Eudel

Gaur arratsaldean egin duen bileran Finantzen Lurralde Kontseiluak udalek zerga itunduetatik jasoko dituzten finantzabideen zenbatespena onartu du: 1.092,85 milioi euro 2024rako. Kopuru hori aurten jasotakoa baino % 8,16 gehiago da eta 2023ko ekitaldiko likidazioaren aurreikuspena baino %6,5 gehiago.

2023ko ekitaldiaren itxierako datuen berri otsailean izango dugu, baina aurreikusita dago likidazioa positiboa izatea: 15,69 milioi euro, hau da, kontura emandakoa baino % 1,56 gehiago.

 

Gaur arratsaldean egindako bileran Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak 2024. urtean lurraldeko udalerriei emango zaizkien funtsen kalkulua onartu du: 1.092,85 milioi euro guztira: 1.082,66 milioi euro Udalkutxaren bidez eta 10,19 milioi Gizarte Zerbitzuen Funtsaren bidez.

Bi funts horiek % 8,16 gehitu dira 2023ko ekitaldiko aurrekontuaren aldean eta % 6,5 2023ko likidazioaren aurreikuspenaren aldean (likidazioaren berri datorren urteko otsailean edukiko dugu).

Udalkutxa – Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren zenbatekoa erabakigarria da udalek hurrengo ekitaldiko aurrekontuak egin ahal izateko. Udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikastetxeen kopurua edo biztanleen sakabanatzea.

Bileran Udalkutxa Funtsaren 2023ko ekitaldiko likidazioaren itxierako aurreikuspenak ere aztertu dira. Behin betiko datuak otsailean egingo den Finantzetako Lurralde Kontseiluan emango dituzte ezagutzera, baina, hala ere, badirudi likidazioa positiboa izango dela berriz ere, 15,55 milioi eurokoa. Kopurua udalen artean banatuko dute 2024ko otsaileko behin betiko likidazioa egin ostean.

Gizarte Zerbitzuen Funtsari dagokionez, itxiera-aurreikuspenak ere positiboak dira, 146.449 euroko zenbatekoarekin. Funts hau mendekotasunaren inguruko irizpideen arabera banatzen da. Udalkutxarekin batera likidatuko da.

Udalkutxa

Aurrelikidazioa 2023

Konturako emateak 2024

Gizarte-zerbitzuen funtsa

Aurrelikidazioa 2023

Konturako emateak 2024

Finantzen Lurralde Kontseilua

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere. Hamar kide dira: bost Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak dira eta beste bostak EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkaritzan ari dira (Bilboko Udala, Amorebieta-Etxanoko Udala, Isparterko Udala, Abadiñoko Udala eta Portugaleteko Udala).