Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 15ean. Gaur goizean, Iñigo Urkullu Lehendakariak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendirekin batera, Lehendakaritzaren egoitzan hartu ditu EUDELeko Batzorde Eragileko kideak, irailaren 19an Donostian egindako Batzar Orokorrean izendatutakoak.

ERREKUTSO-BIDEOA

Batzorde Eragilea Euskadiko Udalen Elkartearen gobernu-organo nagusia da. Hiru lurralde historikoetako udalerrietako 15 ordezkari hautetsik osatzen dute, eta Esther Apraiz elkarteburua eta Nagore Alkorta eta Jose Antonio Santano elkarteburuordeak ditu buru. EUDELeko zuzendari nagusia, Mª del Mar Zabala, ere Lehendakaritzako bileran izan da gaur.

Lehendakariarekin izandako bileran, Batzorde Eragileak, Euskadiren eta bertako 251 udalerrien erronken aurrean, tokiko erakundeak indartzeko lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi du. Horretarako, EUDELeko elkarteburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinekiko lankidetza egonkorrean sakontzeko borondatea dutela, politika publikoen diseinuan eta garapenean partekatutako erantzukizunen esparruan.

Esther Apraizek udalen “hurbiltasunaren eta enpatiaren” balioak azpimarratu ditu, baita haiek tokiko komunitateen lehentasunak beste erakundeekiko lan bateratura eramateko funtsezko zeregina ere. Zentzu horretan, elkarteburuak adierazi du agintaldiaren hasierako lehen konpromisoa elkarteak udalerri txikienei ematen dien arreta eta zerbitzua indartzea dela.

Aldi berean, udaletako Gizarte Zerbitzuak nabarmendu ditu, haiek baitira herritar zaurgarrien premiei erantzuteko lehen lerroa. Gizarte-prestazioei dagokienez, Esther Apraizek proposamen zehatz bat egin du: Eusko Jaurlaritzak sailen artean eta administrazioen artean koordinatutako ibilbide bat bultzatzea, laguntza ezberdinen arteko osagarritasunari buruzko irizpideen zehaztapena errazteko; besteak beste, udalen eskumeneko Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak, DSBE, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen (ETEL) garapena izan da bileran jorratutako beste gaietako bat. EUDELen helburu nagusia udal-autonomia defendatzea da eta, agintaldi oso honetan zehar, lege hori benetan betetzen dela zaintzen jarraituko du. Zehazki, ETELek sortutako organoen balioa emanez, udalerrien iritzia arau eta politika publiko berrietan txertatzeko.

Azkenik, EUDELek Lehendakariari jakinarazi dio Euskadiko 2030 Agendaren kokapenean udalerrien parte-hartze aktiboa koordinatzen jarraitu nahi duela. Hain zuzen ere, GJHak aurrekontuetan eta udal-kudeaketan txertatzeko tresna berrien bidez; eta, era berean, udalek beren herritarren eguneroko bizitzara hurbildu ahal izateko.

EUDELeko Batzorde Eragilea, 2023-2027

Elkarteburua:

ESTHER APRAIZ FERNANDEZ LA PEÑA, Derioko alkatea

Elkarteburuordeak:

NAGORE ALKORTA ELORZA, Azpeitiko alkatea

JOSE ANTONIO SANTANO CLAVERO, Irungo alkatea

Bokalak:

ERLANTZ URRESTI OLASAGASTE, Maruri-Jatabeko alkatea

MAIALEN GURRUTXAGA URANGA, Elgoibarko alkatea

JON KOLDOBIKA LUQUI ALBISUA, Urretxuko alkatea

NATIVIDAD LOPEZ DE MUNAIN ALZOLAN, El Burgo/Burgeluko alkatea

TXERRA MOLINUEVO LAÑA, Amurrioko alkatea

IÑIGO HERNANDO ARRIANDIAGA, Galdakaoko alkatea

TXELO AUZMENDI JIMENEZ, Asparrengo alkatea

XABIER LERTXUNDI ASTEASUINZARRA, Hernaniko alkatea

ENERITZ AZPITARTE ARANZABAL, Zaldibarko alkatea

IZARO ELORZA ARREGI, Oñatiko alkatea

MIKEL TORRES LORENZO, Portugaleteko alkatea

JOSEBA ANDONI ZORRILLA RUIZ, Zallako zinegotzia

 

Emakumeenganako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egun honetan, azaroak 25, sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa duela azpimarratu eta arreta jarri nahi dugu, indarkeria mota hori ikusezinena eta normalizatuena baita, eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu.

