- EUDELeko elkarteburua euskal udalak ordezkatzen ari da EUEK-Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko tokiko liderren goi-bileran, abenduaren 5etik 6ra, Frantziako hiriburuan.
- Erronka globalei aurre egiteko moduari buruzko eztabaida politikoan, Urtaranek mezu bikoitza zabaldu du: Euskadiko udalerrien aliantza Europarekin eta Europako estrategiarekin, eta printzipio eta balio demokratiko komunen defentsa.
2022ko abenduaren 6an. Gorka Urtaran euskal udalen ordezkari ofizial gisa parte hartzen ari da egun hauetan Parisko Udalean egiten ari den tokiko eta eskualdeko gobernuen Europako gailurrean, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (EUEK) zuzendaritza-batzordearen esparruan.
Anne Hidalgo alkatea da Europako topaketaren anfitrioi; Frantziako udalerrien elkarteak antolatu du, eta EUEK-ko 60 elkarte bildu ditu, Europako Kontseiluaren inguruko 41 herrialdetakoak, 150.000 udalerri baino gehiagoren ordezkari.
Goi-bilera atzo hasi da, gaur arratsaldean. Eztabaida politikoa izan da alkateen eta tokiko beste buruzagi batzuen artean, herritarren desafekzioaren eta tentsio sozialen arriskuaren aurrean erantzun koordinatuak proposatzeko, gaur egungoa bezalako ziurgabetasun-testuinguru batean, hainbat krisi gainjarriren presentziarekin.
Elkarteburu eta Vitoria-Gasteizko alkateak homologoen arteko truke horretan parte hartu du, euskal munizipalismoari buruzko hausnarketa partekatzeko, udalek maiatzeko hauteskundeen aurretik egindako azken Batzarrean, egin zuen hitzaldiko mezuekin bat etorriz.
Gorka Urtaran agertoki geopolitiko konplexuaz mintzatu da, Ukrainaren inbasio errusiarraren ondoren edo Txinak Taiwanen kontra egindako mehatxu militarraren ondoren sortutakoaz. Esan du erronka global handiak aldi berean “aukera-garai” bat direla, eta bi mezu nagusi zabaldu zuen:
Lehenik, Europan aliantza egitearekiko konpromiso irmoa adierazi du. Elkarteburuak aipatu duenez “Euskal udalerriok Europako estrategiaren ildo berean gaude. Europarekin dugun harremana joan den mendearen erdialdekoa da, Euskadik Europaren aliatua izaten jarraitzen du eta euskal udalerriok ere oinarri europarra daukaten tokiko kudeaketa- eta koordinazio-organoen aliatuak gara, EUEK-renak adibidez”.
Bigarren mezuan, “Gure bizikidetza baketsua arriskuan jartzen duten” nazioarteko mehatxuen aurrean balio eta printzipio humanista eta demokratikoak babestearen garrantzia azpimarratu du.
Gorka Urtaranek tokiko gobernuen funtsezko papera azpimarratu du, Europako balio komunak defendatzeko eta sustatzeko: elkartasuna, pluralismoa, tolerantzia, berdintasuna, aniztasuna eta desberdintasunekiko errespetua. Gaineratu duenez, “Parte hartzen eta Europarako etorkizun hobea eraikitzen jarraitzeko borondatea dugu, gure identitatetik, gure hizkuntzatik, kulturatik eta ohituratik”.
EUDELeko elkarteburuak “komunitatearen zentzua” indartzera deitu du, “kohesio emozionaletik”, errespetuan eta askatasunean oinarritutako giza harremanetarako behar diren emozio eta afektuetatik abiatuta. Eta nabarmendu zuen balio ukiezin horiek “euskal komunitatea egiten dutela, Euskadin eta Europan”.
Azkenik, Urtaranek udalen “konpromisoa eta lidergoa” balioetsi ditu herritartasun aktiboa bultzatzeko hirietan eta herrietan, “Europaren bihotza” zirela esan du. Urtaranek tokiko gobernuen “rol protagonista” aldarrikatu du, “pertsonen, udalerrien eta herrialdeen arteko konfiantzazko zubiak eraikitzeko, ezinbestekoak baitira gizarte- eta demografia-trantsizio handiei ekiteko, bai berdea eta bai digitala”.
EUEK-ko lehendakaritza berria, Ukraina eta Berdintasunerako Europako Gutuna
EUDELeko elkarteburuak EUEK-ko presidente berria eta bi presidente-kideak zoriondu ditu, hiru urte agintaldirako hautatu baitituzte.
EUEK-ko presidentea (Norvegia): Gunn Marit Helgesen, Vestfoldeko zinegotzia eta Norvegiako udalen elkarteko presidentea.
Presidente-kideak (Frantzia eta Alemania):
Philippe Laurent, Sceauxeko alkatea eta Frantziako udalen elkarteko presidentea
Christoph Schanaudigel, Alemaniako Karlsruhe barrutiko presidentea.
Goi-bilerak bihar jarraituko du, abenduaren 6an, eta lehentasunezko bi gai izango ditu: Ukrainako udalerriekin lankidetzan aritzea, herritarrei eta hautetsiei laguntzeko, eta Tokiko bizitzarako emakumeen eta gizonen Berdintasunerako Europako Gutuna eguneratzea; 2006. urtean onartu zen, berdintasuneko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politiken erreferente gisa.