- 2017an, Euskadiko Udalen Elkartea aitzindaria izan zen udaletan gobernu onaren etengabeko hobekuntzarako tresna hori sustatzen.
- Lau edizioren ondoren, eta 12 zigilu eta parte hartzen duten 22 udalekin, EUDEL lanean ari da ELoGE udal gehiagotara zabaltzeko, baita txikietara ere.
Astelehen honetan, maiatzaren 30ean, Europako Kontseiluak Estrasburgon duen egoitzan, EUDELen zuzendari nagusi Mar Zabalak, Frantziako tokiko eta eskualdeko ordezkari garrantzitsu batzuekin batera, Tokiko Gobernantzako Bikaintasuneko ELoGE Zigilua Frantzian zehar hedatzeko Biltzarrean hartu du parte.
Biltzarra 14:00etan hasi da, eta Europako Kontseiluko goi-mailako zenbait ordezkarik hitz egin dute, zehazki, Demokrazia eta Gobernantza Sailekoek eta Frantziako Lurralde Funtzio Publikoaren Zentro Nazionalekoek. Jarraian, bi mahai-inguru egin dira; lehenengoa, Euskadiko ELoGE esperientzia aurkezteko, eta, bigarrena, Frantziako elkargoen gobernantza-ereduaren ezaugarriei buruz hitz egiteko.
Euskadiko Udalen Elkartea izan zen Europako Kontseiluaren eskualde mailako ziurtapena jaso zuen lehen erakundea, 2017an; halaber, aitzindaria izan zen ELoGE metodologia Euskadiko tokiko errealitate espezifikora egokitzen. Izandako esperientzia partekatzeko, Biltzarrera gonbidatu dute EUDEL. Europako Kontseiluak antolatu du Biltzarra, Zigiluaren sustatzaile den aldetik, Frantziako Erkidegoen AdCF Batzarrarekin batera (Intercommunalités de France); hain zuzen ere, erakunde horrek kategoria juridiko guztietako (udalerri-komunitateak, aglomerazioak, metropoliak) udalerri arteko mila agintaritza inguru ordezkatzen ditu.
Zigilua Europako Kontseiluaren tresna bat da, eta tokiko erakundeak hobetzen eta indartzen laguntzen du, etengabeko ebaluazio-sistema baten bidez, etikako, kalitateko, jasangarritasuneko, berrikuntzako, eraginkortasuneko eta efizientziako printzipioetan oinarrituta, besteak beste.
Frantzian, ELoGEren lehen edizioa 2019an egin zen, eta lau hiriri eman zitzaien zigilua: Estrasburgori, Metzi, Sceauxi eta Suresnesi. Geroz eta interes handiagoa dago gaiari buruz, eta 2022an Frantziako udalerri gehiagotara zabaltzeko asmoa dago, tokiko elkargoen bitartez. Horixe izan da egindako mahai-inguruaren helburua; horretan, EUDELen zuzendari nagusiak parte hartu du, baita François Charlottinek –Frantziako lurralde kohesiorako eta elkargoekiko harremanetarako Ministerioaren ordezkaria– eta Chistophe Chaillouk ere –Frantziako udalerri eta eskualdeen elkartearen (AFCCR) zuzendari nagusia–. Mahai-inguru berean, lurralde-elkargoekin lotutako funtzio publikoko beste erakunde batzuek ere parte hartu dute.
ELoGEko euskal udal aitzindariak
Euskadiko Udalen Elkarteak Zigiluaren lau edizio bultzatu ditu EAEn, 2017tik 2022ra. Hasieratik, EUDELek Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundien erakundearteko lankidetza lortu nahi izan zuen. Euskal erakunde guztiak daude zigilua merezi duten udalei ziurtapen hori emateaz arduratzen den Euskadiko ELoGE batzordean.
Estrasburgoko gaurko saioan, Mar Zabala zuzendari nagusiak agerian jarri du lau edizioetan parte hartu duten 22 udalerriek gobernantza bikainaren alde hartutako konpromisoa oso garrantzitsua izan dela. Orain arte, Euskadiko hamabi udalek dute zigiluaren aitorpen gorena, eta horietako lauk birritan lortu dute.
EUDELek metodologia eta aholkularitza ematen dizkie udal-politikari eta teknikariei, laguntza tekniko baten bidez. Euskadiren esperientzia berezia da, ELoGE tresna Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatuta dagoelako; hori dela eta, Euskadiko 2030 Agendan jasotako tokiko proiektu nabarmenetako bat da.
Aldi berean, aurten, 5.000 biztanletik beherako zortzi udalekin egiteko proiektu pilotu bat abiarazi da, ELoGE prozesua haien tamaina zehatzera egokitzeko.
Tokiko gobernantza etengabe hobetzeko tresna bat
ELoGE Europako ziurtagiririk garrantzitsuena da, Europako Kontseiluaren estandarrak ondo betetzen dituztela egiaztatzen duten tokiko gobernuentzat; estandarrok Gobernu Onaren 12 printzipioetan gauzatzen dira. «Zigilua» da autoebaluazioko tresna zorrotz bat bete ondoren lortzen den ziurtapena. Autoebaluazioaren bidez, alderdi hauek neurtzen dira, besteak beste: bidezko ordezkaritza eta parte-hartzea, gardentasuna eta kontu-ematea, hautetsien portaera etikoa, erreakzionatzeko gaitasuna, efizientzia eta eraginkortasuna, konpetentziak eta gaitasunak, berrikuntza eta aldaketarako irekitasuna, finantza-kudeaketa egokia.
Erakunde ziurtatzailea den aldetik, EUDELek ELoGE zigilua lortzeko hautagai diren udalak gidatu, aholkatu eta ziurtatzen ditu. Horretarako, tokiko gobernuek 97 adierazletan oinarritutako autoebaluazio zorrotz bat egiten dute, beren borondatez.
Europako ELoGE bereizgarria lortzeko, puntuazio-maila jakin bat lortu behar da, eta adierazle bakoitza ebidentziak eta froga dokumentalak erabiliz justifikatu.
Ziurtapeneko tresna horren bidez, udalek aurrera egiten dute zerbitzu publikoetan kalitate handiagoa lortzeko, herritarren partaidetza handiagoa izateko eta dituzten itxaropen eta beharretara hobeto egokitzen diren politika publikoak egiteko bidean. ELoGE zigilua tresna malgu eta ebolutiboa da, eta aukera ematen du beste udalerri batzuekin jardunbide egokien inguruko informazioa trukatzeko eta udalerri haiekin alderatzeko.
- Informazio gehiagorako: https://eloge.eudel.eus/