Eudel

EUDELek Suediaren lekukoa hartu du, Europan Berdintasunerako tokiko politikak zuzentzeko

  • Europako udalerri eta eskualdeen (CMRE) topaketan, Galdakaoko alkateak presidente gisa beteko duen agintaldiaren helburuen berri emango du, Berdintasunerako tokiko politikek eragin handiagoa izan dezaten lortzeko asmoz.
  • Uribe Emakunderen zuzendariarekin, Izaskun Landarekin, eta Euskadiko udalen ordezkariekin batera joango da Bruselara.

Bilbon, 2015eko urriaren 13an. Galdakaoko alkate Ibon Uribe Bruselan dago egunotan, bihar, urriak 14, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) presidente gisa Europan eskainiko duen lehenengo konferentzian parte hartzeko. Konferentzia 09:30ean izango da Bruselako udaletxean. Bertan, ehun bat pertsona izango dira gutxi gorabehera, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen ordezkariak barne.

Ibon Uribe Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidarekin eta Berangoko eta Sestaoko udaletako ordezkariekin batera izango da Bruselan. Hitzaldian, Euskadin Berdintasunaren alorrean ditugun zeharkako lan-eredua eta erakundeen arteko lankidetza-eredua azalduko ditu presidente berriak.

Gaur, asteartea, konferentziaren aurreko egunean, Ibon Uribek lanerako barne-saioa dauka finkatuta, Berdintasunerako Batzordeko kideekin. Lehenengo saio horretan, talde berriak Berdintasunerako Batzordearen lanean aurrera egiten jarraitzeko erronkak eta helburuak aztertuko ditu. Ibon Uribek ekintza-plana egiteko oinarrizko ardatzen berri emango du. Ardatz horiek Europako udalerriekin partekatzea eta horien inguruan adostasuna lortzea da Uriberen asmoa.

CMREren Berdintasunerako Batzorde Iraunkorra (Standing Committe for Equality) EBko herrialdeetan Berdintasunerako tokiko politikak koordinatzeko organo gorena da. Europako udalerri eta eskualdeen elkarte nagusietako ordezkariek osatzen dute Batzordea.

Ibon Uribek, EUDELen izenean, presidente kargua beteko du datozen bi urteotan, 2017ko urte amaiera arte, Suediako Elkarteko Ewa Samuelssonen lekukoa jaso ostean. Bi elkarteek esperientzia eta ibilbide luzea dute berdintasunaren aldeko lanean, eta euren helburu eta metodologietako asko bat datoz.