ADIERAZPEN EREDUA JEITSI (DOCX)

Hainbat txostenen arabera, sexu-delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak. Adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du. Laguntza espezializatuaren eskaerek ere gora egin duten arren, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan.

Mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dute. Era berean, ohartarazten dute adingabeen artean genero-mito eta -estereotipoak hedatzen ari direla, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu-hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, neurri handiagoan, ohiko erabilerako sare sozialetan. Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du esku-hartze goiztiarra eta erreparatzailea, adingabeei egindako sexu-abusu eta sexu-erasoen kasuetan.

Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da. Sexu-indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere.

Horren guztiaren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituzte, emakumeek eta neskek bizitza garapen osoa izan dezaten, askatasun- eta segurtasun-baldintzetan. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita.

Udalak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, udalerritan berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko arduradunak dira. Hori dela eta,…………………………… (e) ko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia eratzea/hobetzea/indartzea, adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezarriz.
  • Biktima adingabeen inguruan sexu-indarkerien antzematea eta arreta goiztiarra gaitzea/hobetzea, tokiko koordinazio-protokoloen bidez.
  • Sexu-indarkerien biktimekin esku hartzen duten profesionalen prestakuntza-programak diseinatzea/ezartzea/eta ebaluatzea
  • Sentsibilizazio-programak diseinatzea/garatzea/hobetzea herritarrekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, IGEen bitartez, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruzkoak.
  • Hezkuntza ez-formaleko espazioetatik hezkuntza-prozesuak garatzen laguntzea, adingabeen indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko.

Konpromiso horietan oinarrituta, honako ekintza hauek proposatzen dira:

  • Neskei eta nerabeei zuzendutako ahalduntze-programak indartzea, sexualitateari, bikote-harremanei, maitasun erromantikoari, autodefentsa feministako tailerrei eta abarrei buruzkoak
  • Mutiko eta mutilei zuzendutako esku-hartzeak abian jartzea, afektibitatea, harreman-ereduak, maskulinitate-ereduak edo rol sexistak eta parekidetasuna gainditzeko estrategiak lantzeko.
  • Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea, indarkeria matxista mota berri horiei ere aurre eginez.
  • Udalerriko adingabeekin hezkuntza-prozesuak indartzea, BELDUR BARIK programaren eta tokiko beste ekimen batzuen bidez.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu, azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean, haien udalerrietan deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, hiru foru aldundiek eta EUDELek sinatu duten kanpainaren leloa da:  “Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da”.
  • Ohartarazi dute eszena pornografikoen % 88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo ahozkoa duela, eta kontsumitzen hasteko batez besteko adina 12 urtekoa dela.

Gasteiz, 2023/11/09

Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean kanpaina bakarra izango da berriz ere aurten Euskadin. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek kanpaina bateratua sinatu dute. Erakunde guztien artean koordinatutako kanpaina bateratu horren bidez, gizartea ohartarazi nahi da gazteen sexu-hezkuntza pornografiaren esku uzteko arriskuaz. Kanpainaren leloa honako hau da: “Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da“, eta zenbait datu nabarmentzen ditu, hala nola:

  • Eszena pornografikoen % 88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa du.
  • Pornoarekin lehen kontaktua izateko batez besteko adina 12 urtekoa da.
  • Nerabeen % 33,4k uste du pornoek eragin handia dutela beren sexu-harremanetan.

Gaur goizeko aurkezpenean izan dira Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria; Nerea Isasi Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun zuzendaria; Jone Berriozabal Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua; Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendaria eta Esther Apraiz EUDELeko presidentea.

Nerea Melgosa sailburuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela erakunde guztiek modu koordinatuan lan egitea gizarteari mezu bakar bat helarazteko, eta herri konpromisoaren irudia erakustea emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten alde. Melgosak ohartarazi duenez, “teknologiaren aurrerapenak, Interneten nonahikotasunak, pornografia gure gizartean masiboki hedatzea eragin du, aurrekaririk ez duen moduan, eskaintza ikaragarriarekin, dohainik eta 24 orduko eskaintzarekin”. Bere hitzetan, “arazoa ez da sexua, indarkeria baizik, nagusiki kontsumitzen den pornoa emakumeen aurka bortitza delako”.

