- Honako 6 herrialdeetako ministerio eta gobernu-sailetako 20 ordezkari etorri dira: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Georgia, Moldavia eta Ukrainia.
- Bisitaldi horretan, EAEko eredu ekonomiko finantzarioaren berezitasunak ezagutu dituzte, baita Euskadiko udaletako kudeaketan daukan ezarpena ere.
- Gaur, nazioarteko lan-mintegia egingo da EUDELen, ordezkaritza horretako kideen eta Galdakao, Getxo, Ermua, Basauri eta Bilboko udaletako ordezkarien artean.

Bilbon, 2015eko urriaren 28an. Guztira, Europako Ekialdeko 6 herrialdetako gobernuetako 20 ordezkarik parte hartu dute EUDELek eta Europako Kontseiluak antolatutako topaketan, Euskadiko eredu ekonomikoaren berezitasunen eta Euskadiko udaletako kudeaketa finantzarioan zein aurrekontuetan daukan ezarpenaren berri emateko. Ordezkaritza horretako kideak honako arlo hauekin lotuta dauden ministerio eta sailetako ordezkari politikoak dira: ogasuna eta finantzak, kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuak, eta tokiko gobernantzaren garapena.
Gaur, EUDELeko zuzendariak, Mar Zabalak, eta Batzorde Eragileko ordezkariak, Ibon Uribe Galdakaoko alkateak, ongietorria eman diete Europako ordezkariei. Bihar, urriaren 29an, osteguna, 11:30etik aurrera, Galdakaoko alkateak 20 gobernu-ordezkari horiei ere egingo die harrera bere udaletxean, eta, bere udal-taldearekin batera, Galdakaoko Udalaren esperientzia aurkeztuko die zuzen-zuzenean.
Ekialdeko herrialdeetako ordezkarien bisitaldia EUDELek eta Europako Kontseiluak bultzatutako “Local Finance Benchmarking” (LFB) proiektu pilotuaren barruan dago kokatuta, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere parte hartzen du bertan. Proiektuak adierazleen tresna diseinatzea dauka helburu, Euskadiko udaletako kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren ebaluazioa eta jarraipena egin ahal izateko.
Hain zuzen ere, Bizkaiko 5 udalek (Galdakao, Getxo, Ermua, Basauri eta Bilbo) adierazle ekonomiko finantzarioen tresna berria jarri dute abian lehenengo fase pilotuan. Gaur EUDELen bertan egingo den mintegian, Ekialdeko herrialdeetako ordezkariek zuzenean ezagutu ahal izango dute udal horien esperientzia, proiektuko udal-arduradunek eurek emandako azalpenen bitartez.
Europako Kontseilua Euskadiko Udalen Elkarteko laguntzaile estrategikoa da, Euskadiko udaletan eta, batez ere, etikaren zein tokiko gobernantza onaren arloetan proiektu eredugarriak bultzatzeko orduan. Sarritan, esperientziak eta tokiko jarduera egokiak trukatzen dira bi erakundeen arteko lan-mintegien bitartez. Horri esker, Euskadiko udalen eta Europako auzokideen arteko harremanak sendotzen dira etengabe.