Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, udalerrien ordezkari gisa, Aholku Batzordeak gaur goizean Bilbon egindako bileran parte hartu du. 

Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Planaren Aholku Batzordeak (ITSASERTZA),  lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru duela, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, EUDELeko, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako, itsas kapitaintzetako eta Gobernuaren Euskadiko Ordezkaritzako arduradunek osatuak, erakundeen arteko koordinazio-lanei heldu die gaur, euskal kostaldean gerta daitekeen pellet plastikoen agerpenaren aurrean.

Bileraren ondoren, Josu Erkorekarekin batera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek, EUDELeko elkarteurua  Esther Apraizek, AZTIko zuzendari Rogelio Pozok, Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Bizkaiko Ingurumeneko zuzendari Álex Pelaezek isurketaren ezaugarrien, itsasoan izaten ari den portaeraren, eta AZTI itsas zentro teknologikoak orain arte itsasoaren egoerari buruz egindako simulazioen emaitzen berri eman dute.

Bileraren osteko agerraldian, Elkarteburua Esther Apraizek azpimarratu du EUDELek udalei informazioa elkarbanatuko diela eta gainerako erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa erraztuko duela, alertaren bilakaeraren arabera, hartu beharreko neurriak hartzeko.

“Udalok, egoera honen aurrean, adi jarraituko dugu, eta erakunde guztiak erabat koordinatuta gaude erantzun bateratuetan lan egiteko” elkarteburuak esan du.

Azkenik, Esther Apraizek lasaitasun mezua helarazi die herritarrei, eta agintarien eta adituen jarraibideak uneoro jarraitzeko deia egin du.

BIDEOA: Esther Apraiz, EUDELeko elkarteburua

Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailaren bitartez, joan den asteartean Plan horren alerta-fasea prebentzioz aktibatu ondoren egin da Aholku Batzordearen bilera, isurketaren iritsieraren balizko egoerari aurrea hartzeko. Izan ere, etengabeko jagoletza-lana lehenetsi da, baita erakundeak, organismoak eta sektoreak koordinatzekoa ere, ahalegin guztiak bateratu eta koordinatzeko helburuz.

ITSASERTZA prozedura bat da, pertsonak eta ondasun materialak arriskuan jar ditzaketen itsasoko kutsadura-egoerei aurre egiteko. Planaren lurralde-eremuak euskal lurraldeari dagokion kostalde osoa hartzen du eta, ondorio operatiboetarako, lurralde-banaketarekin bat datozen bi eremutan banatzen da: Bizkaia eta Gipuzkoa

Alerta-fasean, itsas kutsaduraren balizko gertaera baten aurrean mobilizatu daitezkeen bitartekoak eta baliabideak antolatzen dira, behar den erantzun-mailaren arabera.

Fase horretan azterketa xehatua jasotzen da, kutsadura-arrisku posibleen ebaluazioa egin ondoren egoeraren, baldintza meteorologikoen, ozeanografikoen eta ingurumenekoen arabera, eta, hala badagokio, eremu kalteberenak identifikatzen dira, aplikazio-eremuan sartutako zonen sentikortasun-mapen bidez, Plana aktibatzea eskatzen duten egoeretan babesteko.

ITSASERTZA Plana 2019ko apirilaren 9an onartu zen Gobernu Kontseiluan. Oraingo honetan aktibatzen da lehen aldiz

Informazio osoa eta prentsaurrekoaren bideoa (Irekia): https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/90802-itsasertza-larrialdi-planaren-aholku-batzordea-erakundeen-arteko-jarduera-koordinatzen-ari-euskal-kostaldean-gerta-daitekeen-pellet-plastikoen-agerpenaren-aurrean

Bilbon, 2024ko urtarrilaren 18an eta 19an, “Languages lanean. Hizkuntza kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan” izeneko kongresua egingo da, lehen egunean (18a, osteguna) Euskalduna Jauregian eta bigarren egunean Guggenheim Museoan (19a, ostirala).

Lan eremuan hizkuntzaren kudeaketak planteatzen dituen erronkak aztertzeko helburua du kongresuak, eta tokiko zein nazioarteko erreferentziazko eragileek hartuko dute parte.

