
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 11an. Ostegun honetan Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren urteko bigarren bilera egin da. Kontseiluan honakoek hartzen dute parte: Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta EUDELeko 3 kidek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kide banak hain zuzen ere.
Kontseiluko bilera amaitu ondoren prentsaurrekoan, Imanol Landak, EUDELen elkarteburua, datuak baikor hartu ditu, 2018ko ekitaldia ixtean dugun egoera ekonomiko-finantzieroa “aldeko agertoki baterantz” doala dirudielako. Hala ere, eta gainerako herri-erakundeek bezala, Imanol Landa elkarteburuak zera esan du: “zuhurtziaz jokatu behar dugu diru-bilketaren azken datuak jakin arte, ulalerriz udalerri eta lurralde bakoitzean”.
Euskal ogasunek aurten 14.706 milioi euro jasoko dituzte, hau da, errekor berria, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak aurreikusi zuena baino 315 milioi gehiago (%2,2). Kontseiluak 2019an 15.265 milioi euro jasoko direla aurreikusi du. Aurreikuspenak gainditu badira ere, Kontseilua osatzen duten herri-erakundeek zuhurtziaz jokatzeko esan dute, munduko ekonomian dauden “mehatxuak” direla eta.
Kopuru hauek gaur ezagutu ditugu, Gasteizen Herri Dirubideen Euskal Konseiluak egin duen bileran. Diru bilketaren datuak aztertzeko eta herritarrentzat dauden baliabide ekonomikoak erabakitzeko erkidegoan dugun erakunde gorena da Kontseilua.
EUDELen elkarteburua Imanol Landak adierazi du “udaletako bilketaren inpaktua zein den benetan ezagutzeko, Finantzen Lurralde Kontseiluak beharrezkoak direla“. Hurrengo egunetan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian deituta daude, eta udal bakoitzaren banakako datuak xehetasun handiagoz aztertuko dituzte udal eta foru arduradunek, Udal Finantzaketarako Foru Funtsei (TEFF, Araban, UFFF, Gipuzkoan, eta Udalkutxa, Bizkaian) 2018ko ekitaldirako dagokienean, eta tokiko mailan egoera zehatzago baloratzeko aukera emango dute. 2018ko ekitaldiaren itxierako behin betiko datuak datorren urteko otsailean ezagutuko dira.
Hiru lurraldeetako eta tamaina ezberdinetako udalak
HDEKn, udalek erakunde maila ezberdinekin batera parte hartzen dute, Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru Foru Aldundiekin, alegia. Euskadiko Toki Erakundeen Legearen ostean, udalek aukeratutako hiru ordezkari dituzte Lurralde Historiko bakoitzeko, eta askotariko populazio-tamainako udalerrietakoak. Zehazki, hiru dira EUDELeko ordezkariak:
–Imanol Landa, GETXOko alkatea (Bizkaia) eta EUDELen elkarteburua
– Josune Irabien, AMURRIOko alkatea (Araba)
– Eneko Maioz, OREXAko alkatea (Gipuzkoa)
HDEK-en hiru udal ordezkariak EUDELeko Batzorde Eragileen kideak dira (hamabost kidek osatzen dute EUDELeko organo eragile garrantzitsuena).