ezartzeko mekanismoak aplikatzea eta horiek euskal administrazio publikoarentzat planteatzen dituzten aukerak eta erronkak baloratzea maila guztietan, hezkuntzaren esparruan, sektore pribatuan, hirugarren sektorean eta gizarte zibilean.
GJHen euskal ekosistema eta Euskadin 2030 Agendaren garapenean parte hartzen duten eragileak zehatz-mehatz ezagutzea, bai eta nazioko, Europako eta antzeko ezaugarriak dituzten eskualdeetako beste eragile batzuk ere.
Garapen jasangarrirako koherentzia gure politika publikoetarako, garapen ekonomiko iraunkorrerako eta aliantza operatibo eta eraginkorrak eratzen laguntzeko onuragarria izan daitekeen aukerari buruz hausnartzea.
GJHetan aurrerapena neurtzeko adierazleak proposatu, kalkulatu eta interpretatzeko gai izatea.