Kongresua Eusko Jaurlaritzak antolatu du eta erakunde hauen babesa du: EUDEL, UEMA, Bilboko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Udalak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernua.

Kongresuak aukera emango du jarduera ekonomikoaren esparruan hizkuntzaren kudeaketak dituen erronkei buruzko esperientziak partekatzeko eta eztabaidatzeko, bai nazioartean, bai gure esparruan bertan.

Hizlariak: Lehen edizio honetan, erakunde publiko eta pribatuetako arduradunak izango dira protagonista. Tokiko zein nazioarteko entitateetako ordezkariak elkartuko dira Bizkaiko hiriburuan, baita kulturaren alorreko adituak ere. Eremu publikoari eta pribatuari eragiten dieten aztergaiak eta sektoreen araberako mahai-inguruak ere programatuko dira bi egun horietan.

Izen-ematea doakoa da, eta publiko orokorrari zabaldutako jarduera izango da. Languages Lanean kongresura, lan-eremuko hizkuntzaren erabileraren inguruan kezkak eta ezagutzak partekatu nahi dituzten enpresariei, langileei, bezeroei zein hornitzaileei egin diete bertan parte hartzeko gonbita. Izen-ematea zabalik dago eta Kongresuaren atariaren bidez sar zaitezkete.

Informazio gehiago:
Languages Lanean Kongresua (euskadi.eus)
Izen ematea

Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) Zuzendaritza Batzordea Pragan bildu zen abenduaren 6an eta 7an, eta, bere erabakiei amaiera emateko, bere jarrera adierazten duen dokumentu bat onartu zuen, 2024an Europako Parlamenturako egingo diren hauteskundeei begira: “Pragako Adierazpena: konfiantza handiagoa eta ahots sendoagoa tokiko eta eskualdeetako gobernuentzat“.

Erlazionatutako albistea, 2023/12/7: “Esther Apraizek Europako udalen lehen Batzorde Politikoan parte hartu du, EUDELeko elkarteburu gisa”

ADIERAZPENA CAS (itzulpena)

ADIERAZPENA EUSK (itzulpena)

ADIERAZPENA ENG (jatorrizko bertsioa)

Informazio-iturria: CEMRren komunikazioa

Dokumentu politiko honek tokiko eta eskualdeko gobernuek udalerriei eta eskualdeei eragiten dieten erronka handiei aurre egiteko duten funtsezko zeregina azpimarratzen du. “Pragako Adierazpenak” mezu argia bidaltzen du tokiko ahots indartsuago baten aginduzko beharrari eta Europar Batasunaren, estatuen eta tokiko eta eskualdeko gobernuen arteko lankidetza estuagoari buruz. CEMRk parte-hartze eta kontsulta aktiboagoa defendatzen du tokiko erakundeekin politikak formulatzeko prozesu osoan zehar.

Adierazpena onartu ondoren, Fabrizio Rossik, CEMRko idazkari nagusiak, honako hau adierazi zuen: “Dokumentu honek gure konpromiso partekatua islatzen du gobernantza, jasangarritasun sozial eta klimatikoa eta gure komunitateen ongizatea lortzeko. Elkarrekin, udalerriak eta eskualdeak, gure herri eta hirietako herritarrentzako etorkizun erresiliente eta oparoago baterako bidea erakitzen ari gara “.

Adierazpen hori bide-orri bat da tokiko eta eskualdeetako gobernuak ahalduntzeko, modu eraginkorrean bete ditzaten herritarrekiko dituzten erantzukizunak. Nabarmentzekoa da Europa mailan eta lurralde bakoitzean politika publikoak ezartzeko duten zeregin estrategikoa.

Bilbon, 2023ko abenduaren 14an. Joan den azaroaren 27an, Jose Antonio Santanok Irungo alkatetzari uko egin ondoren, Portugaleteko alkate Mikel Torresek hartuko du aurrerantzean EUDELeko elkarteburuorde kargua, Esther Apraiz Derioko alkatea buru dela, eta Azpeitiko alkate eta  elkarteburuorde Nagore Alkortarekin batera.

