
EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua hartu du gaur arratsaldean, Euskadiko Udalen Elkarteak Bilbon duen egoitzan. Bi erakundeetako ordezkarien arteko lehen bilera izan da, Esther Apraiz euskal udalen Batzarrean hautatu zutenetik, irailaren 19an, Donostian. Hain zuzen ere, bilkura horretan eratu ziren Elkartearen gobernu-organo berriak.
Bilera Sailak berak eskatuta egin da, eta, bertan, Sailburuak “Euskadin tokiko harrera-politikak diseinatzeko orientabideak” zirriborroaren dokumentua eman dio Elkarteburuari. Dokumentu hori Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroaren Harrera Batzordean garatu da; hirugarren sektoreko erakundeek, atzerritar jatorriko pertsonen elkarteek eta euskal erakundeetako ordezkariek osatzen dute aipatutako batzordea.
Erakundeen arteko lankidetzaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak interesa du EUDELek zirriborroari egindako ekarpenak biltzeko, betiere, udalekin, gainerako erakunde-mailekin, gizarte-erakundeekin eta Euskadin ezarritako etorkinen kolektiboarekin beharrezkoa den koordinazioa sustatzeko.
Elkarlan eta maila anitzeko lan hori Migrazioaren aldeko Euskal Itun Sozialaren oinarria da, gaur egun euskal udalerri askok sinatu dutena.
Gaurko bileran, Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak eta Mar Zabala EUDELeko zuzendari nagusiak ere parte hartu dute.