Eudel
  • Esther Apraiz elkarteburua Okzitaniako gobernuko ordezkaritza batekin elkartu da, Euskadiko Udalen Elkartearen Bilboko egoitzan.
  • Azterketa-bisita bat izan da, Eusko Jaurlaritzak koordinatua, Pirinioetako bi komunitateen berdintasun politikak aztertzeko.
  • Urtarrilaren 17an eta 18an, ordezkaritzak bilerak egin ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, Emakunderekin, SATEVIrekin, EHUren Berdintasun Zuzendaritzarekin eta, azkenik, EUDELekin.

Bilbo, 2024/01/18

EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek gaur arratsaldean topaketa bat izan du Elkartearen egoitzan Okzitaniako gobernuko eta administrazioko ordezkaritza batekin, erakusteko euskal udalek nolako esperientzia eta jarduera aurreratuak dituzten berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren arloko politiketan.

Elkarteburuaren ondoan, bileran izan dira Burgeluko alkatea, Nati Lopez de Munain, eta Portugaleteko alkateordea, M. Jose del Blanco, biak ere EUDELeko Berdintasun Batzordeko kideak. Hautetsiei lagun egiten egon dira Elkarteko zuzendari nagusia, Mar Zabala, eta Berdintasun arloko teknikari arduraduna, Eukene De Miguel.

Okzitaniako ordezkaritzaren aldetik, berriz, Nadia Pellefigue, Goi Irakaskuntza eta Ikerketa, Europa eta Nazioarteko Harremanetako ordezkaritzako presidenteordea; eta harekin batera, Nadia Bakiri, Christine Vergnes, Madeleine Denorme, Dorothee Moussu, Nathalie Douk, Gwenaelle Guerlavais, Delphine Roux, Axel Loscertales, Tolosako Unibertsitatekoa, Valerie Le Naour, Okzitaniako Jendarmeriako teniente koronela, Fatma Nakib eta Jeremie Crepin.

Urtarrilaren 17an eta 18an, ordezkaritzak bilerak egin ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, Emakunderekin, SATEVIrekin, EHUren Berdintasun Zuzendaritzarekin eta EUDELekin. Azterketa-bisita bat izan da, Eusko Jaurlaritzak koordinatua, Pirinioetako bi komunitateen berdintasun politikak aztertzeko helburuarekin. Okzitania gaur egun Pirinioetako Lan Komunitateko buru da.

Aurretiko bilerak izan ondoren, EUDELi bisita egiteko xedea zen sakonagotik ezagutzea Euskadiko udalerriek egiten duten lana, gainerako erakundeekin koordinatuta eta erreferente gisa tokian tokiko berdintasuna hartuta.

Berdinsarea

Okzitaniako ordezkaritzak, zehazki, interes handia erakutsi du Berdinsareagatik; izan ere, udalerrien sare horrek jarduera aurrendariak eta aurreratuak daramatza bere udalerrietan berdintasuna sustatu eta indarkeria matxista prebenitzeko. Berdinsareak gaur egun 88 udal ditu guztira (21 Araban, 44 Bizkaian eta 23 Gipuzkoan).

Apraiz elkarteburuak sarearen indarguneak azaldu ditu: 2006an sortu zen, lankidetza hitzarmena egin baitzuten Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakundek. EUDELek Berdinsareko batzordeak koordinatzen ditu, non lan politiko eta teknikoari esker gomendioak, ordenantzak, protokoloak, gidak eta beste material batzuk eratzen baitituzte EAEko toki erakundeekin batera.

EUDELeko hautetsiek orobat partekatu dituzte Okzitaniako ordezkariekin beren udalerrietan daramatzaten estrategia propioak. Ildo horretan, Burgeluko alkateak “Virginia Woolf Basqueskola” aipatu du erreferente gisa, emakume alkateen eta zinegotzien sarea, udal politiketan eragin eta partaidetza handiagoa izan dezaten.

Tokiko ordezkariek, herritarrenganako hurbiltasunetik, konpromiso irmoa adierazi dute emakumeentzat berdinzaleagoak, inklusiboagoak eta libreagoak izango diren udalerrietarantz egiten jarraitzeko.