Eudel

Gorka Urtaran elkarteburuak komunikabideen galderei erantzun die gaur goizean, Bilbon EUDEL eta Euskaltzaindiaren arteko Hitzarmena aurkeztu ondoren.

Gorka Urtaranek euskal alkateen “kezka bikoitza”ren berri eman die, pandemiaren egungo egoeraren aurrean. Alde batetik, udalerrietan kutsatze-tasek gora egin dutela-eta, elkarteburuak beste behin ere gizarte osoaren ardura indibidual nahiz kolektiboa eskatu ditu. Gorka Urtaranek herritarrei dei egin die “pazientzia” izan dezaten, “gutxiago falta baita” talde-immunitatea lortzeko. Halaber, “zentzuz eta burua erabilita” jokatzeko eskatu die, indarrean dauden gaur egungo neurriak betez (maskara erabiltzea, distantzia zaintzea eta pilaketak saihestea); birusa ez hedatzeko “neurri eraginkorrak” direla nabarmendu du.

Bigarrenik, EUDELen elkarteburua arduratuta agertu da azken egunetan zenbait euskal udalerritan gertatu diren gizalegerik gabeko ekintzen eta indarkeriazko gertakarien ondorioz; “gutxiengoa” badira ere, atsekabea eta alarma ari dira eragiten gizartean. Urtaran elkarteburuak “gaitzespen irmoa” erakutsi du udalerri batean gazte talde batek gazte bati egindako indarkeriazko erasoaren aurrean. Horri dagokionez, azpimarra jarri du “berdintasunaren, askatasunaren eta giza eskubideen errespetuan, batez ere, pertsonen duintasunaren errespetuan, indarkeriazko gertakari oro saihesteko”.

Azkenik, gogora ekarri du “ezin dela jarri udaltzain edo ertzain bat biztanle bakoitzaren atzean”. Etxeratze-aginduei dagokienez, EUDELen elkarteburuak berretsi du “neurri horiek ez direla Euskadiko ezein arduradun politikoren gustuko”, baina, zenbaitetan, “hori da neurri bakarra biztanleen artean arrisku-egoerak eragozteko”.