Eudel

Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburu eta Gasteizko alkateak bilera telematikoa egin du gaur arratsaldean Carolina Leitao Txileko Udalen Elkarteko (AChM) presidente eta Peñalolengo alkatearekin.

Bilera elkarte txiletarrak eskatu du, aurten 40 urte bete dituen Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkaritza instituzionala eta zerbitzu teknikoak ezagutzeko interesa duelako.

Gorka Urtaranek EAEko 251 udalerrien errealitate askotarikoaren berri eman dio bere homologoari, sareko lanean eta udalen arteko lankidetzan oinarrituta, bai eta EAEko udalen eskumenen eta finantziazio-sistema espezifikoaren berri ere (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea).

Peñalolengo alkateak EUDELen lan ildoen lehentasunak bertatik bertara ezagutzeko interesa agertu du: gizarte zerbitzuak, berdintasuna, hirigintza eta ingurumena, enplegua eta tokiko garapena, besteak beste.

Bi elkarteek partekatu duten lehentasunetako bat 2030 Agenda eta udalerriek bultzatzen dituzten GJH proiektuak kokatzea izan da, bereziki, klima-trantsizioari eta energia-trantsizioari buruzkoak.

Bi elkarteek harremanak estutzen jarraitzea adostu dute, esperientziak eta jardunbide egokiak trukatuz.