Eudel

Eudelek eta Arabako Foru Aldundiak osaturiko erakunde arteko mahaiak lehenengo bilera egin du.

Gasteiz, 2013ko urtarrilaren 13a. Arabako Gizarte Zerbitzuen Mapa egiteko Erakunde arteko Mahaiak gaur egin du bere lehenengo bilera, eta bertan foru aldundiak eta lurraldean ordezkaritza daukaten alderdi guztietako alkateek parte hartu dute. Organo horren xedea da zerbitzu eta prestazioen eskumenak nola bananduko diren zehaztea, eta banaketa hori gauzatuko da Euskal Autonomia Erkidego osoan aurtengo urtearen bukaeran indarrean sartuko den Gizarte Zerbitzuen Kartera berria aplikatuz.

Lotutako berria: Arabako udalei Gizarte Zerbitzuen eskumen banaketa berria aurkezpena

Halaxe hasi da foru erakundearen eta Arabako udal eta kuadrillen artean egingo den lan handiaren lehenengo fasea, eta lan hori amaitu behar da adostuz zein erakundek hartuko duen gizarte prestazio eta zerbitzu bakoitzaren ardura udal bakoitzean. Azken xedea da eskubide subjektibo gisa bermatzea interesdunek modu homogeneoan eskura dezatela zerbitzuak eta diru prestazioak, haien bizilekua gorabehera.

Egun Arabako Foru Aldundiak hartzen du bere gain hiritik kanpoko zerbitzu ia denak emateko ardura, bai eta Gasteizen mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta ematekoa ere, baina nola indarrean sartu diren Gizarte Zerbitzuen Legea eta Gizarte Zerbitzuen Kartera udalek eman behar dute lehen mailako zerbitzuen hornidura. Horregatik argitu behar da zein parametro oinarri jarraitu behar duen aldundiak zerbitzuak ematen, edo ea udal bakoitzak hartu behar dituen zerbitzu horiek bere gain.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen izenean hauexek egon dira: Mar Zabala, bere zuzendari nagusia; Josune Irabien eta Natividad López de Munain (EAJ), Amurrioko eta Burgeluko alkateak hurrenez hurren; Unai Gutiérrez (EH Bildu), Zuiako alkatea; José Javier Martínez (PSE), Iruña Okako alkatea; Pedro León (PP) Guardiako alkatea, eta Aitor Abecia (AZI talde independentea), Zanbranako alkatea. Nerea Melgosa Gizarte Politiken zinegotzia izan da bileran, Gasteizko alkate Gorka Urtaran jeltzalearen ordezkaritzan.

Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatua, José Luis Alonso Gizarte Zerbitzuen zuzendaria eta (GOFE) Milagros López de Aberasturi Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko zuzendari-kudeatzailea izan dira gaur goizean lan bileran foru aldundiaren ordezkaritzan; baita saileko beste arduradun batzuk ere.

Gaur goizeko bileran parte hartu dutenek Arabako Gizarte Zerbitzuen Mapak oinarri izango duen zonifikazio geografikoa izan dute hizpide; baita lan metodologiaren oinarrizko alderdiak eta mapa hori lantzeko irizpide orokorrak ere. Prozesu honen bigarren fasean egingo dena da egun zer zerbitzu zentro eta zer diru prestazio dagoen aztertu eta haien inbentarioa egitea. Bukatzeko, hirugarren fasean eskumen banaketa doituko da udalen eta kuadrillen adostasunarekin. Mapa datorren ekainerako onartuta egon dadin nahi da, urte honen bukaeran martxan jarri ahal izateko.

Lan talde teknikoa

EUDELek eta Arabako Foru Aldundiak osaturiko mahaiaz gain; hau da, goi mailako erakundeek osaturiko mahaiaz gain, lan talde tekniko bat eratuko da, eta han udalek eta GOFEko arlo desberdinek izango dute ordezkaritza, aztertuko beharreko gaiak zein diren.