Gaur egin da Finantzetako Lurralde Kontseilua, eta bertan jakitera eman da Bizkaiko udalek 2020ko ekitaldiari dagokionez zenbat zor dioten Udal Finantzaketarako Foru Funtsari, batez ere Covid-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren testuinguruagatik.
Udalek 2022an eta 2023an (% 50 urtero) itzuli ahal izango dute 2020an sortutako 45,9 milioi euroko likidazio negatiboa.
Bizkaian, 2021eko otsailaren 18an. Gaur Bilbon egindako Finantzetako Lurralde Kontseiluak jakitera eman du zein den Bizkaiko udalerriek Udalkutxari itzuli beharko dioten azken zenbatekoa, hau da, Bizkaiko udalek tributu itunduen bilketan parte hartzeko erabiltzen duten Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.
Azkenik, Bizkaiko Lurralde Historikoko udalek 45.965.138 euro itzuli beharko dituzte Udalkutxak iaz egindako likidazio negatiboagatik, diru-bilketaren jaitsieraren ondorioz. Joan den urrian Finantzetako Lurralde Kontseiluak aurreikusitakoa (59,9 milioi euro) baino 13.235.977 euro txikiagoa da kopuru hori.
Udalen finantza-egoera errazteko, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak erabaki zuen zenbateko horren itzulketa 2022 eta 2023 ekitaldietara geroratzeko aukera ematea, hau da, % 50 ordaintzea urtero. Gaurko Finantzetako Lurralde Kontseiluan, itzulketa modu horretan egiteko funtsezko alderdiak jorratu dira.
Finantzetako Lurralde Kontseiluari buruz
Hamar kide ditu Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak, eta haietatik bost EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariak dira, alegia, eta agintaldi honetan udal hauetakoak dira ordezkariok: Bilbo, Fruiz, Larrabetzu, Plentzia eta Portugalete.
Beste bost kide ere baditu Kontseiluak, Bizkaiko Foru Aldundikoak dira; besteak beste, Kontseiluaren presidentea eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatua.
Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseilua gutxienez urtean bitan biltzen da, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileren ondoren. Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da, eta udal finantzaketaren banaketa egokia bermatzen du Bizkaiko Lurralde Historikoan.