Eudel

2022ko martxoaren 9an. Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak eta Mª del Mar Zabala zuzendari nagusiak bilera bana egin dute gaur goizean BBVAren ordezkariekin eta, haren ondoren, CaixaBankenekin. Bi bilerak aurrez aurrekoak izan dira bi erakundeek Bilbon dituzten egoitza nagusietan.

Bi hitzordu hauekin, EUDELek gaur amaitu du hilaren hasieran erabakitako bilerak. Horien xedea Euskadiko adinekoek udalei helarazitako kezkak Bankuekin partekatzea izan da.

Elkarteburua pozik agertu da banketxeekin izandako elkarrizketen emaitzarekin, izan ere, guztiek baieztatu diote EUDELi EAEko udalerrietan finantza-inklusiorako neurri zehatzak aplikatzeko asmoa. Martxoaren 1ean Kutxabankekin eta atzo, martxoaren 8an, Laboral Kutxarekin egindako bileretan jasotako informazioari gaur BBVAk eta CaixaBankek partekatutako konpromisoak gehitu behar dizkiogu.

BBVAren Ekintza plana

Álvaro Crespok, Komunikazio eta Negozio Arduradunak, eta Saioa Urizarrek, Herri Erakundeen Bankarako Gunearen zuzendariak, dagoeneko aplikatzen ari diren neurrien berri eman diote EUDELi, bereziki adinekoen kolektiboari zuzenduta:

1.- BBVAk 08:30etik 14:00etara arteko bulegoetako arreta-ordutegia berreskuratu du, bulegoan lehentasunezko arreta duten 65 urtetik gorakoentzako ordutegi malgua. Horrela, ez dute ilararik egin behar eta, gainera, aurretiko hitzordua kudeatzeko erraztasunak ematen dituzte. Aurrez aurreko arreta 65 urtetik gorakoentzako telefono bidezko berariazko arretarekin uztartzen da.

2.- Bankuak adineko bezeroen beharrizanei beren beregi egokitutako zerbitzu-sorta ere eskaintzen du. Berritasunen artean, kutxazainen egokitzapena dago, adinekoentzako eragiketak errazago egiteko asmoz, bezero-talde horrentzako app pertsonalizatuarekin batera.

3.- BBVAk aspalditik du adineko bezeroen arretarako prestakuntza-plana abian eta bere agenteek nahitaez bete behar dute. Aldi berean, gaitasun digitalei eta finantza-segurtasunari buruzko prestakuntza-ikastaroak eskaintzen dizkie adinekoei.

4.- Banku-azpiegiturak murrizteari dagokionez, finantza-erakundeak jakinarazi duenez, agente-sarea zabaldu du zerbitzu hori zuten herrietan oinarrizko eragiketak (eskudirua lortzea) errazteko.

CaixaBanken Ekintza Plana

CaixaBanken aldetik, honako hauek hartu dute parte bileran: Kepa Badiola, Espainiako Iparraldeko Lurralde Zuzendaria; Rubén Riaño, Espainiako Iparraldeko Lurralde Zuzendaritzako Herri Erakundeetako Zuzendaria; eta Estibaliz Olabarri, Negozio Idazkaritza Teknikoaren Zuzendaria.

Finantza-erakundea bereziki adinekoei zuzendutako zerbitzu-eskaintza zabalagatik nabarmentzen da. Neurri guztiak aspalditik dituzte indarrean eta finantza-erakundeak EUDELi adierazi dionaren arabera, adineko bezeroen arreta etengabe hobetzeko asmoa dute:

1.- Aholkulari espezializatuak: adinekoen arretan prestakuntza espezializatua duten profesionalei dagokionez, finantza-erakunde honek dedikazio esklusiboko EAEko sarerik zabalena dauka. Horrez gain, bulegoen azpiegitura berrindartu egin dute. Horrela, adineko bezeroei eta Bankiatik datozenei Caixabanken zerbitzu eta tresnekin laguntzen diete bi finantza-erakundeen eragiketak egiteko moduak bateratzeko prozesua burutu bitartean.

2.- CaixaBankek kutxa-zerbitzuaren ordutegi-murrizketak ezabatzen ditu.

Lehentasunezko arreta: kutxazainaren erabileran laguntza-zerbitzua sartzen da eta lehentasunezko arreta-protokoloak ezarri dituzte behar duten kolektiboentzat.

3.- Pentsioa kobratzeko itxaronaldiak saihestea: pentsioen ordainketa hilaren 24ra aurreratzen dute oraindik. Horrela, ez dago kobratzeko itxaronaldirik eta hilaren amaieran bezero gutxiago abiatzen dira bulegoetara.

4.- Telefono bidezko arreta pertsonala eta WhatsApp-a, 65 urtetik gorako bezeroentzako kudeatzaileekin. Horrela, 65 urtetik gorakoen eta haien kudeatzaileen arteko zuzeneko komunikazioa eta pertsonala bermatzen da, kanal guztien bidez, esate baterako, aurrez aurrekoa, telefono bidezko kontsulta pertsonalaren bidez, edo WhatsApp bidezko elkarrizketaren bidez.

5.-Libretak eta eragiketa pertsonalizatuak kutxazain-sare osoan: erakundeak erabat berritu du kutxazain-sarea; izan ere, libreta fisikoa erabiltzeko aukera ematen dute eta adineko bezeroentzat egokituta daude, eragiketak errazago eta erosoago egiteko.

6.- Bankuak eragiketei eta finantza-alderdiei buruzko aurrez aurreko prestakuntza-saioak eskaintzen ditu adinekoentzat.

7.-CaixaBankek finantza arloko bazterketa gainditzearen aldeko jarrerari eutsi dio. Ez da joango orain bulegoak dituen udalerrietatik eta zerbitzua zabalduko du. CaixaBank 7.000 biztanletik gorako Euskadiko udalerri guztietan dago.