Eudel
  • Rol sexistak, kaleko jazarpena edo emakumearen ahalduntzea dira 12 eta 20 urte bitarteko gazteek jorratutako gaiak
  • Sariak abenduaren 1ean Beasainen egingo den Topaketan banatuko dira

Beldur Barik 2023 programaren aurkezpena egin da gaur goizean Beasaingo Igartza jauregian, Herri honetan egingo baita Beldur Bariken urteroko topaketa datorren abenduaren 1ean. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko ekimen honek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du, Emakunderen bitartez, eta hiru foru-aldundien eta EUDELen babesa du.

Ekitaldian parte hartu dute Nati López de Munain EUDELeko ordezkariak eta Burgeluko alkateak, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Leire Artola Beasaingo alkateak, Joana del Hoyo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, eta Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari nagusiak eta

EUDELeko ordezkariak, Nati López de Munainek, adierazi duenez, Beldur Barik “tokiko prozesuetan integratzen denean indar guztia hartzen duen hezkuntza-tresna bat da”. Eta mutil, mutiko eta nerabeekin lanean aurrera egiteko beharra azpimarratu du, “gure gazteak berdintasunaren aldeko aktibistak izan daitezen, eta beren ingurune hurbilean sexismoaren eta indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta borrokatu ahal izan ditzaten”.

Leire Artola Beasaingo alkateak bere aldetik adierazi du, pozgarria dela aurten Beasain Beldur Barik herria izatea. Datorren ostiralean, abenduak 1, Beldur Barik Topaketa ospatuko da Beasaingo Usurbe Antzokian. Sari banaketa ekitaldia Iban Garciak eta Annekdotas-ek aurkeztuko dute, eta Alarma Morea taldea izango da bertan. Egun horretarako autodefentsa feminista, sexualitatea, maskulinitateak, ziberjazarpen sexista eta ahalduntzeari buruzko tailerrak antolatu dira. Halaber, elkarretaratzea egingo da Usurbe Antzokiaren aurrean, tokiko gazteei indarkeria matxistaren aurka ahotsa emateko.

Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketa

Ikus-entzunezko lehiaketak, programaren ekintza nagusietako batek, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek egindako adierazpen artistikoak saritzen ditu, berdintasun ezari Beldur Barik jarrerarekin nola aurre egiten dieten erakusten dutenak, hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoa adierazten duten jarrerekin.

Sailburuak parte-hartzeari buruzko datuak eman ditu. Zehazki, 300 lan inguru aurkeztu dira, eta horietatik 220 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak. “Garrantzitsua da lanak taldean egitea, sorkuntza-prozesua gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita”, nabarmendu du Melgosak. Lan gehien aurkeztu diren adin-tartea 14 eta 18 urte artekoa izan da, % 70eko ordezkaritzarekin, eta lehiaketarako proposamen gehien egin dituen lurraldea Bizkaia izan da.

Honako hauek izan dira lanek jorratu dituzten gai nagusiak: rol eta estereotipo sexistak, indarkeria matxista bikotearen esparruan, kaleko jazarpena, emakumeen ahalduntzea eta eskubide- eta aukera-berdintasunaren printzipioaren aldarrikapena. Hala ere, proiektuetan nolabaiteko zailtasuna ikusten da eguneroko espazioetan gertatzen den indarkeria matxista identifikatzeko.

  1. edizio honetan gizonezkoen korporatibismoan jarri nahi izan da arreta, indarkeria matxistaren prebentzioan eta erantzunean mutilek duten paper aktiboa bultzatzeko. Helburu hori nabarmendu du Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak.

Informazio gehiago (iturria: IREKIA): https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/89806-concurso-beldur-barik-para-prevencion-violencia-machista-entre-juventud-vasca-recibe-cerca-300-trabajos-audiovisuales