Horrela, pornografia “indarkeriaren eskola” bihurtzen ari da, “harremanetan egin behar dutenari buruzko jarraibideen liburu moduko bat”. Pornografia “imajinario erotiko kolektibo bat eraikitzen ari da, non emakumeen aurkako indarkeriazko jarrerak normalizatzen diren; imajinario bat, non beste pertsonarekiko enpatia desagertzen den, eta botere-harremanekin ordezkatzen den; menderatzen ikasten duten gizonak, men egiten eta umiliatuak izaten ikasten duten emakumeak”. Bere hitzetan, gehien kontsumitzen den pornoaren bidez, “maskulinitate bortitza eta menderatzailea indartzen da, eta feminitate atsegina, kosifikatua, beti gizonezkoen gozamenaren eskura dagoena”.

Sailburuaren iritziz, “emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea ere bada  gazteek kalitatezko sexu-hezkuntza jasotzea”, eta, ildo horretan, gizarte osoari dei egin dio, baita erakundeei, gizarte-eragileei eta familiei ere, “gazteek sexua indarkeriarekin, emakumeen umiliazioarekin eta haien gauzatzearekin lotu ez dezaten”.

Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak adierazi duenez, “ezin dugu onartu indarkeria, umiliazioa eta emakumeen menderatzea erotiko eta natural bihurtzea; ezta sexua indarkeriarekin nahastea ere; ez inor behartuta egotea bere sexu-praktiketan nahi ez dituen gauzak egitera”. Elgarrestaren hitzetan, gazteek “kalitatezko sexu-hezkuntza jasotzeko eskubidea dute”. Gogorarazi duenez, Emakunde, beste ekintza batzuen artean, hezkuntza afektibo-sexualean adituak diren pertsonekin lan egiten ari da Jakitun programaren barruan, eta “gehien kontsumitzen den pornografia, indarkeriaz beteta egoteaz gain, estereotipo eta aurreiritzi arrazista eta sexistez ere beteta dagoela ohartarazten digute”.

Esther Apraiz-en, EUDELeko Elkateburuaren, hitzak.

Esther Apraiz, EUDELeko Elkarteburuak azaldu du euskal udalei zuzendutako Azaroaren 25eko Adierazpena kanpainarekin bat datorrela: “EUDELek erakunde mailako mekanismo guztiak aktibatzea proposatzen du, emakumeek beraien desioak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adierazteko aukera izan dezaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita”.

Jone Berriozabal Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak defendatu duenez, kontsumitzen den pornografiak “rol eta arketipo bortitzenak erreproduzitzen, islatzen eta sustatzen ditu”, eta, beraz, “ezin dira gazteenak horrekin hezi”. Ildo horretan, Aldundiak “familiei laguntzen jarraitzeko” konpromisoa agertu du, ikastetxeekin batera “hezkuntza afektibo-sexualari modu eraginkorrean aurre egin diezaioten”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, bat egiten du kanpaina honekin, Nerea Isasi Berdintasun zuzendariak azaldu duenez, indarkeria matxista ematen den eremu berri horietan azpimarra jartzea oso garrantzitsua delako.  Adierazi duenez, “ingurune digitalean hedatu eta iraunarazi egiten dira mendekotasun-egoerak, indarkeria matxistaren dinamika berriak sortuz”. Horri arreta berezia emanez, kanpaina honekin bat egiten du aldundiak errealitate horri buruz kontzientziatzeko eta askatasunean eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza sexual eta afektiboaren aldeko konpromisoa erakusteko. “Belaunaldi berriak berdintasunean trebatu behar ditugu, haiek baitira etorkizuna”, esan du.

Azkenik, Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak gaineratu duenez, “politika publikoen, sentsibilizazio-kanpainen, gizarte zibilaren eraginaren eta aldarrikapen feministaren eragina nabaritzen dugun arren, egia da datuak hazi egiten direla, matxismoa suspertu egiten dela, indarkeriak forma berriak ere hartzen dituela, eta hauek azaroaren 25ean gogoratu behar ditugula baita ere”.

