Bilbon, 2020ko uztailaren 16an. Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak eta Jose Antonio Santano eta Nagore Alkorta elkarteburuordeek adostu dute beharrezkoa eta egokia dela udalei dekalogo bat ematea, Euskadiko udalerrietan COVID-19aren transmisio komunitarioak prebenitzeko gomendioekin. Pandemiak eragindako egoera era koordinatuan kudeatzeko Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin EUDELek duen lankidetza estuaren barruan egin da dokumentua.
Dokumentu honekin, EUDELek eta Osasun Sailak agerian jartzen dute udalek, gizartearengandik hurbil egonik, egiten duten lana zer garrantzitsua den jendea kontzientziatzeko eta erantzukizun indibiduala nahiz kolektiboa eskatzeko, autobabesari eta kutsatzeak hedatzearen prebentzioari dagokienez.
Elkarlana, elkartasuna y “komunitate-sena”
Dekalogoaren testuinguruan, Gorka Urtaran elkarteburuak hiru mezu helarazi ditu egungo egoera ikusita eta udalek pandemiaren transmisioa prebenitzeko duten eginkizuna ikusita:
Lehenik, adierazi du alkateen “kezka handia” bizilagunen osasuna babesteko. Gorka Urtaranek udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanaren balioa azpimarratu du, Osasun Sailarekin izandakoa bereziki. “Konfiantza izan dezakegu gure osasun-zerbitzu publikoetan eta lan handia egiten ari diren Osakidetzako langile guztiengan”.
Bigarrenik, udalen eginkizun inportantea nabarmendu du udalerriko gizarte-eragile guztiekin, merkatari, ostalari, elkarteekin koordinatzeko. “Baina hau ez da nahikoa” adierazi du, “herritarren lankidetza behar da, ezinbestekoa da guztiok inplikatzea, erantzukizun kolektibotik eta norberarenetik” “Elkartasunez, elkarri lagunduz, eta, azken batean, komunitate-senez”.
Gaur bidali zaie dekalogoa alkate guztiei, eta, bertan, antolakuntzari buruzko jarraibide orokor batzuk ematen dira, udalen jardun zuzena orientatu eta indartzeko, betiere, herritarren eta udalerriko eragile sozialen inplikazioa kontuan hartuta. Neurrien zerrenda batez ere udari begira eginda dago, festak edota baimen gabeko jarduera oro egitea eragozteko, jende-pilaketak eragin baititzakete, eta, ondorioz, epidemiari eusteko ezarritako osasun betebeharrak eta neurriak ez betetzea eragin.
Gomendioak udalerri bakoitzaren berezitasunetara egokituko dira, tokiko autonomia oinarri hartuta, eta, betiere, eboluzio epidemiologikoari erantzuteko une bakoitzean indarrean dagoen araudia errespetatuz.