Donostian, 2021eko uztailaren 9an. Mar Zabala EUDELeko zuzendari nagusiak gaur goizean hartu du parte EUROBASQUEk antolatutako UPV/EHUren udako ikastaroaren amaierako hitzaldi saioan “Europar Batasunaren etorkizuna: ikuspegi bat Euskaditik. Konferentziari egindako ekarpenak”. Bi eguneko topaketa izan da, uztailaren 8an eta 9an egin baita Donostiako Miramar Jauregian, eta hamar adituk baino gehiagok Europar Batasunaren orainari eta etorkizunari buruz dituzten ikuspegien berri eman dute.
Ikastaroaren amaierako blokearen izenburua “Euskadi Batasun Federalean txertatzea” izan da. Mar Zabala arduratu da sarrera egiteaz eta saioa moderatzeaz, eta bertan izan dira, besteak beste, Arola Urdangarin, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko zuzendaria, eta Alberto López Basaguren, UPV/EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna.
Saio horretan, EUDELeko zuzendariak ekarpenak egin dizkie hizlariei bere ikuspegiaren eta Euskadiko Udalen Elkartean metatutako esperientziaren bidez. EUDELek 40. urteurrena ospatuko du datorren urtean, lau hamarkada Euskadiko tokiko gobernuetan espiritu europarra sustatuz; eta, era berean, Euskal Herriko tokiko boterearen “ahotsa” proiektatuz Europan, hainbat erakundetan parte hartuz, hala nola Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluan (CEMR) eta Europako Kontseiluko Toki eta Eskualde Botereen Kongresuan.
Misio europazale hau Elkartearen 1982ko estatutuetan jasota dago, eta gaur egun ere erabat indarrean daude. EUDELen eginkizun nagusia udalen eskumen propioak eta finantza-nahikotasuna defendatzea da; izan ere, bi horiek dira euskal udalen bi zutabeak eta Tokiko Autonomiaren Europako Gutunean biltzen dira. Eta Euskal Autonomia Erkidegoak Gutun hori hartu du inspirazio-iturri gure Toki Erakundeei buruzko Legea Europako arau aurreratuenarekin lerrokatzeko.
Tokiko boterearen indarguneak eta zeregina Europan
“Euskadiko tokiko boterea Europan” izenburupean, Mar Zabalaren hitzaldiak tokiko gobernuen funtsezko zeregina nabarmendu du pandemia osteko gizartearen erronka handiei “irtenbide bizkor, eraginkor eta hurbilak” emateko: gizartea eta ekonomia suspertzea, eraldaketa eta garapen jasangarria 2030 Agendaren barruan.
Erronka horiei erantzuteko, EUDELeko zuzendariak bi indargune aipatu ditu: “Lankidetzako gobernantza“, gobernu-maila desberdinen arteko koordinazio eraginkorrerako, eta “tokiko gobernantza ona“, Europako printzipio eta balio demokratikoak, pertsonengandik hurbilen dauden erakundeen indarra baitira.
Zuzendariak azaldu duenez, tokiko eremuan kezka agertu da birzentralizatzeko ahaleginak daudelako eta egungo pandemiaren krisi-garaian areagotu egin daitezkeelako ahaleginok. Zabalak azpimarratu du beharrezkoa dela “tokiko gobernu indartsuak eta erresilienteak” izatea, “udal-autonomiaren eta erantzukizunak eraginkortasunez eta efizientziaz gauzatzeko finantziazio nahikoaren bidez. Gertueneko gobernu-maila indartzea da helburua, gizarte-premiei hobeto erantzuteko eta pertsonak politika publikoen erdigunean jartzen laguntzeko“.
Europan tokiko boterea indartzen jarraitzeko, EUDELeko zuzendariak nabarmendu du oso garrantzitsua dela udalerrien arteko itunak egitea eta sarean lan egitea, Europako gainerako erakundeei mezu bateratua eta koordinatua helarazteko. Mar Zabalak azaldu duenez, Eskualdeetako Komitearen ardura da tokiko eta eskualdeko gobernuen ekarpenak Europaren etorkizunari buruzko Biltzarrera eramatea, eta, horretarako, ezinbestekoa da EUDELen eta gisa bereko udalerrien elkarteen lankidetza eta lana.
Ondorio gisa, Mar Zabalak mezu hau helarazi du euskal udalerrien izenean: “Subsidiariotasuna, tokiko autonomia eta finantza-nahikotasuna, lankidetzako gobernantza eta gobernu ona dira EAEko tokiko boterearen indarguneak, Europatik datozen indarguneak dira eta horiek kokatuko gaituzte Europan. Indargune horiek lantzen eta garatzen jarraitu behar dugu, atsedenik hartu gabe. Horretan ari gara, kezkatuta eta lanpetuta, eta horregatik ari gara elkarlanean udalerri gisa, EUDELek itunak egiten ditu Europako tokiko gobernuen elkarteekin, eta horiek osatzen dugu CEMR.”
Euskal ekarpena, EuroBasque bidez
Maiatzaren 9an Estrasburgon inauguratu eta EB osoan 12 hilabetez luzatuko den Europako Biltzarrerako euskal ekarpenaren oinarria Eusko Jaurlaritzak eta EuroBasquek bideratzen dute. EuroBasquek, halaber, Bilbon duela bi aste hasitako Bost Erronka, Europa bat hitzaldi-zikloa antolatu du.
Udako ikastaro hau Irune Zuluaga EuroBasqueko presidenteak aurkeztu du, eta Eva Ferreira EHUko errektorearen eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen babesa izan du. Ikastaroaren inaugurazio-blokeak, Europako Biltzarra EBren hausnarketa eta bultzada prozesu gisa izenekoak, Biltzar honen ezaugarriak jorratu ditu, eta ekimenak Europako herritarrei dei egiten die Europaren etorkizunari buruzko eztabaidetan parte har dezaten.
Bi jardunaldietan hainbat erakundek hartu dute parte EUDELez gain, hala nola Europako Parlamentuak, Diputatuen Kongresuak, Espainiako Europako Mugimendu Federalak, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak eta Eusko Ikaskuntzak.
EuroBasque, Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua, gizarte zibileko elkartea da eta 40ko hamarkadan sortu zen. Hirurogeita hamar urte geroago, lehengo helburu bera du: Euskadik EBn izango duen etorkizunari buruzko eztabaida bultzatzea. Bere zuzendaritza batzordean EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-PSOE, PP+Cs eta Elkarrekin-Podemos legebiltzar-taldeen ordezkariak ditu.
Bost Erronka, Europa bat hitzaldi-zikloak euskal partaidetza bultzatzen du Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia ekimenean eta ekainaren 22an hasi zen Bilboko Euskalduna Jauregian, ekonomia ardatz duen jardunaldi batekin. “Europa geopolitikoa: mendekotasunetik autonomia estrategikora” izango da hurrengo jardunaldia eta azaroaren 5ean egingo da Donostian.
Ikastaroari buruzko informazio gehiago https://eurobasque.eus/curso-verano-futuro-la-union-europea-una-vision-desde-euskadi-aportaciones-la-conferencia/
Programa osoa: https://www.uik.eus/es/el-futuro-de-la-union-europea-una-vision-desde-euskadi-aportaciones-la-conferencia
Eurobasqueri buruz: https://eurobasque.eus/