EUDELen eta Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) Berdintasun aroko ordezkaria, Ibon Uribek gaur goizean Novia Salcedo Fundazioak antolatutako ‘Herritarren arteko elkarrizketa’ eta mahai-inguruan parte hartu du, Marianne Thyssen Europako Enplegu eta Gizarte Gaietako komisario europarraren bisita dela-eta.
Jardunaldia Bilboko Euskalduna Jauregian izan da; 11:00etan hasi da gazteekin egindako topaketa batekin, eta gazteen enpleguaz eta Europako zutabe sozialaz aritu dira. Komisarioak berak eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak hartu dute parte.
Topaketaren ondoren, 12:30ean, berdintasunari buruzko mahai-inguru bat egon da, eta, bertan, Ibon Uribek –Galdakaoko alkatea eta EUDELeko ordezkaria– hartu du parte.
Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (CMRE) presidentea den aldetik, Ibon Uribek hitza hartu duenean, Genero berdintasunari buruzko Europako Institutuaren (EIGE) datu batzuk eman ditu, eta egoera hobetzeko zenbait proposamen azaldu ditu, tokiko gobernuen eta berdintasunaren arloko politika publikoen bidez lortzekoak. Ezar litezkeen neurriei dagokienez, hauek dira Ibon Uribek azaldu dituen batzuk:
- Berdintasunaren gaineko kontzientziazio politikoa handitzea, Tokian tokiko Berdintasunerako Europako Gutuna sinatu dutenen kopurua handituz.
- EIGEren indizearen datu estatistikoak helaraztea lurralde eta udalerriei.
- Europa mailan, talde lana indartzea, maila desberdinetako erakundeen arteko lankidetzaren bitartez eta Europako udalerrien lankidetza eta saretzearen bitartez. EAEn jada badago erreferente bat: Berdinsarea, Berdintasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarea, Eudel eta Emakundek sustaturikoa.
Ildo horretan, udalerrietan berdintasuna sustatzeko xedez erakunde, eragile sozial eta herritarrek elkarlanean sortutako tokiko programa eta ekimenak Europako finantzaketarekin babestearen alde mintzatu da Ibon Uribe. “Genero berdintasunean aurreratzeko ahaleginak babesteko funts eta programa egokiak behar dira”. “Bereziki, Berdintasunerako Europako Gutuna eta horretarako Behatokia, bai eta berdintasunaren alorreko tokiko eta lurralde mailako beste ekimen batzuk ere.”
EGITARAUA eta informazio gehiago: http://www.noviasalcedo.es/eu/dialogo-ciudadano-con-la-comisaria-europea-marianne-thyssen-mesa-redonda-sobre-igualdad/
