Eudel
  • Gaur urtarrilaren 26an, asteartean, Euskadiko Udalen Elkarteak jardunaldia antolatu du Bilbon. Bertan, Estatu osoko legelari adituek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Prozedura Erkidearen lege berriak aztertuko dituzte.
  • EUDELen jardunaldian 300 lagun inguru izan dira, hiru lurraldeetako udaletatik etorritakoaak. Gehienak, idazkaritza, kontu-hartzailetza eta zerbitzuko buruzagitzako goi mailako funtzionarioak.
  • Urte batetik bi urtera bitarteko epean, toki-erakundeek eta administrazio publiko guztiek araudi berrira egokitu beharko dute. Horrek administrazio elektronikoa lehenesten du, batere paperik gabekoa, interkonektatua eta gardena, eskubide eta betebehar gisa hartuta.
  • Erreformaren bidez, herritarrek eta enpresek administrazioarekin dituzten harremanak arinagoak eta irisgarriagoak izatea lortu nahi da, eta, horretarako, prozedurak sinplifikatu eta izapidetzeko aldiak murriztu nahi dira.

Bilbon, 2016ko urtarrilaren 26an. Aurtengo urritik aurrera, administrazio guztiek araudi berria hartuko dute, eta horrek betebehar garrantzitsuak finkatzen ditu administrazio elektronikoaren eta prozeduren sinplifikazioaren arloan. 2015eko urriaren onetsitako Administrazio Prozedura Erkideari eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko legeen ondorioa da dena.

EUDELek betebehar berriei buruzko informazioa eta orientabidea eman nahi dizkie udalei, oro har urtebeteko epean jarriko baitira indarrean. Administrazio elektronikoaren arloko alderdi batzuk izango dira salbuespena, horiek 2 urteko epea izango baitute indarrean sartzeko.

Indarrean dagoen herri-administrazioaren ereduaren erreforma handinahi honek bi ardatz osagarri ditu: Administrazioak herritarrekin eta enpresekin dituen kanpoko harremanak (Prozeduraren Legea, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa), eta, bigarrenik, antolakuntza eta funtzionamenduaren barne araubidea, eta, orobat, administrazioen arteko harremanenak (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa.)

Esate baterako, Prozedurari buruzko 39/2015 Legeak ezagutzeko errazagoa den administrazio-prozedura erkide bakarra sortu du, gaur egun dauden prozedura berezi ugariak alde batera utzita, eta prozedura “espres” bat aurreikusi du, konplexutasun gutxiagoko kasuetarako.

Horrez gain, administrazio publikoekin bide elektronikoak erabiliz harremanetan jartzeko eskubidea eta betebeharra ezarri du lehenengo aldiz. Izapideak bide elektronikoen bidez egiteko nahitaezkotasuna ezarri die pertsona juridikoei eta pertsona fisiko batzuei.