Mikel Torres Batzorde Eragileko bokala izan da 2011tik, eta, bere ordez, Cristina Laborda Irungo alkatea sartu da EUDELen gobernuan.

Batzorde Eragilea Euskadiko Udalen Elkartearen gobernu-organoa da, eta guztira hamabost tokiko hautetsik osatzen dute, hiru lurralde historikoetako udalen ordezkari gisa. EUDELeko 2023-2027 aldirako gobernu-organoak 2023ko irailaren 19an Donostian egindako Batzar Orokorrean aukeratu ziren.

EUDELeko Batzorde Eragilea 2023-2027

Elkarteburua: Esther Apraiz Fernández la Peña, Derioko alkatea

Elkarteburuordea: Nagore Alkorta Elorza, Azpeitiko alkatea

Elkarteburuordea: Mikel Torres Lorenzo, Portugaleteko alkatea

Bokalak :                                                                                                                                               

Erlantz Urresti Olasagaste, Maruri-Jatabeko alkatea

Maialen Gurrutxaga Uranga, Elgoibarko alkatea

Jon Luqui Albisua, Urretxuko alkatea

Natividad López de Munain, Burgeluko alkatea

Txerra Molinuevo Laña, Amurrioko alkatea

Iñigo Hernando Arriandiaga, Galdakaoko alkatea

Txelo Auzmendi Jimenez, Asparreneko alkatea

Xabier Lertxundi Asteasuinzarra, Hernaniko alkatea

Eneritz Azpitarte Aranzabal, Zaldibarko alkatea

Izaro Elorza Arregi, Oñatiko alkatea

Cristina Laborda Albolea, Irungo alkatea

Joseba Andoni Zorrilla Ruiz, Zallako 1. alkateordea

  • Elkarteburua den Derioko alkatea Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) zuzendaritza-batzordeko kide berri gisa aritu da, atzo eta gaur, Praga hirian egin den urteroko bileran.
  • Esther Apraiz trantsizio sozial, digital eta klimatikoari buruzko eztabaidetan parte hartzen ari da: “Euskal udalerriok Europako agendan aktiboki parte hartzen jarrai dezagun lan egiteko konpromiso irmoa dut.”
  • Goi-bilera gaur amaituko da, Adierazpen politiko batekin. Adierazpen horretan EBko eta estatuetako erakundeei, Europako politikak bultzatzeko, tokiko gobernuen rol estrategikoa aitortzeko eskatzen die.
  • Apraiz: “Europako hurrengo hauteskundeen aurrean, udalok funtsezko zeregina dugu herritarrak parte hartzera animatzeko, haien botoa funtsezkoa baita gure demokraziaren etorkizunerako. Zenbat eta pertsona gehiagok bat egin proiektu komun batean, orduan eta indartsuagoa eta baliotsuagoa izango da Europa munduan “

Praga, 2023ko abenduaren 7a. Esther Apraiz Derioko alkatea EUDELeko elkarteburu gisa sartu da Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) gobernu-organo gorenean. Erakunde horren zuzendaritza-batzordea berrogei herrialdetako tokiko eta eskualdeko 175 hautetsik osatzen dute, eta abenduaren 6an eta 7an, Pragako Udaletxean, egin dute urteroko bilera.

Goi-bileran CEMRko presidente Gunn Marit Helgesen, Pragako alkate Bohuslav Svoboda eta CEMRko presidenteorde eta Txekiar Errepublikako hiri eta udalerrien elkarteko ordezkari Richard Vereu izan dira. Mar Zabala, EUDELeko zuzendari nagusia, eta Fabrizio Rossi, CEMRko idazkari angusia, ere izan dira Europako udalgintzaren foro honetan.

Esther Apraiz ilusioz eta harro agertu da Europan euskal udalerrien ahotsa ordezkatzeagatik, eta CEMRko presidenteari adierazi dio EUDELen parte-hartze aktiboa indartzeko borondatea duela, bai batzorde politikoan, bai Europako udalerrien arteko sareko lan-organo eta lan–batzorde ezberdinetan.

