2023ko martxoaren 3a. Urtero bezala, EUDELek EAEko udal guztien eskura jarri du honako Adierazpen hau, eredu moduan erreferentzia izateko, tokiko autonomia errespetatuta. Testua Euskadiko Udalen Elkartearen Batzorde Eragileko alkateek onetsi dute.
EUDELen Adierazpena bat dator “Emakumeak Gora” goiburuarekin euskal erakundeek martxoaren 8rako bultzatu duten kanpaina bateratuko ildoarekin. Aurten, M8ko Adierazpena emakumeen lidergoak bultzatzearen aldekoa da, gobernantza feministaren eta lidergo partekatuaren ereduaren bitartez, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma onetsi zenetik 25 urte baino gehiago igaro diren honetan; erabakiak hartzeko garaian gizonen eta emakumeen artean parte-hartze politikoa eta botere banaketa orekatua lortzeko nazioarteko akordio da hura.
Testuan, landu beharreko zenbait esparru aurkeztu dira, erabakiak hartzeko garaian emakumeek berdintasunean parte hartzeko baldintzak sortzea xede. Horretarako ekintzen artean daude zaintzak modu erantzukidean banatzea, zaintza-lanen sektore profesionalari balioa ematea, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerraraztea, estereotipoei eta aurreiritziei aurre egitea, baita “botere-espazioak partekatzea edo lagatzea” eragozten duten erresistentziei ere, lidergo-eredu androzentrikoak deseraikitzea, eta emakumeen eta nesken eskubideak agenda feminista intersekzionalaren ardatz izatea.
EUDELen Adierazpenak tokiko gobernuen 7 konpromiso zehatz proposatzen ditu, emakumeen lidergoa sustatzeko eta boterea berdintasunean erabiltzeko.