Eudel
  • Gorka Urtaranek goi bileraren irekierako eztabaidan parte hartuko du 14:30etik aurrera.
  • EUDELen elkarteburuak Euskadiko udalak ordezkatuko ditu Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko batzorde politikoan; presidente berria aukeratuko dute bi urterako.

2022ko abenduaren 5ean. Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburua, Parisera joan da gaur biharko Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko zuzendaritza-batzordearen bileran parte hartzeko. Anne Hidalgo alkatea izango da Frantziako hiriburuko Udalak hartu duen gailur honen anfitrioia. Bertan, 41 herrialdetako toki-gobernuetako ia berrehun hautetsi elkartuko dira.

Gaur, 14:30etan, eztabaida politiko bat zabalduko du bilera:   “Krisia, gizarte-mailako ezegonkortasuna eta gizartearen polarizazioa”. Gorka Urtaranek irekiera-saioan parte hartuko du bertoko beste lider batzuekin batera: “EUDEL ordezkatzen ari gara udalerrien eta eskualdeen goi-bilera honetan, euskal udalerriek Europarekin dugun konpromisoa adierazteko. Eta bereziki, Europako balio eta printzipio demokratiko eta humanistikoak duten garrantzia, bai giza eta bai nazioarteko ordenaren barruko herrialdeen arteko harremanetan.”

Eztabaidaren ostean, bozketa egingo da, EUEKren presidentetza berritzeko bi urteko agintaldirako (2023-2025). Gaur egungo presidentea Emilia-Romagna eskualdeko presidentea da, Stefano Bonaccini, eta ez da kargua berritzeko aurkeztuko. Presidente kargurako bi hautagaitza aurkeztu dira: Gunn Marit Helgesen, Vestfoldeko zinegotzia eta Norvegiako udalerrien elkarteko presidentea; eta Philippe Laurent, Sceauxeko alkatea eta Frantziako udalerrien elkarteko presidentea.

Bigarren eta azken egunean, abenduaren 6an (asteartea), EUEK-k posizionamendu komuneko hainbat dokumentu onetsiko ditu. EUDELek tokiko bizitzan Berdintasuna lortzeko Europako Gutunaren eguneratzean parte hartuko du; 2006an onetsi zen, berdintasuneko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politiken erreferente gisa. Europako Gutun berria Euskadin erdietsitako aurrerapenen ildoan dago eta Berdinsarea sareko udalen lanarekin. Berdinsarea EUDELek koordinatzen du, eta, Emakunderen bidez, Eusko Jaurlaritzaren bultzada du.

EUEK

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak 41 herrialdetako toki-gobernuen 60 elkartetako 150.000 udalerri baino  gehiago ordezkatzen ditu, Europar Batasuneko estatu kide guztiak barne.

 

Zeregin nagusi bi ditu: Europako politika guztietan eragitea udalerriei eragiten dieten esparru guztietan, eta elkarteen arteko eztabaida eta lankidetzarako foroa eratzea.