CEMRk Europako 60 udalerri- eta eskualde-elkarte biltzen ditu, eta milioi bat ordezkari hautetsi ordezkatzen ditu. Bere eginkizun nagusia hirien eta herrien interesak EBko erakundeen (Kontseilua, Batzordea eta Parlamentua) aurrean defendatzea da, eta Europako estrategian eta erkidegoko politiken diseinuan aktiboki parte hartzea.

“Ekintzarako deia” 2024ko Europako hauteskundeetan

Lantaldearen bilera agertoki geopolitiko konplexuaren eta nazioarteko gatazken barruan kokatu da. Gatazka horien inpaktu ekonomiko eta sozialek gero eta eragin handiagoa dute tokiko komunitateetan eta pertsonen eguneroko bizitzan.

Esther Apraizek udalgintzaren batasunaren alde egin du, “etorkizunerako prest dagoen Europa bat eraikitzeko, gobernu indartsuago eta erresilienteagoetatik”,. etor daitezkeen ziurgabetasun eta krisien aurrean “Elkartzea eta sarean lan egitea funtsezkoa da erronkei aurre egiteko eta aukerak aprobetxatzeko” nabarmendu du.

Testuinguru horretan, CEMRren zuzendaritza politikoak azaldu du 2024an Europako Parlamenturako egingo diren hauteskundeak “Europako demokraziak aurrekaririk gabeko erronkei aurre egiten ari den unean” egingo direla. Hauteskundeen emaitzen zain egongo dela adierazi du, eta “ekintzarako deia” egin du, EUDELeko elkarteburuak ere horrekin bat egin duelarik.

Esther Apraizek hauteskunde hauetan eragile garrantzitsuak izateko gonbitea egin die bere parekideei: “Tokiko gobernuak ezin gara ikusle hutsak izan, eta Europa ere bagarela eta egiten dugula erakusteko unea da”.

Dei horretan, CEMRko zuzendaritza-batzordeak gobernantza demokratikoaren, giza eskubideen errespetuaren, subsidiariotasunaren eta jasangarritasunaren aldeko “babes irmoa” helarazi du. Era berean, “tokiko eta eskualdeko autonomiari eustearen garrantzia” azpimarratu du, ” tokiko mailan boterea murrizteko joeren aurrean”.

Esther Apraizek, bere aldetik, nabarmendu du, hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, udalek zeregin garrantzitsua dutela herritarrak Europako hauteskundeetan parte hartzera animatzeko. “Zer dagoen jokoan azaldu behar diegu, uler dezaten haien botoa garrantzitsua dela demokrazia eta giza eskubideak babesteko, gure gizarteen ongizatearen eta oparotasunaren oinarriak diren funtsezko balioak aldarrikatuz”. Azpimarratu duenez, “proiektu komun honetan zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu, orduan eta indartsuagoa eta baliotsuagoa izango da Europa munduan”.

EUDELeko ordezkariak udal politikaren euskal eredua jarri du erreferentetzat, “aniztasunean, elkarrizketan eta helburu komunen alde lan egiten duten ezberdinen arteko akordioan oinarritutako eredua”.

“Eten digitalaren” erronka

EUDELeko elkarteburua atzo eta gaur hitz egiten ari da bileraren gaietan oinarrituta antolatu diren eztabaidetan. Hautatutako gaiak, udalerri eta hirientzako erronka komunen aurrean, erantzun bateratuak bilatzen saiatzeko dira eta abian dauden hiru trantsizioak planteatzen dituzte: sozial-demografikoa (inklusioa, gizarte- eta lurralde-kohesioa), ekonomiko-digitala (enplegua eta eten digitala) eta energetiko-klimatikoa (itun berdea, klima-neutraltasuna, biodibertsitatea).

Zehazki, Esther Apraizek hainbat proposamen egin ditu tokiko administrazioetatik eraldaketa digitala bultzatzen jarraitzeko, lurraldeko eragile guztiekin lankidetzan, hala nola, gainerako erakundeekin, enpresekin, berrikuntza-zentroekin edo parke zientifiko-teknologikoekin.

