Gorka Urtaran elkarteburuak, Nagore Alkorta eta Jose Antonio Santano elkarteburuordeekin batera, EUDELen Bilboko egoitzatik gidatuko dute saioa, 11:30etik aurrera.
Bilbo, 2020ko azaroak 11.
EUDELeko 2020ko Batzarrak Euskadiko alkateak formatu hibridoko saio birtualean bilduko ditu estreinakoz, udalen jarduketetarako bereziki garrantzitsua den une batean, bai udal eremuan bai eremu globalean.
Gorka Urtaranek, EUDELeko elkarteburu eta Vitoria-Gasteizko alkateak, bilkura gidatuko du Bilbon, Euskadiko Udalen Elkartearen egoitzatik. Harekin batera egongo dira, halaber, elkarteburuordeak, Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea, eta Jose Antonio Santano, Irungo alkatea.
Batzorde Eragileko gainerako kideek, hiru lurralde historikoetako alkate guztiekin batera, Batzarrean era telematikoan parte hartuko dute, Zoom plataformaren bitartez.
Euskal udalgintzako lehen foroa pandemia garaian
Joan den urteko irailaren 19an Elgoibarren Elkartearen gobernu-organoak berritu osteko lehen Batzarra izango da 2020koa, eta, gainera, Euskadiko alkateen lehen bilera izango da, pandemia hasi zenetik. Udalgintzako foro garrantzitsu honek egungo egoera haztatzeko balioko du, osasun-, gizarte- eta ekonomia-krisiaren aurrean udaletatik emandako erantzunetan.
Bilkurako gaien artean, EUDELek datorren urterako ekintza ildoak aurkeztuko ditu, Elkartearen urteko kontuen eta 2020 eta 2021 ekitaldietako aurrekontuen onarpena.
Era berean, Euskadiko herri eta hiri guztietan eraldaketa berde, digital, inklusibo eta erresilientea gauzatzeko udalek etorkizunean izango dituzten erronkei buruz hausnartzeko aukera izango da.
Batzarraren mekanika EUDELen Estatutuek eta antolakuntza- eta funtzionamendu-araudiak zuzentzen dute.
Egoera epidemiologikoaren bilakaeraren aurrean, joan den urriaren 22an, euskal udalen Batzar Orokorra deitzea erabaki zuen EUDELeko Batzorde Eragileak, azaroaren 12rako aurreikusia, saio telematikoan, aurrez aurrekoaren ordez. Erabaki hori Lehendakariaren azken dekretuak (urriaren 26koa eta azaroaren 6koa) baino lehen hartu zen, eta orain, Covid-19ren transmisioa geldiarazteko beharrezko neurri diren mugikortasunaren eta kontaktu sozialaren egungo murrizketekin bat dator.