Eudel

Donostia, abenduak 16. Gizarte zerbitzuen alorrean erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu eta islatzeko, Maite Peña Gizarte politikako diputatuak lan bilera egin du Gipuzkoako alkateekin eta udal ordezkariekin, gizarte zerbitzuen bidean aurrera egiteko eman beharreko urratsak zeintzu diren azaldu eta lanerako estrategiak finkatzeko.

Gipuzkoako 40 bat herritako ordezkariak  izan dira bileran;  Donostia,  Irun, Errenteria, Andoain, Tolosa, Eibar, Elgoibar, Hernani edo Beasaingoak,  batzuk aipatzearren.  EUDELek – Euskadiko Udalen Elkarteak ere saioan  parte hartu du, Eusko Jaurlaritzako Lide Amilibia, gizarte zerbitzuetako sailburuordearekin batera.

 

EUDELeko ordezkariak (Gipuzkoako lurralde batzordea):

Elgoibarko alkatea, Ane Beitia (Eragileko batzordeko bocala)

Eibarko alkatea, Miguel de los Toyos

Hondarribiko alkatea, Txomin Sagarzazu

Legazpiko alkatea, Koldobike Olabide

Peña diputatuak argi utzi du erakundeen arteko elkarlana garatzea  legealdiko helburu nagusienetako bat dela:” udalei lagunduko diegu, lankidetzan eta koordinatuta arituz, baina  norbere eskumenak errespetatuz”, azaldu du diputatuak.

Koordinazioa jo du Peñak helburu nagusi: “Gipuzkoako lurralde antolaketa udalekin batera adostu behar dugu, 2015-2017 rako aurrikusitako gizarte zerbitzuen mapa zabaltzeko”, esan du diputatuak eta bide horretan udalen papera azpimarratu nahi izan du: ” udalen presentzia gehitu behar da , lankidetza sendotu eta negoziazio mekanismoak ezarri”.

Zentzu horretan, erakunde ezberdinak jasoko dituen lantaldea osatzea proposatu die diputatuak udalei: ” mahaiak anitza eta plurala behar du, Gipuzkoako herri ezberdinen beharrak ongi ordezkatuko dituena, eta aldi berean eraginkorra, gizarte zerbitzuen alorrean aurrera egitea ahalbidetuko duena”,  deskribatu du Maite Peñak.

Gizarte zerbitzuetarako, berriki,  Eusko Jaurlaritzak onartu  duen  hiru milioi eurotik gorako funtsaren inguruan, diru hori nola banatuko den azaldu dute bileran Eudeleko ordezkariek eta funts hori banatu ahal izateko, aurrez,  udalek egin behar dituzten etxeko lanetarako eta adosten dituzten ekintzak koordinatzeko orientazioa eta aholkularitza eskeini dizkiete udalei.

Eusko Jaurlaritzaren 2008ko gizarte zerbitzuen legeak helburua finkatzen du: 2016ko abenduaren 26tik aurrera, herritar orok gizarte zerbitzuak izateko eskubide subjektiboa izango duela, alegia. Eta helburu hori lortzeko bidean eratu nahi dute gaur lehen urratsa eman duen erakundeen arteko lantaldea.

Eudelek ekimena txalotu du eta prozesuaren garrantzia azpimarratu: lurraldeko zein udalerrietako herritarren berehalako eta  etorkizunerako ongizatea bermatzeko ezinbesteko urratsa dela esan du Euskadiko udalen elkarteak.