Elkarteburuaren hitzetan: “Ezin dugu onartu gaur egun teknologia horietatik urrun dauden pertsonak” bazterketa digitalera “kondenatzea. Haiengandik hurbilen gauden erakundeak garen aldetik, pertsona horiek laguntzeko betebeharra dugu, pixkanaka errealitate horretan sar daitezen, eta horrek, zalantzarik gabe, digitalizazioa beren bizitzako beste esparru batzuetan integratzen lagunduko die. ”

Pragako adierazpena

CEMRk bere bilerari amaiera gaur emango dio adierazpen politiko batekin. Zuzendaritza Batzordeak dei egiten die EBko eta Estatuetako ordezkari politikoei neurriak har ditzaten “tokiko gobernuek herritarrenganako dituzten erantzukizunak bete ditzaten ahalbidetzeko, eta Europako eta lurraldeko politikak ezartzeko zeregin estrategikoa izan dezaten”.

Halaber, “gizartearen erronken larritasunaz” eta Europako politiketarako izan ditzakeen arriskuez ohartarazi du dokumentuak. Ildo horretan, udalerriek eta eskualdeek proposamen zehatzak egiten dituzte, Europako estrategia indartzeko, tokiko eragileak erabat integratuz. CEMRk eskatzen du eskumen deszentralizatuak errespetatzeko; maila anitzeko benetako lankidetza garatzeko; helburu errealistak ezartzeko eta Itun Berdea bezalako tresnen aplikazioan lurralde bakoitzaren aniztasunari erantzuteko; mugaz gaindiko lankidetza biziki sustatzeko; eta EBko programen funtsetarako sarbidean dagoen administrazio “zabala eta zorrotza” hobetzeko eta sinplifikatzeko.

Informazio gehiago: https://www.ccre.org/

Gaur goizean Enpleguaren aldeko Itun Soziala aurkeztu zaie euskal udalei, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan, Gasteizko Europa Jauregian antolatutako bilera batean.

EUDEL PACTO SOCIAL DE EMPLEO

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, Idoia Mendia bigarren lehendakariordeak eta Lan eta Enplegu sailburuak, eta Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak parte hartu dute saioan.

EUDELeko ordezkariak gogorarazi du toki-erakundeek, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direnez gero, eskumen propioak dituztela tokiko ekonomia- eta gizarte-garapenaren arloan. Eskumen horiek, Toki Erakundeei buruzko Legean aitortuak, funtsezkoak dira pertsonen ongizaterako eta bizi-kalitaterako.

Esther Apraizek nabarmendu du udalek funtsezko zeregina dutela enplegu-politika aktiboetan. Tokiko enplegu-planekin eta hurbileko zerbitzuekin izandako esperientzia zabalari dagokionez, etorkizuneko enplegu-politika publikoak bultzatzeko erakundeen arteko lankidetzaren balioa azpimarratu du elkarteburuak.  Ildo horretan, udal talde teknikoen eta garapen agentzien lanaren garrantzia azpimarratu du. Hori guztia alkateen eta zinegotzien lidergo politikoarekin.

Etorkizunerako enplegu politikak erronka demografikoari eta abian dauden eraldaketei erantzun behar diete. Agertoki konplexua da, eta inpaktu asko ditu, besteak beste, belaunaldien ordezteari, adinaren kudeaketari, emakumeak maskulinizatutako eremuetan sartzeari, emakumeen lidergoari eta ekintzailetzari eta kolektibo espezifikoekiko gizarteratze-proiektuei eragiten dietenak.

EUDEL PACTO SOCIAL DE EMPLEO

Egoera konplexu bati erantzun behar diogu, inpaktu askorekin“, esan du presidenteak. Inpaktu horien artean daude, besteak beste, belaunaldien ordezteari, adinaren kudeaketari, emakumeak maskulinizatutako eremuetan sartzeari, emakumeen lidergoari eta ekintzailetzari eta kolektibo espezifikoekiko gizarteratze-proiektuei eragiten dietenak

Esther Apraizek esan du enplegua aldaketa-prozesuan dagoela, eta haren kudeaketa eragile guztien artean adostutako eta koordinatutako estrategia bateratuaren esparruan bideratu behar dela, partaidetzazko  eta maila anitzekoa gobernantza oinarri hartuta. “Gauzatzeko, udalen parte-hartze aktiboa behar duen estrategia hori“, azpimarratu du.

