Eudel
  • Euskadiko udal guztiei Beldur Barik programaren barruko prebentziorako materiala bidali zaie.

Bilbon, 2023/06/23an

Euskadiko Udalen Elkartearen Bilboko egoitzan bildu dira gaur Bizkaiko udaletako politikariak eta teknikariak, udan zehar jai-guneetan eraso sexisten prebentzioa bultzatzeko xedez.

Gaurkoa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu du, Emakunderen eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen bitartez, eta EAEko udalei zuzendutako hiru saioetatik bigarrena da, bat lurralde historiko bakoitzean. Lehenengo saioa ekainaren 23an izan zen, Araban, eta bihar, ekainak 27, asteartea, Gipuzkoakoa izango da.

EUDELen zuzendari Mar Zabalak eta Emakunderen zuzendari Miren Elgarrestak eman diote hasiera saioari, eta bi zati izan ditu: lehenengoa jai- eta aisialdi-inguruneetako indarkeria sexistaren esparru kontzeptuala aurkezteko izan da, eta, bigarrena, udal-ordezkarien parte-hartze aktiboa duen talde-dinamika aurkezteko.

Bi ordezkariek Emakundek eta EUDELek tailer hauekin dituzten helburuak azaldu dituzte: “Espero dugu udalerri inklusiboagoak eta berdintasunezkoagoak garatzeko toki-mailan egiten ari den etengabeko lana indartzeko balioko dutela, zuen berdintasun-planen, jarduera-protokoloen eta indarkeria matxista prebenitzeko beste tresna batzuen bidez”.

Mar Zabala EUDELen zuzendariak eskertu egin du udalek berdintasunaren eta indarkeria sexistaren prebentzioaren arloan egiten duten lana, “urteko 365 egunetan”, izan ere, bereziki indartzen da jaien kanpainan eta udako ekitaldietan.

Mar Zabalak, halaber, Eusko Jaurlaritzarekin eta Emakunderekin lankidetzan aritzeko esparru egonkorraren garrantzia eta balioa azpimarratu ditu, “gure lankidetza instituzionalaren bidez. EUDELen egitekoa da euskal udalei espazioak eta praktikak eskaintzea, udalerriek eta tokiko erkidegoek dituzten erronkei hobeto erantzuteko”.

Bestalde, Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak eta udalek konpromisoa dutela “jai-guneak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen lan egiteko”. Elgarrestak nabarmendu duenez, herri askotan “aurrerapauso garrantzitsuak eman dira arlo horretan azken urteetan, baina erasoak gertatzen dira oraindik ere eta oso erne egon behar dugu”.

“Jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik bertatik beti gogoan izatea nahi dugu jaiek espazio seguruak izan behar dutela emakumeentzat. Argi gera dadila ezerk ez duela justifikatzen eraso matxista bat”, adierazi du Miren Elgarrestak.

Beldur Barik materialak

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak udalei gogorarazi die joan den astean bertan prebentziorako eta sentsibilizaziorako materiala bidali zaiela jaiei begira. Zehazki, Emakundek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta EUDELen laguntzarekin bultzatzen duen Beldur Barik programaren esparruan, euren eskura jarri ditu material hau deskargatzeko:

Udalei proposatzen zaizkien material hauekin erasoen aurkako irudi bateratua eman nahi da eta sentsibilizazio-ekintzak erraztu.