Artium Museoan egin da Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen Saileko diputatua, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Natividad López de Munain, Burgeluko alkatea eta Eudeleko Batzorde eragileko ordezkaria buru izan dituen ekitaldia, non Arabako 51 udalerriren hausnarketak jaso baitira.
Gasteiz, 2015eko abenduaren 16a. Arabako Foru Aldundiak gaur goizean egin die harrera Arabako udal guztietako alkateei, Gizarte Zerbitzuen Kartera berria aplikatzearen ondorioz egingo den zerbitzuen eta prestazioen eskumen banaketaren berri emateko ekitaldi batean.
Artium Museoan egin da ekitaldia, non Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen Saileko diputatuak azaldu baitu zein epe eta lan metodologia proposatzen dituen Arabako Foru Aldundiak “Arabako udal guztien artean bat etortzea eta adostasuna erdiesteko”. “Gizarte zerbitzu eta prestazioak berriz ere antolatu eta homogeneizatuko dira, lehentasuna emango zaiolarik lurralde orekari, eta hori egingo da soilik tartean diren eragile guztiek parte hartuta”, esan du argi eta garbi Artolazabalek lan plana aurkeztean, non gainera Arabako udal eta kuadrillen hausnarketak jaso baitira.
EUDELen partez, Burgeluko alkateak, Natividad Lopéz de Munain, azpimarratu du “Orain, udalok geure zerbitzuak non kokatuko ditugun erabaki, eta ados jarri beharko dugu, mapa hori gure udaletako errealitatearen araberakoa izan dadin”. “Inolako zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da berehalako orainari eta, batez ere, gure herritarren etorkizuneko ongizateari begira.” halaber eragin du.
Orain arte bezala, EUDELek ibilbide osoan lagunduko die udalei, hau da, baliabideak koordinatzen eta antolatzen, eta, beharrezkoa denean, orientazioa nahiz aholkularitza tekniko eta juridikoa ematen.