Amaitzeko, elkarteburuak tokiko eremua aldarrikatu du espazio egokitzat enpleguaren “puzzlea”-ren pieza guztiak elkartu eta aktibatzeko: herritarrak, enpresak, prestakuntza, berrikuntza, zerbitzu publikoa.

“Euskal udalok funtsezko eragileak gara enpleguan eta gizarte-kohesioan, eta are gehiago izan nahi dugu. Euskadiko etorkizuneko enplegua sortzeko ekimen guztietan parte hartuz. Gure herri eta hirietan proiektuak bultzatuz.” Amaitu du Esther Apraizek.

 

 

2023ko azaroak 21. EUDELek ordezkari politikoentzat duen “Udalak Abian” prestakuntza-ibilbidearen esparruan, on line mintegi bat egin da gaur goizean, berdintasuna bultzatzeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko mailako azken berrikuntzak ezagutarazteko.

Burgeluko alkate eta EUDELeko Batzorde Eragileko kide Nati Lopez de Munainek jarri du abian saioa, 09:00etan, eta ia laurogeita hamar alkatek eta hainbat zinegotzik parte hartu dute. “Zalantzarik gabe, berdintasuna eta indarkeria matxistaren aurkako borroka tokiko gobernuen lehentasuna dira. Agintaldi honetan, euskal udalok kalitatezko estandar gorenekin bat datozen berdintasunerako tokiko politikak zabaltzeko ardura hartu dugu, politika publiko aurreratuenekin bat etorriz.”

Hain zuzen ere, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendari nagusiaren hasierako hitzaldiaren ardatza “Berdintasunerako toki-politiken kalitatea politika publikoen estandarretatik” izan da, Berdintasunerako Euskal Legea aldatu zenetik udalei bideraturako agindu nagusiak barne hartuta.

Emakundeko zuzendariak, bere azalpenean, estrategia bikoitza eta hainbat ekintza proposatu ditu berdintasunaren aldeko tokiko lanari eusten jarraitzeko: berdintasuna bultzatzeko arloak eta egiturak indartzea (plangintza, aurrekontua, parte-hartzea eta langile espezializatuak), eta, aldi berean, genero-mainstreaminga indartzea udal-politiken hedapenean (genero-eragina tokiko politiketan, genero-ikuspegia duten aurrekontuak, berdintasun-klausulak kontratuetan eta dirulaguntzetan, zaintza-eredu feminista eta erantzunkidea, besteak beste).

Ondoren, Zuriñe Romeo EDE Fundazioko adituak eta Eukene de Miguel EUDELeko arduradun teknikoak hitz egin dute. Lehen txostengileak emakumeen aurkako indarkeriaren forma eta eremu berriak azaldu ditu, eta horiei aurre egiteko gako batzuk eman ditu, bai ikuspegi politikotik, bai teknikotik. Koordinaziorako tokiko protokoloak eguneratzearen garrantzia azpimarratu du Romeok, biktimen/bizirik atera direnen prebentzioa, arreta eta konponketa integratuta.

Bestalde, EUDELeko arduradun teknikoak euskal udalentzako talde-lanerako eta trukerako guneak aurkeztu ditu: “Virginia Woolf Basqueskola”, Euskadiko alkate eta zinegotzi emakumezkoen sarea; berdintasunaren aldeko konpromisoa duten udalen “Berdinsarea”; eta “Gizonduz” programa, politikari gizonezkoekin batera berdintasunaren alde lan egitera bideratua.

Mintegia osatzeko, Andoaingo, Basauriko, Tolosako eta Aiarako/Aiaraldeko udalen bi esperientzia panel jarri dira. Haizea Barandiaran (Andoain), Isabel Cadaval (Basauri) eta Goiuri Ezeiza (Tolosa) Berdintasun zinegotziak izan dituzte ordezkari, Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidentearekin batera.

