- EUDELek eta gainerako herri-erakundeek sinatutako esparru-protokoloaren bidez, hala nahi duten euskal udal guztiek parte hartzeko aukera izango dute ekimen honetan, udalerri guztietara zabaldu ahal izateko.
- EUDELek bonuen mekanika eta kudeaketari buruzko informazioa bidaliko die udalei, programari atxikitzeko inprimaki batez lagunduta.
- Bonuen izenak “Euskadi Turismo Bonua” eta “Euskadi Bonodenda” dira, eta 5, 10 edo 20 euroko deskontuak eskainiko dituzte turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren modalitateetan.
EUDELen elkarteburua Gorka Urtaranek, Euskal Udalen izenean, parte hartu du gaur Eusko Jaurlaritzako merkataritza eta turismo bonuen aurkezpenean, zeini horiei esker 8,7 milioi sartuko baitute merkatuan. Plana euskal erakundeen baterako lanaren emaitza izan da, eta 5, 10 eta 20 euroko deskontuak eskainiko dituzte modalitate ezberdinen arabera; bonuak urriaren 28tik aurrera erosi ahal izango dira.
Gorka Urtaranek ekimenaren balioa azpimarratu du, “Herri gisa batasunaren eta lankidetzaren argazki bat delako, gure merkataritza, ostalaritza eta turismoari laguntzeko”. “Sektore horiek gaizki pasatzen ari dira, eta erakunde gisa erantzun bateratua eta koordinatua eskatzen digute ” azaldu du elkarteburuak.
EUDELen elkarteburuak azpimarratu duenez, “Udalok funtsezko zeregina dugu susperraldi sozial eta ekonomikoan, gu baikara pertsonengandik, enpresetatik, saltokietatik eta tokiko negozioetatik hurbilen daudenak”.
Azkenean, Gorka Urtaranek gogorarazi du tokiko kontsumoaren aldeko herritarren konpromisoa oso garrantzitsua dela “Banako ekintza bakoitzak balio du eta inportantea da gure hiri eta herrietako ekonomia suspertzeko.” adierazi du.
EUDELek programa honen esparru-protokoloa sinatu du, interesa duten Euskadiko udalen balizko atxikipenak ahalbidetu xedez. Horretarako, laster atxikitzeko oinarriak eta formularioa bidaliko zaizkie, Merkataritza Ganberen on line plataformaren bidez kudeatuko diren bonuen operatibari buruzko xehetasunekin batera.
Bonu horien aginduak urriaren 5ean argitaratuko dira, eta hilaren 6tik aurrera egongo dira indarrean. Haien arabera, establezimenduek 3 asteko epea izango dute atxikitzeko. Epe horren ondoren, urriaren 28an, bonuak eskuragarri egongo dira herritarrentzat.
Bonuen modalitateak
Bonu horiek Euskadin bizi diren edota, turismoko bonuen kasuan, beste leku batzuetatik etorri diren 18 urtetik gorako pertsona fisikoek erosi ahal izango dituzte urriaren 28tik aurrera. Ez da bono fisikorik egongo; aitzitik, gastatu nahi diren establezimenduan bertan kudeatuko dira online plataformaren bitartez (plataforma hilaren 6tik aurrera egongo da abian).
Bonuak deskontu-balearen ereduan oinarrituta daude. Merkataritzaren kasuan, modalitate bakarra egongo da: 10 euroko deskontuak 30 eurotik gorako erosketetan. 4 bonu eskuratu ahal izango dira gehienez, eta, beraz, gehieneko deskontua 40 eurokoa izango da guztira. Merkataritzaren esparruko mikroenpresei eta enpresa txikiei zuzenduta daude.
Turismoan eta ostalaritzan, 3 modalitate daude. 1. eta 2. modalitateak ostalaritzari, jatetxe-arloari eta turismo-intereseko jarduerei lotutako establezimendu eta enpresei zuzenduta daude, eta 5 edo 10 euroko deskontuak izango dira, 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako, hurrenez hurren. Hirugarren modalitatean, deskontua 20 eurokoa izango da 60 eurotik gorako erosketetan, turismoko ostatu-arloko establezimenduetan. 2 bonu eskuratu ahal izango dira establezimendu bakoitzeko, eta, beraz, pertsona bakoitzak gehienez ere 40 euroko deskontua baliatu ahal izango du guztira.
“Euskadi Turismo Bonua” turismoari eta ostalaritzari lotutako Euskadiko mikroenpresei, enpresa txikiei eta ertainei zuzenduta dago. Haien artean, honako hauek aipa daitezke: ostatu-establezimenduak; turismo-gidariak; turismo-zerbitzuen bitartekaritza eta antolaketako turismo-enpresak; jatetxe-arloko eta ostalaritzako establezimenduak, naturako kirol-jarduerei lotutako enpresak (hala nola turismo aktiboari eta abenturakoari lotutakoak); turismo-garraioko enpresak; kultura-ondarea, gastronomia-ondarea eta ondare naturala zabaltzen duten enpresak; eta jolas-zentroak.
Informazio gehiago: