2001etik aurrera EUDELek eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena eduki dute toki erakundeei Onomastika alorrean laguntza emateko, eta 2022an hitzarmena berriztatu egin zen eta gaur egun indarrean dago: EUDEL eta Euskaltzaindia Hitzarmena
Hitzarmenaren xedea EUDELeko toki erakundeei laguntza teknikoa ematea da, batez ere, Onomastika alorrean. Hau da, industrialdeen, auzo berrien, bizitegi-unitateen, natura-guneen, parkeen, atsedenlekuen, zerbitzuguneen, katalogatutako udal-mendien eta abarren leku-izenei buruzko aholkuak ematea, bai eta toki-erakundeok, zeinek bere lurralde-esparruko toponimia-azterketa luze-zabalagoak egiteko, baliatu behar dituzten jarraibide eta irizpide orokorrei buruz ere.
Era berean, udalek hala eskatzen dutenean, onomastika-arloari buruzko etengabeko aholkularitza emango zaie, batez ere, euskal odonimiaren -kale eta antzekoen izenak- arloan, 2019ko udal dekretuak (179/2019 Dekretua, azaroaren 19koa, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera) Akademiaren txostena eskatzen baitu. Laguntza ez da txostenak egitera mugatzen eta tokiko onomastika (izenak, deiturak edo toponimoak) ezagutarazteko lanetan ere laguntzeko prest dago Euskaltzaindia eta, esaterako, hitzaldiak ematen ditu irakaskuntza zentroetan Udalak eskatzen badu.
Udal agintariek edo zerbitzuek gaiari buruzko argibide edota informazio zehatzagoa nahi baldin badute, aski dute Euskaltzaindiaren Onomastika zerbitzuarekin harremanetan jartzea eta bertan jasoko dituzte azalpen eta zehaztapen guztiak. Lanak aurrera ateratzea erabakitzekotan, eskaerok EUDELera bidali beharko dira eta Elkarteak bideak ezarriko ditu jasotako eskaerak Euskaltzaindiari birbidaltzeko.
EUDELen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenaren emaitza garrantzitsu eta praktiko bat, Udalei laguntzeko asmoz sortua, web orrian dagoen Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak liburua da: Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak