Eudel

EUDELek dei egiten die hiritar guztiei gaur arratsaldeko 19:30etan Abadiñoko Matiena auzoko Traña plazatik irtengo den manifestaldian parte hartzeko, era honetara herri honetan gertatutako bi emakumeren hilketak salatu eta gaitzesteko.

Euskadiko Udalen Elkarteak irmo gaitzesten du Abadiñoko (Bizkaia) bi emakumeren hilketa, indarkeria matxistaren biktimak. Era berean, EUDELek gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten; izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek elkartasuna adierazten die biktimen senideei eta lagunei; era berean, gertatutakoa azkar argitzea espero du.

EUDELek bat egiten du Udalek zein erakundeek deitu ditzaketen elkarretaratze eta ekintza guztiekin.