Eudel


Gaur, EUDELek Bilbon duen egoitzan saio tekniko bat egingo da. Bertan, ehun bat udal arduradun politiko eta tekniko bilduko dira, hainbat adituren hitzaldien inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko, udal gardentasunean aurrera egiten jarraitzeko eta horrek denboran iraun dezan eman beharreko pausoak zein diren identifikatzen saiatzeko.

Topaketa hau Gardentasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarearen testuinguruan antolatu da, eta, bertan, Nazioarteko Gardentasuna erakundeak eta “Informazio Publikoa Eskuratzeko Eskubidea” gaiaren inguruko adituek hartuko dute parte, udalentzat ekarriko duen inplikazioa aztertzeko, hala legeen ikuspegitik, nola operazioaren eta barruko kudeaketaren ikuspegitik.

  • ITA 2014 adierazle berriak eta “Informazio Publikoa Eskuratzeko Eskubidea” dira Gardentasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarearen barruan galdera gehien sortzen dituzten gaietako bi.
  •  Euskadiko udalerriek hainbat gidaliburu eta tresna dituzte lanerako: bide-orri bat, Jardunbide Egokien gidaliburua eta Aginte Koadroa, akzioak gardentasunez planifikatu, antolatu eta kudeatzeko. 

Saio honekin, EUDELek jarraitutasuna eman nahi dio Gardentasunaren esparruan gaurkotasunekoak eta tokiko gobernuentzat interesekoak diren gaien dibulgazio lanari. Saio honez gain, beste hainbat jardunaldi monografiko eskaini zaizkio gaiari sarearen barruan. Adibidez, honakoak zerrendatu daitezke: Gardentasunaren eta Datu Pertsonalen Babesaren arteko bateragarritasuna (2014ko otsaila), Gardentasuna abian jartzeko udal esperientziak (2013ko urria), Gardentasunaren eta Gobernu onaren arteko harremana, eta Gardentasunaren Legearen proiektuaren lehenengo analisia (2013ko ekaina).

*Materialak eskuragarri daude hebide honetan:
(http://www.eudel.net/destacados/transparencia/eu/)

EUDELek Gardentasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarearen sorrera bultzatzen du, tokiko gobernu gardenak, irekiagoak eta hurbilak eskaintzeko estrategia bateratua garatzea ahalbidetuko duten ekintzen diagnostikoa, babesa eta jardunbide egokiak sustatzeko espazio gisa.