Kanpaina azaroaren 10etik 25era egingo da telebistan, irratietan, off line eta online hedabideetan, kaleko euskarrietan eta sare sozialetan.

Gaur, urriak 21, Trans Pertsonen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Eta norbaitek galdetuko dio bere buruari zer esan nahi duen hitz horrek eta zergatik den hain garrantzitsua.

Duela gutxi arte, trans pertsonak “pertsona gaixotzat” hartzen ziren, eta, horregatik, txosten medikoek eta medikuntzak paper garrantzitsua hartzen zuten trans errealitateetan; izan ere, trans izatea osasun mentaleko patologiatzat hartzen zen, eta horrek min handia, sufrimendu handia eta diskriminazio handia sortzen zituen.

Zorionez, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) neurri esanguratsuak hartu zituen trans pertsonen despatologizazioari heltzeko eta genero-aniztasuna errespetatzeko. Horrela, 2019an, Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena (GNS-11) eguneratu zuen, “genero-inkongruentzia” buru-nahaste gisa kategoriatik kenduz eta sexu- eta ugalketa-osasuneko ataleko gai bezala hartuz.

Aldaketa berak trans pertsonekiko errespetua eta begirunea azaltzen baditu ere, zoritxarrez, aurreko lotura medikoa amaitu gabe dago guztiz.

Berdinduk txalotu egiten du trans errealitatearen ikuskera berri hori, estigmatizazioa eta diskriminazioa murrizten laguntzen duelako, eta arreta medikoaren ikuspegi begirunetsuagoa eta bidezkoagoa sustatzen duelako, bai eta haren genero-identitatearen legezko aitorpena ere.

Trans pertsonen esperientziak giza esperientziaren aniztasunaren beste adierazpen bat dira. Berdinduk azpimarratzen eta errepikatzen du pertsona guztiek dutela beren genero-identitatearen arabera bizitzeko eskubidea.

Horregatik, Trans Pertsonen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Egunean, Berdindu Zerbitzu Publikoak transfobiari aurre egiteko deia egin nahi du. Pertsona guztiok merezi dugu errespetua eta duintasuna, beren genero-identitatearen alde batera utzita.

Trans pertsonek beren genero-identitatearekin bat datorren bizitza osoa garatu ahal izateko eskubidea bermatzeko beharra azpimarratzeko eguna da; hori guztia, kalitatezko arreta medikoa bermatuz eta tratu onetatik abiatuta hala nahi duten pertsonei, trantsizio-eredu bakar bat inposatu gabe.

Eta Giza Eskubideen ikuspegitik, uste dugu trans pertsonen despatologizazioan aurrera egiteak mundu bat sortzen laguntzen duela, non pertsona guztiek, beren genero-identitatea edozein dela ere, diskriminaziorik gabe eta aukera-berdintasunez bizi ahal izango duten. Despatologizazioa funtsezko urratsa da trans pertsonentzako berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokan.

(1)Genero inkongruentzia, Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenean (GNS-11) pertsona batek bere burua identifikatzeko erabiltzen duen generoa eta jaiotzean eman zaion esleipenarekin bat ez datorrena.

Bilbon, 2023ko urriaren 19an.

EUDELeko Batzorde Eragileak gaur Euskadiko Udalen Elkartearen egoitzan egin duen lehenengo bileran, alkateek jarraian datorren adierazpena onartu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman berri duen epaia dela eta. Epai horrek 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetu du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean (ETEL) aitortutako euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko. Ondorioz, alkateek hau adierazten dute:

1.- Aurretik, Konstituzio Auzitegiaren epaian egin bezala, EUDELek berretsi egin du ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta.

2.- EUDELek uste du epai berri hori toki-autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela.

EUDELeko Batzorde Eragileak bereziki larritzat jotzen du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatzen dira, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak. Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko.

3.- Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopo da toki-erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko. Kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak dira.

4.- Adostasun politiko eta instituzionalak eta euskal gizartearen elkarlanak, euskal hiztunen komunitatearen bultzada borondateagatik, euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herri eta hirietan. EUDELek egungo egoera balioan jartzen du, estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak egiten ari baitira, eta, hori horrela, guztion artean eraikitzen joan den legeriaren bidez, hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzeko erronka eta aukera baita.

