Eudel

Udalek beren funtsezko kolektiboen datuak emango dituzte martxoaren 31 baino lehen. Udaltzainei eta ELZko langileei ez ezik, gizarte-langileei eta aterpetxeetakoei ere emango zaie txertoa.

2021eko martxoaren 25a. EUDELek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean jarraitzen du, COVID-19aren aurrean lehen lerroan lan egiten duten funtsezko udal-zerbitzuetako kolektiboen txertaketa mailakatua planifikatzeko. Dagoeneko AstraZenecaren txertoa ematen hasi zaie 55 urtera bitarteko Udaltzaingoetako eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuetako langileei, eta, orain, txertaketa 56 eta 65 urte bitarteko langileengana ere iritsiko da.

Bi kolektibo horiez gain (3.300 polizia-agente eta 3.200 ELZko langile, gutxi gorabehera), funtsezko beste bi zerbitzu batuko zaizkio txertatze-prozesuari: gizarte-langileak, eta bazterketa-egoeran dauden pertsonei gauez arreta emateko edo udal-aterpetxeetan hartzeko baliabideetako langileak.

EUDELek euskal udalen laguntza jasotzen jarraituko du, aipatutako 65 urtera bitarteko (2021eko abenduaren 31n beteak) adin-tartean dauden funtsezko zerbitzu horietako langileen datuak biltzeko. Horretarako, Euskadiko Udalen Elkarteak beste zirkular bat bidali die alkateei, Excel fitxategi bat barne, zeinean udal bakoitzak bere langileen datuak adierazi behar dituen (adina, harremanetan jartzeko bidea, bizilekua eta lantokia), datorren martxoaren 31 baino lehen.

Osakidetzak funtsezko kolektibo horien txertaketa-prozesua planifikatuko du, txertoen eskuragarritasunaren arabera. Orain arte bezala, Osakidetzako txertaketa-zerbitzuek deituko diete udal-langileei, txertoa emateko. Hiru hiriburuetako Udaltzaingoen kasuan, udaletako lan-prebentzioko zerbitzuek emango diete txertoa agenteei.

LABIren Aholkularitza Batzordeko kidea den aldetik, EUDELek rol aktiboa du osasun-krisiaren kudeaketan, eta EAEko 251 udalen ordezkaria eta haiekiko komunikazio-kanalik zuzenena da. Haren lehentasunezko egitekoa da, une honetan, kudeaketa erraztea beren lana birusaren aurreko lehen lerroan egiten duten udal-langileei txertoa emateko.

EUDEL Osasun Sailarekin elkarlanean ari da txertaketa-prozesu hori arintasunez, eraginkortasunez eta modu koordinatuan gauzatu dadin euskal udalerri guztietan, Osakidetzak zehaztutako epeei eta irizpideei jarraituz.