Eudel

Gaur goizean, Bilbon, udaletako politikariak eta teknikariak elkartu dira, Itsas Museoan ekainaren 6tik 8ra bitartean egin den Bizikidetzari, Bakeari eta Giza Eskubideei buruzko I. Jardunaldien barruan. Jardunaldiak esparru honetan lan egiten duten elkarteen Foroak antolatu ditu.

Hirugarren eta azken jardunaldian, erakunde publikoetako eta Bakearen eta Giza Eskubideen Kulturaren alde lan egiten duten erakundeetako politikari eta teknikari arduradunen artean esperientziak trukatzea proposatu zen, udal mailan bizikidetzako planak sortu eta sustatzen jarraitzeko beharra nabarmentzeko asmoz, bai eta gaiari loturiko beste ekimen batzuk ere.

Saioan, Monika Hernandok Eusko Jaurlaritza ordezkatu du, Maribel Vaquerok Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Amurrioko alkate Josune Irabienek, aldiz, EUDEL. Ondoren, Portugaleteko alkate Mikel Torresi eta Elgoibarko alkate Ane Beitiari eman zaie txanda, eta, udalerri mailako bizikidetzari dagokionez, memoria historikoari eta duela gutxiko memoriari buruzko gaietan nork bere udalean izandako esperientziak azaldu dituzte.

Hiru hautetsiek nabarmendu dute adostasun politikorako oinarria sortu behar dela, etorkizuneko ibilbidea eraiki ahal izateko, iragana bistatik galdu gabe. EUDELen ordezkari Josune Irabienek azaldu duenez, “udalok, gure eguneroko lanean, aniztasunarekin eta desberdinen arteko akordioekin lan egitera ohituta gaude”, eta, hortaz, “udal eremuan, proiektu guztiek bat egiten dute”.

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak udal mailan sustatutako zenbait ekimen berrikusi ondoren, hala nola, ‘Memoriaren Eguna’ edo ‘Memoriaren udal erretratuak’, EUDELen ordezkariak Foroa osatzen duten erakundeen ekarpena izan du hizpide. Etorkizunari begira, elkarte horien bidez udalerri askotan garatzen ari den balioetan oinarritutako hezkuntzaren kultura mantentzen jarraitzearen alde agertu da, eta, gehitu duenaren arabera, “beharrezkoa da erakunde horien feedbacka ere izatea”.

Irabienek azpimarratu du udalerri bakoitzak bizikidetzako ibilbidea modu autonomoan egin behar duela; izan ere, “ez dago bide bakarra, eta udalerrien erritmoak ere ezberdinak dira”.

Portugaleteko eta Elgoibarko esperientziak

Mikel Torres alkateak nabarmendu du udal eremua egokia dela bizikidetza jorratzeko.Inork ez ditu zauriak berriro ireki nahi, baina, sendatzeko, lehenengo ukitu egin behar dira”, gehitu du, bere Udalaren ekintza bati erreferentzia eginez; izan ere, 1936. eta 1938. urteen bitartean, Portugaleteko udal funtzionario guztiak errepresaliatu egin zituzten.

Torresek baieztatu du funtsezkoa izan dela sentsibilitate ideologiko ezberdinen muturreko jarrerak saihestea, adiskidetzea artikulatzeko beharrezkoa den borondate politikoa eskuratzeko.

Bestalde, Elgoibarko alkate Ane Beitiak adierazi duenez, bizikidetza finkatzea ez da bide erraza, baina, udalak hurbileneko gobernuak direnez, komunitate osoaren parte-hartzea sustatzeko erantzukizuna daukate, bai arlo politiko-instituzionalean, bai herritarrei eta elkarteei dagokien arloan. Beitiak Baketik erakundearekin lankidetzan abiarazitako ‘Elgoibar: bakea eraikiz’ proiektua aurkeztu du.

Udalek eredu” izan behar dutela azpimarratu du alkateak. Adostasunak lantzeari eman dio garrantzia, modu diskretuan, elkarrizketaren aldeko jarrerarekin eta indibidualismoetatik urrun, etorkizuneko belaunaldiek egoera sozial baketsuaz goza dezaten.

Informazio gehiago: www.foroderechoshumanos.org/eu/