Gaur arratsaldean egin duen bileran Finantzen Lurralde Kontseiluak udalek zerga itunduetatik jasoko dituzten finantzabideen zenbatespena onartu du: 1.092,85 milioi euro 2024rako. Kopuru hori aurten jasotakoa baino % 8,16 gehiago da eta 2023ko ekitaldiko likidazioaren aurreikuspena baino %6,5 gehiago.

2023ko ekitaldiaren itxierako datuen berri otsailean izango dugu, baina aurreikusita dago likidazioa positiboa izatea: 15,69 milioi euro, hau da, kontura emandakoa baino % 1,56 gehiago.

 

Gaur arratsaldean egindako bileran Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak 2024. urtean lurraldeko udalerriei emango zaizkien funtsen kalkulua onartu du: 1.092,85 milioi euro guztira: 1.082,66 milioi euro Udalkutxaren bidez eta 10,19 milioi Gizarte Zerbitzuen Funtsaren bidez.

Bi funts horiek % 8,16 gehitu dira 2023ko ekitaldiko aurrekontuaren aldean eta % 6,5 2023ko likidazioaren aurreikuspenaren aldean (likidazioaren berri datorren urteko otsailean edukiko dugu).

Udalkutxa – Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren zenbatekoa erabakigarria da udalek hurrengo ekitaldiko aurrekontuak egin ahal izateko. Udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikastetxeen kopurua edo biztanleen sakabanatzea.

Bileran Udalkutxa Funtsaren 2023ko ekitaldiko likidazioaren itxierako aurreikuspenak ere aztertu dira. Behin betiko datuak otsailean egingo den Finantzetako Lurralde Kontseiluan emango dituzte ezagutzera, baina, hala ere, badirudi likidazioa positiboa izango dela berriz ere, 15,55 milioi eurokoa. Kopurua udalen artean banatuko dute 2024ko otsaileko behin betiko likidazioa egin ostean.

Gizarte Zerbitzuen Funtsari dagokionez, itxiera-aurreikuspenak ere positiboak dira, 146.449 euroko zenbatekoarekin. Funts hau mendekotasunaren inguruko irizpideen arabera banatzen da. Udalkutxarekin batera likidatuko da.

Udalkutxa

Aurrelikidazioa 2023

Konturako emateak 2024

Gizarte-zerbitzuen funtsa

Aurrelikidazioa 2023

Konturako emateak 2024

Finantzen Lurralde Kontseilua

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere. Hamar kide dira: bost Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak dira eta beste bostak EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkaritzan ari dira (Bilboko Udala, Amorebieta-Etxanoko Udala, Isparterko Udala, Abadiñoko Udala eta Portugaleteko Udala).

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF), Gipuzkoako udalen finantzaketarako mekanismo nagusiak, 610 milioi euroko zuzkidura izango du 2023 urtean, aurreikusitakoa baino 1,4 milioi euro gehiago. Horrela, funts horrek aurrekaririk gabeko zuzkidura lortuko du. ”

Gaur arratsaldean Donostian egin da Gipuzkoako Finantza Kontseiluaren urriko bilera. Bileran parte hartu dute, Gipuzkoako udalerrien ordezkari gisa, Errenteriako alkateak Aizpea Otaegi, Tolosako alkateak Andu Martinez, Zumaiako alkateak Iñaki Ostolaza, Eibarko alkateak Jon Iraola eta Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotziak Kerman Orbegozo. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Jokin Perona Ogasun eta Finantza foru diputatua, Irune Berasaluze Gobernantzako foru diputatua, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasunerako foru diputatua eta Bittori Zabala Zerga eta Finantza Politikako zuzendaria ordezkariak izan dira.

UFFFak 610 milioi euro izango ditu 2023an, eta 651 milioi 2024an. Bi kasuetan, 2023rako eta datorren urterako aurreikuspen berria inoizko foru-funtsik handienak dira. Gainera, 2024aren kasuan, funtsaren zuzkidura 650 milioi eurotik gorakoa izango da lehen aldiz.

Informazioaren iturria: GFA

Taulak: 2023 aurrelikidiazioaren eta 2024 funtsaren aurreikuspenak