Udalerri horiek Berdinsarea sarearen parte dira, eta erreferentzia dira indarkeria matxistaren aurkako borrokan egindako praktika aurreratuenengatik eta udal politiketan genero-ikuspegia aplikatzeagatik.

  • Rol sexistak, kaleko jazarpena edo emakumearen ahalduntzea dira 12 eta 20 urte bitarteko gazteek jorratutako gaiak
  • Sariak abenduaren 1ean Beasainen egingo den Topaketan banatuko dira

Beldur Barik 2023 programaren aurkezpena egin da gaur goizean Beasaingo Igartza jauregian, Herri honetan egingo baita Beldur Bariken urteroko topaketa datorren abenduaren 1ean. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko ekimen honek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du, Emakunderen bitartez, eta hiru foru-aldundien eta EUDELen babesa du.

Ekitaldian parte hartu dute Nati López de Munain EUDELeko ordezkariak eta Burgeluko alkateak, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Leire Artola Beasaingo alkateak, Joana del Hoyo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, eta Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari nagusiak eta

EUDELeko ordezkariak, Nati López de Munainek, adierazi duenez, Beldur Barik “tokiko prozesuetan integratzen denean indar guztia hartzen duen hezkuntza-tresna bat da”. Eta mutil, mutiko eta nerabeekin lanean aurrera egiteko beharra azpimarratu du, “gure gazteak berdintasunaren aldeko aktibistak izan daitezen, eta beren ingurune hurbilean sexismoaren eta indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta borrokatu ahal izan ditzaten”.

Leire Artola Beasaingo alkateak bere aldetik adierazi du, pozgarria dela aurten Beasain Beldur Barik herria izatea. Datorren ostiralean, abenduak 1, Beldur Barik Topaketa ospatuko da Beasaingo Usurbe Antzokian. Sari banaketa ekitaldia Iban Garciak eta Annekdotas-ek aurkeztuko dute, eta Alarma Morea taldea izango da bertan. Egun horretarako autodefentsa feminista, sexualitatea, maskulinitateak, ziberjazarpen sexista eta ahalduntzeari buruzko tailerrak antolatu dira. Halaber, elkarretaratzea egingo da Usurbe Antzokiaren aurrean, tokiko gazteei indarkeria matxistaren aurka ahotsa emateko.

Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketa

Ikus-entzunezko lehiaketak, programaren ekintza nagusietako batek, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek egindako adierazpen artistikoak saritzen ditu, berdintasun ezari Beldur Barik jarrerarekin nola aurre egiten dieten erakusten dutenak, hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoa adierazten duten jarrerekin.

Sailburuak parte-hartzeari buruzko datuak eman ditu. Zehazki, 300 lan inguru aurkeztu dira, eta horietatik 220 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak. “Garrantzitsua da lanak taldean egitea, sorkuntza-prozesua gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita”, nabarmendu du Melgosak. Lan gehien aurkeztu diren adin-tartea 14 eta 18 urte artekoa izan da, % 70eko ordezkaritzarekin, eta lehiaketarako proposamen gehien egin dituen lurraldea Bizkaia izan da.

Honako hauek izan dira lanek jorratu dituzten gai nagusiak: rol eta estereotipo sexistak, indarkeria matxista bikotearen esparruan, kaleko jazarpena, emakumeen ahalduntzea eta eskubide- eta aukera-berdintasunaren printzipioaren aldarrikapena. Hala ere, proiektuetan nolabaiteko zailtasuna ikusten da eguneroko espazioetan gertatzen den indarkeria matxista identifikatzeko.

  1. edizio honetan gizonezkoen korporatibismoan jarri nahi izan da arreta, indarkeria matxistaren prebentzioan eta erantzunean mutilek duten paper aktiboa bultzatzeko. Helburu hori nabarmendu du Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak.

Informazio gehiago (iturria: IREKIA): https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/89806-concurso-beldur-barik-para-prevencion-violencia-machista-entre-juventud-vasca-recibe-cerca-300-trabajos-audiovisuales